Gurean etorkin
Pertsona batek giza harremanak osotara bere hizkuntzan bizitzerik ez duenean etorkina dela edo atzerrian bizi dela pentsatzen dugu. Esandako arazoak hizkuntza horrek historian eduki duen espazio geografiko eta kulturalean gertatzen direnean…. gure errealitatera hurbiltzen gara.
Okindegian, banku etxean, autobusean edo zapata dendan sartu eta “egunon” esan ondoren harrera egiten gaituenak “buenas tardes” nabarmen eta garbia erantzuten duenean, euskal hiztuna ez da pozik sentitzen. Erantzuna “baita zuri ere” izanik, aldiz, atsegina hartzen du, irribarre gozoa zabaltzen zaio .
Euskal hiztunak, etxean bertan izanik, bere burua atzerritartzat edo etorkintzat sentitzen du sarri. Espazio sinboliko propioan -Iruñean edo Bilbon, Elizondon edo Agurainen- euskara erabiltzeko arazoak dituenean ongizate pertsonalean ere eragina du. Hizkuntza eragile garrantzitsua da norberaren nortasuna osatzerakoan eta gainerako gizakiekin komunikatzeko . Gure kontzientziaren aurrean hizkuntzak egin eta definitzen gaitu mezuak berbaldietan ozen sortzen ditugunean edo eta barne hizkuntzaz aritzerakoan. Bideratzen ditu baita gertuko pertsonekin ditugun harremanak, ezagutza sareak eta lotura emozionalak ehunduz..
Albokoekin nork bere hizkuntza erabiltzea ezinezkoa duenean, hau da, bere erabilgarritasuna mugatua sentitzen denean, hizkuntzarekiko estimuak eta balorazio emozionalak arazoak sortzen dituzte. Sarritan haserrea, egon ezina, tristura edo amorrua garatzen dira antzeko egoeretan hizkuntza gure nortasunean ez delako osagai neutroa
Hizkuntza propioaren erabilpena behin eta berriro gatazka iturri bihurtzen denean hainbat pertsonarengan menpekotasuna bermatzen du: erabilpenak murriztuko ditu beste hizkuntzen mesederako, harreman berriak sortzeko baztertuko du edo kultura egiteko ez dio hizkuntzari gaitasunik aitortuko. Euskaldun askok agurrak eta ondorengoak bukatzerakoan gaztelaniara jotzen dute garrantzia pertsonala duten gaietaz solasteko. Nahikoa dugu talde batean bertako erdaldun bakarra agertzea, balizko heziketa onaren izenean, euskarazko elkarrizketa bertan behera uzteko. Horrelako hainbat joera zerrenda ditzakegu eta guztietan hizkuntzarekiko menpekotasunaren arrastoa dugu agerian.
Hizkuntzaren historian ordezkapen sistematikoa jasan dugu euskaldunok eta hori ez da mapetan agertzen den atzerako marratxo edo kolore soila. Atzerapen marka horietan guztietan gatazka pertsonalak daude, menpekotasunezko bizipenak, hizkuntzarekiko militantismoa eta autoukazioaren artean batetik bestera astinduak.
Euskararekiko fideltasunak garai eta espazio ezberdinetan zama eta poztasun psikologiko ezberdinak ekarri ditu. Norberak bere egunerokotasunean ahalegin eta frustrazioaren, gatazka eta bizipozaren oreka asertiboa bilatu behar du. Euskal hiztun fidelak bere hautua modu baikorrean bizi behar du, autoestima handituz.
Bide honetan, besteak beste, euskaldunak trinkotzeko egiten diren ekimenak lagungarriak izango dira : irakurle klubak, merkatari euskaldunen sareak, aisialdian edo lanean euskaldun fidelekin aritzeko aukerak segurtatzen dutelako.
ZENBAT BURU… Estitxu Arozena
Txiki txikitatik, inguruaren eraginez edo, bertsoetarako afizioa sortu zitzaion Estitxu Arozena bertsolari lesakarrari. Nafarroako txapelduna izan zen 1995 eta 1998 urteetan eta bertso eskoletan lanean jo eta ke dihardu aspaldiko partez. Bere ibilbideaz, bertsolaritzaren egoeraz eta emakumeen parte hartzeaz solastu zaigu.
Etxetik datorkizu bertsoetarako afizioa. Zenbat urterekin hasi zinen eta zer dela eta?
Nik uste jaio baino lehen jada, bertsoak adituko nituela. 4-5 urterekin Amurizaren bertsoak buruz ikasi nituen. Tantirumairu ikastolan arreta bereziz lantzen da bertsolaritza, anai arrebetan ttikiena izanik, gurasoekin saio aunitz entzundakoa… 15 urterekin bertso eskolarako pausua eman nuen (egia erran gugatik sortu zen bertso eskola). Ezin da hasiera datarik jarri ez eta arrazoi nagusirik. Dena den krisi garaietan pentsatu izan dut ze puntutaraino den nik erabakitako bizimodua, edo inguruaren eraginarena.
Nafarroako txapelduna izan zara 1995 eta 1998an. Zer moduz zabiltza gaur egun?
