Zintzo jokatzearen xarmaz

Saiatu al zarete inoiz besteak erakarri nahian pasatzen dugun denbora neurtzen? Hurkoaren estimuaz gozatzeko darabilzkigun trikimailuen unibertsoa amaitezina da. Lagun, kide eta konplizeei eusteko edozerk merezi du, eta tan-kera itxurosoari eus-ten saiatzen garenean geure buruari begi-
ra ari garela esan ohi dugun arren,
besteen atxikimendua da bilatzen duguna.
Baina ikuslerik gabe ez dago itxura lirain edo nardagarririk. Begiralea da irudiak prozesa-tu eta, kontzi-ente izan ala ez, haiekiko jarrerak hartzen dituena. Ez da samurra hautemate horiek aldatzea; gainera, jende askok antzeko sentsazioak izaten dituenean aldeko edo kontrako baloreak eransten zaizkie irudiei eta egoera bidegabeak sortzen dira gizartean.
Gurea bezalako komunitate txikietan ere irudia hizpide da askotan. Erakargarria al da euskaldungoa? Gure lurraldeaz kanpokoei itxura polita eman behar al diegu hurbildu daitezen? Mezu iraingarrien aurrean onginahia frogatu beharrean al gaude beti?
Inor ez dago bere izaera azaltzera behartuta. Euskaltzaleok garen bezalakoak gara: eder askoak, itsusiak, irekiak, burugogorrak, isilak, zaratatsuak, alfer galantak edo langile porrokatuak… Hain anitza den jendarteak ez du deusen beharrik onartua izateko; gure presentzia eta eskubideak ez daude baldintzapean. Eta erakarpena? Nahierara ikusten duten begiekiko menpetasunik gabe garatu ahal dugun aukera da. Eta bazter askotan nagusi den zurikeriaren aurrean, gure jokamoldean sinesteak egingo gaitu erakargarri. Hala nola, euskaraz bizi nahi dugula esateak zer esan nahi duen ulertu eta barneratzea, gure artean sozialki zuzena den topiko biluzia izan ez dadin.
Mezu irekien eta ondoriozko jardunaren arteko oreka; horixe da gure esku dagoen edertasuna. Xarma horretaz, geurekiko zintzotasunaz gehiago onuratu behar dugu gure arteko loturak sendotu eta hurbilen ditugun gizarte guneetara heltzeko. Agian ispiluak ez digu esango erresumako politenak garenik, baina kristalean islatzen denarekin bat egingo dugu.


ZENBAT BURU… Xabier Letona

Sortu zenetik euskal prentsaren erreferentzia izan den Argia Euskal Herriko informazio orokorreko euskarazko astekariak 2000. alea karrikaratuko du heldu den uztailan. Eginiko bideaz eta etorkizuneko proiektuez solasean aritu gara egun aldizkariko zuzendaria den Xabier Letonarekin.

Uztaila partean 2000. alea karrikaratuko du Argia aldizkariak. Egitasmoak bide luzea eta oparoa egin du dagoeneko. Zer nolako balantzea egiten duzue?
Balantzea izugarri ona da, nagusiki Argia-koontzat, baina oro har baita euskal prentsarentzat ere. 1963an argitaratu zen Zeruko Argia-k astekari gisa ekingo zion ibilbidearen lehen zenbakia eta 2005. urteraino bederen iritsi gara. Bidean egin dena da garrantzitsuena, dena den: kazetaritza molde bat jorratu da, euskal prentsan magazine eredua finkatu zuen Zeruko Argia-k, Egunkaria sortzeko klabea izan zen Argia eta 40 urtetan kazetari harrobi izugarria izan da gure aldizkaria… Historia luzea eta aberatsa da, eta historia guztiak bezala bere argi-ilunez josia, baina komunikazioaren ikuspegitik nagusiki argiak ikusten ditut.

Bertan egunero lanean ari zaretenoz gain, urteetan zehar Argian parte hartu duten kolaboratzaileen ekarpena bereziki aipagarria da, ezta?
Aipagarria baino funtsezkoa esango nuke, zeresanik ez kazetariarena ia ogibide ez zen garaietan. Lehen lerroan eta egunerokotasunean talde txikiak aritu izan dira beti, baina talde horien ahalegina hutsala litzateke haien inguruan egituratutako kolaboratzaile talde sendo horiek gabe. Hori izan da klabeetakoa, kazetaritzaren ikuspegi zorrotz, zabal eta argi baten inguruan molde desberdineko jendea egituratzea. Azken hamar urteetan, dena den, ahalegin berezia egin dugu kolaboratzaileen haritik tiraka, eta kolaboratzaile molde zabala jorratu dugu: iritzietan, kazetariekin, historialariak moduko jende espezializatuarekin… Sare zabal, ona eta anitza lortu dugu: gure altxorrik preziatuena da, zalantzarik gabe.

