“Euskara familietara eramateko indar handia egiten ari gara” Joseba Legarda, Lautadako euskara teknikaria

“Euskara familietara eramateko indar handia egiten ari gara” Joseba Legarda, Lautadako euskara teknikaria

Joseba LegardaAnakoz Amenabarrek Alearako egindako elkarrizketa duzu hemen. Iturria: www.alea.eus

Euskararen ezagutzak Lautadan nabarmen gora egin badu ere, erabilera datuak ez dira pozgarriak, Joseba Legarda euskara teknikariak gogoratu duenez.

Hainbat urtez Lautadako euskaltegietan irakasle eta koordinatzaile modura aritu eta gero, Kuadrillako Euskara teknikari lanetan hasi zen Joseba Legarda duela zortzi urte. Euskararen ezagutzari dagokionez, azken hamarkada hauetan “sekulako aurrerapausoa” eman dela azaldu duen arren, erabilera datuak bat ez datozela gogoratu du eta hori sustatzea du erronka nagusia.

Euskararen ezagutzak nabarmen egin du gora Lautadan, baina nabari al dira datu horiek kalean?

Ezagutza eta erabilera datuak ez datoz bat, inondik inora. Baina, batik bat, gazteen artean nabari dut erabilera areagotu dela, adibidez ikastolan familiak elkartzen direnean. 30-40 urte inguruko bikoteak dira euskaraz egiten dutenak, bere garaian euskaraz ikasi zutenak; eta umeekin ez ezik, lagun kuadrillan ere egiten dute askok. Noski, ez da beti hala izaten, eta badira umeekin euskaraz egiten saiatzen direnak baina hauek koskortu eta erderara jotzen dutenean eurek ere joera hori dutenak; ez dute kontzientzia hori temati jarraitzeko eta askotan erdarara jotzen dute. Familia euskaldun horietan presio handia egiten dute umeek hizkuntz ohituretan.

Lautadako udalerrien artean, datu esanguratsua dago Zalduondon. Azken urteetan euskara gehien indartu den txokoetako bat da.

Herri txikia izanik eta hainbat bikote euskaldun elkartu direnez, sekulako hazkuntza izan da. Baina ezagutzari dagokionez eta baita erabilerari dagokionez ere, euskararen presentzia nabarmena da kultur ekintzetan, bertso eskola indartsu dabil… Ezagutza aldetik ez dago alde nabarmenik Kuadrillako udalerrien artean, baina erabileran bai, eta euskarazko jarduerak antolatzen direnean ere herritarren aldetik beste inplikazio bat nabari da. Agurain eta Araia euskararen normalizazioan aitzindari izan dira eskualdean eta hori ere nabari da; euskara batzordeak ditugu horietan, eta elkarlana handiagoa da.

Eta, aldiz, Dulantzin? 

Ezagutza aldetik oso portzentzaje onak ditu, familia euskaldun dexente dago, baina uste dut behar dela euskalgintza antolatu, ez dago erreferenterik Dulantzin, euskaldunak batuko dituen elkarterik. Azken urteetako populazio hazkuntza ere izan daiteke gaztelera nagusitzearen  arrazoietako bat, lotarako herri egitura izan duelako, baina uste dut berriz ere herri izaera berreskuratzen ari dela.

Epe motzera, zer helburu dituzue Kuadrilla mailan?

Helburu nagusia, noski, ezagutza hori erabilerara eramatea da, Kuadrilla guztian, eta hiru esparru nagusitan eragin nahi dugu. Batetik, umeen kirol eta kultur eskaintza guztian, konturatu garelako umeek euskara ikastolarekin bakarrik lotzen dutela eta jarduera polit eta ludikoetan oraindik indar gutxi duelako euskarak. Sekulako hutsunea dugu, esate baterako, kirolean; kluben esku dago hau, ez guraso elkarteen esku beste eskualde batzuetan bezala eta eragiteko erraztasun gutxiago dugu.  Nerabeetan ere eragin nahi dugu, bestetik,  Oxigenoa Euskarari moduko egitasmoak abian ditugu. Eta, azkenik, erronka nagusiena: umeak gurasoekin eta familietan euskaraz bizi ez diren arte, hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila izango zaigu. Horretan indar handia egiten ari gara:  familientzako ibilaldiak, tailerrak, hitzaldiak…

Araba Euskarazek zer ekarriko dio Kuadrillari? Zer udalerriari?

