Karrika 134. 2009ko abendua

Karrika 134. 2009ko abendua


Presidentea

Juan Luis Etxaburu “Ondarru”

Karrikiri elkarteak azken hilabeteotan eginiko hausnarketaren inguruan elkartearen presidentea den Juan Luis Etxabururengana jo dugu, haren iritzia jasotzeko asmoz hausnarketa horren arrazoiak eta nondik norakoak ezagutzeko.

Karrikirik hausnarketa aroa bukatu berri du. Euskalgintzako alor askotan krisia da bueltaka dabilen inpresioa. Zein da zure iritziz prozesu luze honetan azpimarragarria den ideia interesgarriena?
Nik zera esango nuke: sinestea lortu nahi duguna posiblea dela eta hori kontuan izanda, aurrera jotzea. Azken finean, gure helburuetan sinesten badugu, ahal dugun guztia eginen dugu egia bilakatzeko.
Era berean, gauzak nola dauden kontuan hartzen ditut helburu hori lortzeko. Eta galdetzen diot neure buruari euskalgintzan ari garenon artean ditugun harremanek eta eskuratu ditugun lorpenek non kokatzen gaituzten. Egungo egoeran elkarte batzuk ditugun estrategiak kolokan gelditu dira nolabait eta, egoera horrekin kontziente izanik, geure buruari galdetu genion: zertan ari gara? Nora goaz? Eta kezka sakon horretatik abiatuta hasi ginen hausnartzen, inertzia batean harrapaturik ginela ohartuz eta zerbait egin behar zela horri buelta emateko. Prozesu honek kokatzen lagundu zigun eta, bide batez, estrategia berri bat diseinatzeko beharra erakutsi digu.
Eta prozesu honetan ezinbesteskoa ikusten genuen Iruñeko euskaldunei gonbitea egitea: “aizue, etorri eta ekarri zuen ideiak eta proposamenak guk landutakoekin batera aurrera eraman ditzagun, denon artean…”. Jardunaldi batzuk egin genituen, bazkide batzuekin beste saio bat egiteko aukera ere izan genuen eta horietatik guztietatik estrategiarako proposamen berri batzuk sortu ziren.

Azken hilabete hauetan zubia izan da erabili duzuen metafora. Zeren edo zeinen arteko zubia?
Bai, alde batetik arestian aipatutako hausnarketa prozesuari Irekitze prozesua izena eman genion, euskal komunitateari begira gardentasunez eta guztiei gonbitea eginez egin nahi genuelako. Eta , bestetik, komunikazio kanpaina bat egin genuen horren guztiaren berri emateko “zubia” metafora bezala erabiliz. Izan ere, iruditzen zitzaigun irudi argia zela adierazteko euskaldunen arteko zubiak eraikitzen saiatzen garela gu eta zeregin horretan denok dugula zer esan eta zer ekarri. Ez da ideia berria, noski; bizitza honetan edozein gauza lortzeko, zenbat eta jende gehiago izanez hobeto. Eta zubia irudi edo metafora indartsua iruditu zitzaigun “Zu ere giltzarri” leloarekin batera. Jendea inplikatu nahi izan dugu euren ideia, iritzi eta ekarpenak ezagutzeko.

Inertziak, edo inertziaren irudiak nagusitu diren honetan, zer egin dezake berri Karrikirik Iruñeko euskaldunon komunitatearen mesederako?
Gure xede nagusia euskaldun garenoi euskaraz bizi ahal izateko baliabideak eskaintzea da. Euskaldun izatea, harrokeriaz baino, harrotasunez sentitu eta bizi dezagun eta, bide batez, gure unibertsoaren protagonista garela sinetsiz; subjektu aktiboak garela eta gure esku dagoela euskaraz bizitzea. Bai, badakigu, noski, badirela kanpoko hainbat faktore hori dezente mugatzen ahal dutenak, baina konbentzituta gaude “gu garela giltzarriak” eta horretan sinesteak indarra ematen ahal digula aurrera indartsu jarraitzeko. Ez dugu besterik gabe biziraun nahi, uzten diguten arte; euskaldun bezala normaltasunez bizi nahi dugu gure bizitzako arlo guztietan, gure ondorengoei horren guztiaren transmisioa eginez.
Eta hori guztia kontuan izanda, eginiko hausnarketatik zenbait aldaketa egiteko prest gara hori guztia gauzatzen hasteko:
– Lana egiteko moduak eraginkorragoak izatea, tresna berriak hartu ditugulakoz.
– Komunikatzeko era berriak, freskoagoak, erakargarriagoak, bai bazkideentzat bai, orokorrean, euskaldungoarentzat.
– Beste euskalgintzako elkarteekin elkarlana areagotu.

