Karrika 64. 2002ko abendua

Karrika 64. 2002ko abendua


Eta horrela ibiltzen gera…

Eta horrela ibiltzen gera…
Urratsez urrats, ibilian egiten dugu bidea. Arinago ba-tzuetan, emekiago bestetan. Ttipi-ttapa, jauzika, zialdoka edo zuzen, baina atzeraka behin ere egin gabe. Gure berezko erritmoaz, bidaide gehiago lortuz eta mugarriak gaindituz.

…sortuz ta sortuz gure aukera…
Gune berri bat sortu dugu, garena are gehiago sustraitu nahian. Ikusmira eta aukera berriak eskaini nahi izan ditugu beti eta erakusleiho hau horren isla izanen da. Sormen lana da gurea, eta lan horretan helmugara hel-tzea eta egunero arian-arian segitzea gauza bera dira.

…atsedenik hartu gabe…
Jakin dezatela ez garela inoiz lokartuko, aurrera egitearen zirrarak esna mantentzen baikaitu. Ezerk ez du gure martxa motelduko eta plazerrari uko egin gabe ere, tinko, samurki eta gogotsu jarraituko dugu lanean.

…lana eginez goaz aurrera…
Ekinaren ekinez, gure jarduerak aurrera ateratzen lagunduko duen amets txiki bat gauzatu dugu. Honekin eta bestelako hariekin Iruñerriko euskaldunon arteko sareak josten gabiltza, gure komunitaterako zerbitzu hobeak eskaini nahi dituen taldea gaituzuelako.

…kate horretan denok batera…
Elkarren nahian gaude. Eta kate honetan gauden guztiok gero eta euskalgintza biziagoa lortzen ari gara. Pertsonak, elkarteak, ideiak, dendak, ukitzen ahal diren utopiak… Euskalgintzan etsipena baino ez dago soberan: etorkizuna denon oihalez janztera goaz.

…gogorki loturik gaude…
Egiten ditugun gauzetan sinesten dugu, eta horri esker energiaz blai bizi gara. Euskaldunon babes bakarra gu geu garela jakinda, guztion arteko harremanei mesede eginen dien lokarri berria egin dugu. Denok traineru berean, denok arraunari eragiten.
Karrikiriren magalean haziko den jaioberri kuttunari ongi etorria eman nahi diogu. Horrela, Karridendak abenduaren 9an irekiko ditu bere ateak. Eror zaitez tentaldian eta zatoz ezagutzera!

 

 



ZENBAT BURU… Olatz Arrieta

Astigarragan sortu zen Olatz Arrieta eta Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak burutu ondoren, nazioarteko politikan master bat egitera abiatu zen New Yorkera. Kazetari lanetan Zarauzko telebistan eman zituen bere lehenengo urratsak eta 1995ean Moskura joan zen errusiera ikasteko asmoz. ETB eta Euskadi irratiko berriemaile gisa aritu zen eta bertako hauteskundeak eta Txetxeniako lehenengo gerra gertutik bizitzeko aukera izan zuen. Bertzelako hedabide batzuendako kolaborazioak egin ditu eta interneten ere aritua da. 2000. urtetik aitzina ETBko be-rriemalea da Estatu Batuetan.

Kazetaritza ikasketak amaitu zenituenean, zer dela eta hasi zinen ETBn lanean eta ez RTVE, A3 edo SER bezalako izen handiko hedabideetan?
Kazetaritza ikasten ari nintzela beka bat eman zidaten ETBko albistegietan aritzeko. Ikasketak bukatu eta beka amaitu zenean, udan, ordezkaritza bat egitea proposatu zidaten eta horrela ETBrako lanean hasi nintzen. ETBn izan nuen telebistako kazetaritza ikasteko eta gertutik ezagutzeko lehenengo aukera.

Hainbat kasutan trabak handiak diren arren, urteek aurrera egin ahala euskal hedabideak ugarituz eta sendatuz joan dira. Euskal kazetaritzaren egoera nola ikusten duzu? zeintzuk dira zure ustez eginiko lorpenak eta bere hutsuneak?
Azken urteotan euskal kazetaritzak aurrerapauso handiak eman dituela uste dut. Trabak egon arren, izugarri ugaritu dira hedabideak eta geroz eta kazetari gehiago dabil euskaraz informazioa ematen. Dena den, egoera oraindik normalizatu ez dela pentsatzen det , euskaraz egiten den kazetaritzak ez du gazteleraz egiten denak duen sona. Euskara indartzen doan heinean hau hobetzen joango da ziu-rrenik, baina oraindik lan handia dago egiteko.

Euskal Herrian hainbat urtez aritu ondoren, Errusia aldera abiatu zinen ETBko berriemale gisa eta gaur egun Estatu Batuetan zabiltza. Bertan eginiko lanagatik, gainera, “Euskadi Gaztea” saria jaso zenuen duela zenbait hilabete. Nola ikusten duzu euskal berriemaileen lana nazioartean?
Euskal berriemaileen sarea ez da oso handia baina handitzen doa. Nik gehienbat telebista eta irrratiaren kasuak ezagutzen ditut. Albistea dagoen tokietan beti topatzen dut euskaldunen bat nahiz eta askotan kazetaria ez izan eta profesionaltasun falta hori somatu. Berriemaile profesionalen maila ona dela pentsatzen dut. Dena den, albisteak hobeto azaltzeko eta hizkuntza ulergarriago bat erabiltzeko oraindik lan handia egin behar dugula iruditzen zait.