Baliabide ekonomikoak bildu eta erabileran ere eragina izango du,   zalantzarik gabe. Baina nik horri baino garrantzia handiagoa ematen diot Agurainen azken urteetan izan den benetako aldaketari: hezkuntza eskaintza euskara hutsez da udalerrian. Lope de Larrea ikastetxea eta Lautada ikastolaren arteko tira-biren gainetik, jendea kontziente da sekulako lorpena dela hezkuntza eskaintza guztia euskaraz izatea, eredu desberdinetan, eta Araba Euskarazek hori agerian uzteko balioko du.

Agurainek, bestalde, erronka handia jarri du azarorako. 75 ordu euskaraz egitea posible izango da? 

Oso itxura ona du. Ia 200 lagunek eman dute izena eta azarora bitartean hilabete dexente falta dela kontuan hartuta, pozgarria da. Kirol eta aisialdi taldeak, elkarte gastronomikoak… horiek guztiak ekimenera batu eta kontzientziatzen lan izugarria egiten ari dira sustatzaileak. Uste dut oso egitasmo eraginkorra izango dela ikusarazteko Agurainen euskaldun kopuru handia dagoela, jendeak euskaraz bizi nahi duela, aukera dagoela eta posible dela.

Arabako Kuadrilletako teknikariak elkartzen zaretenean, zein da kezka nagusia?

Kuadrillaz kuadrilla oso desberdinak dira ezagutza eta euskaltzaleen inplikazioa ere. Aiaraldean, esaterako, lan handia egin dute teknikariekin aspalditik, Legutio edota Aramaio udalerrietan ere, beste batzuetan gutxiago eta hori nabari da… Baina, aldeak alde, kezka berbera da: gazteak. Lurralde osorako hainbat helburu zehaztu ditugu arlo horretan, eskola kirolean esaterako 8-16 urte bitartean gutxieneko batzuk zehaztu dira hurrengo urteetarako. Hilabetean behin biltzen gara Kuadrilla guztietako teknikariak eta, egia esan, motibazio handia du taldeak eta elkarlanak emaitzak ekarriko dituelakoan gaude.

Erakundeen aldetik babes nahikorik duzue?

Oztoporik ez dugu, aurrekontuekin izaten diren ohiko tirabirak ez badira. Baina, aldekotasuna edo babesa baino, nik ausardia pixka bat gehiago eskatuko nieke, segituan beldurtzen direlako kalean euskararen kontrako jarrerak edo tentsioak ikusten badituzte euskararen inguruko gaiekin. Horregatik, ausardia eskatuko nieke, eta erabakiak hartzea batzuetan kontrako jarrerak egon arren, bestela ez goazelako inora, ez dago beste modurik. Bestetik, kezka handia dugu, baita ere, euskara normalizazio kontuak orohar gure esku uzten dituztelako agintariek, salbuespenak salbuespen. Badirudi gu garela politikariak euskara arloan, eta ez da hala: zuek –politikariok– erabaki behar duzue zer egin behar dugun guk. Guk lan teknikoa egin behar dugu, nondik jo daitekeen proposatu, aholkatu, hutsuneak detektatu, indarguneak… baina erabaki politikoak zuek hartu behar dituzue eta euskara kontuetan erabaki bat hartzen denean Udalak hartu du, ez euskara zerbitzuak. Askotan babes hori botatzen dut faltan.

Teknikari batek har ditzake bere gain Kuadrillako euskara alor guztiak?

Giza baliabideak eskasak dira. Kuadrilla bakoitzean teknikari bat izatea oso ekimen polita eta interesgarria da, baina horrek ez du bermatzen atal guztietara heltzea, adibidez gure eskualdean. Agurainek, esaterako, 5.000 biztanle ditu eta teknikari propioa izan behar duela uste dut, eta beste hainbat udalerritan ere antzera. Ahalegina egiten dugu gai guztietara heltzeko, baina uste dut beste urrats bat egiteko garaia dela.