Iruñeko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana sustatzeko asmoa ere agertzen duzue. Nola ulertzen duzue beste elkarteekin egin beharreko lana?
Aipatutako elkarlana areagotzeak estrategia on bat eskatzen du eta horretan sakondu nahiko genuke aurrerantzean; jadanik hurbil gaudenok, helburu berdintsuak ditugunok, gure arteko elkarlana indartzea xede komun horiek aurrera eramateko. Eta horretarako komenigarria litzateke elkartzea, eztabaidatzea, antzekoak izaten ahal diren estrategiak elkarrekin bultzatzea, berriak sortzeak, etab. Eta hori guztia gure unibertsoaren erdigunea gu garela sinetsiz eta elkar elikatuz.
Maiz gehiegi eskatu zaio euskaldungoari, eta, egia esan, askotan modu txarrean. Horri buelta eman nahiko genioke eta euskaldungoari eskaintza egin.

Karrikirik bertako euskaldunontzako erreferente bat izan nahi duela diozue. Zertan erreferente?

Esandako guztiak urrun begiratzera eramaten gaitu: euskaldun komunitatea trinkotu eta Iruñea osoa euskalduntzera. Urrun gelditzen dela hori? Bai, jakina, baina bidea hasteko beti eman behar da lehenengo urratsa eta horren ondotik beste batzuk. Eta gainera bakarka baino elkarrekin egiten bada, bide hori xamurragoa egiten da eta oztopoak errazago gainditzen ahal dira. Bada, gu norabide horretan ari gara, eta euskaldunari euskaraz bizitzeko behar dituen baliabideak lortzen lagundu nahiko genioke, eskaintzen ditugun zerbitzuak hobetuz eta sendotuz, berriak sortuz eta euskaldunen ekarpen eta ideiak geureganatuz.


Idazkaria

Jone Altxu

Hausnarrean aritu garen hilabete hauetan guztietan, Karrikirik eskaintzen dituen zerbitzuek ez dute atsedenik hartu eta horiek guztiek kudeatzeaz arduratzen da Jone, elkartearen idazkaria. Lan horretaz gain, Karrikiriko dendan ere aritzen da eta, beraz, guregana hurbilduz gero, harekin eginen duzue topo.

Asko dira Karrikirik bultzatzen dituen egitasmoak, zein da zure lana “pisukide”, “merkataritza euskaraz” “mintzakide” eta horrelako proiektuetan?
Bai, egian esan, horiek guztiak bideratzeak badu bere lana. Bulegora etortzen den jendeari harrera egiten diot lehenik eta behin, nahiz eta egun aunitz interneten bidez jartzen diren gurekin harremanetan. Gure web orrian “zerbitzuak” izenburua duen atalean sartu eta bertan, eskaeraren arabera, fitxa bete eta bidali egiten da. Lan poltsara hurbiltzen den gehiengoa jende gaztea da eta argi dago internet haientzako baliabide arrunta dela. Beraz, lanetariko bat horixe da: jasotzen ditugun eskaera eta eskaintza fitxa guztiak, bakoitza bere lekuan kokatu eta behar denean bien arteko lotura egitea. Hau da, jendea harremanetan jartzea. Bi zerbitzu hauek dira jende mugimendu gehien sortzen dutenak eta egunero jarraipena eskatzen dutenak, baina urtean zehar badira bestelako lan puntualak, merkataritza, besteak beste. Urtero datuak eguneratu eta liburuxka ateratzen dugu eta horretan bazkideek laguntza ematen digute. Bestalde, Karrikaluzek bideratzen duen Mintzakide proiektuan ere parte hartzen dugu beste elkarte batzuekin batera, eta nire lana informazioa eman eta fitxak jasotzea da. Eta bukatzeko, horrekin guztiarekin batera, Iruñeko euskara elkartea izanda, jende dexente hurbiltzen da gurera informazio eske; beraz horiekin egotea egokitzen zait.