Euskal Herriko prentsa alorrean eta kultura mailan ere erreferentzia izan zarete aspaldiko partez. Nola ikusten duzue egungo euskal prentsaren egoera?
Inoiz baino indartsuago dago, ez dago zalantzarik. Inoiz ez da hainbeste komunikabide eta irakurle izan, eta halako maila handia esango nuke. Baina txanponaren beste aldea ere berehala ikusten duzu: euskal prentsa oso ahula da kontuan hartzen badugu beste hizkuntzetako prentsaren bilakaera. Euskal Herriko edozein kioskotara hurbiltzea besterik ez dago. Ea sinopsi azkar bat egiten dudan: Berria, gidaritza daramana, indartsu ikusten da; herri prentsan Hitzen fenomenoa ekarri du EKTk, egunerokotasunaren indarra ekarriz, baina 80ko hasieran ekindako herri aldizkarien esparruan, urteetako eztandaren ondoren, halako geldiune bat dagoela esango nuke, nahiz eta mundu hori oso ugaria eta zabala den; gainerako aldizkarietan, oro har, halako jarraikortasun korapilotsua dagoela uste dut, aurreratu egiten da, baina aurrera begirako bide argirik gabe. Irakurtzaletasun tasen beherakadak eta teknologia berrien garapenak ere modu nabarmenean eragiten diote berez ahula den euskal prentsari.

Zuen sostengurik sendoena harpidedunak diren arren, kioskoetan toki nabarmenagoa eskuratu asmoz, beste euskal aldizkari batzuekin ekimen bereziren bat egiteko asmoa zenuten. Zertan gauzatu da elkarlan hori?
Elkarlanean aritu beharraren ustetik abiatu zen bost aldizkariren arteko ekimen hori, froga gisa eta batez ere kioskoan gure presentzia handitzeko asmoz. Ez genuen gauzatu nahi bezala, nagusiki gure banaketa sistemak desberdinak direlako, baina zenbait froga egin ditugu eta emaitzak ez dira espero bezain onak izan: ohikoa baino pixka bat gehiago saldu dugu. Jakina, behin egin izanagatik agian ez dituzu emaitzak lortzen. Kioskoan posizionamendu egoki bat baino gehiago behar da gazteleraren merkatuan lehiatzeko, besteak beste eduki erakargarriak eta promozio on eta egonkorra. Baina behin saiatzearekin jai dago, gehiago ere saiatu behar da elkarlanaren bide horretan.

Argia aldizkaria, urtekaria, egutegia, Larrun eta Luma aldizkariak, Haria, Sareko Argia, jokoak, liburuak… Aurrera begira zer beste egitasmo dituzue esku artean?
Epe laburrean behintzat nahiko dugu, gure indarrak dauzkagun lau lerroak hobetzera bideratuko ditugu: Argia, Larrun eta Urtekaria batetik, Internet saila, argitalpen saila (jokoak, liburuak…) eta denbora-pasen alorra, Luma aldizkaria. Denak dira garrantzitsuak, baina gure erronka handiena Argia-ren harpidetzetan dago: azken bizpahiru urteetan beherakada txiki bat izan dugu eta galdutako hori berreskuratzen jarri behar ditugu ahalegin guztiak. Gaur egun harrokeria gutxirekin ibili behar da, irakurleari nahi duena ematen ez badiozu, laster alboratuko zaitu, ez da garai batean bezala. Komunikazioaren merkatua zaila eta basatia da, eta gogor borrokatu eta asmatzen ez duenak jai du.


HERRIEN ELEAK.
Ginea

Frantsesak blaitutako joritasuna
Kasu! Ez gara Ekuatore Gineaz edo Ginea Bissauz ari. Izan ere, hil honetan hizpide dugun herrian frantsesak izan ziren kolonizatzaileak. Errepublikaren izena Ginea dugu, besterik gabe, eta hiriburua Conakry da. 9 milioi biztanle dituen herri honetan 34 hizkuntza daude: mintzatuenak erdialdean nagusi den malinke edo maninkakan (1,9 milioi hiztun), ipar aldean hitz egiten den pular edo fula (2,5 milioi hiztun) eta susu (ia milioi bat) dira. Aipatzekoa da zenbait eskualdetan kpelle eta kissi bezalako hizkuntzek nagusitasun handia dutela.
Kontuak kontu, Afrikan ohi den bezala estatuko hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da; horrela dio 1990eko konstituzioak, baina biztanleen %20 inguruk bakarrik erabiltzen du. Dena den, bertako hizkuntzak normalean ez dira idazten eta gehienez ere ikasgai hutsak dira haur hezkuntzan.

Ginearrak gurean
Maiatzaren bukaeran, Iruñean, ANAFE elkartearen eta FOREM fundazioaren laguntzaz, estatu osoan bizi diren ginearren elkarteen koordinakundea osatu zen. 150 lagun inguru bildu zen eta erakunde berriaren helburua egunerokoan dituzten arazoak bideratzen saiatzea da: lan eta osasun kontuak, Gineara zuzenean joateko hegaldirik eza, bisatuak, etab.
Estatuan 4.500 ginear inguru bizi dira; horietatik, 80 inguru, Iruñerrian. Gure artean ginear gehien biltzen dituen taldea orain urte batzuk Iruñean sortu zen “Haldy Fotty afrikar batuen elkartea” dugu, baina elkarte honetan Afrikako beste herrietako kideak ere badaude.