AITOR ETXARTE BEREZIBAR (Hedoi Etxarteren hitzak Iruñeko hilerrian 2020ko abenduaren 20an)

«Ilargiaren adarrak.
Handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak»

Gabriel Aresti

Izanak Aitor Etxarte Berezibar hil zen egunean Berriako akziodun txiki bat zen, Karrikiriko bazkidea, Katakrakeko mailegatzailea, La Deskomunaleko lehenengo kidea, Euskalerria Irratiko eta Argiako harpidea, ELAko afiliatua. Merced karrikako etxean jaso eta irakurtzen zituen Jakin, Viento Sur, Goiena, Alda, La Directa, Le Monde Diplomatique, Gara eta Berria. Behatzen zuen ezagutzen ez zuen hizkuntza bateko fanzine libertario bat ala bere antipodetan zegoen publikazio erlijioso bat.

Guk Iruñeko Alde Zaharreko bi karrika ikusten genituen tokian Aitorrek Dekumanoa eta Kardoa zegoela erakutsi zigun. Jende xehea xehatu duen hiri grisean Aitorrek aurkeztu zizkigun jada bizi ez diren ijitoak eta beren bizitzak, pilotariak, gaseosa fabrikatxoak, arrandegiak eta heroinaren sarraskia. Guk eraikin bat ikusten genuen eta Aitorrek New Yorkeko eraikin baten kopia aurkezten zigun Orreaga etorbidean.

Adreilu gorri batzuk zeuden tokian Aitorrek Victor Eusa faxista seinalatzen zuen: okerbideak badakielako izenez eta oinordez, nahiz eta seme eta bilobek atorrak aldatu. Ez zuen bere bizitzaren kronika idatzi. Baina badakigu Eusko Basterrako kide izan zela, euskarazko mezetara zeramala Pilarrek Emilianorekin haurtzaroan, Lanbide eskolan eskulturan eta pinturan ibili zela Kokerekin,

izan zela Liga Komunista Iraultzaileko militantea, izan zela langile klaseko ikaslea Iruñean eta Bartzelonan, sortu zituztela Iruñeko udal ikastolak, sortu eta mantendu zuela Karrikiri (bere bigarren etxea), badakigu Richardekin joan zela Lizarraldera astearte buruzuri batean eskola txiki bat D eredura pasa zedin gurasoekin biltzera, badakigu egon zela NIZEn, gentrifikazioaren kontrako Alde Zaharrean Bizin, Nafarroako Eskola Kontseiluan eta azken hilabeteetan Eusko Ikaskuntzan. Tobaritx bat baino tobaritxago bizitza baten fideltasuna ahulen duintasunaren bila. Kideak bilatzen zituen eta bere eskuekin ahal zuenean laguntzen zuen: inbentario bat ala txokolatea egiten Xabier karrikan, horma bat pintatzen kale Nagusian, liburu bat zuzentzen, dokumentu bat lortzen.

Esnobismoaren kontra. Jakituria mespretxatzen dutenen kontra. Elkartzeko tokiak eraikitzen dituztenen aldamenean. Parte hartzen zuen talde eta erakundeen mugekin kritiko. Oso kritiko izan eta ezer gutxi egiten dutenen intimoki etsai. Urrun zuenaz ere ikasteko prest. Bere buruaren eta ingurukoen sektakeriaren aurka, posibilismoaren pesimismotik eta ezinezkoa den iraultzaren optimismoarekin. Kristauak miresten zituen ateoa, publikoaren eraikitzailea eta kontzertatuetatik ikasi behar zenari adi.

