Karrika 84. 2004ko abendua

Karrika 84. 2004ko abendua

Merkataritzan euskaraz

Orain gutxi bitxia eta heroikoa zena, arrunt eta erosoago bihurtzeko bidean da. Zertaz ari garen? Iruñean eta Iruñerrian euskaraz bizitzeari buruz ari gara: eskolan eta eskolatik kanpo ikasi, lagunekin solastu, aisialdiaz gozatu edo erosteko gero eta aukera zabalagoak ditugu .
Merkatari euskaldun eta euskaltzaleak urriak ziren atzo, eta ugariak eta dinamikoak gaur . Ogia erosi, jatetxean afaldu, barazkiak edo txuleta hautatu , etxerako asegurua egin, loreak lagunari bidali, kandelak eta irudi erlijiosoak erosi, bizikleta konpondu, sukaldeko aulkiak berritu, negurako arropa erosi, euskal opariak egin, lagun artean pintxoak hartu, zapata dotoreak frogatu, ilea moztu, edozein liburu erosi, argazki erreportajeak enkargatu, kotxea gidatzen ikasi, haurrekin jolastera joan, kondoietan azken berrikuntzak ezagutu, sendabelarrak ezagutu, kirol produktuak frogatu, fotokopiak enkargatu, egongelarako behar duzun margoa erosi…. eta gehiago egin dezakezu euskaraz.
Eskaintza zabal hori merkatari euskaltzaleek sustatzen dute eta erosle euskaltzaleentzat aukera ematen digute beraien zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Beste gainerako merkatariek ezinezkoa duten gainbalio hori debalde ematen digute. Horri esker, bezero garen guztiok egunerokotasunean espazio eta harreman berriak euskalduntzen ditugu.
“Merkataritzan euskaraz” egitasmoarekin Iruñerriko euskaldunen komunitatea trinkotu nahi dugu, zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten merkataritza guneetara euskaltzale guztiak bideratuz .
Oihenartek esaten zuen bezala “neguan hotzari eta udan beroari beldur zaiona, ezta ez zaldun ez merkatari ona”. Gure zerrendako merkatariak onak, bikainak dira.



ZENBAT BURU… Osio

Duela 14 urte Euskal Herri mailan haur eta gazte literatura sustatzeko asmoz sortutako Galtzagorri elkartearen presidentea dugu Migel Anjel Asiain “Osio”. Euskal Herrian egiten den haur eta gazte literaturaz solasean aritu gara berarekin.

Noiz sortu zen Galtzagorri elkartea eta zer helbururekin?
Galtzagorrin idazle, ilustradore, irakasle, argitaldari, ipuin kontalari, liburuzain…, erran nahi baita haur eta gazte literaturarekin harreman duen orok hartzen ahal du parte eta helburu bera du hasmentatik: haur eta gazte literatura sustatu eta bultzatzea. Emaitzengatik erran daiteke lortzen ari garela gure helburua betetzen, nahiz eta oraindik ere bide luzea gelditzen zaigun nahi dugun guzia erdiesteko.

Zer proiektu bideratzen dituzue?
Irakurzaletasuna sustatzeko bi proiektu ari gara bideratzen: lehen hezkuntzako Liburu Altxorra eta Bigarren Hezkuntzan Liburu Gaztea. Azken honekin batera osagarri den bertze proiektu bat ari gara Berria egunkariarekin lankidetzan lantzen:Idazle gaztea. Liburu Altxorra lehen hezkuntzako ikasleen geletatik etengabe bidaiatzen dabilen liburu mailegu zerbitzu berezia da, eta orain arte arras emaitza onak eman ditu landu den toki guzietan. Proiektu hauez gainera Behinola aldizkaria karrikaratzen dugu urtean bi aldiz eta HGLren inguruko erakusketa monografikoak antolatzen ditugu, gero toki ezberdinetan mugitzeko. Azkenik, bi urtez behin antolatu ditugu gai zehatzen inguruko biltzarrak: ipuingintzari buruz, poesiari buruz…
Haur eta gazte literatura azpiliteratura gisa ikusten da maiz.
Egia da anitzetan nolabaiteko konparazioa egiten dela helduen literatura (edo Literatura letra handiz) eta haur eta gazte literaturaturaren artean azken hau bigarren mailako zerbait bezala; baina, gero eta oinarri sendoagoa du HGLk munduan, eta bertze tokietako uste onak gurera ere ailegatzen ari dira. Azken finean, kode berezia erabiltzen duen literatura da haur literatura (gazte literatura anitzetan helduen literatura da, baina merkataritza interesak direla medio gazte literatura bezala saltzen da) eta honetan, bertze literaturan bezala, badira perlak, badira pasamoduko liburuak eta baita, helduen literaturan bezalaxe, liburu txarrak ere. Azpiliteratura dela erraten dutenek seguruenik haur eta gazte literatura gutxi leitu dute. Nire bizitzan plazer handiena eman didate liburuen artean badira anitz haur eta gazte literaturan sartzen direnak: zer erran Stevenson, Kipling edo Igerabide, edo Landa edo Atxagaren haur eta gazte literaturaz, maisu lanak direla norendako eginak diren kontutan izan gabe; eta gauza bera erran daiteke ilustradoreez, gaur egun arte lan eta estilo guziak biltzen dira haur argitalpenetan.

Euskal literaturak oro har hainbat zailtasuni egiten dio aurre. Haur eta gazte literaturaz ari bagara zeintzuk dira oztopo horiek? Nola ekiditzen ahal dira zure ustez?
Arazo gehienak (denak ez errateagatik) heldu zaizkigu euskara irakurle gutxi duen hizkuntza delako eta horrek baldintzatzen du anitz produktua eta horren zabalpena. Nago gure argitaletxeek gutxi arriskatu dutela produktu berriak sortzeko, “bertan goxo” politika eraman dute. Luze solas egiteko gaia da baina arazo hauez gainera haur eta gazte literaturak baditu bere zailtasun propioak: bitartekarien (irakasleak, gurasoak, liburuzainak…) ezinbertzeko papera(eginkizuna???), gehiegizko produkzioa, kritika falta, e.a. Soluziobideak zailak dira, nik, hor ikusten dut lan handia bitartekari horien formakuntza ikastaroak prestatzen, kritika lanak egiten…

