Iruñeko Sanfermin jaietan euskal giroan elkarrekin bazkaldu, hitz egin, kantatu eta dantzatzeko aitzakia ematen digun Atun-Jana ekimenak bere adin nagusitasuna lortuko du aurten, baina tradizioari eutsiz,  euskal giro bikaina eta hegaluzea izanen ditu protagonista nagusi.

Menuari dagokionez, betiko legez, atuna entsalada, marmitakoa eta atuna errea izanen ditugu dastagai eta horiek guztiak behar bezala prestatzeko Ondarruko gure lagunak etorriko dira. Eta ondoren, abestu eta dantzatzeko parada ederra izanen dugu, bertarako diren musikarien laguntzaz.

Bazkaria, esan bezala, heldu den uztailaren 11n izanen da eta txartelak jada Karrikiriko dendan (Xabier karrika 4, Iruñea) ditugu salgai. Agudo ibili eta lehenbailehen erreserba egin edo erosi, tokirik gabe gelditu nahi ez baduzue.

Animatu!!!