“Euskara familietara eramateko indar handia egiten ari gara” Joseba Legarda, Lautadako euskara teknikaria

“Euskara familietara eramateko indar handia egiten ari gara” Joseba Legarda, Lautadako euskara teknikaria

Joseba LegardaAnakoz Amenabarrek Alearako egindako elkarrizketa duzu hemen. Iturria: www.alea.eus

Euskararen ezagutzak Lautadan nabarmen gora egin badu ere, erabilera datuak ez dira pozgarriak, Joseba Legarda euskara teknikariak gogoratu duenez.

Hainbat urtez Lautadako euskaltegietan irakasle eta koordinatzaile modura aritu eta gero, Kuadrillako Euskara teknikari lanetan hasi zen Joseba Legarda duela zortzi urte. Euskararen ezagutzari dagokionez, azken hamarkada hauetan “sekulako aurrerapausoa” eman dela azaldu duen arren, erabilera datuak bat ez datozela gogoratu du eta hori sustatzea du erronka nagusia.

Euskararen ezagutzak nabarmen egin du gora Lautadan, baina nabari al dira datu horiek kalean?

Ezagutza eta erabilera datuak ez datoz bat, inondik inora. Baina, batik bat, gazteen artean nabari dut erabilera areagotu dela, adibidez ikastolan familiak elkartzen direnean. 30-40 urte inguruko bikoteak dira euskaraz egiten dutenak, bere garaian euskaraz ikasi zutenak; eta umeekin ez ezik, lagun kuadrillan ere egiten dute askok. Noski, ez da beti hala izaten, eta badira umeekin euskaraz egiten saiatzen direnak baina hauek koskortu eta erderara jotzen dutenean eurek ere joera hori dutenak; ez dute kontzientzia hori temati jarraitzeko eta askotan erdarara jotzen dute. Familia euskaldun horietan presio handia egiten dute umeek hizkuntz ohituretan.

Lautadako udalerrien artean, datu esanguratsua dago Zalduondon. Azken urteetan euskara gehien indartu den txokoetako bat da.

Herri txikia izanik eta hainbat bikote euskaldun elkartu direnez, sekulako hazkuntza izan da. Baina ezagutzari dagokionez eta baita erabilerari dagokionez ere, euskararen presentzia nabarmena da kultur ekintzetan, bertso eskola indartsu dabil… Ezagutza aldetik ez dago alde nabarmenik Kuadrillako udalerrien artean, baina erabileran bai, eta euskarazko jarduerak antolatzen direnean ere herritarren aldetik beste inplikazio bat nabari da. Agurain eta Araia euskararen normalizazioan aitzindari izan dira eskualdean eta hori ere nabari da; euskara batzordeak ditugu horietan, eta elkarlana handiagoa da.

Eta, aldiz, Dulantzin? 

Ezagutza aldetik oso portzentzaje onak ditu, familia euskaldun dexente dago, baina uste dut behar dela euskalgintza antolatu, ez dago erreferenterik Dulantzin, euskaldunak batuko dituen elkarterik. Azken urteetako populazio hazkuntza ere izan daiteke gaztelera nagusitzearen  arrazoietako bat, lotarako herri egitura izan duelako, baina uste dut berriz ere herri izaera berreskuratzen ari dela.

Epe motzera, zer helburu dituzue Kuadrilla mailan?

Helburu nagusia, noski, ezagutza hori erabilerara eramatea da, Kuadrilla guztian, eta hiru esparru nagusitan eragin nahi dugu. Batetik, umeen kirol eta kultur eskaintza guztian, konturatu garelako umeek euskara ikastolarekin bakarrik lotzen dutela eta jarduera polit eta ludikoetan oraindik indar gutxi duelako euskarak. Sekulako hutsunea dugu, esate baterako, kirolean; kluben esku dago hau, ez guraso elkarteen esku beste eskualde batzuetan bezala eta eragiteko erraztasun gutxiago dugu.  Nerabeetan ere eragin nahi dugu, bestetik,  Oxigenoa Euskarari moduko egitasmoak abian ditugu. Eta, azkenik, erronka nagusiena: umeak gurasoekin eta familietan euskaraz bizi ez diren arte, hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila izango zaigu. Horretan indar handia egiten ari gara:  familientzako ibilaldiak, tailerrak, hitzaldiak…

Araba Euskarazek zer ekarriko dio Kuadrillari? Zer udalerriari?