Horrelako tokietan egon zarenean eta bertako jendea elkarrizketatu behar izan duzunean zein izan da haien erreakzioa zure jatorria, euskalduna zarela jakin dutenean?

Gehientsuenek ez dakite euskaldun izatea zer den. Unibertsitate mailan edo instituzioetan elkarrizketak egin behar ditudanean orduan aurkitzen ditut euskaldunei buruz dakitenak. Harritu egiten dira hedabide euskaldun batek berriemailea Estatu Batuetan izan eta albisteak euskaraz emateagatik. Galdera asko egiten dizkidate euskarari eta egoera politikoari buruz, jakinmina erakusten dute. Irailaren 11koa gertatu zenean, telebistarako zuzenekoak egiten ari nintzela, zero gunetik metro gutxira bitxikeria hau gertatu zitzaidan. Mundu guztiko kazetariak geunden zuzenekoak egiten. Gaur Egun albistegirako hitz egiten bukatu eta berehala telebista seinalea satelitera igotzen duen teknikari bat etorri zitzaidan korrika eta presaka, hor ikusteak harritu egin ninduen beti kamioi baten barruan egoten baitira teknikariak . Teknikaria nigana iritsi zenean zera esan zidan, “ezin det gehiago aguantatu, jakinmina asetu beharra daukat: zer demontreko hizkuntza da hori? “Euskara da” esan nion eta irrifarre egin zuen. “Euskara? Sekula ez zitzaidakeen bururatuko euskara hemen aurkitzea”. Teknikariak euskarari buruz zerbait bazekien baina ez zuen sekula entzun. Pozik gelditu zen hizkuntza arraroaren misterioa konpondu zuelako eta gainera sekula entzun duen hizkun-tzarik politena zela esan zidan.
Urte hauetan Estatu Batuak ezagutzeko parada izanen zenuen. Ipar Amerikako euskaldunen komunitatea maiz kutsu folkloriko batekin ikusten dugu hemendik.

Ezagutzeko aukera izan al duzu, nolakoa da?
Jaioterritik urrun daudenak euren kultura mantentzen saiatzen dira, dantzak, hizkuntza, abestiak oso garrantsitsuak dira beraientzat eta hau ez da bakarrik euskaldunekin gertatzen, denekin baizik. Jaioterriarekin harreman zuzenagoa daukagunontzat honek folklorikoa dirudi baino zein kontestutan gertatzen den ikusi behar da. Idahon izan nintzen joan den udaran eta han euskaldunek komunitate bezala duten indarra izugarria da, Estatu Batuetako beste tokitan ez da hori gertatzen. Egia da Estatu Batuetan jaiotako euskal jatorriko askok gurasoen jaioterriaren irudi erromantikoa dutela eta askotan bertan gertatzen denaren inguruan ez daukatela informazio osoa.

Zer irudi dute Euskal Herriaz atzerri aldean? ezagutzen al dituzte gure ohiturak, hizkuntza, etab.?
Euskal Herriari buruz Estatu Batuetako komunikabideetan ematen duten informazio apurra indarkeriaren ingurukoa da. Ohituren inguruan ezer gutxi dakite, jateko gauza batzuk ezagutzen dira, piper gorriak eta gazta esaterako, baina hori kultura gastronomikoa dutenen artean. Hemen New Yorken Bilboko Guggenheim museoa askok ezagutzen dute eta Estatu Batuetan orohar Gery-ren eraikuntza nahiko ezaguna da. Euskarari dagokionez, askok uste dute gaztelaniaren dialekto bat dela. Konparatzen hasiz gero, katalanak euskaldunak baino askoz ere gehiago ezagutzen dituzte Estatu Batuetan.

Irailaren 11ko data gogoangarriaren ondotik kazetarien lana kontrolatuago dagoela ematen du, ezta? Ikuspegi bakarra zabaldu nahi da mundu osora.
Nik ez det somatu kazetarien lana lehen baino kontrolatuagoa dagoenik. Inperio guztiekin gertatzen den moduan, Estatu Batuak munduaren inguruan duten ikuspegia inposatzen saiatzen dira. Estatu Batuetako komunikabideetan autozentsura egon zen atentatuak eta gero, baina hori orain desagertu egin da. Irailaren 11z geroztik Etxe Zuriak martxan jarri duen terrorismoaren kontrako nazioarteko gerra delakoaren inguruan iritzi kritikoak daude Estatu Batuetako komunikabideetan, baina telebistetan, hemen indar gehien duen hedabidean, ez dira egunkarietan eta aldizkarietan bezain kritikoak.

