2021/07/11 | Musika gomendioak
Paule Bilbaoren proiektua da Arima, non Josu González eta Gontzal Bilbao dituen bidelagun. 2019an argitaratu zuten lehen lana “Metamorphosis” izenpean eta orain berriz 6 kanta biltzen dituen “Biluztasunez Jantzita” bildumarekin datoz. 2020ko udan grabatu eta nahastu zuten Karlos Osinaga “Txap”en eskutik Tolosako Bonberenea estudioan.
Lan honetan aurrekoan hasitako estiloarekin jarraitu dute: gitarra distortsionatuak eta ahots erreberberatuak bat eginez shoegaze estiloaren bidean. Atal batzuk eleganteki indar suntsitzailea iradokitzen dute, beste batzuk barealdi sakona helarazten diguten bitartean.
“Pentsamenduaren Biktimak” abestian gainera, Sara Zozayaren ahots bereizgarriak parte hartu du. Kaleratu aurretik (bai CD formatuan eta bai binilo formatuan) bi aurrerapen single atera zituen taldeak: Orbainak eta Utopia.
2021/07/4 | Liburu gomendioak
Nafarroan denok izan dugu liburu honen berri, baina susmoa dut gutxi batzuk baizik ez dutela irakurri. Orain, Koro Navarroren itzulpenari esker euskaraz irakur dezakegu, eta bidenabar esan behar dut oso itzulpen ona iruditu zaidala; izan ere, solasak hitanoz egiteak bizitasun handia ematen dio nobelari. Liburu honekin Ernest Hemingway famatu zen, eta bide batez esanda, sanferminak ere bai.
Sanferminak bizi izan dituen edonor berehala ohartuko da Iruñeko festak zeinen ongi deskribatzen dituen, maitasunez, pasioz eta begirunez. Istorioaren haria oso sinplea da: bost lagun, lau gizon eta emakume bat, Iruñera doaz sanferminetan ongi pasatzeko asmoz; eta bai, ongi pasatzen dute, baina aldi berean desadostasunak eta haserreak sortzen dira beren artean.
Hemen eskuragai.
2021/06/30 | Musika gomendioak
Sortzaile donostiarraren hirugarren lan luzea da “Nor zara zu?”. 2018tik 2020ra bitarte Uharte, Usurbil eta Urretxu artean sortutako hamar kanten bilduma egin du Peru Galbetek, denbora tarte horretan garrantzi berezia konfinamenduak izanda, aste hoietan nahastu baitzuen Uharten (ekoizpen lanetarako Huarte Zentroko laguntza jaso du proiektuak). Gainera, garai
hartan bideodeiez eta idatzizkoez gain zerbait partekatzeko asmoz eskegi zuen sarean.
CD fisikoa liburuxka batekin bateratua dago, non artisautza lan eder baten bidez, abestien hitzak, marrazkiak eta bestelako idatziek tokia hartzen duten. Sortzaileak liburuxkan dioen moduan: “entzunez irakurri, edo irakurriz entzun”. Kantek, samurtasunaren bidez norberaren barnera begiratzeko gonbita luzatzen dutela dirudi. Gainera, kanta bakoitza egunerokotasuna iradokitzen duten bideo ezberdinez lagunduta dago. Mukuru kolektiboarekin argitaratu du lana Peruk.
Hemen eskuragarri.
2021/06/27 | Liburu gomendioak
Zer da garen hori? Zerk egiten gaitu euskaldun? Galdera potolo honi erantzuteko, autoreak kultur arloko zortzi sortzaile elkarrizketatu eta beste zortzi euskaldunen iritziak bildu ditu. Ez dago argi zer den euskaldun izatea, baina gehienek uste dute euskararekiko atxikimendua ezinbesteko baldintza dela.