Baliabide ekonomikoak bildu eta erabileran ere eragina izango du,   zalantzarik gabe. Baina nik horri baino garrantzia handiagoa ematen diot Agurainen azken urteetan izan den benetako aldaketari: hezkuntza eskaintza euskara hutsez da udalerrian. Lope de Larrea ikastetxea eta Lautada ikastolaren arteko tira-biren gainetik, jendea kontziente da sekulako lorpena dela hezkuntza eskaintza guztia euskaraz izatea, eredu desberdinetan, eta Araba Euskarazek hori agerian uzteko balioko du.

Agurainek, bestalde, erronka handia jarri du azarorako. 75 ordu euskaraz egitea posible izango da? 

Oso itxura ona du. Ia 200 lagunek eman dute izena eta azarora bitartean hilabete dexente falta dela kontuan hartuta, pozgarria da. Kirol eta aisialdi taldeak, elkarte gastronomikoak… horiek guztiak ekimenera batu eta kontzientziatzen lan izugarria egiten ari dira sustatzaileak. Uste dut oso egitasmo eraginkorra izango dela ikusarazteko Agurainen euskaldun kopuru handia dagoela, jendeak euskaraz bizi nahi duela, aukera dagoela eta posible dela.

Arabako Kuadrilletako teknikariak elkartzen zaretenean, zein da kezka nagusia?

Kuadrillaz kuadrilla oso desberdinak dira ezagutza eta euskaltzaleen inplikazioa ere. Aiaraldean, esaterako, lan handia egin dute teknikariekin aspalditik, Legutio edota Aramaio udalerrietan ere, beste batzuetan gutxiago eta hori nabari da… Baina, aldeak alde, kezka berbera da: gazteak. Lurralde osorako hainbat helburu zehaztu ditugu arlo horretan, eskola kirolean esaterako 8-16 urte bitartean gutxieneko batzuk zehaztu dira hurrengo urteetarako. Hilabetean behin biltzen gara Kuadrilla guztietako teknikariak eta, egia esan, motibazio handia du taldeak eta elkarlanak emaitzak ekarriko dituelakoan gaude.

Erakundeen aldetik babes nahikorik duzue?

Oztoporik ez dugu, aurrekontuekin izaten diren ohiko tirabirak ez badira. Baina, aldekotasuna edo babesa baino, nik ausardia pixka bat gehiago eskatuko nieke, segituan beldurtzen direlako kalean euskararen kontrako jarrerak edo tentsioak ikusten badituzte euskararen inguruko gaiekin. Horregatik, ausardia eskatuko nieke, eta erabakiak hartzea batzuetan kontrako jarrerak egon arren, bestela ez goazelako inora, ez dago beste modurik. Bestetik, kezka handia dugu, baita ere, euskara normalizazio kontuak orohar gure esku uzten dituztelako agintariek, salbuespenak salbuespen. Badirudi gu garela politikariak euskara arloan, eta ez da hala: zuek –politikariok– erabaki behar duzue zer egin behar dugun guk. Guk lan teknikoa egin behar dugu, nondik jo daitekeen proposatu, aholkatu, hutsuneak detektatu, indarguneak… baina erabaki politikoak zuek hartu behar dituzue eta euskara kontuetan erabaki bat hartzen denean Udalak hartu du, ez euskara zerbitzuak. Askotan babes hori botatzen dut faltan.

Teknikari batek har ditzake bere gain Kuadrillako euskara alor guztiak?

Giza baliabideak eskasak dira. Kuadrilla bakoitzean teknikari bat izatea oso ekimen polita eta interesgarria da, baina horrek ez du bermatzen atal guztietara heltzea, adibidez gure eskualdean. Agurainek, esaterako, 5.000 biztanle ditu eta teknikari propioa izan behar duela uste dut, eta beste hainbat udalerritan ere antzera. Ahalegina egiten dugu gai guztietara heltzeko, baina uste dut beste urrats bat egiteko garaia dela.

