Gazteok aixe sortuko dugu gure hizkera

Gazte askok euskara ezagutu bai, baina zergatik ez dute erabiltzen? Alferkeria? Beldurra? Ezintasuna? Ez, arrazoi hauek ez diote egindako galderari erantzuten.
Hizkuntza bat kalean, lagun artean… erabilia izan dadin zenbait ezaugarri izan behar ditu: erosoa, adierazkorra edo komunikazio eginkizunetarako egokia, eta erakargarria izan behar du.
Euskara batuak sorreratik izan duen bultzada ez dute beste hizkerek izan, ezta gazte hizkerak ere. Orain arte euskara batua erabilera formaletarako erabiltzen zen, eta euskalkiak edo bestelako hizkerak erabilera informaletarako. Kode idatzia, beti, kode formala zen. Baina teknologia berriekin bi kode idatzi sortu dira, bata formala eta bestea informala, txateoan, oharretan eta mezuetan erabiltzen dena. Gazteek elkarri idazten dizkioten oharretan oinarrian euskara batua erabiltzen dutela esaten dute zenbait ikerketek, baina euskalkiarekiko joera oso nabarmena omen da, honek adierazkortasuna ematen dielako. Euskalkia gaur egungo gazteek beren hizkerari euskaratik bertatik adierazkortasuna txertatzeko duten baliabiderik garrantzitsuena eta emankorrena da, kale hizkeraren oinarri sendoenetako bat. Hizkuntza formala oso neurri zorrotzekin irakatsi eta ebaluatu behar den bezala, hizkuntza ez formala, aldakorragoa da eta askoz ere askatasun esparru zabalagoak eman behar dizkiogu. Teknologia berri hauek gazte hizkera sortzeko gune egokia direla defendatu zen apirilaren 6 eta 7an Azpeitian gazte hizkerari buruz egin ziren jardunaldietan.
Euskal Herrian ez dago gazte hizkera nazionalik. Gazte hizkerak egon badaude, baina oso eremu txikietan. Jardunaldietan bildu ziren guztiak ados zeuden hizkera hori(ek) zabaltzea edo sortzea oso garrantzitsua dela euskararentzat.
Batzuen ustez, gazte hizkera indartzeko tresna, hizkera egokia izan beharko da, helburu komunikatiboa erosotasunez lortzen duena, eta zuzentasun edo jatortasunaren aurrean horri eman beharko zaio lehentasuna.
Zenbait soziolinguistak euskarak gazte hizkera estandar baten beharra duela aipatu zuten. Gazteek ordea, gazte hizkera baten beharra sumatzen zuten, baina ez guztiak batuko dituen bat. Gazte hizkera estandarra ezin dela sortu defendatu zuten, hizkera honen muina naturaltasuna, erosotasuna baita, eta estandarra bada, ezin baita naturala izan.
Gazteek euskaraz hitz egitean adierazkortasuna bilatzen dute, eta horretarako termino eta erregistroak faltan botatzen dituztela azpimarratu zuten. Gaur egungo gizartean, mugikortasuna hain garrantzitsua den gizartean, hibridazio bat ematen da, hau da, erraz topa dezakegu adierazgarritasuna bilatzean Bizkaiko euskalki bateko erregistro bat erabiltzen duen Tolosako gazte bat. Prozesu hau, Iruñean bezala, euskalkirik ez duten hiri eta herrietan, oso aberasgarria izan daiteke. Eremu hauetan, herri euskaldunak izan daitezke egitasmo berrien gunea, herri euskaldunek izan behar dute ardatza. Iruñeko gazteok euskarazko input berriak, lexiko, lokuzio eta esamoldeen ereduak bilatzeko hainbat arnas guneetara jo dezakegu, gurekiko distantzia geografiko eta linguistiko txikiena duten herrietara, gazte hizkera aberatsa duten guneetara.
Baina, garrantzitsuena gazteok euskara hitz egitea da eta gure hizkeran aurrera egitea, hizkera batek erabiliz egiten baitu bidea. Ahozko jardunetan gozatzen du hiztunak hizkuntzarekin, eta hizkuntzarekin jolasten denean sortzen dira hitz eta esapide berriak, hizkuntzari bizitasuna eta erakargarritasuna ematen diotenak. Beraz, hitz egin dezagun euskaraz, osagairen bat faltan botatzen badugu har dezagun inguruko herri euskaldunetako hizkeratik, eta arian arituz, sortuko dugu gure hizkera, lortuko dugu behar dugun erakargarritasun eta erosotasun hori!


