2017/11/8 | Berriak, Haur eta gazte literatura, Liburu aurkezpenak
Bai, azaroko agenda bete betea dugu!!
III Haur eta Gazte literatura hamabostaldiaz aparte, beste gauza batzuk prestatu ditugu… segi irakurtzen:
– Azaroaren 11n, larunbatean, Julen Garatek “Argi estalia” liburua aurkeztuko du, eguerdiko 12:00etan. Hemen ikus dezakezu Eitbko Ahoz aho programan egindako elkarrizketa.
– 16an, asteazkenarekin, Asisko Urmeneta komikiegileak bere azken lana “EuSKLABO ALAIAK” aurkeztuko digu. Aurkezpena arratsaldeko 19:30ean da. – 23an, ostegunarekin, Dani Martirena eta Ana Ibañezekin “Jonek Jone izan nahi du” liburua aurkeztuko digute. “Hankaz gora du amak mundua” lanarekin ezagutu genituen, eta orain, liburu ezberdin honekin euskal dendara hurbilduko dira. Arratsaldeko 19:30ean, Karrikirin.
2017/10/31 | Berriak, Haur eta gazte literatura
Hiru saiorekin berrinauguratu genuen euskal denda eta oso erantzun polita izan dugu saio bakoitzean. Gainera, jaso ditugun hitzak, iradokizunak eta iritziak lanean jarraitzeko motibazioa izan dira. Mila esker, lanean jarraituko dugu!! Hurrengo egunetan, Maialen Lujanbio eta Julio Sotoren bertso saioaren bideotxo bat zintzilikatuko dugu.
Badator 2017ko Haur eta Gazte literatura hamabostaldia! Klasikoei eskainitako hamabostaldia antolatu dugu, bi hizlari apartarekin: Xabier Etxaniz (EHUko irakaslea) eta Josu Ihabar (HLPP-PCPI eta Lehen hezkuntzako irakaslea). Xabier Etxanizek azaroaren 15ean “Obra klasikoak WhatsApparen garaian” gaia jorratuko du eta handik astebetera, 22an, Josu Ihabar “Solasaldi dialogikoak: klasikoetatik metodologiara” gaiaz ariko da. Biak, arratsaldeko 19:00etan.
Hitzaldiez aparte azoka-erakusketa azaroaren 13tik aurrera prest egonen da.
Eta beste bi liburu aurkezpen azaroan zehar: bata, Julen Garateren “Argi estalia”, azaroaren 11n, larunbata, 12:00etan; eta bestea, Asisko Urmenetaren “EuSKLABO ALAIAK” komiki berria, azaroaren 16an, 19:30ean.
“Merkataritzan Euskaraz 2018” liburuxka prest dugu. 1995. urtean hasitako proiektuak 22 urte betetzen ditu, eta ohi den bezala, poliki poliki goraka doa erregistratutako establezimendu/zerbitzu kopurua. Aurten, adibidez, 235 establezimendu eta zerbitzu erregistratu ditugu. Liburuxka gurean jaso dezakezu, baina bertan agertzen diren saltokietan eta Civivoxetan ere banatuko ditugu. Gainera, Issuu formatuan zintzilikatuko dugu eta www.karrikiri.eus webgunean kontsultatu ahalko duzu.
Entzun duzu Getxon, Miarritzen, eta beste hainbat lekutan egiten ari dena? Belarriprest eta ahobizi zer den ezagutzen duzu? Euskarak 365 Egun ekimenari loturik dauden figurak dira eta Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea, Euskaltzaleen Topagunearekin batera, Iruñean ekimenaren bultzatzaile izanen da. Datozen hilabeteetan Euskarak 365 Egun ekimenari bultzada emanen diogu, eta hasteko, heldu den abenduan ekitaldi batekin ospatuko dugu 2017ko Euskararen Eguna. Honen informazioa ematen jarraituko dugu.
2017/05/15 | Berriak, Maiatzaldia
Asisko Urmenetak eta Peio Etxekoparrek “Beste aldekoak” umore saioa eskainiko dute Zaldiko maldiko elkartean, maiatzaren 19an, ostiralarekin, 19.30ean.
Peio Etxekopar (Lexantzü, Zuberoa) eta Asisko Urmeneta (Iruñea, Nafarroa), bakoitza bere esperientziatik, euskalduntasunaz ariko zaizkigu. Haiek azaldu bezala, “Hain ezberdinak diren bi mundu (Frantzia-Espainia, Ipar-Hego, Hiri-Herri), zerk ditu bildu gaualdi honetan ? Eta ba ote da balizko loturarik oraino, bertaratuko den jendearekin? Duda metodikoa eta umorea lagun, denok ikasiko dugu zerbait elkarren artean. Edo ez”.
Sarrera libre izango da, aforoa bete arte.
Bestetik, maiatzaren 17an eta 18an, Baionan jarraituko du Maiatzaldiak. 17an liburu aurkezpena eta mahai inguruarekin eta 18an, irakurketa literarioa, liburu aurkezpena eta bideo emanaldiarekin.
2017/05/2 | Berriak, Maiatzaldia
Hitzaldiak, umore saioak, liburu aurkezpenak, errezitaldiak, mahai inguruak.
Iruñeko eta Baionako hainbat lekutan izango dira ekitaldiak. Iruñean: Karrikiri Euskaltzaleen Topagunean, Zaldiko Maldikon eta Kondestablearen Jauregian. Baionan: Euskal Museoan eta Zizpa Gaztetxean.
Iruñea eta Baiona arteko kultur harremanak sendotuak datoz aurtengoan. II. Maiatzaldi honetarako lagun, adiskide eta elkarte gehiago batu zaizkigu. Iruñea eta Baionaren arteko harremanak sakontzen eta zabaltzen joan nahi dugu, Maialen Lujanbiok esango lukeen bezala euskaratik eta euskaraz.
Bi hiri hauen arteko kultur sorkuntzaren eskaparatea izan nahi du Maiatzaldiak. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, mahai inguruak, irakurketa literarioak, umore saioa eta errezitaldiak antolatu ditugu.
Iazko Maiatzaldiak hasiera eman zion mugaz gaindiko harreman honi eta aurtengoa zabalagoa, beteagoa eta anitzagoa izanen dugu, historia, literatura, poesia eta sorkuntzari protagonismoa emanez.
Antolatzaileak gara: Iruñeko Karrikiri Elkartea eta Zaldiko Maldiko Elkartea; Baionako Maiatz Argitaletxea eta Zizpa Gaztetxea eta Senpereko Hatsa Elkartea.
Babesle ditugu: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Elkargoa.
Informazio osoa jasotzeko egin klik hurrengo loturan: MAIATZ2017