Biba! (Xabi Bandini)

Biba! (Xabi Bandini)

Xabi Bandinik bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du, “Biba” izenburua jarri dio lanari. Durangoko Azokako Ahotsenea gunean egin zuen zuzeneko lehen kontzertua. Ondoren etorri zen hatortxu Rock jaialdi entzutetsuan eskeinitakoa, handik aurrera batean eta bestean aritzekoa da jende aurrean.

90eko hamarkadako rock doinuetan topatu du inspirazioa egileak, sintetizadoreak eta elektro Pop erritmoak dira nagusi disko berrian. Alberto Isaba eta Lur Larraza musikariak izan ditu lagun bere azken proiektuan.

Pello Reparazek sortu duen “DeepSoda” estudioan elkartu eta osatu du Xabi Bandinik kantu sorta berria. Biba! lanean gai ugari jorratu ditu, adiskidetasuna, Magallanes, edo eta bizia itsasoan galtzen duten errefuxiatuak izan ditu gogoan.

Diskoaren aurkezpen orrian irakurri daitekeen moduan, “txio sinple batetik harago ikusi nahi ez dutenak deseroso sentiaraziko dituen kantuak dira.

Nomada (Afrika Bibang)

Nomada (Afrika Bibang)

Musika beltza entzunaz hazitakoa da Afrika Bibang kantaria. 1993an hasi zuen bere ibilbidea musikaren munduan, Etsaiak taldean lehenik eta Fermin Muguruzarekin ondoren ikusi genuen Euskal Herriko hainbat eta hainbat jaialdietan. 2004an argitaratu zuen bere bakarkako lehen lana, “Entzun” izenekoa, Soul eta Funk doinuak uztartzen zituen lan txukuna.

Atzerrian hainbat urtez ibili ondoren 2019an euskal Herrira itzuli eta “Nomada” diskoa kaleratu du.

Esperientziak eta urteek ematen duten sosegua igartzen da kantuetan, eta
dudarik gabe bere sustraiei fidel eusten dien musikaria da Afrika Bibang.

Bost kantuz osatu du bilduma, Sua izenekoa bereziki ederra iruditu zaigu.

Airakamusic zigiluaren babesa izan du Nomada izeneko lanak.

Ene herri txikia (Gaël Faye)

Ene herri txikia (Gaël Faye)

Ruandako sustraiak dituen Burundiko nerabe-gazte baten begietatik ezagutuko dugu Afrikako hurbileko historia, Aintzira handien geografian kokaturiko herriena. Haurtzaroan zoriontsu bizi zen, gurasoek zituzten arazoez gain, bizitza goxoa eta itxaropentsua zen, bazeukan lagun koadrila,
bizileku ederra, ez zegoen kezkatzeko zergatirik.

Ekaitzak ekarriko zituen hodei gorriak metatzen ari ziren… eta ekaitzak eztanda egin zuen. Hutuen eta tutsien arteko gerra-geneozidioan milioika pertsonen hilketa gauzatu zen. Gabrielek, historiaren protagonistak, Frantziara ihes egin behar izan zuen eta han 20 urte pasa ondoren, bizitakoa literatura bilakatu zuen.

Liburuaren bukaeran bere jaioterrira itzuli zen, zeren bila?

Afrikanerrak (Eneko Barberena)

Afrikanerrak (Eneko Barberena)

Une honetan munduan barna garatzen ari den distopia Euskal Herrian. Islamaren kontrako gorrotoa, etorkinak mehatxu gisa hartuak, liburuen balioa kolokan jarrita, berriz teknologiaren gorazarrea, Afrika guda zelaia, demokraziaren hondamena, euskaldunen ezaxolatasuna…

Osagai hauekin osatu du bere nobela Eneko Barberenak, eta beraren bidez irabazi du 2018ko Zubikarai literatura saria. Ez da erraza taxuzko utopia edo distopia idaztea, erraza baita topikoetan erortzea baina Eneko Barberenak bikain asmatu du, esaldi laburrak eta atal motzak erabiliz lortu du historiak behar zuen sinesgarritasuna.