Marta Chamorro heldu berria da Iruñeko Euskara Teknikari lanetara. Lehenago ere lanbide honetan zaildutakoa, Iruñean lanik ez zaiola faltako jakin badaki. Egoera horretan, esku bete lan dabilela, eta bere burua kokatzen dagoela, minutu batzuk lapurtu dizkiogu bera hobeki ezagutzeko. Guk ere ideia, asmo eta proiektu ugarirekin hasi dugu kurtsoa. Eta Marta bidaide izango dugu. Beraz, hartu arnasa eta aurrera
1.- Zein da zure historia pertsonala euskararekin?
Gisa horretako galderak buruz-buru ditugunean, erantzun eder eta biribil bat emateko beharra sentitzen dugula uste dut. Nahiz nirea ez izan inorri efektu pizgarririk eragiteko modukoa, zintzoa, bederen, bada. Ez naiz euskarak ematen digun mundu ikuskeraz mintzatzen ahal, hori oharkabean bizi baitut eta horren inguruan anitz jende mintzo baita. Nik begietan dut, ageri-agerian, euskararen normalizazioan bizitzen ari garen garaiaren garrantzia eta jokatzen ari garen rolaren ardura. Ez gara lekuko, osagai aktibo baizik. Amaren familian euskara noiz galdu zen ere ez dakit zehazki, aitarenean, aldiz, amatxi izan zen transmisioa eten zuena. Hori iraultzen ari da eta bitxia iruditzen zait horren nabarmen sentitzea. Gurasoei dena zor diet, beraiek hautatu baitzuten D eredua eta Pernando Amezketarraren bideoak erosten baitzizkidaten, kar kar. Eskolan euskaldundurik, kalea behar dut euskaraz aritzeko, baina trukean hasia naiz, bertze batzuk bezala, euskara etxera itzultzen. Hizkuntzarena, norabide bakarreko prozesua ez dela erakusten ari gara, nolabait.
Barrurago jotzen badut, jakin badakit bizitzeko hamaika modu badirela, hizkuntza batean zein bestean, baina euskararik ez banu… kostatzen zait nire bizimodua irudikatzea. Erabaki potoloak hartu ditudanean, beti izan da euskara erdi-erdian. Ikasketak hautatzerako garaian, besteak beste, ez nuen erabat argi zer ikasi, baina oso argi nuen euskaraz ikasiko nuela. Lan-munduaren atarian nintzelarik, ate bat baino gehiago aurrean eta euskararena ireki nuen.
2.- Iritsi berria zara teknikari postu honetara. Zer egoera topatu duzu?
Postu berri bat hartu dut jada horren berria ez zaidan ogibide honetan, bai. Ez dakit zerbitzu eratu berria ala eraberritua den, baina era berri bat urratzen saiatuko naiz.
Bertze batzuekin alderaturik, sekulako atzerapena daramagu. Badugu, beraz, aski lan.
3.- Zer asmo eta proiektu duzue esku artean?
Ez dakit ez oten den sobera goiz galdera horri erantzuteko, kar kar kar. Hemen badira bi jokaleku nagusi. Batak barrura begira jartzen gaitu, udal barrura. Eta, besteak, udalerrira begira. Herritarrek udal administrazioarekin dituzten harremanetan euskara erabili ahal izateko hainbat tekla ukitu behar dira. Baina, hortik harago, euskarak funtzio guztiak hartzeko eta erabilera alor guztietan areagotzeko, pianoa osorik jo behar dugu.
4.- Udal eta Euskaltzaleen Topaguneen arteko harremanak, nolakoa izan beharko luke zure ustez? Zein lan eta erantzukizun dagokio bakoitzari?
Sarria, ugaria eta erraza. Elkarlanerako prest azaltzea ezinestekoa da. Administrazioak eragin-ahalmen mugatua du. Ez dut esan nahi ahalmen eskasa duenik, baizik eta bera bakarrik ez dela nahi duen tokietara ailegatzen ahal. Hortaz, gizartean eragin nahi badu, hobe du herritarrekiko ahalik eta lotura estuen edukitzea. Udalak plangintza bikaina prestatzen ahal du, baina herri-dinamika oinarrian ez badu, litekeena da benetako eraginik ez izatea. Halaber, herritik sorturiko ekimenei babesa eman behar die.
5.- Baduzu liburu, musika gomendiorik?
Idazkera samur batekin gozatzeko, Mailux Legorbururen Maitatua izandu banintz. Musika gomendiorik ez dut, baina poz-negarretan urtuko nintzateke Kuraia berriz ere eszenatoki gainean ikusiko banu. Baina, lasai, Durangoko azoko ate joka dugu.