 

Karrika 63. 2002ko azaroa

Karrika 63. 2002ko azaroa

Etorri haundiko etorkinak

Gaur egun, nonahi aurkitzen ditugu atzerritik etorritako lagunak; izan ere, sarritan iruditzen zaigu gero eta gehiago direla. Afrikarrak edozein eraikuntza lanetan, hego amerikarrak han-hemenka, ekieuroparrak ere gure artean, askotan nongoak diren ere esaten ez dakigula. Giza paisaia aldatzen ari zaigula garbi dago, beraz. Orain ez dago esaterik, lehen bezala, hau mundu ttiki bat da eta denok ezagutzen dugu elkar.
Alabaina, kolorez betetzen ari zaigun gizartea ikusi eta, batzutan, ezkor gara, edo uste dugu guretzat eta gure kulturaren garapenarentzat arrisku edo mehatxu izan daitekeela aldakuntza hori. Ematen du orain, gainera, hainbeste jatorri desberdinetako jendea alboan, gu gutxiago garela lehen baino.
Guk, ordea, pentsatzen dugu etorkinak igoal hiruzpalau opari egitera etorri direla: batetik, beren kultura, dela janzkera, dela musika, ohiturak, hizkuntza, hurbildu digute, eta hori aberasgarria da. Gutxienez, behar bezala mantentzen badute.
Bestetik, eta gureari dagokionez, baliteke guk espero dugun baino harbera, harkorragoak izatea kanpotik heldu diren horiek, zeren eta hemen aurkitzen dutena inongo errezelorik gabe begiratuko baitute, natural-natural, eta, bertakook darabiltzakegun aurreiritzi eta uste ustelik gabe. Haiek ere, sarri askotan, beren lurraldeetan eleaniztasuna ezagutu baitute. Eta, hala bada, aberasgarria da.
Gainera, eta jarrera horretatik, gure hizkuntza ere ikasteko aukera izanik, agian batzuk ikasi ere eginen dute, eta hemengo askorentzat eredu bihurtuko… ez litzateke gauza makala, eta guztiz aberasgarria izanen litzateke.
Guk ere haiekin ikasteko parada dukegu. Orain arte izan ez dugun aukera baliosa, hots, elementu berriak gure kultura hornitzeko. Guk ere, herri edo komunitate gisa, bizitzen ikas dezagun. Etorkinak, etorri handikoak izateaz landa, ekarri handikoak ere izan daitezkeelako, eta hori aberasgarria da.



ZENBAT BURU… Karrikaluze Euskaldunon Elkartea

Duela lau urte euskara gizarteratzeko asmoz Atarrabiako zenbait lagunek elkartu eta Karrikaluze Euskaldunon Elkartea sortu zuten. Orduz geroztik, hainbat ekimen bideratu dituzte Atarrabiako euskaldunei begira eta Nafarroan lehenengo aldiz eginen den Kuadrillategi ekimen berezia martxan jarriko dute Atarrabia, Burlata eta Uharteko euskara zerbitzuekin elkarlanean. Oskar Zapatak, Karrikaluze elkartearen sorreratik lanean jo eta ke dabilen lagunak azaldu dizkigu taldearen eta Kuadrillategi proiektuaren nondik norakoak.

Noiz eta zer dela eta sortu zen Karrikaluze?
Atarrabian euskara sustatzeko zerbait berria eta eraginkorra egin nahian, gutako batzuek, zuen bazkide den Rosa Ramosengana jo genuen. Berak bideraturiko hainbat hilabetetako eztabaida emankorraren ondorioz Karrikaluze Euskaldunon Elkarteko estatutuak sinatu genituen 1998ko irailean. Bertan, elkarteko helburuak eta ezaugarriak jasotzen dira.
Azken urteotan Euskalgintzan ari diren hainbat taldek indar handiagoz erreparatzen diote hizkuntzaren erabilera eta motibazioari. Zuek ere ildo horretatik abiatzen zarete, ezta?
Bai guk ere bide hori hartu dugu, euskara gizarteratzeko baliogarriak diren ekimenak antolatzea eta martxan jartzea da gure helburua. Atarrabian euskaraz bizitzeko bideak erraztu nahi ditugu.

Zenbat jende biltzen zarete eta zer egiten duzue?
Adin, lanbide eta ideologia ezberdinetako 64 bazkide gara eta horietatik 20 bat ari gara lanean 4 lan taldetan banaturik. Talde batek Xuka gure agerkaria ateratzeko ardura du. Xuka bi hilabetetik behin kaleratzen dugu, eta 600 bat ale banatzen ditugu dohainik.
Bigarren taldea euskaldunoi zerbitzuak eskaintzeko lanean aritzen da. Aurten, Karrikiriri kopiaturiko metodologiari jarraituz, Atarrabiako merkatari euskaldunen erroldatze lana bukatu du eta arrakasta handia izan duen lan poltsa zerbitzua kudeatu du.
Hirugarren lan taldeak hiru lan nagusi ditu aurten: hasteko, gazteei zuzenduriko “kuadrillategi” egitasmoa abiarazteko lanak bideratzea; beste alde batetik, I.K.A.rekin elkarlanean helduentzako mintza taldeak antolatzea eta azkenik, soziolinguistikaren inguruko hitzaldi pare bat antolatzea.