Izenak Rodtxenko, Gloria Anzaldua, Lisa Randall, Ramón Andrés, Gabriel Aresti, Rosa Luxemburg, Arrasate, Gatzaga, Atarrabia, Bartzelonan Sants, Torres, Eskozia, Berlin, Venezia, Baiona, Paris, Bilbo, Hendaia, Garazi: izenei lotutako gizon bat zen. Bizitza bat fidel jakintzari, lanari, elkarlanari, parte hartu zuen erakundeei. Eskuak, bihotzak eta buruak bat egiten duten tokian: sentitu, pentsatu, ekin. Aitor gidari Oñatiko gaztetxeak antolatutako hitzaldi batera laguntzen, Aitor gidari ordu txikitan lowcost konpainia baten hegaldiak uzten zaituen ezleku batera bila, Aitor presente eta gogoz ia inor joan ez den liburu aurkezpen batean, Aitor Anoetako Belodromoan Negu Gorriaken azken kontzertuan, Aitor Euskadiko orkestraren atsedenaldian, Aitor Lesakan Manu Chao entzuten Euskaldunon egunkaria itxi berritan. Bizitza ospatzen diskrezioz. Arbasoak beti ahoan.

Bere eskola ez zen lau hormatan kabitzen: museoetara oporretan, parkeetara botanikan, Iruñeko galeria batera ostiral iluntzean, lau katu batzen diren manifestazio batera euripean, bere amandreen bixitara Arrasate eta Hendaiara.

Aitor: Ziargiren fan handiena. Aitor: Begoñaren defendazailerik suharrena. Pilar Berezibar Galdos eta Emiliano Etxarte Aginagaren semea. Esango dugu bestela. Baina ez. Aitor Etxarte Berezibar ez dago hemen. Ez dago gurekin eta ez dago inon. Hori zen hautatu zuen patua. Baina geratzen da egin zuena. Bere ikasle eta lankide ohietan, Iruñerriko euskaldunon kartografian, langile mugimenduaren saiakera eta porrotetan, josten saiatu zen hezkuntzako harremanetan, arazo bati soluzioa bilatu nahi zaion tokian. 36ko gerrako etxeko-andre galtzaile baten eta muntaia kateko prezisio mekanikari baten semea: Aitor Etxarte Berezibar.

Nor zen Aitor?
Ez zen kaosa
baizik eta ordena.
Egiten zaila den
zera erraza zen.

Zen Aitor Etxarte Berezibar.

GOIZIAN ARGI HASTIAN

GOIZIAN ARGI HASTIAN

Goizian argi hastian kanta ederra abestu genuen abenduaren 20ko goizean. Iruñeko hilerriko atarian bildu ginen Aitor Etxarteri azken agurra emateko.

Kolpe latza izan da, biziki hunkitu gaitu haren galerak. Bereziki animoak eman nahi dizkiogu Aitorren sendiari. Hurbileko lagunak ditugu eta momentu zail hauetan besarkadarik estuena bidali nahi diegu.


Aitorrek asko maite zuen Karrikiriren proiektua. Haren ideiak, ezagutzak eta eskuak prest zituen beti laguntzeko eta gure ametsei bultzada emateko. Gainera, aktiboki ari zen parte hartzen: urriaren 3an urteko Batzar Orokorrean hartu zuen parte, urriaren 18an azaroko Karrikarako artikulua proposatu zuen… eta urriaren 30ean ZIUn oso larri zegoela jakin genuen…

Oso azkar joan da dena. Bat-batean. Lagun ordezkaezina ostu digute.

Orain, zu gabe jarraituko dugu aurrera. Mila esker eta beti arte, Aitor.

GOIZIAN ARGI HASTIAN

Beti arte, Aitor.

Aitor Etxarte Berezibar (Gutako bat)

Lapurra sartu zaigu gaur etxean

Gure altxor preziatuenera jo du zuzenean

Eta artoski gordetzen genuen adiskide-bilduma tipitik

Ale ordezkaezina ostu digu.

LAGUNAREN HERIOTZA (Luigi Anselmi/Ruper Ordorika)

DEN-DENA NAHI DUGU

DEN-DENA NAHI DUGU

Istorio bizi bat. Ezintasunari, krisi ekonomikoari, migrazioari, politikari buruzkoa. Pertsonaia bat. Etorkina, adarra joko diote baina ez da geldirik egongo. Poesia bezain zaindua eta mito gisa ere funtzionatu duena belaunaldi askorentzat.

Otsailaren 27an, Karrikirin, 19:30ean.