Txapeldun izendatzen zaituzten eguna hagitz polita izan daiteke. Hurrengo egunean jada ez hainbertze. Urte guztian frogatu behar duzu onena zarela eta hori astuna izan daiteke. Bertso saio aunitz egin nituen urte haietan. Orain bertsozale elkartearen proiektuak gehiago motibatzen nau, nere bertsolari ibilbideak baino. Ortzila ailetu eta herrian gelditu ahal izatea polita da. Bertso mundua ere hagitz polita da baina ezin duzu trote horretan luzaro jarraitu.
Nafarroako bertso eskoletan duela zenbait urtetatik lanean ari zara. Zer moduzko egoeran daude? Nola ikusten duzu bertsolaritza Foru lurraldean?
Bertso eskolak inoiz baina hobeki daude. Duela 15 urte apenas zegoen esperientziarik eta gaur egun 15 bat bertso eskola daude: Sakanan, Iruñerrian, Malerrekan, Bortzirietan, Leitzaldean… Bertso eskola egonkorrak daude eta baliabide gehiagorekin eskualde gehiagotan ere landu genezakeela uste dut. Bertsolaritza gaztetzen ari da Nafarroan ere eta hori beti da seinale ona. Gu hasi ginenean Bittor Elizagoien zen gazteena. Gaur egun eskolartekoa 18 urtetik beheitiko 40 ikaslek parte hartzen dute.
Azkeneko hamarkadetan dezente aldatu da bertsolaritzaren panorama. Jende gazte aunitz dabil eta horien artean emakumezkoek ere euren tokia aurkitu dute oholtza gainean. Zer deritzozu?
Pausuak eman direla, baina ttikiak oraindik. Maialen elitean egoteak mesede haundia eginagatik ehuneko 50tik urruti gaude oraindik. Eta kopuruak baino gehiago kezkatzen nau zergatiak: oholtza gainera igotzeko konplexu, jendaurrekotasunean mutilak gailentzea… Dena den horri buelta ere eman diezaiokegu: Zergatik baloratu behar dugu gehiago oholtza gainera igotzea, eta ez bertsozaletasuna transmititzeko saiakera, herriko bertso eskola martxan jartzea…azken batean sukaldeko lana, guttiago baloratua dago. Baliokidetza ez da soilik emakume txapeldunak ikustea, baita emakumeek egin izan duten eta egiten duten lana maila berean baloratzea.
Lau urtean behin ospatzen den Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finala abenduan eginen da. Nola dakusazu?
Maialen txapeldun! Ez emakumea delako soilik e? Bertsolari onenetako bat delako eta baita laguna dudalako. Dena den, egun bakarrean jokatzen diren gauzetan edozer gauza pasa daiteke are gehiago bertsolaritzan. BEC betetzea ere bada bertsozale elkartearen apustua. Eta irabaziko dugulakoan nago.
Urteek aurrera egin ahala, badirudi jende gehiago hurbiltzen dela bertso saioetara. Interes hori mantendu edo areagotu dadin zeintzuk dira zure irudikoz bertsolaritzaren etorkizuneko erronkak?
Esperimentazioari beldurrik ez izatea. Ez soilik forman: bertso musikatu, magia, trama…bertsoa malgua izan daiteke edozein eduki barneratzeko. Tresna baliagarria da euskalgintzan eta komunikazioan. Hala izaten jarraituko balu…Lan zaila da hori egungo teknologiak duen abiadura ikusita.
HERRIEN ELEAK.
Polonia
“Baso-soiluneetako biztanleak”
Horixe da “polace” (poloniarrak) hitzaren esanahia. Poloniera alfabeto latindarra erabiltzen duen mendebaldeko hizkuntza eslaviarra da, txekiera eta eslovakiera bezala. Polonierazko dokumentu zaharrenak XII. mendekoak dira.
Lurralde hartan bizi ziren hogei tribu inguruk sortu zuten Polonia, eta hizkuntzak dialekto asko ditu herrialdea osatzen duten bost eskualde handietan.
Iparrean, Gdansk hiri ezagunaren inguruan, badira kasubieraz egiten duten 150.000 biztanle. Zenbaitentzat polonieraren dialekto berezia da; askorentzat, berriz, hizkuntza desberdina da. Ez da ofiziala baina komunikabideetan zertxobait erabiltzen da, eta literaturan ere hainbat lan egin izan dira. Ondoko irudian Kaszubiako mapa zahar bat ikus dezakezue.
Poloniarrak gurean
Ez dira berrehunera iristen Iruñerrian bizi diren poloniarrak (orain dela lau urte ehun ziren), eta horien artean emakumeak gizonak baino gehixeago dira. Europako ekialdeko herrien artean poloniarrak dira gaur egun Euskal Herriarekin eta euskararekin harreman handiena dutenak. Azken urteotan, hango zenbait unibertsitatetatik hainbat ikasle etorri izan dira Euskal Herria besteak beste euskal kultura ezagutu eta euskara ikastera. Horietako askok euskara maila ederra dute. Bestalde, aipatzekoa da euskara Polonian ikasten hasi eta gure artean hobetu duen Adam Zawiszewski itzultzaileak iaz Iwaszkiewicz idazlearen “Wilkoko andereñoak” liburua euskaratu zuela eta euskarazko zenbait lan polonierara itzultzeari ekin diola.