Hasiera batean haurrei zuzenduriko literatura kanpotik etorritako liburuen itzulpenekin osatzen zen batik bat. Azkeneko hamarkadetan, aldiz, ugaritu egin dira hemen bertan sortutako lanak eta haien kalitatea. Horren erakusle da Mariasun Landak (Krokodiloa ohe azpian) berriki eskuratutako Haur eta Gazte Literatura Sari Nazionala. Zein da euskarazko haur literaturaren egoera? Nola ikusten duzu bere etorkizuna?
Egia erratera lehen baieztapen hori ez da erabat egia. Gurean HGL berandu hasi zen, 70 urteetan edo, eta hasmentatik elkarren eskutik ibili ziren bertako idazleen sortze lanak eta itzulpenak. Egia da ere gurean zenbait urtez itzulpenen presentzia handiagoa izan dela, baina ez da inoiz erabatekoa izan. Gaur egun sormen aldetik euskal HGL aski osasuntsu dago: baditugu goi mailako idazleak, ilustradoreak, ipuin kontalariak… eta ez bakarrik guk errana, kanpotik gure HGLren kalitatea onartu dute eta, zuk aipatzen duzun bezala, hor dugu Krokodiloari eman dioten saria, baina nire ustez hor Mariasun Landaren ibilbidea eta obra saritu dute, eta bidenabar euskal idazleen lana saritu dute. Alde horretatik izen kontsagratu horietatik kanpo badira idazle berriak, gazteak, aski maila onekoak. Etorkizuna nola ikusten dut? Ba, ez dakit, nik uste euskararen egoerarekin batera doan zerbait, eta gauza batzuk aldatu behar dira gure HGLk etorkizunean funtzionatuko balu, esatera argitaletxeen mundua, bitartekarien formakuntza, kritikaren papera …bo, lehen aipaturiko huts guzti horiek.

Durangoko azokari begira, zer gomendio eginen zenieke haien haurrentzako liburuak erosi behar dituzten gurasoei?
Ttxiki-txikiendako Ibaizabal argitaletxeak liburu eder bat karrikaratu du: Bi otso zuri, edo Kalandraka argitaletxearen edozein liburu; lehen irakurleendako Aizkorrik arras egokia du Mendi sorgindua bilduma, aurten Jonas-en bertze liburu bat atera dute eta Semaforo gorria izeneko liburua; gaztetxoendako Zubizarretaren “Usoa” bilduma aski atsegina da eta horien artean “Kuaderno morea” niretako da hoberena, eta Sorginen inguruan atera dute Axa Mixa bilduman arras liburu polita. Azkenik, gaztetxoendako Ereinek badu Mankell-en trilogia arras interesgarria.


HERRIEN ELEAK.
Filipinak
   

Filipinak: hizkuntza artxipelagoa

Filipinetako artxipelagoko 7.107 uharteetan 75 milioi pertsona bizi dira. Horietatik %40 hamabost urtetik beherakoak dira. Hizkuntzei dagokienez, 70 baino gehiago entzun daitezke. Hauek dira mintzatuenak:
Tagaloa 22 milioi (Manilan eta beste hainbat lekutan)
Zebuera 18 miloi (Cebun)
Ilokanera 7 milioi (Luzon uhartean)
Bicolanera 4,5 miloi (Luzon uhartean)
Samaronera 3 miloi (Samar aldean)
1937an Hizkuntza Institutu Nazionala sortu zen. Erakunde berri honek hizkuntza nazional berria proposatu zuen: filipinera. Manilako tagaloa du oinarri, baina ez da zuzena Filipinetako hizkuntza ofiziala “tagaloa” (tagalog) dela esatea, filipinerak beste hizkuntza askotako ezaugarriak ere hartu baititu. Dena den, bi hizkuntza edo gehiago hitz egiten dutenen artean, ohikoa izaten da “taglish” hizkuntza entzutea: ingelesak kutsatutako tagaloa, hain zuzen.

Filipinarrak gurean
Filipinetako langabezia-tasa nahiko altua da eta egunero 2.700 lagun inguru ateratzen dira artxipelagotik: ia milioi bat urtero. Eta gutxi dira denboraren poderioz sorterrira itzultzen direnak.
Euskal Herri osoan ehunka batzuk baino ez dira eta gehienak Bizkaian daude. Bilbon Pagkakaisa (Batasuna) elkartea sortu zuten: han, Filipinetatik etortzen direnei harrera egiteaz gain, elkargunea eta ekitaldi ludikoak eskaintzen dituzte. Filipinar jatorriko etorkinekin gertatzen den modura, Euskal Herrira etorri direnak ere neurri handi batean emakumeak dira eta etxeetan egiten dute lan. Europan irudi hau aldatzen ari da azken urteotan; izan ere, gero eta gehiago dira Filipinetatik datozen langile kualifikatuak, unibertsitateetara datozen ikasleak ahaztu gabe.

 

Karrika 83. 2004ko urria

Karrika 83. 2004ko urria

Euria egin behar du

Aurten denbora gehiago izango duela ikusita, Martak euskaltegian izena eman berri du, zekien apurra ahantzia baitzuen aspaldiko partez. Oraingoan gelatik kanpo ere hiztunik aurkituko duelakoan, euskaltegitik atera eta etxerako bidean da. Gorantz begiratu behar izan du. Baina ez al zegoen ateri?
Euri-tanta bat erori da.
Ez, ez du gogoratzen Miguelek noiz leitu zuen azkena. Daraman bizitza katramilatsuan ez dago liburuentzako tokirik. Baina lehengo egunean lagun batek aholku bat eman eta, zergatik ez dakiela, gaur arte ezin izan du burutik aldendu. Saltzaileari eman dion papertxo zimurtua soinujole batez ari da.
Kanpoko erakusleihoan tanta bat pausatu da.
Bazekien Iñakik Arantza euskalduna zela. Kontua da neska hori begiko izan duela beti eta, komunikazioa lortze aldera, erraietan bizi diren hitzez aritu izan zaiola. Auskalo zergatik eginen zion atzo euskaraz Arantzari kalean ikusi zuenean. Barrua mugituxea izanen zuen akaso…
Tanta lodi batek musua eman dio lurrari.
Etxeko leihotik haur bat tantei begira dago. Eta hasi da pentsatzen kristalean irrist egiten duten horiek, tantak diren aldetik, zerbait gehiago ere badirela. Zera oihukatu die orduan: Esan nahi duzuena, baina ez zarete txortak bakarrik, euria zarete!
Eta txortak euri bihurtu dira haurraren begietan.
Baina leiho horren azpitik pasatu den neskak antzematen du euskaldunok tanta bakartitzat jotzen gaituztela oraindik eta zenbaitek, aterkiak erabiltzen dituzten bitartean, euria ez da existitzen eta beraz ez du eskubiderik esateko atrebentzia dutela. “Uste dut hori baino zitalagoa litzatekeela guk geuk euriaren kontzientzia galtzea”, erantzun dio bere ondoko lagunak. “Gizarteak bultzatzen duen isolamendu itsaskorretik ezer gutxi aurreratuko dugu. Gogoratu beharko genuek ez garela negar malkoak eta ezerk ezin gaituela xurgatu; ez al gara ohartzen gure ura euskara dela eta, tanta egiten gaituena, euria?”.
Zuk ere bakoitzaren ahalegin bakanei zentzua eman nahi dien jardunean lagundu nahi baduzu, zatoz euria egitera, zatoz denon komunitatea eraikitzera. Nahi dugun zaparradan tanta guztiak izanen ditugu.