Eta, bukatzeko laugarren talde bat dugu, behar dugun dirua lortzeaz arduratzen dena. Hor ari dira kamisetak saltzen, zozketak antolatzen, bazkide berriak lortzen… Kuadrillategi egitasmoa aipatu duzu, zertan datza?
Kuadrillategi Lasarten pedagogo talde batek sortutako esperientzia bat da, eta helburua du 14-16 urteko gaztetxoen koadriletan euskaraz mintzatzeko ohitura lortzea, tailer eta ateraldi erakargarri batzuen bidez. Gazteek oso ongi pasatzen dute aukera hagitz zabala dutelako eta haien gustuak, iritziak, nahiak eta abar kontuan hartzen direlako.
Ikasturte honetan Karrikaluzek, Atarrabia, Burlata eta Uharteko euskara zerbitzuekin batera martxan jarri du. Hau da Nafarroan egingo den lehendabiziko aldia. Eskaintza Paz de Ziganda ikastolako eta Askatasuna institutuko DBHko 2. eta 3. mailetako gaztetxoei egin zaie eta jarduerak larunbatetan izango dira 10etatik 14etara. Jada bost kuadrillek eman dute izena eta laster hasiko gara haiekin lanean gure taldeko bi monitoreen laguntzaz.

Nafarroa edota Euskal herriko bertze txoko batzuetako euskal taldeekin harremanik al duzue?

Nafarroan orain arte gehien bat zuekin, baina begira, abenduaren 9an eta 12an, Euskaldunon Elkarteko Federaziotik lagun bat eta Lasarteko Ttakun elkartetik beste bat etorriko dira, bi hitzaldietan beren jardueraz mintzatzera.

Atarrabian nolakoa da euskararen egoera?
Iruñekoaren parekoa da. Akaso, kale neurketaren datuak hobexagoak izaten ditugu baina alde gutxi dago. Beraz hagitz ona eta motibagarria, ezta?

Elkarrizketa hau irakurtzen ari den lagunen batek interesa balu zuekin batera lanean aritzeko, zer egin beharko luke?
Gure telefonora deitu edo bulegotik pasatzea besterik ez duzue, pastak eta kafea gure kontu.

Helbidea: Ribed parkea 1, behea
Telefonoa: 948.35.57.39 (ez bagaude utzi mezua mesedez)
e-posta: karrikaluze@euskalerria.org

 

Karrika 62. 2002ko urria

Karrika 62. 2002ko urria

Herri bera koloretan

Bizitza koloreduna da, eta Iruñerria biziki koloreanitza da hemen besteak beste jatorri ezberdinetako euskaldunak biltzen garelako. Euskaldun zaharrek zein euskararen mundura geroago heldu direnek komunitate anitza osatzen dugu. Baina oraindik ere topiko aspergarriek eta aurreiritziek bizirik diraute gurean.
Iruñerriko euskaldunok hausnarketa egin beharko genuke Erriberarekiko ditugun jarreren inguruan. Gure artean hango lagun euskaldun ugari bizi arren, badirudi askorentzat Erribera eremu arrotz bezain ezezaguna dela, euskaltzaletasunaren haziak –gaizki ereinda, akaso- fruiturik eman ez duen lur antzua. Aginteak marrazten dituen muga faltsuak gure pentsamoldean islatzen dira nonbait. Hori bai: Nafarroa “galduak” sentiarazten diguna arintzeko edo, arrazoia emango liguketen argudio historikoetara jotzen dugu –beste inork behar ez duen antzinatasun ziurtagiria behar al dugu euskaldunok?- edo erromantizismoaz baliatzen gara: Lertxundiren kanta zoragarriaz gozatzen duen euskaltzaleak badaki ikastolak daudela, baina, tamalez, normalean ez zaio gehiegi axola Erriberako egungo euskal errealitatea.
Euskara gutxiago erabiltzen den Nafarroako aldeetan euskaldunen bizinahiak sendo dirau, ordea. Eta inolako artifizialtasun kutsurik gabe, gune horietako euskaltzaleak baitira hizkuntzari arnasa ematen diotenak. Zeren Erribera ez baita euskararekiko aurkakotasuna ordezkatzen duen mamua, euskararen herriko kide berriak sortzen ari diren lurralde emankorra baizik, etorkizun betekoa. Ikastolez gain, euskaltegiak, musika eta kultur taldeak, hizkuntzari buruzko lanak eta bestelako ekimenak ez dira bitxikeria sinpatikoak. Garatzen ari den errealitate baten aurrean gaude, berezko ezaugarriak dituela. Nor bere erritmoaz eta tonu desberdinak emanez, euskaldun guztiok ari gara koloreztatzen euskararen ortzadarra Nafarroan.
Ezin uka daiteke Iruñerriko euskaldunontzat ezinbesteko erreferentzia dela hemen bertan, herri euskaldunenetan edota EAEko hirietan gertatzen dena. Logikoa da. Baina Erriberari gehiago erreparatuko bagenio, asko irabaziko genuke. Hemen bezala, hango giro konplexuaren klabeez jabetzea ikasbide ona da euskalgintzak toki guztietan aurrera egin dezan. Eta Erriberako euskaldunen gogoaz zipriztintzea bizigarria da: urtean behingo ospakizunak baino haratago doan ezagutzak gure komunitatea aberastuko du eta euskararekin harremana izan duten Erriberako lagunak erakartzeko ahaleginak samurragoak egingo zaizkigu, hona gerturatzen direnean.
Euskarak batzen gaitu eta bere soinuek Nafarroa osoko zeruak zeharkatzen dituzte, kolore guztietako lurren gainean. Gaur, inoiz baino gehiago, herri bera gara.