ZENBAT BURU… Joves de Mallorca per la lengua

Joves de Mallorca per la Llengua 1994an 40 gazte elkartek sortutako plataforma da. Haien helburu nagusiena Mallorcan katalanaren normalizazioa erdiestea da eta horretarako hainbat ekimen bideratzen dituzte orduz geroztik. Haiek azaldu digute plataformaren nondik norakoak.

Noiz sortu zen Joves de Mallorca per la LLengua plataforma eta zer helbururekin?
Testuinguru konkretu batetik abiatu beharko genuke. Katalana, Autonomia Estatuaren arabera berezko hizkuntza eta ofíziala, atzerapen prozesu batean zegoen, PP alderdiak gobernatzen zituen administrazio publikoek ezartzen zioten marjinazioaren ondorioz. Gizarte erabileraren beherakada polítika lingüistika baten gabeziaren, ematen zen diglosi egoeraren eta turismora zuzenduta dagoen ekonomiaren ondorioz heltzen ari ziren etengabeko etorkinen ondorioa zen. Gazteen egoera zen bereziki larria, Palman eta zonalde turistikoetan batik bat. Joves de Mallorca per la Llengua duela 10 urte sortu zen, 1994ko uztailaren 1ean, mota guztietako (kulturalak, sindikatuetakoak, politikoak, ikasleak, aisialdikoak…) 40 gazte elkarte baino gehiago biltzen zituen plataforma gisa. Hasieratik gure elkartea katalanaren erabileraren sustapenean oinarritu da. Horretarako administrazioak presionatzen etengabeko lana egin dugu, gure hizkuntzaren irudi ludiko eta modernoa erakutsiz, alor ezberdinetan egiten den katalanezko kultura sustatuz eta Correllengua y Acampallengua bezalako ekitaldi jendetsuak antolatuz. Hori guztia boluntarioen indarrean oinarrituz. Joves de Mallorca per la Llengua elkartean bere erabakimen osoko batzordea, eguneroko lana maneiatzen duena, zabalik dago edozein lagunek parte har dezan eta eguneroko lana boluntarioa da. Egun 3.000 boluntario ditugu.

Ekimen anitz bideratzen dituzue alor ezberdinetan. Zeintzuk dira?
Hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko tailer batzuk antolatzen ditugu Mallorcako bigarren hezkuntzako institutuetan. Oso garrantzitsuak dira, ikasleek beste gazteengandik jasotzen dutelako hizkuntzaren egoeraren ikuspegia eta irakasleek oso positibotzat jotzen dute. Ekimen honen bidez, irlako gazte gehientsuenekin harreman estua lortzen dugu, familiarteko hizkuntza edo jatorria edozein dela eta.
Baditugu beste ekintza zehatz batzuk, hala nola turistei gure hizkuntza ezagutzera emateko kanpainak, haiei zuzendutako postalen bidez; katalanez abestu eta oraindik merkatuan euren tokitxoa lortu ez duten musika talde gazteak promozionatzen ditugu Gazte Musika Lehiaketen bidez; Mallorcako bi egileen liburuak argitaratu ditugu, bata olerkiena eta bestea narratibazkoa. Katalanaren aldeko beste ekitaldien antolaketan ere parte hartzen dugu, hala nola Joves de Mallorca per la Llenguaren ahizpa handia den Obra Cultural Balear entitateak antolatzen duen “Diada per la Llengua i l’Autogovern” ekimenean.
Gure eguneroko ekimenak eskubide linguistikoen babesean oinarritzen dira, eskola, hedabide eta administrazio publiko edo enpresa pribatuaren alorretan. Ateratzen diren hizkuntza diskriminazio kasuen jarraipena eta zenbait alditan salaketa kanpainetan parte hartu izan dugu. Merkataritza alorrean egin ditugun kanpainak ere garrantzitsuak izan dira (Volem comprar en català) eta horien ondorioz, El Corte Inglesen edo MacDonaldsen normalizazioa lortu da; Europan katalanaren ofizialtasunaren aldeko kanpaina egin genuen eta 100 boluntario baino gehiago joan ziren; produktuak katalanez etiketatzearen aldeko kanpaina; edota filmak gure hizkuntzara bikoizteko eginiko presioa. Eta beste horrenbeste.