Tradizioa eta modernitatea, kultur erroak, euskal identitatea versus euskal arima, lan egiteko grina, auzolana, Oteizaren pentsamendua … Kontzeptu horiek, besteak beste, erabiltzen dira gure nortasuna azaltzeko. Esan ohi den bezala, beraz, “zenbat pertsona, hainbat erantzun”. Ikuspegi poliedrikoa eskaintzen digu liburu interesgarri honek.
Hemen eskuragarri.
2021/06/24 | Iritzia
Argiatik hartua, artikulua hemen irakurgai.
Layla Martínezi irakurri berri diot Utopia ez da uharte bat saiakeran: “Distopiek postmodernitatearen kultura-esparruan ditugun irrika kolektiboak islatzen dituzte. Modernitatean ez bezala, jada ez dugu uste etorkizuna aurrerabideari lotuta dagoenik eta ezinbestean hobea izango denik. Beldurra eta antsietatea eragiten digun zerbait bihurtu da eta ondorioz, okerrera egiteko arriskuez , etorkizun hurbilean espero ditugun arriskuez ohartarazten diguten sormen lanak plazaratzen ditugu. Logikoa da, baina baita suntsitzailea ere”. Eta ondoren dakar luzarorako azkura eragin didan esaldia: “Sormen lanek errealitatea islatzen dute, baina hori egitean, era berean errealitatea sortzen dute. Etorkizun okerragoak irudikatzeak etorkizun hobean pentsatzeko gaitasuna kendu digu”. Irakurrita atoan amaraundu zaizkit urtea hasi berritan entzun, irakurri, bizi eta ikasitako hainbat pasarte. Plaza Hutsak euskalgintza arnasberritzeari buruz antolatu zituen jardunaldien baitan, Herri kontakizuna birsortzeko bulkada kulturala atalean, Garbiñe Ubedak amets kolektibo baten falta dugula salatu zuen, Herriaren zentzua ez dagoela kalean, ez dugula arnasten, Herri gisa amets bat falta zaigula eta bere ustez amets horren
“Iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko”
hauspoa sortzaileok garela baina sortzaileok ezinean ari garela. Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren harira Iratxe Esnaolak eta Urko Aiartzak sinatutako iritzi artikuluan zioten Monzonek argi zuela “euskara eta kultura zirela gure nazioaren ardatza eta bihotza; horiek galduta nazioa galdua zela, eta, ondorioz, ezein independentziak ez zuela zentzurik izango”. Marina Lameiroren Dardara filma jendez betetako zinema areto batean ikusi eta amaieran txalo zaparrada luzea entzunda gogoratu dut 2019an, Berri Txarraken Ikusi Arte biraren baitan, Bilboko Kobetamendin, 20.000 lagun elkartu ginela euskaraz kantatzen duen musika talde baten emanaldia eta aurreko jaialdia bizitzeko. Eta gogoratu dut ahalegin itzelak egin genituela Sadarren, Anoetan, Mendizorrotzan eta San Mamesen antolatzeko, benetan sinesten genuelako 20.000 lagunetik gora biltzeko gai izango ginela euskal kulturgintzaren ospakizun erraldoi baten baitan. Errealitateari men egin izan bagenio, ez ginen 22.000 lagun elkartuko Nafarroa Arenan 2019ko azaroaren 22 eta 23an. Baina egin egin genuen, errealitatea sortu genuen, gure gaitasunetan sinesten genuen lan-talde izugarri baten ahalegin eskergari esker, proposatuz gero eskuzabalik erantzuten duen jendetzari esker. Fede berbera dute Aiaraldea Ekintzen Faktoriakoek, utopikoa zirudiena gauzatuz, errealitateari men egin gabe, errealitate berri bat sortuz, apirilean zabalduko ditu ateak Laudion Faktoria kultur plaza-k, bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaileak eraikitzeko faktoriak. Eta iruditzen zait Euskal Herriaren historiaren une ezin aproposagoa dela bizi dugun pandemiape hau errealitate berriak sortzeko, gauzatu ditugun utopien errepasoa egin eta gauzatu ditzakegunak elkarrekin zerrendatzeko. Ni horretara noa. Laster arte.