ZENBAT BURU… Argia ikastola

Duela 18 urte Argia ikastola sortu zenean helburu garbia bilatzen zuten urrats sendo hori ematera ausartu ziren gurasoek: euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko zuten legezko eskubidea bermatzea. Euskararekiko maitasuna trasmititu nahi zieten eta horrela, erabiltzearen poderioz, euskara hizkuntza bizia bilakatuko zen ondorengo belaunaldietan. Orduz geroztik dexente aldatu dira gauzak Erribera aldean eta bereziki Tuterako Argia ikastolan. Erriberako hainbat herritatik joandako 200 haur baino gehiagok ikasten dute bertan eta hilaren 20an Nafarroa Oinez festa eginen dute. Horretaz guztiaz solasean aritu gara egun Argia ikastolako zuzendaria den Txusma Azkonarekin.

Noiz eta nola sortu zen Argia ikastola?
1984an, Tuterako Beterri Elkarteko lokala erabiliz sortu zen Argia Ikastola. Hasiera hartan haur txikien taldetxoa 5 haurrekoa zen soilik. Handik urte batzuetara, taldea handitzen ari zela ikustean, gauzak formalizatu (gurasoen kooperatiba sortu, etab.) eta “Vaqueria”-n abiatu zen ibilbide berria. Horren ondoren, 95eko Oinez egin zen, Vaqueria utzi eta Fontellasko Ikastola berria eraiki zen, bertan derrigorrezko hezkuntza ibilbide osoa eskaintzeko asmoz.

Nolakoa da gaur egun ikastolaren egoera? zenbat ikasle eta irakasle dago? nondik joaten dira ikasleak?
Egoera alegala da, eta bide batez zentzurik gabekoa. Batzuetan existitzen gara, eta beste batzuetan ez. Magoak sentitzen gara. Nafarroako Gobernuarekin harremanetan gabiltza gauzak normaliza daitezen, baina euskararekin eta ikastolekin izaten den jarrera nahikoa ezaguna da eta ez da batere erraza.
Gaur egun Erriberako herri gehienetatik datozkigun 230 ikasle inguru ditugu, Haur Hezkuntzan 4 talde (2, 3, 4 eta 5 urtekoak), Lehen Hezkuntzan 6 talde (1. mailatik 6. mailara bitarte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 4 (1. mailatik 4.enera).

Hasieratik eta oztopo guztien gainetik, guraso eta irakasleen inplikazioa funtsezkoa izan da bereziki Erribera aldean, ezta?
Inplikazioa eta ilusioa ezinbestekoak eta nagusi izan dira urte hauetan zehar. Bestalde, nahitaezkoak oztopo guztiak gainditu ahal izateko. Etorkizunean ere hala izanen dela espero dugu.

Urtetik urtera ikasle kopuruak gora egiten duela kontuan hartuta, zuen ikastolatik nola ikusten duzue euskara, hau da euskaldunen etorkizuna, Erribera aldean?
Etorkizuna gurea da. Hau da, jendearen jarrera lehen eta orain (salbuespenak kenduta) ez da berdina, eta urtez urte nabaritzen ari gara. Gurea hazia ereitea da, eta pazientzia izan.

Hilaren 20an Nafarroa Oinez festa ospatuko duzue. Batzuentzat egun pasa soila bilakatu da, zer deritzozue?
Nafarroa Oinez egun pasa izatea, dauden ikuskizun aukerak direla eta, normaltzat har daiteke. Dena den, Erriberak badu beste zentzu bat: Argia Ikastolak Nafarroa eta Euskal Herria behar dituen bezala, Nafarroa eta Euskal Herriak Argia Ikastola behar dute, eta jendea izpiritu horrekin etortzea espero dugu.

Bertan bildutako sosekin zer eginen duzue?
Jasotako sosekin eraikuntza egokitu nahi dugu ditugun beharretara, eta etorkizunari begira handitzean pentsatu ere bai.
Bukatzeko, egunerako animatzea besterik ez, eta urriaren 20an, 21ean, 22an… eta urte osoan zehar, euskararen alde lana egin behar dugula ohartarazi.

 