Bideratzen diren asmo guztien atzetik, zein da dagoen lana eta jartzen diren baliabideak?
Batzuetan zerbitzuen berri izaten da, baina ez da antzematen atzean dagoen lana horiek mantendu eta hobetzeko. Ni koordinatzaile lanetan ibiltzen naiz, baina ekimen bakoitzaren atzean lan taldeak daude hori guztia bideratzen. Zerbitzu hauen eske hurbiltzen den jendearen datuak jasotzen dituen datu basea etengabe eguneratu behar da zerbitzua eraginkorra izan dadin. Bestalde, egitasmo horiek dohainik eskaintzen ditugu, baina aurrera eramateko diru iturriak bilatu behar dira eta zeregin horretan ere aritzen dira elkarteko zenbait kide. Hortxe dugu itzulpengintza zerbitzua, hiru hilean behin bazkideek ordaintzen dituzten kuotak, Karrikiriko denda eta erakundeetatik jasotzen ditugun diru laguntzak. Hauek eskatzeko paper dexente bete behar da eta horrek ere denbora dexente eskatzen digu. Eta horretaz gain, kontuak eraman, fakturak egin, bilerak, etab. Beraz, ikusten duzuen moduan, lan handia dago horren guztiaren atzean.

Hauteman dituzu urtean zehar garai ezberdinak emandako zerbitzuen arabera?
Bai, Pisukide zerbitzuari dagokionez, esaterako, mugimendu handiena irailean izaten da. Datu bat ematearren, aurtengo irailean 33 eskaera izan dira eta 40 eskaintza eta eskaera kopururik handiena irakasle eta ikasleek egiten dute. Lan poltsan, berriz, ekain aldean ikasleek oporrak hartzen dituztela-eta, lan handia izaten da denon izenak datu basean sartzen. Eskaintza aldetik, ekainean ematen da eskaintzarik handiena, orduan ibiltzen baitira gurasoak txoraturik beraien seme-alabeentzat irakasleren bila udan klase partikularrak jaso ahal izateko. Badira beste lan batzuk puntualak direnak, merkataritza, adibidez, hilabete batez, gehienetan urria aldera, buru-belarri aritzea eskatzen duena. Itzulpengintza, berriz, uda kenduta, antzeko lan bolumena izaten du. Dena den, lana etengabea da eta tarteka lasaiago egoten bagara ere, egitekoak ez zaizkigu falta.

Nola egiten duzue harremana zuengana jotzen dutenekin?
Garai batean jendea gure bulegora hurbiltzen zen, baina denborarekin ohikoa bilakatu da internet bidezko harremana. Jendea, beraz, gure web orrian (www.karrikiri.org) sartzen da eta behar duen zerbitzuan bere datuak sartzen ditu. Eskaera elkartera iristen da eta ahal bezain laster erantzuna ematen saiatzen gara. Egia esan, oso bide azkarra da eta gauzak dexente errazten ditu. Dena dela, gustukoa dugu oso jendea gure Xabier karrikako egoitzara hurbildu eta aurrez aurreko harremana izatea. Beste patxada batekin elkartean egiten ditugun gauzez solasteko parada ematen digu horrek. Telefonoa ere ez da horrenbeste erabiltzen.

Zein da elkartean arretarako duzun ordutegia?
Astelehenetik ostiralera goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:30era (dendako ordutegia) egoten naiz bulegoan. Dena den, goizez etorri ezin duenak bulegoa@karrikiri.org helbide elekronikora idatzi edo 948 22 58 45 zenbakira deitzen ahal du. Arratsaldez denda irekita dago eta zerbait behar izanez gero, aukera dago bertan dagoen lankidearekin solasteko.

Bazkideekin harremanak sendotzeko asmoz, zein da zabaldu nahi duzuen asmoa?
Bazkideak elkartearen sostengu nagusia izanik, nik uste dut arreta berezia zor diegula. Egun elkarteak badu harremana haiekin, bai posta elektronikoz eta baita posta arruntaz ere. Alde batetik, elkarteari dagozkion kontuen berri jasotzen dute; izaten diren bilera nagusiak eta aurten bereziki egin den “Zu ere giltzarri” kanpaina, besteak beste. Eta beste aldetik, dendatik ere zenbait eskaintza izan dituzte. Dena den, uste dugu ez dela aski eta aurrera begira haiekin harremana sendotzeko asmoa dugu; elkartearen informazio zuzenagoa helaraziz, eskaintza bereziak eskainiz, plangintza berritik sortuko diren taldeetan parte hartzeko gonbitea luzatuz, etab.