2015eko Egile berriendako literatur lehiaketako saridunak, Karririkin

2015eko Egile berriendako literatur lehiaketako saridunak, Karririkin

idaztenDatorren asteazkenean, ekainaren 22an, arratsaldeko 19.30ean, Xabier karrikako gure egoitzan Iruñeko Udalak karrikaratu berri duen 2015eko Egile berriendako literatur lehiaketako saritutako lanak jasotzen dituen liburuaren aurkezpena izanen dugu.

Iñaki Azkonak,  Iruñeko udaleko euskara teknikariak,  liburuaz eta literatur lehiaketa honen sorreraz hitz eginen du.

Gurekin, Dani Martirena  (lehen saria narrazio laburrean) “Asteazken hark arrunta behar zuen” lanarekin ; Jon Barberena (lehen saria olerkietan)  “()utsunea” lanarekin eta Eneko Fernandez (bigarren saria bertso-paperak modalitatean) “Larragako loretxoa” lanarekin.

Saridunak  lanak aurkezten eta errezitatzen izanen ditugu.

Zure zain egonen gara!

Irudia: www.literaturaeskola.org

Alicia Bakaikoa Lopez. Izartegi Haur Eskolako hezitzailea

Alicia Bakaikoa Lopez. Izartegi Haur Eskolako hezitzailea

IMGP5482Iruñeko lehenengo euskarazko Haur Eskolako langilea da ia hasieratik eta bertan jarraitzen du, kemen nekaezinez. Ehunka ume euskaldun ikusia da, eta edozein harritzeko memoriarekin horietako asko gogoratzeko gai da. Berari buruz eta bere ikuspuntuaren berri jakin nahi izan dugu, bertatik bertara bizi izan duelako Iruñea eta euskarazko Haur Eskolen, eta oro har, hemengo euskalduntzearen afera.

Zein da zure historia pertsonala euskararekin?

Ni euskara auzoko gau eskolan hasi nintzen ikasten, Errotxapean. Gurasoak nafarrak ditut, aita Lizarrakoa eta ama Iruñekoa, baina ez dira euskaldunak. 14 urterekin ekin nion ikasteari. Gogoan dut lehenengo irakaslea Bixente Taberna izan nuela. Aurrerago, Xabier Lopez de Uralde eta Mikel Taberna. Arturo Campionen ere egon nintzen eta Hizkuntza Eskolan, Gaitasun Agiria lortu arte. Patxi Salaberri ere izan nuen irakasle lehendabizi euskara erakusten eta gero Magisteritza ikasi nuenean. San Jose plazan ikasi genuen azkenak izan ginen, gero Nafarroako Unibertsitate Publikora mugitu zituztelako eskolak.

Oso gazte hasi zinen Izartegin lanean

20 urterekin! Oposizio bidez lortu nuen postua 1982an. Dozena bat urtez egon ginen bertan, zaharkiturik geratu zen arte, orduan Egunsentira mugitu ginen. Hor beste horrenbeste egon ginen. Baina Blanka Ros eta gurasoen borrokari esker, Izartegi berriz irekitzea lortu zen. Berrikuntza handia egin zuten bertan eta hona mugitu ginen berriz. Hamar urte daramatzagu hemen, eta nik uste, dena ongi badoa behintzat, hemen amaituko dudala.

Garai bateko eta oraingo umeak desberdinak dira?

Bai, oso ezberdinak. Baita gurasoak ere. Gizartea bera da aldatu dena, horregatik dira umeak eta gurasoak hain desberdinak. Iruditzen zait hasierako guraso haiek Izartegi eskola bezala baloratzen zutela, eta orain zerbitzu moduan ulertzen dela. Noski, zerbitzua ona bada, hobeto. Gainera, esan beharra dago oraingo gurasoak oso pozik daudela haur eskolarekin. Baina hasierako guraso haiek benetan sinesten zuten gauzak ezberdin egin zitezkeela, eta borroka ezberdinetan zeuden sartuta. Edo geunden, denok geundelako horretan. Ez bakarrik euskararekin. Adibidez, beti gure ondoan izan den Andraize martxan jartzen… Borroka ezberdinetan genbiltzan. Hasierako urte haietan gurasoak oso inplikatuak zeuden, auzo guztietatik etortzen ziren, baita urrutitik ere. Etxean lana egiten zuten amek ere ekartzen zituzten haien umeak.