Karrika 61. 2002ko iraila

Karrika 61. 2002ko iraila

Esnatzeko tenorean

Uda partean badirudi gizartea lozorro gozo batean sartzen dela. Ez da, ez, garai onena errealitatea eraldatu eta kontzientziak astintzen ibiltzeko: suposatu ohi da udako hilabeteek atsedena dakartela eta beraz fisikoki eta mentalki egunerokotasun zitaletik ihes egiteko aukerez goza-tzea egokitzen zaigula.
Gizaki askok izaten duten udako hibernazio bitxi hau urte osoan zehar luzatzen da, ordea. Hala, euskaldunen artean ere nortasun logalearen zantzuak ikus daitezke: denboraldi batez “euskara” izeneko jakia irensten joan diren euskaldunez ari gara. eta asebeteta gaudela uste dugunean erabakitzen dugu nahikoa dela eta “gantz” ho-rrekin luzaroan bizi daitekeela ezertxo ere egin gabe, har-tzen moduan. Hartzak gantza galtzen duenean janari bila hasi behar du berriz. Baina euskaldun orojalearen oina-rrizko jakia euskara ez denez, lozorrotik ateratzeko beharrik ez duela uste du.
Bada, esnatzeko tenorea heldu zaigu guztioi. Euskara ez baita gure nortasunean itsatsita daukagun apaingarri soil bat. Hizkuntza egunero biziarazten gaituen bidaidea da, gure izaerarekin nahaste-raino iristen dena. Baina zer nolako bizitza du aukera dagoenean euskaraz egiteari uko egiten dion euskaldunak? Zertan ari gara gure artean ere adierazgarritasun kontuengatik erdarara jotzen dugunean?
Euskaldungoak hamaika aldiz frogatu du bere ahalmena garatzeko gaitasuna duela, eta inguruan bide malkartsu lo-eragileak ikusi ditugunean ere gure ibilbide eta ibilera propioak ireki eta eratzen jakin izan dugu. Euskarak bizirik dirau gurean, euskaldunok bizi garen seinale. Baina bizitzak pasioa eta gogoa behar ditu, benetakoa izan dadin.
Esnatzea gure buruekiko konpromisoa hartzea da: euskaraz bizi ahal dugu, euskaraz bizi nahi dugu. Euskaraz ametsa ez da loarekin nahasten. Ametsak asmatzea, utopiak topatu eta gauzatzea, hau da gure jarduna. Ahala ere gurea da.



ZENBAT BURU… Asier Azpilikueta

Duela urtebete inguru Nafarroako Gobernuak euskal hedabideei emaniko diru laguntzetatik at gelditu zen Nafarkaria, Egunkariak Foru lurralderako bereziki prestatu eta ortziralero karrikaratu den gehigarria. Hala eta guztiz ere, Egunkariak eta irakurleek eginiko esfortzuari esker aurrera jarraitu du 1991n bere lehenengo urratsak eman zituen proiektu mamitsu honek. Berriki, ordea, argitaratzeari utzi zaio zama ekonomikoa handiegia zelako. Asier Azpilikueta Nafarkariako koordinatzailearekin solastu gara gertatutakoaz.

Uztailaren bukaeran Nafarkaria, ortziraleko gehigarria argitaratzeari utzi diozue. Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez du eman eta horixe izan omen da arrazoi nagusia. Zer gertatu da?
Nafarkaria 1991ko abenduaren 6an sortu zen, Nafarroako Gobernua banatzen hasi zen diru laguntzen arrimura. Hori ez dugu inoiz ezkutatu. Bederatzi urtez jaso zuen Egunkariak diru laguntza hori Nafarkaria argitaratzeagatik. Are gehiago, diru laguntzarik handiena jasotzen zuen hedabidea zen Egunkaria, Nafarkaria bezalako produktu bati zegokiona, hain zuzen ere. Baina, iaz, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Egunkariak ez zuela merezi diru gehiago jasotzea eta pare bat aldaketa egin zituen diru laguntzen deialdian. Lehen aldaketak ezartzen zuen diru laguntza jasoko zuenak Nafarroan izan behar zuela egoitza soziala –Egunkariak Andoainen du, Gipuzkoan-. Bigarren aldaketak deialditik kanpo uzten zuen euskarazko eguneroko prentsa, hau da, Egunkaria.
Iazko Nafarkaria guztiak diru laguntzarik gabe karrikaratu zituen Egunkariak, baita aurtengoak ere. Baina zulo ekonomikoa handiegia zenez, Nafarkaria gehiago ez ateratzea erabaki zuen Egunkariak.

Zu izan zara gehigarri honetako azken txanpan koordinazio lanetan aritu zarena, zer balorazio egiten duzu eginiko lanaz?
Nafarkariaren lehen arduraduna Alberto Barandiaran izan zen; ondoren, Edurne Elizondo egon zen; geroago, Irene Arrizurieta; eta azken hiru urteetan, ni neu. Hau da, Egunkariaren Iruñeko ordezkaritzan lan egiten duten kazetari guziak pasatu dira Nafarkariatik. Eta trebaleku ederra izan da, baita ardura zoraga-rria ere. Baina Nafarkaria Asier Azpilikuetak gozatu duen zerbait baino gehiago izan da. Nafarroako euskal idazleen, kazetarien, hitz-juntatzaileen eta iruzkigileen tranpolina izan da Nafarkaria. Anitz dira ostiraleko gure zortzi orrialdeetatik pasatu direnak. Horiek guziek beste nonbaiten bildu beharko dute aurrerantzean.

Iaz jakin zen Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik ez zuela emanen, baina hala eta guztiz ere gehigarriak karrikan jarraitu du hainbat hilabetez. Azkenean, ordea, ezinezkoa izan da aurrera jarraitzea…
Euskara hedabideetan sustatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia oraindik ez da atera (abuztuaren erdialdean dago idatzita hau). Nafarroako Gobernukoak ezagututa, ordea, bagenekien aurten ere ez genuela dirurik jasoko. Izan ere, egoitza sozialarena aldatzen ahal zen. Baina bestea ez: deialdian “euskarazko eguneroko prentsa” esaldiak agertu behar du; eta ez bada agertzen, Egunkariak ez du batere aukerarik. Gauzak horrela, eta iazko hamabi hilabeteetan eta aurtengo zazpietan Nafarkaria atera eta gero, zama handiegia zen honekin segitzeko.