Karrika 133. 2009ko urria

Karrika 133. 2009ko urria

Azkeneko hilabeteotan eginiko hausnarketa prozesuaren ondorioz, Karrikiri elkartearen etorkizuneko lan ildo orokorrak zehaztuz joan gara poliki-poliki. Izan ere, sortu ginenetik gure xedea Iruñerriko euskaldunen mesedetan lan egitea baita, euskaraz bizi nahi dugunoi ahalik eta aukera gehien eskainiz.
Orain arte eginiko bideak garbi erakutsi digu indarrak ongi neurtzearen garrantzia eta, horrekin batera, koordinazio eta kudeaketa eraginkor baten beharra. Horretan hobetu nahiko genuke aurrerantzean eta hori abiapuntutzat hartuz, lan taldeak osatzen eta berregituratzen hasi gara jada. Parte-hartzea irekia da, jakina, eta zuek guztiak gonbidatuta zaudete zuen ekarpenak egitera. Hurbildu Xabier karrikako gure egoitzara eta galdetu lan arlo bakoitzeko arduradunarengatik.
Hauexek izanen dira, bada, hemendik aitzina jorratuko ditugun lan arloak:


Kanpo harremanak

Koordinatzailea: Edurne Arrizibita

Iruñerriko errealitatean inoiz izandako erreferentzialtasuna berreskuratzea gustatuko litzaiguke eta hori kontuan izanda, puntu hauei erreparatuko diegu:

– Gure inguruarekin ditugun harremanak hobetu eta egiten ditugun ekimenen berri Iruñerriko euskaldunengana egokiago helarazteko asmoz, Karrika aldizkaria eta web gunea berritzeari ekinen diogu, beti ere elkartearen baliabideak kontuan harturik. Eta horrekin batera, plangintza bat prestatuko dugu elkartean egiten diren egitasmoen berri hedabideengana modu sistematikoagoan helarazteko, eurekin ditugun harremanak sendotuz.

– Beste euskara elkarte eta taldeengana joko dugu elkarlana bultzatu eta euskaldunendako zerbitzuak eskaintzeko.


Egitasmoak:

Koordinatzailea: Aitor Etxarte

– Jendearen aldetik balorazio eta harrera ona jasotzen duten zerbitzuak mantendu eta hobetzen saiatuko gara: lan poltsa, pisukideak, itzulpen zerbitzua, establezimendu euskaldunen errolda… Eta teknologia berrien bidez kudeaketa txukunagoa egiten saiatuko gara.

– Iruñerriko euskaldunok ditugun beharrei erreparatuz, zerbitzu berriak aztertu eta martxan jartzeari ekinen diogu eta gure egitasmoen erabiltzaile izan daitezkeengana jotzen saiatuko gara.

– Iruñerrian den kultur eskaintza aztertuko dugu, egiten dena ezagutu eta ezagutarazteko, koordinazioan hobetzeko, foro berriak sortzeko…


Ekonomia

Koordinatzailea: Iñaki Justes

– Krisi garaietan gertatu ohi den moduan, gerrikoa estutu eta elkartearen ekonomia modu zorrotzagoan kontrolatuko dugu, ahalik eta antolakuntza txukunenarekin.

– Orain arte elkarteak dituen diru iturri propioak sendotu eta ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatuko gara: bazkidetza, itzulpen zerbitzua, Karrikiri denda eta denda ibiltaria.

– Eta horiekin batera eta Administrazioak zor dizkigun diru laguntzei uko egin gabe, bestelako diru iturriak aztertuko ditugu bideratu nahi ditugun egitasmo guztiak aurrera eraman ahal izateko.


Bazkidetza

Koordinatzailea: Reyes Iraola

– Bazkideak dira elkartearen oinarri sendoena eta haiekin dugun harremana hobetu nahi dugu, baita, ahal dugun neurrian, merezi dituzten eskaintza bereziak egin ere.

