Berotze ariketa (Jon Maia)
Barakaldoko Llano auzora joan nintzen hitzaldi bat ematera, erdalgune askotara joan ohi naizen modura. Euskal Herria B esan izan diet halako guneei. Ez niretzat bigarren mailakoak direlako, erakusten ez den beste Euskal Herri hori direlako baizik. Ez dira flyschak, ez dira mendi gailur eta itsas bazter bukolikoak, eta, batez ere, ez dira euskalduntasunaren kanonak eta paradigmak ezartzen dituzten lekuak. Baina Zumaia, Leitza edo Ondarroa bezain euskal herri dira. Eta hango haurrak eta euskal jendeak edonongoak bezain euskal jende dira. Esan gabe nahi zuen joan, baina esan beharra sentitu dut.
Hirietako periferiak, etorkinen kokaleku, Francoren garaian eraikitako erdal ghettoak, inolako estrategia sozial, linguistiko eta integratzailerik gabeko bizileku pilaketak. Euskalduntasunetik, euskaratik, euskal programazioetatik, iruditegitik, sentimenduetatik eta abangoardiatik kanpo dauden guneak. Ehunka mila euskal herritarren bizileku.
Hego Euskal Herriko hirigune gehienetan ezagutuko ditugu halakoak: Gasteizko auzoetan, Iruñerrian, Donostia inguruetan. Euskal herrietan ere ugariak dira honelako auzoak. Gune hauetan, garai bateko etorkinei oraingoak gehitu behar zaizkie. Eta, horiez gain, gure iraganetik datorren euskararen galera historikoa jasandako biztanlegoa pilatzen da ingurune horietan, tartean frankismoaren biktima linguistiko zenbaezinak. Horiek edonon bizi dira, auzo berri zein zaharretan, herri txiki zein handietan, aberats zein txiro, ukazio estruktural eta sistematikoagatik eta ezabaketa estrategikoagatik euskarara iritsi ez diren edo euskara galdu duten Gernika kulturalaren osteko euskal herritarrak.
Barakaldoko Llanon 5.000 biztanle inguru bizi dira. Eta irtisi nintzenean auzoa deskribatu zidanak datu bezala bota zidan auzo osoan ez dagoela kutxa automatiko bakar bat ere. Auzotarren %80 etorkinak izanik ere, D ereduko eskola publikoa ezartzea eta irautea lortu dute.
Eskola horretan hogei nazionalitateko haurrak daude eta hogei hizkuntza baino gehiago hitz egiten dituzte. Llanon eta bere etxeetan egunerokotasunean euskararen presentziarik apenas badago ere, haur horiek guztiek egunero euskara hutsez ematen dituzte ikasgai guztiak. Handik ateratzean, gehienek, ez kalean, ez etxean, ez mundu birtualean ere, ez dute euskaradun unibertsorik aurkitzen. Euskal herri horretan ezin dira euskaraz bizi. Eskolaz gain, apenas ezerk bultzatzen dituen euskarara. Beraiek dira, eskolan sartzen diren unetik, euskarara joan behar dutenak, haur eta nerabe, ate bat pasatu eta bat-batean gurasoek eramaten dituzten eraikin horren barruan bat-batean euskaraz funtzionatu behar dute.
Antzeko zerbait gertatzen zaie Euskal Herriko milaka eta milaka haur, nerabe eta helduri.
Lekurik populatuenetan, milaka eta milaka euskal herritarrek eskolako hizkuntza dute euskara, ez besterik. Euskararen lehen guda lerroak. Hezkuntzaren funtzio ezinbestekoa antzua geratzen da kanpo-bizilekurik ezean. Hortik kanpo (ere) hotz egiten du haur, nerabe eta heldu horientzat.
