Karrika 144. 2010eko azaro-abendua
Larrazkeneko bisitariak
Gure inguruneko paisaiak marroi, gorri eta hori kolore ikusgarriez jantzi ondoren, zuhaitzak biluztu dira jada eta gure Xabier karrikako egoitzan bisitariak etorri zaizkigu larrazken parte honetan.
Lehenbizi Joseba Tapia heldu zitzaigun urriaren erdialdera “Ta tumba eta tira” haren azkeneko lanaren berri emateko. Dendara hurbildu eta karlista eta liberalen arteko istorioak biltzen dituen diskoaren ingurukoak azaldu zizkigun, baita doinuren bat jo ere. Eskerrik asko Joseba eta hurrengo arte!!
Azaroaren amaiera aldean, berriz, Xabier Amuriza etorriko zaigu “Euskara batuaren bigarren jaiotza” bere liburuaz solasteko Iruñeko Hizkuntz Eskolako kideekin elkarlanean antolatutako hitzaldian. Hitzaldia Hizkuntza Eskolak Caldereria karrikan duen aretoan izanen da azaroaren 25ean arratsaldeko 19:00etan. Gonbitea luzatuta dago.
Plazera izan da bi sortzaile horiek gurean izatea eta espero dugu hemendik aitzina ere beste batzuk etorriko zaizkigula. Bitartean guk aitzina jarraitzen dugu gure eguneroko zereginekin eta, urtero legez, Eguberriei begira prestatutako euskal produktuen katalogoa helarazi dizuegu Karrikaren ale honekin batera; euskal produktuen eskaintza oparoa Olentzerok kontuan hartzeko modukoa.
Eta katalogoarekin batera, Iruñerriko Establezimendu Euskaldunen errolda berritua ere jaso duzue; erosketak euskaraz egiteko aukera eskaintzen diguna. Zerrenda eguneratu dugu, baina establezimendu euskaldunen bat ezagutu eta bertan ikusten ez baduzu, biziki eskertuko dizugu jakinarazten badiguzu. Ados?
Ahaztu baino lehen, Zorionak Mintzakide egitasmoko partaide guztioi Euskalerria irratiaren Larreko sariagatik.
Eguberri on guztioi eta ongi hasi urte berria!!!
Joseba Tapia
Joseba Tapia Xabier jaitsierako 4. zenbakian dugun Karrikiri euskal dendan bisitari izan genuen pasa den urrian “TA TIRA ETA TUNBA” haren azkeneko lana aurkezteko. Harekin solasteko aukera izan genuen eta lan berriaren inguruko hainbat kontu azaldu zizkigun.
“TA TIRA ETA TUNBA” azken gerrate karlistaren soinuaren erakusgarria den lana da. Zertan gauzatzen da soinu hori? Zer aurkituko du jendeak disko honetan?
Soinu banda bat, txaranga bat, martxa militar bat aurkituko du diskoaren barruan. Baina ez hori bakarrik. Euskaldun batzuk beste batzuen kontra aurkituko ditu bertsotan serio. Garai bateko Euskal Herria. Batzuek tradizioa eta beren bizimodua gorde nahi dituztenak haginka. Beste batzuek gizarte bera modernizatu nahiko luketenak eta komertzioa eta urbea maite dituztenak. Batzuen kexua apaizeria armak hartuta dabilela tiroka. Erlijioak ez duela hori agintzen. Kulpa guztia apaizek dutela, “esku batian estola eta bestian pistola” Besteen purrustada diruari lotua doa; diruaren truke doazela gerrara liberalak. Beraiek, karlistak boluntarioak direla! Kolore askotako uniformeak eta txapelak. Txapela zuriak, Txapela gorriak,… Hasierako bertsoak gerra hasi aurrekoetan elkarren kontrako irain, ironia, burlaz beteak. Gerra aurrera doala idatzitakoetan deskripzio eta egoera dramatikoagoak ageri dira.
Ez da lehen aldia gerra giroan murgiltzen zarela. “Agur Intxorta maite” diskoan ere garai bateko kantuak ekarri zenizkigun gogora. Eta zuk bezala beste hainbat euskal taldek ere joera hori erakutsi dute azken aldian. Zer dela eta atzera begiratze hori?
Gure lana horixe delako; gure folklorea, gure kantu tradizionala ezagutzea beharrezkoa dugu. Hori da gure ikasketen lehenengo atala. Gero garai hura gogoratzeko hainbat arrazoi egon liteke; ondare baten berreskuratze soila edota helduleku gehiago izan lezake. Adibidez, gaurko gizarterako terapia bat, balsamo bat lupa bat,… ikasketa, koinzidentzia, kritika,… Bestalde tradizioa ezagutzeko zailtasunak egon litezke. Batzuetan bildu ere egin behar izan dugu. Hiru trukurekin horretan aritu ginen. Kasu honetan ere horrela gertatu da. Besteek bildu eta argitaratutako liburuetatik atera eta kantu bihurtu ditut bertso eder hauek.