ZENBAT BURU… Josu Reparaz

2000. urteaz geroztik Lizarra ikastolako zuzendaria da Josu Reparaz Uiza Arbizuarra. Gaur egun 720 ikasle hartzen dituen ikastola honek Nafarroa Oinez festa ospatuko du hilaren 17an eta bertan lortuko dituzten sosekin ikastetxeko hainbat berritze lanak egitea espero dute. Horretaz guztietaz hizlari aritu zaigu festaren prestaketek utzi dioten tarte txiki batean.

Nafarroa Oinez prestatzen aritu zarete urte osoan zehar. Zer moduz joan dira antolatutako ekintzak?
2003ko urrian hasi ginen lanean, batzorde ezberdinetan banatuta: Pertsonala, ekintzak, ibilbidea, muntaiak, ostalaritza, segurtasuna, zerbitzuak, ekonomia, komunikazioa, babesleak, materiala eta osasuna.

Ekintzei dagokienez, urte osoan zehar izan dira: Kontzertuak (Oskorri eta Rock kontzertua), artea (artea’04 erakusketa ibiltaria Bilbo, Iruñea, Donostia eta Lizarran 86 euskal artisten lanekin), maiatzeko feriak (Lizarra aldeko janari, edari, artisau eta abar aurkeztuz eta azalduz), folklorea (Lizarra Gurea izeneko emanaldia), kirolak (pilota partida).
Ekintzak ilusio handiz prestatu eta jasoak izan dira, oso arrakastatsuak gertatu direlarik, euskararen presentzia bermatuz eta euskararen aldeko atxikimenduak aurkeztuz.

Hirugarren aldia da Lizarran Nafarroa Oinez ospatzen dela. Nolakoa izan da ikastolaren bilakaera? Zein da gaur egungo egoera? Zenbat ikasle dago?
Lizarra Ikastola 1970. urtean sortu zen Lizarra eta Lizarraldeko guraso taldetxo baten ilusioari esker. Ikasturte hartan 26 ikaslek hasi zuten kurtsoa haur eskolan.
1985. urtean ospatu zen lehenengo Nafarroa Oinez eta jasotako diruarekin Eskolapioek zuten ikastetxe zaharra eta solairua erosi zituzten. EUSKARA BATZEN GAITU izan zen orduko leloa.
1990. urtean, bigarrena izan zen EZINA EKINEZ EGINA eta lortutako dirua ikastola berria eraikitzeko lehen urratsak emateko erabili zen.
2004ko Oinez hau ikastolak 720 ikasle dituen unean heltzen da eta ikastetxean ezinbestekoak diren eraikuntzak berritu eta sortzeko erabiliko da lortutako dirua (haur eskolako eraikuntza, igogailua, biltegia, jolastokia, eta abar.)
Aurtengo Leloa lizarran@euskaraz.bai izanen da. Gure ikastolaren historia talde lanaren eta ilusioaren historia da.

Nafarroa Oinezen helburu nagusietako bat gure hizkuntzari bultzada ematea da. Zer moduzko egoeran dago euskara Lizarra inguruan?
Lizarran euskararen egoerak hobera egin du nabarmen azken 30 urte hauetan, nahiz eta euskara geletatik atera eta kalera, bizitza arruntera, eramatea den oraindik ere jorratzen dugun helburua, egun asko dira gure geletatik pasa eta euskaldundu zirenak eta euskalduntzen jarraitzen dutenak, bertan familia euskaldunak sortuz baina inguruaren presioz, gaztelaniarena, itogarria gertatzen da. Udalak eginiko azken zentsuan jendearen %10ek daki euskaraz mintzatzen eta dakitenetatik asko dira euskaraz mintzatzen direnak.

Urriaren 17ra bitarte hainbat ekimen prestatu dituzue. Azkeneko prestaketak zer moduz doaz? Ibilbidea nondik nora joanen da? Zer ekitaldi azpimarratuko zenituzke?
Esan dezakegu, gauza gehienak lortzen ari garela ekintzei, guneei eta abarri dagokienez eta azken asteotan hainbat ekintza burutu ditugu. Irailean zehar, esaterako, Kepa Junkeraren kontzertua, Euskaltzaindiak Lizarran eginiko saioa eta hitzaldi bereziak, Lizarra Gurea ikuskizuna, Miarritzeko baleta eta krosa izan genituen. Orain hilaren 17ko festako prestakizunekin gabiltza bete betean, baina urriaren 8an, euskal artisten erakusketa zabalduko dugu Gustavo de Maeztu Museoan. Euskal Herrian barna ibili ondoren, euskal artista onenetarikoak biltzen dituen erakusketa Lizarran inauguratuko dugu. Bertzeak bertze Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Jose Luis Zumeta, Txomin Badiola, Dora Salazar, Carlos Ciriza, eta Koldo Jauregiren artelanak izanen dira ikusgai.


HERRIEN ELEAK.
Kamerun

Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean, Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean, Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra da estatuak “nazio hizkuntzak” babesten eta sustatzen lagunduko duela.
Kamerungo hizkuntza politika “norbanakoen hizkuntza eskubideetan” oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.

Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu. Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira. Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak ezabatzen, ezta?