Diru laguntzez gain, akaso irakurle gehiago izatea ere beha-rrezkoa da horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko?
Argi eta garbi erran dezagun: euskarazko hedabideak defizitarioak dira eta erakunde publikoen diru laguntzak behar dituzte. Nafarkaria ez zen salbuespena. Are gehiago, diru laguntza zehatz baten gerizpean sortu zen; eta diru laguntza hori desagertu zelarik, desagertu zen Nafarkaria. Nafarroak ematen ahal dituen baino anitzez irakurle euskaldun gehiago beharko lirateke diru laguntzarik gabe eusteko. Jakina, oraindik badira euskaldun asko euskarazko prentsa zer demontre den ez dakitenak. Baina horiek guziak bilduta ere, nekez eutsiko ziokeen Nafarkariak.

Azkeneko alean Martxelo Otamendik berak aipatzen zuen Nafarroa ez zela inolaz ere bazterrean geldituko. Ekimen berriren bat martxan jartzeko asmorik al dago? Nafarkaria berreskuratzeko itxaropenik?
Lehenbiziko galderari Egunkariak erantzun beharko lioke. Nik dakidala, ez dago epe motzerako ekimen zehatzik. Dena den, ez dut uste Egunkariak Nafarroa “umezurtz” uzteko asmorik duenik.
Bigarren galdera erantzutea zailagoa da. Nafarroako Gobernuaren oraingo bidea inoiz aldatuko den itxaropena dago? Euskal Herriko egoera politikoa inoiz aldatuko den itxaropena dago? Itxaropena bada galtzen den azkenengoa, itxaropena egon badago, baina… ufa… aski ongi ezkutatu da. Akaso, beste zer edo zer sortuko da. Baina nik uste dut Egunkariak ezin duela bakarrik zama hori bere gain hartu, beste batzuen laguntza beharko du.

Karrika 60. 2002ko uztaila

Karrika 60. 2002ko uztaila

Aisia? euskaraz aise!

Gaur egun lanean ez gaudenean ere lanpetuta gaudela ematen du: etengabe ari gara gauzak egiten. Batzuetan gure prestakuntza hobetzen saiatzen gara, beste batzuetan senideekin edota lagunekin egoten gara gure asialdiari ahalik eta zuku gehien ateratzen… Oporretan ere gure bizitza jarduerez josita egon ohi da, eta helburu argirik gabeko ekintzen zurrunbiloan erortzen gara maiz.
Hau egiaren zati bat bakarrik adierazten duen irudi bat da, denok ez baikara baldintza berberetan bizi: jende askok ez du denbora libre handirik izaten, edo izanda ere ezin dute beraiek nahiko luketen bezala erabili, eta badira langabezian daudenak ere. Edozein kasutan begi bistan dagoena da gure denbora libreari atarramendu hoberena atera nahi diogula eta aisialdia bizitzeko aukerak gero eta ugariagoak direla.
Aukerak izan badira, baina aisialdian bizi dugun hizkuntza, gure aukera al da?
Euskaldun askok erdara erabiltzen dute momentu horietako askotan, euskaraz dauden eskaintzak urriagoak direlakoan edo. Hala pentsatzen duena oso zuzen ez dabil, ordea, egun euskaraz egin daitezkeen jarduerak inoiz baino gehiago direlako, eta Karrika honetan bertan adibide ugari aurkituko duzue
Euskarara jotzeak ez du esan nahi gure aisialdia baldintzatuta geratzen denik. Alderantziz gertatzen da, aisia euskaraz gozatzeak esperientzia kilikagarrietan murgiltzea dakarrelako berarekin: lagun berriak egiteko aukera, ohiko jarduerak bestelako ikuspegietatik bizitzea, hizkuntz trebetasunak garatzeko ahalmena martxan jartzea… Euskara eta euskaraz gozatzea, hau bai dela helburu ederra! Ohiturarik ez dutenentzat, euskaraz aritzea ate eta leiho berriak irekitzea bezala da.
Euskaraz bizi nahi dugun guztiok aisialdia zurekin disfrutatzeko irrikitan gaude, plazerak eta adiskidetasun goxoak euskaraz ere jarduten dutelako. Horrexegatik, gogoratu orain eta urte osoan zehar ere lagun euskaldunak aurkituko dituzula gure elkartean. Betiere aukerarik hoberena pertsonak baitira.
Nahi duzunean elkar ikusiko dugulakoan, izan oso-oso ongi uda honetan!