Halako gune jendetsuetan, euskal lurrik populatuenetan, auzo eta hirigune horietan, apenas ttanttaka batzuei iritsiko zaie Euskaraldiaren berri. Agian egun batean egingo den ekitaldi xume baina ezinbestekoaren musika hotsak entzungo dituzte terrazaren batetik. Urrun diskurtsoak, urrun teoriak, urrun eztabaidak, urrun eta ikusezin honen moduko iritzi artikuluak. Megafonia apal batetik datozen euskal kantu batzuen doinu urrunak baino ez, auzoko txokoren batetik. Agian, zapping egitean ETBren gainetik pasatzean entzungo ote dute zerbait…
Noizbait euskal lurraldeetan bizi den biztanle oro euskaraz bizi ahal izan dadin zer gertatu beharra dago? Zein da bidea? Nola egin eraldaketa hori onarpen zabal batekin, eraginkortasunez eta gehiengo zabal eta askotariko baten gogo onez?
Nola bihurtu euskara euskal lurraldeetan ardatz hizkuntza izatea, inertziaz eta ia oharkabean biztanleriaren gehiengoak ikasi eta hitz egingo duena? Utopia bat dela onartu behar al dugu?
Gaur egungo errealitate politiko eta kultural honetan, nola ezarri eta arrakastaz bideratu euskararen zabalkundearen eta errefentzialtasunaren aldeko estrategia bat?
Hizkuntza defizit historiko handi batetik gatoz eta defizit horretan bizi gara. Zauriz eta orbanez, ajez, aurreiritziz eta jarrera fosilduz betea. Baina etorkizuna dago jokoan, ez iragana. Nire iritzia da euskarak egiturazko aldaketa erraldoiak behar dituela, euskaldunei bere lurrean euskarazko bizileku bat emango diena. Francoren garaitik honainoko aroak berea eman duela eta jauzi bat behar duela. Normaltasuneranzko bidea lorpenez baina hutsunez betetako zerrenda luze bat da.
Basamortu linguistiko asko dago euskal herrietan. Indar zentrifugatzaile bat izateko adina tresna eta baliabide behar ditu euskarak, bizitzaren eta gaur egungo jendartearen eremu guztietan erreferentzialtasuna. Ateak eta sarbideak, erakargarriak, iraunkorrak, egiturazkoak, legezkoak, askotarikoak, asko eta indartsuak. Pedagogia handiz ezarriak baina anbizioz. Arriskuak hartuz eta enpatiaz. Jauzi handi bat. Euskarazko unibertso zabal eta presentzia erabatekoa osatze bidean: zinema estreinaldi guztiak, plataforma digitalak, aisialdi guneak, zerbitzu publikoen %100, integrazio politika guztien erdigunean, erakusleiho handi eta zabalak…. Amets bat da?
Euskal Herriko haurrak, nerabeak eta edonor euskarara eramango dituena, ia oharkabean, estrukturalki, inertziaz, gaur egun askotan murgiltzen ditugun harrizko bidearen eta ezinezko misioaren gain zamarik gabe. Euskara eta euskaraz ikasten duten milaka eta milaka euskal herritar guzti horiek merezi dute, baina batez ere behar dute euskarazko bizileku bat.
Hego Euskal Herrian, euskara Llanon, Txantrean, Altzan eta Abetxukon, Asteasun, Zumaian, Leitzan eta Ondarroan bezala euskara gehiengo batek inertziaz, ardatz hizkuntza delako hitz egingo duen hizkuntza izateko ahalegina egin behar dugu. Euskarak jokatu behar duen partida handi horri begirako berotze ariketa bikaina deritzot Euskaraldiari. Jauzi estrategiko baten atari eta berotze ariketa ezinbestekoa. gehiago eta gehiagotan ere beharko ditugu. Llanon hitzaldia ematera joan nintzen egunean hogei lagun hurbildu ziren, eta arrakasta handitzat jo zuten, ez zegoen lekuan, galduta zegoen lurrean hazia ereiten ari diren horiek.
Handik etxera itzuleran, hunkituta, honako hau guztia pentsatu nuen, Euskal Herri euskalduna amets, Llanotik Zumaiaraino bidean.