 

Karrika 82. 2004ko iraila

Karrika 82. 2004ko iraila

Balio handikoa, baliatzen badugu

Ez da anekdota hutsa: gutxi izanda ere, gure herriarekin lotura zuzenik ez duten lagun euskaldun edota euskaltzaleak aspalditik egon dira. Badira hizkuntzalaritzan ari direnak eta jakinmina asetu nahian dabiltzanak… Uda partean hona etorri zaizkigu batzuk, mintzaira hau munduratu duen herria bisitatzera. Hedabideen bidez ez da zaila horien berri izatea. Eta gauza batez aise konturatzen gara bertakook: gure mundu txikian gertatzen denaren aurka, planeta handiko bazter askotan euskarara hurbiltzeko orduan ez dago aurreiritzirik. Ez horixe.
Antzinatasunaren kontua, hizkuntza erraldoiez inguraturik iraun izana, berezko egitura eta ezaugarrien erakarpena, txikiaren edertasuna… hamaika dira gure unibertsora hurbiltzeko arrazoiak. Hala izanagatik ere, euskarari eransten zaion balioa ez da sanskritoarena edo etruskoarena bezalakoa: euskaldunok bizirik gaude eta horretan omen datza gure xarma.
Inguru hauetan indar handirik ez duten ikur horiek gure alde jotzen dute. Hala da: bitxikeriatzat jotzen dutenez haratago, kanpoan gehitzen ari da euskararen egoerari erreparatzen diotenen kezka eta, horren ondorioz, Euskal Herrian bizi garen guztiok nazioartean preziatua den hizkuntzarekiko berebiziko ardura hartzen ari gara.
Guretzat desberdina da balioa. Xuxurlatzeko, jolasteko, hausnartzeko eta nahi dugunerako topagune izatea nahi dugu. Elkargune kuttuna baina oraindik hankamotza erabileraz ari bagara. Horregatik ongi letorke gogoratzea gurea bezalako hizkuntzak bizigarriak direla munduan, besteak beste duintasunaren adibide direlako; baina adibide osoa eta prestua behar du izan. Azken finean, hizkuntza baino hedatuagoak dauden ekologia eta elkartasunaren ikuspegi batzuk ere daude jokoan, eta gure ekarpena osotasunetik bakarrik etor daiteke.
Globalki pentsatu, tokian jardun. Munduko aniztasuna babestera gonbidatuak gaude euskaldunok, beraz. Eta guk gizaki arduratsuen moduan jokatu nahi dugu, ezta? Ezin dugu huts egin, jarduteko aukera dugulako Iruñerritik bertatik mugitu gabe: ikasturte berri honetan animatu nahi zaituztegu euskaraz bizitzeko ahaleginak inoiz baino sendoago eta ahalik eta jende gehienarengana hel daitezen. Euskara gure erantzukizun baliotsuena da, baliatzean oinarritzen bagara, eta Karrikiri osatzen dugun guztiok etsi gabe jarraituko dugu ildo horretan lanean. Zuekin guztiekin.



ZENBAT BURU… Patxi Salaberri
 

Nafarroako Unibertsitate Publikoan errektorearen laguntzailea da euskararen normalizaziorako, eta aldi berean, Euskara batzordeko kidea. Burillo errektoretzara iritsi zenean unibertsitate barruan euskararen egoerak hobera eginen zuela espero zen, baina antza denez ez da horrela izan. Euskara batzordeari ez omen zaio lana behar bezala egiten utzi eta datozen asteotan baliteke haien karguak uztea. Horretaz guztiaz solastatu gara Patxi Salaberrirekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen normalizaziorako errektorearen laguntzailea zara eta Euskara batzordeko kidea. Zein da zure zeregina?
Egia erran, ni “Errektoreari atxikia hizkuntza plangintzarako” naiz, euskaraz sintagma edo dena delako hori arrunt txukuna ez bada ere. Batzordeari dagokionez, “Hizkuntza plangintzarako batzordea” da orain, “normalizazio” hitza ez baitzen zenbaiten gogoko. Batzordeak euskararen inguruko gaiei buruz proposamenak egiten ditu, baina ez du inolako aginte edo botere eragilerik; alegia, Unibertsitateko organoek proposamenak onartzen ez badituzte, ezin du deus ere egin. Batzordean nik buru egiten dut, errektorearen ordezkaritzat, burua betiere hura baita.

Noiz eta zer dela-eta sortu zen lehenengo Euskara batzordea Nafarroako Unibertsitate Publikoan? Zer-nolako ibilera izan du?
Oraingo Plangintza batzordeari Normalizazio batzordea erraten zitzaion aitzineko estatutuetan eta ez da Burillok asmatutako zerbait. Izan ere, lehen Normalizazio batzordea García Blasco errektore zen garaikoa da; batzorde horrek aurreneko normalizazio plana egin zuen eta onartua izan zen, 1995eko Gobernu batzordearen bilkura batean, baina ez zen gauzatu, berehala Pérez Prados izan baitzen “aukeratua”. Gero, oker ez banaiz, beste hiru normalizazio batzorde izan dira; azkenekoa aski ahalke-emangarria zen, euskara urrutitik ere ikusi nahi ez zuen jendea ere baitzegoen bertan. Normalizazio plan bat baino gehiago egin dira; denetan onargarriena gure artean “Goyoren plana” deitzen duguna izan da (egile nagusia Gregorio Monreal katedraduna izan zen). Hasierako asmoa anbiziotsuagoa zen, baina, kontuak kontu, hondarrean karrerako 18 kreditutan gelditu zen gauza. Hori ere, alabaina, ez zen abian jarri. Gero behin-behineko neurri batzuk jarri ziren martxan eta horiekin ibili gara orain arte, oztopo eta traba anitzekin, bereziki azkenaldian, Burillo errektore izendatu zuten arte.
Pérez Prados errektorearekin hainbat tirabira izan zen unibertsitate barrenean euskararen normalizazioaren alde urratsak egiteko prest zegoen jendearekin (ikasleak, irakasleak).

Burilloren etorrerarekin itxaropena zegoen gauzak aldatuko zirela, baina antza denez ez omen da horrela gertatu. Zertan da une honetan euskararen egoera NUP barrenean? Eta Euskara batzordearen egoera?
Oraingo egoera, de facto, lehengoa bertsua da; egia da bestelako giroa ikusten dela eta Irakasle ikasketetan matrikula kopuruak handitu direla, baina horrek euskal lerroan eragin txiki xamarra izanen du; gehienez ere sei edo zazpi ikasle euskaldun gehiago sartuko dira segur aski. Nik irudipena dut oso seguru jokatu nahi dela eta lehenbizi, deus egin baino lehen, matrikulazio kopuruak (euskaraz zenbat ikaslek ikasi nahi duten) ikusi nahi zituztela; nago, halarik ere, orain gauzak antolatu eta zuzentzeko beranduxko ez ote den. Hurrengo asteak erabakigarriak izanen dira eta garbi ikusiko da noraino iritsi nahi den, euskararen arloan.