Lan ildo aitzindariak izan dituzue beti

Gure oinarriak Italiako Reggia Emiliako eskoletan daude. Ezagutzen genituen eta gutako batzuk hara joan ziren formatzera. Gero hona ekarri genituen hemen ere prestakuntzarekin jarrai genezan. Oinarri horiek hasieratik izan ditugu, eta horien gainean joan gara hobetzen eta osatzen. Gure prestakuntzan etengabe jarraitu dugu, eta zenbait irakaspen aplikatzen ditugu, aipatu ditzaket Emmi Pikler-renak, Pedagogia Sistemikoarenak edota Elinor Goldschmied-en jolas heuristikoak.

Haur Eskolaren oinarri pedagogikoak argi egon ziren hasieratik. Gauzak aldatu nahi genituen eta ezberdin egin. Giro hartan sortu ziren Udal Ikastolak, Ikastolak eta hezkuntza on bat ematen saiatu gara. Planteamendu irekiarekin, dogmarik gabe, beti prestatzeko eta ikasteko prest. Eta gero, Iruñeko egoerara moldatzeko eta egokitzeko gaitasunarekin. Inguratzen duen errealitatearekin lotura izan behar duelako. Euskal hezkuntzan gauza oso interesgarriak egin dira.

Eta nola jaso duzu bi Haur Eskola berrien albistea?

Asko poztu nau notiziak. Egia esan, ustekabean harrapatu nau. Aspalditik nahi genuen zerbait zen, baina ez zela iritsiko ematen zuen. Lankideek ere oso ongi hartu dute, pozik daude. Hala ere, nik nire begiekin ikusi arte ez dut sinetsiko. Hainbeste eragozpen, hainbeste traba izan ondoren, atzera begira eta 34 urtetan 2 bakarrik … Eta ez nuen uste horrelako ekaitza sortuko zenik ere. Bortitza egin zait batzuen jarrera.

Ikaragarrizko memoria duzula diote

Bai, lankideak ere harritu egiten dira. Aurpegiak gogoratzen ditut, ez zaizkit ahazten. Eta ustekabe politak gertatzen zaizkit, aurrekoan aitarekin traumatologoarengana joan ginen, eta aurrean ikusi nuenean…”Irati!”. Oso polita da. Eta ikasle izandako gurasoek haien haurrak ekartzen dituztenean ere oso polita egiten zait. Ilusio handia egiten dit.

Elkarrizketatu guztiei amaitzeko egiten dizuegun galderatxoa, liburu edo disko gomendiorik baduzu?

Irakurtzeko, Kirmen Uriberen Mussche aipatuko dut, oso polita egin zitzaidan eta gustura irakurri nuen. Musikaren gaian, ez dakit Karridendan izango duzuen, baina Swing musika gomendatuko dut. Senarrarekin swing ikastaro bat hasi dut, eta nire ikasle izandako batekin berriz topo egiteko aukera eman dit. Eta berak elkarrizketa hau egitera eraman nau. Sorpresa ederra izan da.

“Berdean hezi” liburuaren aurkezpena

“Berdean hezi” liburuaren aurkezpena

 

berdean hezi

 

“Haurrek beharrezkoa dute natura. Berez zaie erakargarria. Naturarekiko kontaktuan, modu osasungarrian garatzen dira arlo guztietan: arlo fisikoan, emozionalean, mentalean, sozialean eta espiritualean. Aire zabalean eta biziarekiko interakzioan egotea (behintzat leku itxietan egoten diren bezain luzaro) haurren oinarrizko eskubidea izan (eta hala erabili) beharko litzateke gure gizarteetan.

Hori lortzeko bidean inplikatzeko prest dauden pertsona, guraso eta hezitzaile guztiei zuzenduta dago liburu hau.

Txatxilipurdi Aisia Euskaraz elkarteak, Oier Nafarrete Lasueren eskutik, Heike Freireren “Berdean hezi” liburua aurkeztuko digu.

Data: otsailaren 17an, asteazkena

Ordua: arratsaldeko 18.00etan

Lekua: Karrikiri Elkartean (Xabier karrika, 4 Iruñea)