– Laster batean, bazkide berriak erakartzeko kanpaina bati helduko diogu.


Karrikiriko denda
Koordinatzailea: Silbia Alonso

– Euskal produktuen eskaintza handitu eta haien kalitatea bermatzea izanen da gure xedea, euskaldunendako denda erreferentea bilakatu asmoz.

– Denda soila baino gehiago dela sinistuta gaudenez, elkartearen ispilu izatea nahi dugu eta horregatik indar guztiak bideratuko ditugu guregana hurbiltzen diren lagunek Karrikiriren berri jaso dezaten: gure xedea, egiten ditugun egitasmoak, etab. Eta erosle guztiei etekinak elkarteak bideratzen diren egitasmoetara bideratzen direla garbi adieraziko zaie.

– Euskara ikasten ari direnekin orain arte landutako hurbilpen urratsak sendotuz joanen gara, haiendako produktu eskaintza berezia eskainiz.

Karrika 132. 2009ko iraila

Karrika 132. 2009ko iraila


Oporretatik bueltan hemen gabiltza berriro ere, Karrikako aurreko zenbakietan adierazi genizuen moduan, elkartearen barne hausnarketan murgilduta etorkizunerako lan ildoak zehaztu nahian. Gogoratuko duzuenez, urtearen hasierako hilabeteetan ekin genion bide honi eta, Iruñerriko euskaldunei zuzendutako “Zubi honetan zu ere giltzarri” izeneko kanpainaren baitan, jardunaldi batzuk antolatu genituen. Bertaratutako lagunen ekarpen guztiak bildu genituen orduan eta horiek guztiak aldez aurretik elkartean eginiko diagnosiarekin erkatzen ari gara. Jardunaldien inguruko informazioa aurreratu genizuen jada, baina elkarteak eginiko diagnosiaren berri ere eman nahiko genizueke orain, bi horien uztarketatik abiatuko baikara udazkenetik aurrera.

Horrela bada, elkarteak orain arte eginiko bideari errepasoa eman eta zenbait alderdiri erreparatu diegu Karrikirik zertan asmatu, zertan huts egin eta zertan hobetu dezakeen garbiago ikusteko. Hori guztia xehetasun guztiekin azaltzea konplexua litzateke, baina zertzelada nagusiak azaldu nahiko genizkizueke.

Kanpo harremanak
Iruñerriko komunitateari, bereziki euskaldunei, gure helburuak eta egitasmoak helaraztea da gure xedea eta, horri dagokionez, zenbait kontu gogoan hartu behar direla iruditzen zaigu:

– Iruñerrian euskararen giroak bere mugak eta ezintasunak dituela arrazoi ezberdinak direla medio: euskaldunon dispertsio fisiko eta funtzionala, erakundeen jarrera, euskalgintzaren hausnarketa eta kritikarako kulturarik eza, euskaldun eta euskaltzaleen inplikazio falta zenbaitetan…

– Karrika aldizkaria eta web guneari ez diogu behar bezalako probetxua ateratzen eta garbi dago dinamikoagoak eta hurbilagoak egiteko premian garela.

– Elkarte bezala nolabaiteko erreferentzialtasuna lortu izan dugu urteekin, baina sentsazioa dago denborarekin galduz joan garela. Iruñerriko euskalgintzako gainerako taldeekin ditugun harremanak baliatu behar ditugu haiekin elkarlanean aritu eta erreferentzialtasuna indartzeko.

Egitasmoak:
Euskaraz bizitzeko asmoz elkartean martxan jarritako zerbitzuak sendotu beharra dagoela eta berriak eskaintzeko urratsak eman behar ditugula garbi dugu, izan ere:

– Zerbitzu batzuk sendotuz joan dira (Karrika, pisukideak, lan poltsa, establezimendu euskaldunen zerrenda, itzulpen zerbitzua…), baina hauek guztiak berritzea komeniko litzateke.

– Gero eta zailagoa da ekimen berriak sortzea eta sustatzea, izan ere kide gutxi baikaude eta diru eskasiak ere ez baitu laguntzen.

– Horrek geldituta egotearen sentsazioa sortzen digu eta gainditu beharra dagoela iruditzen zaigu.