Zein dira euskara batzorde horien xedeak? Zer planteamendu egin duzue?

Gure planteamendua, batzordekideen izendapena berandu egin zela ikusirik eta unibertsitatearen martxa ezaguturik, adabaki batzuk paratzea izan zen, hots, plangintza ongi pentsatu bat egiteko denborarik ez genuenez, gutxieneko batzuk eskatzen eta aurrera ateratzen saiatu ginen, baina, erraten den bezala, lan lasterra lan alferra, eta gure proposamena ez zen onartua izan, uda aurretik. Unibertsitatea aski erakunde korapilotsua da, ikasleak eta irakasleak daude, arloak, sailak, ikastegiak, errektoreordetzak, errektoretza, Gobernu kontseilua, Gizarte kontseilua… Gobernua ere hor dago, goian, zelatan… Batzordearen asmoa, beste kideen iritzia ongi ulertu badut, lehenbailehen plangintza oso bat prestatzeari lotzea da, baina, nolanahi ere, eta gorago erran bezala, ez dugu botere eragilerik. Erran nahi dut alferrik dela ez dakit zer eta badaki zer eskatzea gero hori hutsean geldituko dela badakizu. Non gauden garbi izan behar dugu, hots, egoera zein den argi eduki behar dugu lehenbizi eta gero zer egin nahi dugun ongi jakin.

Egungo egoera ikusita, zer egiteko asmoa duzue?
Nik ez dakit zer neurritan mintza naitekeen besteen ordezkaritzat, baina kide gehienen iritzia da guk euskararen alde zerbait egiteko gaudela batzordean, ez bakarrik itxurak egiteko, eta, gutxientzat jotzen ditugun eskakizun batzuk onartzen ez badira, gu hor egoteak ez du inolako funtsik izanen, alferrik izanen da.


HERRIEN ELEAK.
Kamerun

   
Afrika txikia
12 milioi biztanle dituen estatua dugu Kamerun. Afrikako aniztasuna islatzen duen eremu honetan herri asko bizi dira: Bamileke mendebaldean, Fang eta Bassa-Bakoko herriak hegoan, Fulani eta Kirdi taldeak iparrean, Duala kostaldean eta Mbum eta Baya ekialdean. Dena den, britainiarren eta frantsesen eragina begi-bistakoa da hezkuntzan, merkataritzan, legerian eta beste hainbat kontutan.
Bere garaian Alemaniaren kolonia izandako lurralde honetan hizkuntza ofizial bakarrak frantsesa eta ingelesa dira, baina mintzatuenak beti-pahouinera eta bamilekera dira. Hango Konstituzioak dio elebitasuna bultzatuko dela, baina gainerako hizkuntzen inguruan egiten duen aipamen bakarra da estatuak “nazio hizkuntzak” babesten eta sustatzen lagunduko duela.
Kamerungo hizkuntza politika “norbanakoen hizkuntza eskubideetan” oinarritzen omen da, baina betiere norbanakoek frantsesez edo ingelesez egiten badute. Gainerako hiztunei ez zaie eskubiderik aitortzen.

Kamerundarrak gurean
Iruñeko kamerundarren Elkartea orain dela zenbait urte sortu zen. Kide askok -horien artean Iruñean euskara ikasi zuen mutil bat- Katalunia aldera jo zuten lan bila orain dela bi urte, baina badirudi azkeneko hilabeteotan hona etorritako kide berriak elkartea berpizteko ahaleginetan dabiltzala.
Elkarte horretako kideek diotenez, afrikarrek berebiziko zailtasunak dituzte hemen aurrera egiteko orduan. Esate baterako, ohikoak diren lan arazoez gain, afrikar gehienek ezin dituzte gida baimenak homologatu. Kamerundik iritsitako bizilagun berri askok karrera unibertsitarioak dakartzate, baina titulu horiek ezer gutxirako balio omen dute hemen eta eraikuntzan eta bestelako lanetan jarduteko beharturik egoten dira. Baina osatzen ari garen gizarte berrian denon artean saiatuko gara bidegabekeriak ezabatzen, ezta?

Karrika 81. 2004ko uztaila

Karrika 81. 2004ko uztaila

Uztailaren 15ean

Hainbatek Iruñean San Ferminak hasi baino lehenagoko egunetan mundua bukatuko dela pentsatzen du.
Beste batzuek aldiz, mundua bukatu beharrean, urte berri baten hasieran gaudela pentsatzen dute.
Azken hauendako, URTE BERRI ON!
Beste horiendako, GOIAN BEUDE!
Dena den bi data hauek izan ohi dira aproposak nork bere kontzientziarekin hitz pare bat egiteko, serio. Baina “Kontzientzi” gehienetan nahiko kalaka izaten da eta etengabe galderak eta galderak egiten ditu.
Kontzientzi – Euskara ikasi zenuenetik, zertan edo nola aprobetxatu duzu denbora ikasitakoa praktikan jartzeko?
Ni – Beno… ikasketak bukatu nituenean, euskaltegitik mundura irten nintzen eta galduta sentitu nuen nire burua. Baldintzak, ahalkera, deklinabidea… dena menderatzen nuen, baina hala ere umezurtz sentitzen nintzen.
Kontzientzi – Irakurri?
Ni – Irakurri? Ez dut apenas ezer irakurtzen. Ez aldizkaririk, ez egunkaririk, ez nobelarik, ez poesiarik, ez saiakerarik, ez…
Kontzientzi – Entzun?
Ni – Entzun? Zer entzun? Ez dut apenas ezer entzuten.
Kontzientzi – Eta pentsatu duzu sekula medikuarenera joatea?
Ni – Eee?
Kontzientzi (bere artean) – (Egia izango al da ez duela ezer entzuten?). Jakin nahi dudana da irratirik, telebistarik, hitzaldirik, ipuinik, kantarik… ea zerbait entzuten duzun euskaraz!
Ni – Ez, ez, batere ez…
Kontzientzi – Hitz egin?
Ni – Hitz egin? Norekin? Ez, ez dut apenas hitz egiten. Ez lagunekin, ez maitaleekin, ez landareekin, ez animaliekin…
Kontzientzi – Usaindu?
Ni – Usaindu? Ze usaindu eta ze demontre! Usain daiteke euskaraz?
Kontzientzi – Ukitu?
Ni – Ukitu? Bai horixe! Nahi bai! Baina horretan ere suspenso.
Kontzientzi – Orduan, ez bazara gorra, ez mutua, ez itsua, zertan ari zara?
Ni – Uztailaren 15ean erantzungo dizut, fale?