ZENBAT BURU… Tony Grady

“Euskara ezin da folklore maila batean gelditu, erabiltzen ez badugu museo bateko erlikia bilakatuko da

 Eskoziako eta Irlandako jatorria du Tony Gradyk, baina sortzez Eskozia ondoan dagoen Ingalaterrako Newcastle hirikoa dugu, Sting kantari ezagun bera edota Pet Shop Boys taldeko abeslaria jaio zireneko hiria. Duela 13 urte pasatxo Iruñera etorri zen haize berriak ezagutu eta lan ezberdin bat aurkitzeko asmoz eta Mikel Laboa eta bertze euskal kantarien doinuekin liluratuta euskara ikastea erabaki zuen. Ingeleseko irakasle lanetan aritu da orduz geroztik, baina ez du bazterrean utzi txikitatik datorkion zaletasun kutuna: pintura. Hainbat erakusketa egin ditu han eta hemen.

Zer dela eta etorri zinen Iruñera, ezagutzen al zenuen hiria?
Egia esan, ez nuen Iruñea ezagutzen, baina Londresen bizitzen ari nintzelarik bertan Euskal Herriko altzairu enpresa baterako lan egiten zuen Bilboko neska bat ezagutzeko parada izan nuen. Bulego txikia zuten eta noizean behin Iruñea edo Nafarroako bertze tokiren batekoa zen bere nagusia joaten zitzaion bisitan. Garai horretan estatu espainiarrera etortzeko gogoa sortu zitzaidan eta Londresen hainbat urtez bizi ondoren, hiri txikiago batera joatea pentsatu nuen. Nafarroako lagun honek lana aurkituz gero Iruñea etortzea gomendatu zidan eta hementxe nabil duela 13 urte.

Hiri ezezaguna eta bi hizkuntza berri, nola moldatu zinen hasieran?
Gogoan dut etorri nintzen urtean, 89an edo, gauza asko gertatu zela mundu mailan, Berlingo harresia bota zuten esaterako eta hemen ere errealitate berri bat ezagutzeko aukera izan nuen. Kale istiluak ikusten ziren nonahi, polizia toki guztietan, kaleko margoak…neretzako oso txundigarria izan zen hori guztia. Ez nekien zer demontre gertatzen zen.
Hizkuntzei dagokienez, espainera zertxobait banekien -eskolan ikasitakoa-, baina euskara existitzen zenik ere ez nekien. Euskal musika entzuten hasi nintzen, Mikel Laboa, Kortatu, Hertzaina edota Ruper Ordorika bertze batzuen artean eta horien doinuekin liluratuta, kantetan zer adierazten zen jakinminez, euskara ikasi behar nuela agindu nion nere buruari. Iruñera heldu eta 6 urtetara Hizkuntza Eskolara joan nintzen, baina bertan erabiltzen zen irakasteko modua oso gustokoa ez nuenez, urtebete beranduago edo Arturo Campion euskaltegira joan nintzen eta hiru ikasturte eman nituen 7. urratseraino iritsi nintzelarik. Gero utzi egin nuen, baina gaur egun euskal hedabideak jarraitzen saiatzen naiz eta orain 4 urteko alabarekin praktikatzeko aukera izanen dut.

Baten bat harrituta geldituko zaizu euskara ikasi eta hitz egiteko gai zarela ikusten duenean…
Amari, esaterako, normala iruditzen zaio eta harro dago bere alabak hiru hizkuntza hitz eginen dituela ikusten duenean eta niri ere guztiz normala iruditzen zait herrialde berri batera joaten naizenean bertako hizkuntzak ezagutzeko ahalegina egitea. Geroz eta haur gehiagok ikasten du D ereduan eta haientzako oso erraza da hizkuntza ezberdinak ikastea, beti ere modu egokian irakatsita.
Nire ustez egia da zenbait lagunek hizkuntzaren inguruan eginiko aipamena, alegia hizkuntza herri baten bihotza edo arnasa dela. Herri honen errealitatea behar bezala ezagutzeko ez dut uste espainerarekin aski dela, euskara ezagutu gabe gauza asko gelditzen baitira bidean.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Politikarekin nahiko nahastua dagoela uste dut. Nafarroako Gobernua beldur da eta oso jarrera “kosmetikoa” hartzen du; alde batetik diru laguntzak ematen ditu, baina bertzetik hainbat neurri hartzen ditu hizkuntzaren garapenari kalte egiten diotenak. Ez dut ulertzen. Euskara ikastoletan irakastea ongi iruditzen zaie, baina karrikara ateratzea ez zaie hain ongi iruditzen. Euskara ezin da folklore maila batean gelditu, zenbait pertsonari gustatuko litzaiekeen moduan, erabiltzeko tresna da eta horrela egiten ez badugu museo bateko erlikia bilakatuko da. Horrela bada, edozein hizkuntzarekin gertatzen den moduan berritzen joan beharko du eta denbora berrietara egokitu.

Artea da zure aspaldiko bertze afizio maitea
Bai eta dagoeneko zenbait erakusketa egin izan ditut Nafarroan barna. Joseba Sarrionandiaren “Narrazioak” liburuarekin muntai bat prestatu nuen, artea egiten nuen bitartean euskara ikasteko aukera izan nuelarik, eta berriki Picassoren “Gernika” lanarekin instalazio bereziak prestatu ditut teknika ezberdinak erabiliz. Baten batek nere lanaren berri jakin nahiko balu www.tgrady.freeservers.com webgunera sar liteke.