Ekonomia
Ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarte autonomoa izateko kanpo eragileekiko menpekotasunik ez edukitzea. Horrekin batera, ekonomiaren kontrol zehatzaren garrantzia funtsezkoa da bideratzen ditugun egitasmoak neurriz gauzatu ahal izateko.

– Halere, hainbat erakunderekiko nahi baino menpekotasun handiagoa dugu diru-laguntzei dagokienez.

– Diru iturri berriak bilatzea nahitaezkoa da eta, bidez batez, bideratzen ditugun zenbait ekimen edo zerbitzuri etekin ekonomikoa ateratzen jakin beharko genuke.

– Egoera ekonomikoak eguneroko jarduna baldintzatzen du eta zerbitzuak zabaltzeko oztopo objetiboa da.

Bazkidetza
Bazkideak elkartearen oinarri dira eta arreta handiagoa behar dute elkartearen aldetik. Bazkidetza biziberritzeko plana osatu behar dugu honako baldintzak kontuan izanda:

– Komunikazioa ez da kalitatezkoa izan eta horren ondorioz, besteak beste, bazkideei ez diegu behar bezalako arreta jarri: informazio eta zerbitzu gutxi, biltzeko aretorik ez…

– Bazkide gehiago lortu behar ditugu.

– Elkartera hurbiltzen diren bazkideak ez ditugu egitasmoetan inplikatzen.

Karrikiriko denda
Autonomia ekonomikoa gauzatzeko diru iturri esanguratsua izateko asmoz zabaldutako zerbitzua da, baina horretaz gain elkarteak garatzen dituen egitasmoen ispilu publikoa izatea ere nahiko genuke eta euskal sortzaileak eta Euskal Herriko produktuak aurkitzeko gunea.

– Merkataritzaren egoera orokorra beltza da oso: ditxosozko krisi ekonomikoa, merkataritza eremuen kontzentrazioa, espazio erreferentzialen aldaketa…

– Saltokiaren martxa ez da txarra, baina hasi berriak gara eta bertako dinamika hobetzeko asko dugu.

– Denda ezaguna bada ere, ez dugu asmatu elkartearen erakuslehio bihurtzen.

Hauexek dira, esan bezala, taldearen diagnosiaren zertzelada nagusi batzuk. Horien inguruan eztabaidatzen arituko gara egunotan eta etorkizuneko lan ildoak finkatzen joanen gara. Taldea indarberritzeko zuen ekarpenak eta parte hartzea eskertuko genuke. Hurbildu Karrikiriko egoitzara!

Karrika 131. 2009ko uztaila

Karrika 131. 2009ko uztaila


Ongi pasa Sanferminetan eta udaran!
Irailean itzuliko gara !

Karrikaren eta beste komunikabideen bitartez jakinarazi dizuegun bezala, azken bolada honetan lan handia egin dugu elkartearen jarduera hobetzeko asmoz.
Orain atsedena hartzeko unea heldu zaigu, izan ere, Iruñeko esparru gehienetan bezala sanfermiñen parentesia gurean ere nabarituko da.

Baina ez kezkatu, laster indarberrituak itzuliko gara, euskaldun guztiona den elkarte honen zaharberritze prozesuan aurrera jarraitzeko. Eta berriro ere zuengana joko dugu, zuen laguntza ezinbestekoa izango baita, orain arte bezala.

Bitartean, ez ahaztu Karrikiriko zerbitzuek ez dutela oporrik hartzen eta egun hauetan ere zuen beharretara erantzuteko prest aurkituko dituzuela, bai egoitzan bai webgunean.


SANFERMIN EUSKALDUNA

Uztailak 6
13.30
Folklore-jaialdia Foruen plazan. Taldeak: Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar eta Txori Zuri.
18.30
Gaitarien alardea. Merkatuko Zakatinetik II. Zabalgunera.
21.00
Bertako musika. Gazteluko plaza. Dantzaldia, txistulari eta gaitariekin. (egunero)

Uztailak 7
00.00
Euskal Musika Taconera parkean. Patxi Pérez eta konpainia.