ZENBAT BURU… Pello Elzaburu

   
Gaur egun Iruñeko argitaletxe ezaguna dugun Pamiela aldizkari moduan 1983an sortu zen. Eginiko ibilbidean guztira 400 liburu inguru argitaratu ditu, eta horietatik 160 baino gehiago euskaraz. Kontu horietaz solasean aritu gara Pamielako kide Pello Elzabururekin.

Noiz sortu zen Pamiela eta zein izan da bere ibilbidea orduz geroztik?
Pamiela aldizkari moduan 1983an sortu zen Auzolan liburudenda inguruan zebilen jende batzuen ekimenez. Garai hartako euskaltzale mundu txiki (benetan txikia!) hartan Auzolan inguruan “mikroklima” moduko bat sortu zen. Handik pasatzen ziren Pello Lizarralde, Txema Larrea, Jon Alonso “gaztea”… edo Miguel Sánchez-Ostiz, Víctor Moreno, Xabier Eder. Eta tartean artisau-artista bat izanik, Txema Aranaz, erreakzio kimikoa gertatu zen.
Testuinguru horretan Korrok aldizkaria ere sortu zen, kasu honetan Josetxo Azkonak liburudenda barrutik bultzatua. Egia esan, gaurko egunetik begiratu ezkero fenomeno bitxia izan zen. Brometan aipatu izan dugu lagun-artean egun batean Auzolango Eskolaz hitz eginen dela, egun Sarako Eskolaz hitz egiten den moduan.
Aurrerago, Txema Aranazek bere ibilbide profesional propioa hartu zuen, eta hor daude emaitzak: 400 liburu inguru argitaratuak, horietarik 160tik goiti euskaraz.

Iruñeko argitaletxea izanda, arreta/mimo berezia izan duzue beti hemengo egileekin, ezta?
Beste era batera esango nuke, Pamiela Nafarroako idazleek “sortua, hazia eta hezitako” etxe bat izan da. Pamiela bizirik badago bertako idazleek arreta/mimo berezia eskaini diotelako izan da. Kasu askotan lanak musutruk eginez.

Euskarazko liburugintza ere dexente landu duzue. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?
Liburugintzan “krisia” da etengabe entzuten den hitza, eta hainbeste jendek hori badio, egia izanen da. Jakin behar zein diren krisi horren ezaugarriak, zein diren mendebaldeko kultura-industria guziek pairatzen dutena eta zein geure-geureak direnak (azken hauek gure merkatuaren tamaina txikiari loturik daudenak, gehienbat).
Ez dira garai gozoak; baina guk, ingurukoekin (gaztelera-frantsesa) alderatuz, abantaila bat dugu: ez dugula garai hobeen nostalgian erortzeko arriskurik. Inoiz ez dugu hainbeste eta hain ongi argitaratu. Inoiz ere ez ditugu hainbeste irakurle izan.

Duela zenbait hilabete “Liburu bat egiten” izeneko erakusketarekin iskanbila sortu zen Iruñeko Udalak jartzeko baimenik ez zuelako eman. Zertan da une honetan egoera? Erakusketak jarraitzen al du oraindik ere?

Erakusketak aurrera jarraitzen du. Iruñeko Udalaren zentsura jasan ondoren, Barañainen eta Donezteben egon gara. Biak arrakastatsuak izan dira, aurreko erakusketetan gertatu zen moduan. Udazkenean Arbizun, Leitzan eta Agurainen paratzeko aukera izanen dugu. Oraindik ibilbide luzea eginen du.
Iruñera egun batean itzuliko gara, ziur nago. Baldin eta, bertako indar demokratikoek (eta hau alderdi abertzaleentzako abisu bat da) transizio demokratikoa egitea lortzen badute, basamortu foral honetan, oinarrizko batasun bat lortuz.

Hilabete batzuk barru Durangoko azokaren bertze edizio bat eginen da. Hasieratik ezagutzen duzuen ekimena da. Zer iritzi duzue izan duen bilakaeraz?
Herri eta hizkuntza garatu guzietan ospatzen da Liburu Azoka bat. Espainiako LIBER, Pariseko “Salon du Livre” edo Frankfurtekoa horren adibide dira. Durangokoa, kasualitate eta lan askoren ondoren, Euskal Liburuaren Azoka Nazionala bihurtu da, eta hori ona da.
Orain profesionaltasunaren (zentzu zabalenean) bidea nola garatu behar duen ikusi behar. Horretan badugu non ikasi.

Jendeak oso ongi erantzuten du egun horretan, baina urtean zehar euskal liburuak ez omen dira horrenbeste saltzen. Nola ikusten duzu panorama?
Beno, argi utzi behar da datu bat: argitaletxe gehienentzat Durangoko salmentak ez dira urte osoko % 10era iristen (hori kasu hoberenean). Beraz gu Durangotik kanpo saltzen dugunarekin bizi gara; hori normaltasun seinale bat, bertzerik ez da.
Zer egin urtean zehar gehiago saltzeko? Ba, gure aldetik gauza interesgarriagoak argitaratu eta argitaratu dugun horren berri hobeki zuzendu irakurle potentzialari. Azken hau lortzeko ezinbestekoa da hedabideek Durangon eskaintzen diguten arreta berbera urtean zehar izatea.
 


HERRIEN ELEAK.
Txile

Herri luzea, hainbat mintzaira
Txileko Errepublikan 15 milioi pertsona bizi dira. % 89,7 mestizo eta europar jatorrikoak dira, % 9,6 araukaniarrak dira, % 0,5 aimara eta % 0,2 rapa nui polinesiarrak. Hiztun aktiboak 500.000 inguru izan arren, araukaniarren hizkuntza ia milio bat lagunek ezagutzen dute. Sei dialekto ditu baina denek elkar ulertzen dute, haien arteko ezberdintasunak oso txikiak baitira.
Kom pu mogence kisuzuam mvlekey, kom cegeygvn, logkogeygvn ka piwkegeygvn, nieygvn kimvn fey mew mvley tañi yamniewael ka epuñpvle kejuwael egvn.
Giza eskubideen aldarrikapen Unibertsalaren hasiera, maputxeen hizkuntzan
Historian zehar, txiletarrek hainbat arrazoirengatik atera behar izan dute beren herritik. Aurreko hamarkadetan, arrazoi politikoek garrantzi handia izan zuten baina gaur egun bestelako zioak nagusitu dira: ekonomikoak gehienbat.