Aipatu duzu diskoa honekin orduan gertatutakoa argiago ikusteko parada izan duzula. Zer nabarmenduko zenuke diskoaren bidez ezagututakoaz?
Gobernukoei eta karlisten buruei bost axola zitzaizkiela foruak eta euskaldunen kezkak. Engainatuak izan zirela euskaldunak behin eta berriz. Diskoaren azken kantua karlisten alde borrokan ibilitako batek horrela kontatzen du negarrez; poltsa eta diruak bildu dituzten arte beraietaz baliatu zirela eta gero eskapatu zirela gizon ondrosoak bertan gelditu zirela deskalabrosoak. “Gu zenbat gehiago hil horiek kantari…”, “Engañatu ginduzen joateko mendira…”
Bestela, teknikoki kantuak idazteko abilezia ezagutu dut disko honetan; errepika eta lelo eder eta sarkorrez, bertso eta koplak idazteko abilidadea. Lehengo bertsoetatik hartutako zatiak, metafora dotoreak “ nola dan oran deskubritu da soka faltsuen amarra zure ezpatak ebakiko du ez zaio falta indarra”…, “galbai zahar baten itxuran dago granada zuloz josia”,…
Irailean kaleratu zenuen diskoa, baina lehentxeago hasi zinen emanaldiak eskaintzen han eta hemen. Zer moduzko harrera egin dizu jendeak? Hurbildu al zaizu inor aspaldiko garai horietako oroitzapenak gogora ekarriz?
Bai ia herri orotan kontatu didate garai hartako konturen bat. Hernanin adibidez karlistek udaletxea nola zartatu zuten. Hernani liberala izanik, ekainaren 2an nola ospatzen zuten liberalen eguna. Martxa bat bazutela gainera, gaur Hernaniko martxa esaten diotena. Andoainen liburu baten aurkezpenera gonbidatu ninduten garai hartako kantu bat kantatzeko. Liberalak nola etorri ziren Donostiatik ofentsiban eta zenbat hildako eragin zituzten eta zenbat baserri erre zituzten. Zugarramurdin karlisten nondik norakoak, lekuak eta mugimenduak azaldu zizkidaten… Esango nuke jendeak oso gustura entzuten eta gogoratzen dituela garai hartako kontuak eta kantuak.
Disko honetarako zenbait musikariren kolaborazio izan duzu kutsu militarragoa edo emateko asmoz, ezta? Zer moduz?
Bi banda osatu ditut; karlisten banda eta liberalena. Nahiz eta instrumentazio aldetik nahiko berdintsua den ñabardura eta detaile batzuek markatzen duten ezberdintasuna. Ez dakit garai hartan ze nolako musika egingo zuten. Nik irudikatu egin dut garai hartako euskal herria soinu tipo horrekin. Herri orotan musika banda egongo zela pentsatu dut. Banda militarrak ere izango zirela esango nuke. Kantu gehienei musika neronek jarri diet nahiz eta nire asmoa beraien melodiak errekuperatzea izan. Hogeitabi kantuetatik sei doinu orijinalak dira.
Laster zabalduko dira Durangoko Azokaren ateak eta bertan izanen dira euskal liburu eta diskoen nobedade guztiak. Azken urteotan eztabaida sortu da euskal kulturaren baitan azokaren nondik norakoaren inguruan (kulturaren merkantilizazioa, euskarazko liburu eta diskoen tokia…). Zer iritzi duzu honen inguruan?
Euskarazko produkzio eta nobedadeen tokia beharko lukeela pentsatzen dut nik ere. Oso murritza delako guk ditugun promoziorako aukerak. Irrati, telebista, liburudenda disko denda, guztietan ia ez gara agertzen. Disko liburu azoka bat edukiko eta bertan erdara sartu da indar handiz eta geroz eta toki gehiago hartzen du. Nik diskriminazio positiboa egingo nuke euskararen onerako. Erdarak ez du horren beharrik. Mila aldiz txertatuago eta promozionatuago dago gure gizartean. Jende euskaldunak erdaraz irakurtzen du gehiena. Erdal musika entzuten du ia erabat. Beharko du euskal produkzioak bultzadaren bat pixka bat orekatzeko.
Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama?
Ilun. Gure lanak geroz eta txikiagoa den militantziak babesten du eta erdaldunen ondoan ez dugu zer eginik. Uzten diguten aukera bakarra gure lanak itzultzea da eta gero premioren bat tarteka isilik eta pozik gera gaitezen.
