Kaixo sortzaile!

Nomadak Gaitun! Dinaguren Azoka Ibiltariak badu bere bostgarren geltokia. Iruñean izango gara Nafarroa lehenengo aldiz zapaltzen, eta Geltoki espazioa ezagutuko dugu, elkartasunezko giza ekonomiaren promozioan, buruaskitasun ekonomikoan eta modu zabalean eta anitzean gizartearen ehunduran lagundu nahi duen ekimen bat da. Azoka hau gainera oso berezia izango da, eta Iruñean ezagun diren bi proiekturekin bat egingo dugu antolakuntzan, Karrikiri eta Laba-rekin hain zuzen. Karrikiri Iruñeako euskaldunen topagunea bezala ezagutzen da, eta beraien helburua Iruñean euskal kulturaren eta euskararen erabilera bizitzaren eguneroko alderdi guztietan bultzatzea, indartzea eta sustatzea da (Gehiago jakiteko: https://www.karrikiri.eus/elkartea/). Laba berriz, euskaldunon elkargune, erakusleiho, oholtza, kafetegi eta laborategia izan nahi duen proiektu indartsua da eta Iruñeako Bihotzean, Gaztelu plazan, espazio propioa ireki berri duena (Gehiago jakiteko: https://www.laba.eus/)

LEKUA: GELTOKI, IRUÑEA, NAFARROA
EGUNA: APIRILAREN 30A LARUNBATA
ORDUTEGIA: 11:30-19:30 (egun osokoa izango da, eta eguerdian zerbait jateko aukera egongo da bertan)

Parte hartzeko deialdi ireki bat egin dugu, eta gogoz zabiltzatenok galdetegi hau betetzeko eskatuko dizuegu. Horrela, guk eskari guztiak txukun txukun antolatu, eta izango dugun espazioaren arabera, guztion artean aukeraketa egingo dugu gero. Hemen kontuan izateko ohar batzuk:

– Azokan parte hartzeko sortzaileen kuota 50€koa izango da. Diru horrek hiru banaketa izango ditu. 20€ Karrikiri eta Laba proiektuetara bideratuko dira, egunean zehar egingo diren ekintza ezberdinak ordaintzeko, edota besterik gabe beraien proiektuarentzako ekarpen gisa. Gainontzeko 30€ bere osotasunean azoka antolatzera eta Dinaguk elkarte bezala dituen gainontzeko gastuei aurre egitera bideratuko da. Sortzaile bakoitzak noski, kuota ordaindu izanaren faktura jasoko du.

– Aurreko azoketan ez bezala, Geltokiko espazioa zabala da, eta sortzaile bakoitzari postua modu erosoan egiteko aukera luzatu nahi diogu. Horregatik, bakoitzak 3x3m ko txokotxoa izango du bere postua antolatzeko. Kasu honetan, aurreko azoketan espazio arazoengatik parte hartu ezin izan duzuen sortzaileen aukeraketa lehenetsiko da.

– Geltokiko espazioan salmenta burutu ahal izateko ezinbestekoa da jarduera ekonomikoetan alta emanda egotea, eta hortaz puntu hau sortzaile bezala derrigorrez bete beharrekoa izango da.

Denontzat espazioa izatea izugarria izango litzateke, baina tamalez, oraingoan ere, sortzaile bakoitzarentzat espazio zabala izango den arren, seguruenik ez da guztiok sartzeko besteko lekua izango eta horregatik aukeraketa egin beharko dugu. Aukeraketan disziplina ezberdinak lantzen dituzten sortzaileak izatea lehenetsiko dugu, azoka aberatsa izan dadin, eta kontsumitzaileak denetik erosteko aukera izan dezan. Aukeraketa apirilaren 4an egingo dugu, eta egunean bertan edo apirilaren 5ean abisatuko dizuegu aukeratuak izan zareten edo ez (egun hauetan begiratu badezpada zuen spam ontzia ere, aurrekoan horra joan bait ziren mezu asko).

Aukeratuan izan ez zaretenon kasuan, zuen datuak ere gordeko ditugu, Euskal Herriko emakume sortzaileen datu base bat osatzen gabiltza eta bertan zuen presentzia izatea ere nahiko genukelako. Aurrerago beste mota bateko ekintzak ere egitea da gure asmoa, sortzaileok saretzen eta gure artean ezagutzen joateko, eta horretan parte hartzeko gonbita egiteko datuak izatea ondo legoke.

Asko gehiago luzatu gabe, hementxe duzue galdetegia. Mesedez saiatu galdera guztiak erantzuten.

Mila esker!