Txiletarrak gurean
500 inguru dira Nafarroako txiletarrak. Horietatik, 230 bat Iruñean bizi dira. Batzuk aspalditik bizi eta bertakotu ziren Euskal Herrian. Horien artean, Karrikiri elkarteko kide bat: Oskar Mateluna.
Orain urte batzuk, zenbait txiletarrek folkloreaz arduratu den Pablo Neruda elkartea sortu zuten. Ondoren, 1998an, txiletarrei eta beste hainbat herritako etorkinei laguntza eman nahian, beste elkarte bat jaio zen: ANICHILA. Bertan 70 txiletar daude. Iruñean egiten dituzten jarduera sozial eta kulturalez gain, eta paperik edota lanik gabe heltzen diren txiletarrei harrera egin ahal izateko, etxe bat erosi dute Nafarroako herri euskaldun batean: Olaztin.
ANICHILA elkarteak, beste elkarte batzuekin batera, Nafarroako Etorkinen Elkarteen Federazioa (FAIN) sortu berri du.

 

Karrika 80. 2004ko ekaina

Karrika 80. 2004ko ekaina

Topagunea, euskara elkarteen federazioa

Euskara elkarteen zereginei buruz eztabaidatzen denean, askotan aipatzen da bi lan mota hauen arteko oreka bilatzearen garrantzia: jakin behar da beste eskualde edo herrietan asmatutako proiektuak gurera egokitzen, eta jakin behar da gure eskualdeko beharrak ongi identifikatzen eta horiei erantzuteko proiektuak sortzen. Beraz, ezin ditugu baliabideak erre besteek asmatu dutena berriro asmatzen, baina, ezin dugu, besteek egiten dutena errepikatu egokia dugun ala ez ongi pentsatu gabe.
Herri edo hiri bakoitzak badauzka berezko ezaugarri batzuk, soziolinguistikoak eta bestelakoak: elkartzeko guneak, jaiak ospatzeko ohiturak, sormen kulturala transmititzeko bideak… Horiek guztiak kontuan hartu behar ditugu euskararen erabilera sustatzeko proiektuak diseinatzerakoan. Argi dago leku batean arrakastatsua izan dena porrota izan daitekeela beste batean, tartean egokitze lan bat ez badago.
Baina, beste alde batetik, zenbat baliabide erretzen ditugu alferrik, beharrezkoa genuen informazioa garaiz eskuratu ez dugulako? Zenbat aldiz jakin dugu, lan orduak eta dirua inbertitu ondoren, guk egindakoa beste leku batean asmatuta zegoela? Izan ere, euskararen erabilera sustatzeko dauden behar asko errepikatzen dira hainbat herri eta hiritan eta normalizazio lanari buruzko kezka eta galdera nagusiak berdintsuak dira horietan guztietan.
Topagunea Euskal Herri mailako euskara elkarteak biltzen dituen federazioa da. 1997an sortu zen (Karrikiri sortu zen urte berean) euskara elkarteen jarduera sustatzeko eta euskara elkarteei zerbitzuak eskaintzeko. Orain arte Karrikiri eta Topagunearen arteko harremana puntuala izan da, baina aurten aldaketa garrantzitsua gertatu da.
Nafarroako Topagunea ekainaren 3an aurkeztuko da Iruñean, baina, dagoeneko, bulegoa zabaldu du Atarrabian, Nafarroako euskara elkarteen laguntzarako eta hainbat proiektu Nafarroatik bertatik bideratzeko. Karrikirik gainerako euskara elkarteekin izan beharreko harremana eta elkarlanari buruzko kezka hasieratik izan duen arren, aldaketa honek animatu gaitu Topaguneko bazkide izatera. Batetik, azpiegitura egokia izanen dugu Iruñerriko beste elkarteekin batera proiektu ausartagoei heltzeko, bestetik, egoera soziolinguistiko ezberdineko herrietan kokatutako Nafarroako gainerako elkarteekin lan osagarriak egiteko aukera izanen dugu eta, azkenik, Euskal Herriko beste elkarteekin informazioa trukatzeko bide arinago eta egokiagoa izanen dugu.
Beraz, aldaketa honek hasiera aipatu dugun oreka lortzen lagunduko digula uste dugu: informazioa eta elkarlana gertuago izanen ditugu. Hala ere, Iruñeko euskaldunen beharrei erantzuteko proiektuak sortzen jarraitzea izanen da gure erronka, orain baliabide gehiagorekin, baina zuen, euskaldun mota guztien, partehartze ezinbestekoa oinarri.



ZENBAT BURU… Oskar Zapata

Topagunea euskara elkarteen federazioa 1996an sortu zen eta dagoeneko Euskal Herriko 73 bazkide biltzen ditu. Euskarararen normalizazioa xede nagusitzat izanik, elkarteen arteko koordinazioa bideratzen laguntzeko eratu zen eta horretarako hainbat ekimen bideratzen ditu. Ekainaren hasieran Nafarroako Topagunearen aurkezpena eginen da eta Oskar Zapata arituko da koordinatzaile lanetan. Harekin solastatu gara Topagunearen nondik norakoak hurbiletik ezagutzeko.

Noiz sortu zen Topaguneak eta zer xederekin?
Topagunea, euskara elkarteen federazioa 1996. urtean Euskal Herriko hainbat euskara elkartek sortutako elkargoa da. Gaur egun 73 hiru bazkide ditu. Nafarroan sei gara une honetan: Karrikaluze, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri, Mailope, Bierrik eta Ttipi-Ttapa
Helburua euskara elkarteen helburu bera da: herrietan euskararen normalizazioa lortzea, erabileran eraginez.
Federazioaren eginkizun nagusiak bi dira, batetik euskara elkarteen jarduera sustatzea eta bestetik elkarteei zerbitzuak eskaintzea.