Uztailak 8
12.00
Herri-kirolak. Foruen plazan. Nafarroako trontzalarien txapelketa (1. kategoria eta kadeteak), eta zama-jasotzaileen eta harrijasotzaileen erakustaldia.
12:30
Kontzertua. Gayarre antzokian. Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Kepa Junkera. Topaketak eta agurrak.
18.00
Euskal Musika. Taconera parkean. Gari, Montxo eta Joselontxo: Supituki.

Uztailak 9
12.00
Herri-kirolak. Foruen plazan. Nafarroako harrijasotzaileen eta 3. mailako aizkolarien txapelketak.
13.00
Euskal Musika. Taconera parkean. Gaitariak.
14:00
– AEKk bazkaria antolatuko du Errekoletak karrikan.
– Karrikirik antolatua, 14. arrantzale eguna. Atunaz eginiko bazkari oparoa, Ondarrutik etorritako sukaldari finek prestatua: atun entsaladak, marmitakoa Ondarruko erara eta atun errea. Ondoren sopletea, kafea, patxarana eta kantugintza eta dantzaldia indarrak ahitu arte.
00.0
Euskal Musika Taconera parkean. Maialen Errotabehere eta Petti.

Uztailak 10

13.00
Bertsolariak Taconera parkean. Xabier Legarreta, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes “Itturri”, Igor Elortza, Amaia Agirre eta Sustrai Colina.

Uztailak 11

12.00
Herri kirolak Foruen plazan. Nafarroako Ingude altxatze txapelketa, txinga-erutea (gizon zein emakume), sokatira erakustaldiak, fardel altxatze eta jaurtiketa.
13.00
Euskal Musika. Taconera parkean. Trikitilariak.
00.00
Euskal Musika. Taconera parkean. Deabruak Teilatuetan.

Uztailak 12
Orreagak antolatuta, kantu jira Merkaderes karrikatik Estafetan barna. Eta ondoren bazkaria izanen da San José Enparantzan, ordu bietan.
12.00
Herri kirolak Foruen plazan. Nafarroako Aizkolari txapelketa bikoteka, gurdi altxatzea eta harrijasotzaileen erakustaldiak (Iñaki eta Inaxio Perurena), emakume harrijasotzaileak eta trontzalariak.
13.00
Euskal Musika. Taconera parkean. Txistularien 50. Alardea

Uztailak 13
Gora Iruñak antolatua, “Euskararen Eguna”
12.00
Herri kirolak Foruen plazan. Joxe Bikondoa, Kañamares anaiak, proba konbinatuak (hasiberriak) eta haurrendako probak.
13.00
Euskal Musika Taconera parkean albokariekin.
14.00
Zaldiko Maldiko Elkartearen bazkaria.
00.00
Euskal Musika Taconera parkean. Lantz taldea.

Uztailak 14
12.00
Herri kirolak Foruen plazan. Motozerralari eta aizkolarien erakustaldia.
13.30
Euskal Musika Taconera parkean. Txistulariak.

Eta Euskal giroan poteak hartzeko:
– Nafarroa Oinezeko taberna (Takoneran)
– Muthiko Alaiak peña
– Euskal Herrian Euskarazen taberna (garai bateko “Polideportivo Navarra” zena)
– Zaldiko Maldiko.

 

Karrika 130. 2009ko ekaina

Karrika 130. 2009ko ekaina

Denok gara giltzarri! jardunaldiak

Olatz eta David Karrikiriko ordezkariek aurkezpena eta diosalaren ondoren, “Eguzki bideoak” taldeko kideek landutako bideoan ageritako Famobilgo Click panpin ezagunek elkartearen aurkezpen xumea egin zuten “Denok giltzarri!” jardunaldietara hurbildutako lagunen aitzinean. Goizeko hamarrak orduantxe jo berriak ziren eta, beraz, garaiz heldu zioten lanari bertaratutako lagunek, gogotsu ekin ere, euren aurpegietan ikusi ahal izan genuen moduan. Hiru talde osatu ziren eta bakoitzari karpeta bana eman zitzaion, lau gairen inguruan euren ekarpenak biltzeko asmoz: elkartearen xedeak, egungo zerbitzuak, ideia berriak eta finantzazio iturriak. Lehenengo ariketan iritzi ezberdinak azaldu baziren ere, gehiengoarentzat lehentasun agerikoa zen: gure hizkuntza erabiltzeko aukerak eskaintzea; Iruñerriko euskal komunitatearentzat horixe baita, euren irudikoz, euskaraz bizitzea den helburu are potoloagoa egunez egun gauzatzeko biderik zuzenena.

