Ekia gainean dugun hilabete honetan, Xabier karrika 4ko ateak faseka joan gara irekitzen. Zuhurtziak eskatzen zuen moduan, lehenbizi goizetan, gero goiz eta arratsaldetan, eta ondoren baita larunbatetan ere. Motorrak martxan eta erritmo onean aritu gara. Eta hurbildu zarete. Agurtzera, zer moduz gauden galdetzera, eta proiektuari bultzada ematera. Eskerrak eman nahi dizkizuegu guztiei. Hemen jarraituko dugu, konpainia eta topagunea eskainiz. Badakizue, ateak zabalik dituzue zuen guztiendako.

Aurkezpenak egiteko gogoz gabiltza, baina oraindik zuhur jokatu nahi dugu. Egoera berriak zer dakarren ikusiko dugu. Ezohiko uda honek, ezohiko ekimenak ekar ditzake eta uda sasoian liburu aurkezpenak egitea bideragarria ote den ari gara pentsatzen. Adi seinaleari.

Beti ere, Karrikiri Denda irekita izanen duzue uztaila eta abuztuan. Goiz eta arratsaldez, konpainia eta genero ona eskaini nahi dizuegu. Salmentak gure proiektuetan aurrera jarraitzeko bultzada dira. Bazkide fidelak bezala, haiek dira gure sustengua eta babesa.

Gainera, beti da ona gogoratzea, bazkideek dendan erosketak egiten dituztenean, proiektua bultzatzeaz gain, erositako produktuetan beherapenak dituztela. Koronabirusak nonahi eraso du, ondorioak izanen ditu, eta gure proiektuari ere eragingo dio. Elkarrekin egin dugu hau ere.

Xexenak mendian izanen dira uda honetan, eta Sanferminetan karrikak ez dira betiko moduan beteko. Lasaitasunez eta buru hotzarekin jokatzeko garaiak dira. Etorriko dira garai hobeak. Izan uda on eta gurekin bada aski hobeki.