Diskoaren aurkezpen kontzertuak eskainiko dituzu bolada batean, baina ba al duzu bestelako proiekturik esku artean?
Burua disko honen aurkezpenean daukat. Ez badut nahikoa saltzen zailagoa izango da beste proiektu bat argitaratzea. Hala ere laster hurrengo diskoa nondik nora sortu edo osatu pentsatzen hasiko naiz. Nire helburua kantutegi berri bat antolatu, musikatu eta kantatzea izango da. Disko on bat egin nahiko nuke ahalko banu. Hori da nire ametsa eta nire lanbidea.
Loiolako hegiak eta euskaldunonak
Imanol Miner Aristizabal. Hizkuntza Teknikaria
Aurtengo martxoaren 11n, beste hiru lankiderekin Martin Ugalde Kultur parkeko aurkezpenean izan nintzen arren, urrian ekin diot Imanol Muruak idatzitako Loiolako Hegiak liburuaren irakurketari. Liburu gomendagarria da, herri honen garapenak eta etorkizunak arduratzen duten edonorentzat, zeinahi joera / partidu politikotakoa izanik ere, seguru topatuko baitu (h)egiren bat han edo hemen.
Berria eta Elkar, Euskal kulturgintzako bi izen haundi elkartu dira liburua argitaratzeko. Lan eskerga egin du egileak ere, xehe-xehe guztia arakatu eta liburua modu irakurterraz eta argian paratzeko. Eta lan eskerga egingo zuten ziur, Loiolako elkarrizketetan adostasun bila jardun zuten ordezkari politikoek ere.
Azken hauek Euskal Herriaz jardun zuten, bere izaeraz solastu ziren, bertako erakundeak, bertako hiritarrak, hauen eskubide eta betebeharrak, etab, izan zituzten mintzagai. Eta inoizko adostasun mailarik aurreratuenetara iritsi bide ziren, erabaki eskubidearen gainean, lurraldetasunaren gainean, eta orobat, herri honetan demokraziaren garapenaren gainean. Tartean, hizkuntzarekin zerikusia zuten edukiak ere adostu bide zituzten, euskararen ofizialtasuna Nafarroako erkidego osora hedatzeko konpromisoaren inguruan. Puntu honetara mugatzen da hizkuntza edukiei dagokien adostasuna.
Eta irakurle euskaldunari, euskaraz bizitzeko hautua egina duenari, halako batean begiak bete-betean zabaltzen zaizkio, ohartzen delako ordezkari politikoen ikuspegi faltaz eta jabetzen delako erdietsitako adostasunaren eskasiaz, herri euskaldunak bere garapenerako beharrezko dituen gutxienekoak ez baititu bermatzen.
Euskaldun baten begietatik, euskararen ofizialtasuna Nafarroako erkidegoaren eremu osora hedatzea desiragarria izan liteke, hiztunen, hizkuntza komunitatearen eta hizkuntzaren beraren garapenaren mesedetan urratsak emateari dagokionean; hizkuntzaren auzia, ordea, hankamotz doa beste honi heldu ezean: zer da Hego Euskal Herrian ofizialtasunaz ulertzen duguna? Eta galdera horrek, Nafarroaren eremua gainditzen du, gainerako herrialdeetan indarrean dauden legediek ez baitute hizkuntzen eta hiztunen elkarbizitza elikatzen, ez daude-eta berdintasun printzipiotan oinarrituta. Gatazka iturri dira eguneroko bizitzan eta horrek, hizkuntzaren eremuan, lehen eta bigarren mailako hizkuntzak / kulturak eta hiztunak / herritarrak sortzea ekarri du ondorio gisa. Informazio gehiago behar duenak, Behatokiaren urteroko txostenetara jo besterik ez du.
Espainiako 78ko Konstituzioaren 3. artikuluak, gaztelania / espainiera erabiltzeko eskubidea eta ezagutzeko derrigortasuna jasotzen ditu; euskararentzat, bere eremuan lege-parekatzearen inguruan adostasunak bildu ezean, liburu honetan azaltzen diren ordezkari politikoak ez dira hiztunen, herrien eta hizkuntzen elkarbizitzaren norabidean ariko, eta beraz, aipatu akordioek, gatazka iturri izaten jarraituko dute.
Hau esanda, ez nuke nahi hizkuntzak derrigorrez ikasi beharra jasoko duten legeen defentsarik egin, aukeran, aipatu konstituzioaren delako artikulu horren berridazketa bat nahiago nuke-eta, guztion osasunaren mesederako. Baina nago, bataila hori, beste herriekin berdintasunean, euskaldunok bizi dugun auto-ukazioa gainditu eta nazio-linguistiko gisa gure boza artikulatzen dugunera arte ez dela libratuko… horra gure hegiak eta egiak.