Eta erabilpenari lotuta, bigarren ariketari heldu eta Karrikirik martxan jarritako zerbitzuak aztertzen hasi ziren bildutakoak. Batzuk besteak baino txukun edo erabilgarriagoak zirela garbi gelditu zen orduan, besteak beste pisukideak, lan poltsa, euskal denda, Mintzakide; eta, hobekuntzak behar dituztenen artean, berriz, Karrika eta webgunea, zerbitzuen errolda, itzulpengintza, etab. Eta azterketa honen ildotik, Karrikirik garai batean euskal komunitatean zuen erreferentzialtasuna berreskuratzeko aipamen garbia egin zen; euskal hiztunek hizkuntzarekin izaten ahal dituzten zalantza guztiak argitzeko elkartea izan dadila eta egiten dituen egitasmo guztien berri eman dezala, jendea jakinaren gainean egon dadin. Izan ere, sentsazioa zegoen elkartea bera eta egiten dituen ekimenak ez direla sobera ezagutzen.

Lehenengo bi ariketen ondotik, atseden hartzeko unea heldu zen, baina kafe eta pintxoen inguruan ere eztabaida eta hausnarketarako uneak izan ziren. Eta geroxeago ideia berriak jasotzeko parada heldu zen. Pandoraren kaxa zabaldu zen orduan eta molde ezberdineko ideiak entzuten ahal izan ziren: aisialdia ekimenak antolatzeko beharra, kirol elkarteetan eragiteko gogoa, Kafe Antzokiaren moldeko Nafarroako bertsioa, Nafarroako unibertsitateko taldeekin harremanak sortu, itzulpen zerbitzu “aktibo” eta sortzailea, ikastaro bereziak…Baina horien guztien artean, indarrak neurtzearen garrantziaz solastu zen beste partaide bat, ditugun baliabideak (giza baliabideak eta materialak) ezagutu eta ahalik eta hobekien aprobetxatuz. Eta jarraian, laugarren ariketari, hau da finantzazio ekonomikoaren gaiari heldu zioten partehartzaileek. Elkartearen ohiko diru iturriez gain (bazkidetza, erakundeetako diru laguntzak, euskal denda, denda mugikorra), mezenas moduko erakunde zein pertsonengana jotzea, baita denda mugikorra bezalako zerbitzuetan bazkideen partaidetza sustatzea (urtean behin edo bitan gonbitea luzatuz bisitatzen diren azoka edo festetara joateko). Eta horietaz gain, beste lagun batek zerbitzuak beste modu batean planteatzeko gonbitea luzatu zuen; lan sektore/esparru ezberdinengana joz, haiek euren beharrak zeintzuk izan daitezkeen plantea ditzaten. Puntu honetan eztabaida sortu zen eta jardunaldiei amaiera emateko esateke gelditu ziren komentarioak egin zituzten: elkarte irekiagoa izan dadila (lagun talde bat baino gehiago), belaunaldi berriak erakarri eta erreleboa ziurtatzea, jardunaldien planteamendua sobera zurruna izan zela, zerbitzuen eta Karrikirikideen profesionalizazioa, lana hobeki sistematizatzea/ordenatzea, egiten diren ekimen eta zerbitzuak modu eraginkorrean ezagutaraztea…

Ikusten duzuen moduan, bada, ekarpen aunitz egin ziren eta baliteke beste hainbat esateke gelditu izana. Garrantzitsua da horiek guztiak biltzea eta jardunaldietan parte hartu ezin izan ez zenutenen ideiak geureganatzea. Beraz, jarri gurekin harremanetan bulegoa@karrikiri.org e-mailean edo 948 225 845 zenbakiaren bidez. Hemendik aitzina etorkizuneko lan ildoak zehazten hasiko gara eta horretan ere zuek gurekin bat egitea nahiko genuke, zuen iritzi eta ekarpenez gain, gurekin lanean aritu zaiteztela. Karrikiri elkarteko ateak zabalik dituzue, beraz hurbildu Xabier karrikako gure egoitzara. Iruñeko euskal komunitatearen zubian denok baikara giltzarri!!!!