Jorratzen dituzuen lan esparruak ezberdinak (Kulturgintza, haurrak, gazteak, herri komunikabideak, e.a.) dira. Nola bideratzen da lana horietako bakoitzean?
Sail bakoitzak teknikari bat dauka, eta gero egitasmoz egitasmo teknikariak eta administrariak daude.
Euskaldun berriak saileko teknikariak hauei laguntzeko egitasmoak aurkezteko eta kudeatzeko ardura dauka, normalean euskaltegiekin batera planteatzen dira eta ikasleen erabileran eragitea dute helburu. Teknikari honek entitateak euskalduntzeko egitasmoen inguruko informazioa zabaltzeko ardura ere badauka.
Haurrak eta Gazteak saileko teknikariak, 30 urte arteko lagunentzako erabileran eragiteko proeiktuak sortzeko eta kudeatzeko ardura dauka, elkarteei hauek martxan jartzeko formazioa eta laguntza eskainiz: tailerrak, topaketak, ludotekak….
Hedabideak sailekoak elkarteei hedabideak sortzeko eta kudeatzeko laguntza eskaintzeko dago: aldizkariak; irratiak, telebistak.
Kultur sailak kultur errota izeneko egitasmoa kudeatzen du, honetan elkarteei kulturgile parrilla zabal bat eskaintzen zaie, eta kontratazioak eta harremanak egitea teknikariaren lana izaten da.
Formakuntza saila elkarteen langileak formatzeko eta elkarteek beren bazkideen formaziorako interesgarri ikusten dituzten hitzaldiak, mintzaldiak, soziolinguistikako jardunaldiak antolatzeaz arduratzen da.
Administrazio Sailak: Elkarteei diru laguntzak kudeatzeko zerbitzua da eta administrazio arloko aholkularitza eskaintzen die.
Informatika Zerbitzuak topaguneko Web orria kudeatzen du, eta elkarteei mantentze lanak eskaintzen dizkio.
Eta noski gurekin batera aritzen den koordinatzailea.

Hilabete honetan bertan Nafarroako Topagunearen aurkezpena eginen duzue. Zeintzuk izanen dira zuen lehentasunak eta lan ildoak?
Nafarroako elkarteei zerbitzuak eta koordinazioa eskaintzea.
Eskatzen dituzten lekuetara joan eta euskara elkarteak sortzeko laguntza eskaintzea edo federazioari buruzko informazioa zabaltzea.

Iruñerrian egitasmo bat martxan jartzeko, elkarte guztien artean hausnarketa egitea.
Nola ikusten duzue euskalgintzaren egoera Foru lurraldearen baitan?

Ongi ezta? Sokatira ariketa batean gaudela ematen du, ezkerrean Euskaldunok, gutxi baino jatorrak, gauzak ongi egiteko gogoz, eta eskuinean administrazioa, indartsuak eta gaizki egiteko tematua. Nork irabaziko?

Euskal Herriko hainbat elkarte biltzen dituen federazioa izanik, zenbait elkartek pentsa dezakete bertan sartuta euren izaera edo nortasuna galtzeko arriskua egon daitekeela. Zer ekarpen egiten dio Topaguneak tokian tokiko talde bati?
Ez du zertan horrela izan beharrik, elkarteak Topagunean bazkidetzen dira bi gauzengatik: guztien egitasmoak elkartrukatzeko gune bat delako eta Federazioak elkarteei eskaintzen dizkien zerbitzuak ongi datozkielako, Federazioa ez da sartzen elkarteen barneko hausnarketetan; izan ere, autonomia da federazioaren oinarri nagusietako bat. Topaguneak zerbitzuak eskaintzen ditu eta sustapen lana egiten du, baina beti ere bere kideen autonomia errespetatuz.


HERRIEN ELEAK.
Errumania

Topikoetatik haratago
Erromatarren aspaldiko Dacia. Irlandako idazle batek asmatu zuen leienda baten kokagunea (Drakula kontea -Vlad Tepes)-. Karpato mendiak. “Petit Paris” izena noizbait merezi izan zuen Bukarest hiria. Etniak eta hizkuntzak bor-bor ari diren herri nekazariak… Zaila da topikoetatik ihes egitea Errumania irudikatzeko.
23 milioi biztanle dituen Estatu honetan gehienek (%90) latinetik eratorritako hizkuntza bat darabilte: errumaniera. Hungariarrak Errumaniako biztanleen % 7,1 dira, baina ia guztiak erdialdeko Covasna eta Harghita eskualdeetan daude; Transilvaniako beste eskualdeetan gutxiago dira. Lurralde honetan historikoki bizi izan diren beste gutxiengo batzuk alemanak, juduak, armeniarrak ukrainiarrak eta rom ijitoak dira; azken hauek ez dira %2ra iristen. Errumanian ere serbiar ugari dago, batik bat Timisoara inguruan. Errumaniako kroaziar katolikoak 5.000 inguru dira eta dozena-erdi herritan bizi dira. Txekera ere hitz egiten da, soilik sei herritan eta ehundaka gutxi batzuren artean bada ere.

Errumaniarrak gurean
Askotan Italia zeharkatu ondoren, ehunka dira Euskal Herrira heldu zaizkigun errumaniarrak. Erroldak dio 400 baino gehiago direla Iruñeko auzunetan bizi direnak (orain dela hiru urte 150 ziren), baina ziur aski gehiago dira gure artean daudenak, zenbaitzuk ez baitira erregistroetan agertzen.
Guretzat hain ezaguna den Alexandru Buligan bezalakoen kasuak oso gutxi dira. Tamalez, errumaniar asko egoera latzean daude gurean. Ijito eta pobreekiko arrazakeria jasateaz gain, zenbait kasutan ez dute prestakuntzarik jaso eta zaila zaie lan duinak aurkitzea. Izan ere, gaur egungo odol-zurrupatzaileak ez dira ekialdetik etorri…
Errumaniar hauen artean ez dira gutxi ijitoak direnak, baina normalean ez dute harremanik izaten Euskal Herriko gainerako ijitoekin. Aipatzekoa da Errumaniako ijitoek ongi gorde izan dutela rom hizkuntza edo ijitoen hizkuntza; bestalde, errumaniar askok errusiera irakurri eta ongi ulertzen dute, hango ikastetxeetan ikasteko aukera izan zutelako. Errusiera da euskararen presentzia haiengana helarazteko Iruñerriko zenbait talde euskaltzalek triptiko batean erabili duten hizkuntzetako bat.
Ce zeu pastrat în saramuri celeste / ar fi dispus din nou sa ne adune? / La noi la voi e plîns de-ngropaciune / la voi la noi e-un capat de poveste
Gazi-aska zerutiarrean gordetako zein jainko / gertatuko litzateke berriro gu elkarrengana biltzeko? / Gure etxean eta zuenean negar-kantari gabiltza / gure etxean eta zuenean amaitu dira ipuinak.

“Exil”. Mircea Dinescu. Euskaratzailea: Mertxe Agirrezabal