Maiatzaren bukaeran Acampallenguaren edizio berri bat antolatuko duzue. Zertan datza ekimen hau eta zer prestatu duzue aurten?
Aldiro Mallorcako herri ezberdin batean egiten den gazteen topaketa erraldoia da. Aurten Porreres herria aukeratu dugu, Mallorcako hegoaldeko herri bat. Kanpaldi-kontzertu baten elementuak biltzen ditu Acampallenguak PP alderdiak gobernatzen dituen erakundeen politika linguistikaren inguruan hausnarketa eta kritikazko beste batzuekin batera; beraz, alde ludikoa eta aldarrikapenezkoa, Joves de Mallorca per la Llenguaren ekimenen ezaugarri nagusienak. Kanpaketa eremu bat dago, kirol jarduerak egiten ditugu, tailerrak, haurrentzako festa bat, gazte musika topaketa, kantautore topaketa, erakunde publikoekin kritikoa den manifestu bat eztabaidatu eta onartzen den asanblada, herri afaria, katalanezko rock kontzertu erraldoia momentuko talde ezagunenekin, dantza herrikoiak eta castellers. Aurtengoarekin zazpi edizio egin ditugu. Aurten maiatzaren 28 eta 29an eginen dugu eta denak gonbidatuta zaudete.

Zein da katalanaren egoera Mallorcan?
Bi galderetatik abiatu beharko genuke azterketa egiteko: nondik gatoz eta nora goaz. Franquismo garaiko errepresio eta analfabetismo egoera batetik gatoz eta, beraz, garai hartan hezitutako jendeak kontzientzia linguistiko eskasa zuen. Koktel horri etorkin biztanleri proportzio garrantzitsu bat gehitu behar zaio, Espainiatik zein mundutik etorrita eta analisia ezezkorra izanen da. Bestalde, baikortasunerako elementuak ere badira: katalanez partzialki ikasi duten gazteen artean hizkuntzaren ezagutza nahiko altua da, nahiz eta gizarte erabilera baxuagoa den, batik bat hiri eta zonalde turistikoetan. Katalanezko hedabideak eta hizkuntzaren aldeko gizarte sektore aktiboak izateak baikortasunezko elementu bat da.
Edalontzia erdi beteta erdi hutsik dago, nola begiratzen zaion.
Egungo gobernua hizkuntzaren normalizazioari mesederik ez, baizik kontrakoa, egiten ez dioten hainbat neurri hartzen ari da. Som Ràdio, bertako musika sustatu eta irla guztietarako emiititzen/aritzen/igortzen duen irrati publikoa itxi zuten; politika linguistikako aurrekontua murriztu dute; IB3 Telebistak filmak eta serieak espainolez emanen dituela iragarri dute; eta gure hizkuntza arriskuan jartzen duten neurri multzoa proposatu ditu hezkuntza alorrean. Zain egonen gara eta mobilizatuko gara sortzen ahal diren mehatxu berrien aurrean.


HERRIEN ELEAK.
Mali

Frantsesa zubi, bertakoa giltzarri
Martxoaren bukaeran, euskal kultura eta kanpoko ekarpenak uztartu ohi dituen Biarrizko “Bi Harriz Lau Xori” kultur astean, Rokia Traore Maliko dantzari eta kantari ezaguna egon zen. Traorek gehienbat mande edo mandinga kulturaren tradizioa ezagutarazi nahi du. Izen horrek Afrikako mendebaldeko zenbait herri biltzen ditu: malinke, bambara, dioula… Mali eta Senegalen arteko eremu horretan hizkuntza bereko hainbat dialekto entzun daitezke, baina gehien hitz egiten dena bambaren bamana da.
Independentzia 1960an lortu zuen estatu honen Konstituzioaren arabera, hizkuntza ofiziala frantsesa da. Egia da frantsesak merkataritza harremanetan paper garrantzitsua duela; halere, Maliko hizkuntza egoeraren inguruan Bamakon martxoan egin zen hitzaldi batean hizlarietako batek aitortu zuen gobernuak ez diola bultzada handirik eman frantsesari eta gaur egun funtzionario multzo txiki batek bakarrik erabiltzen duela normaltasunez. Edozein kasutan, hizlariek frantsesa eta bertako hizkuntzak elkarrekin bizitzearen aldeko deia egin zuten.

Maliarrak gurean
Gaur egun Nafarroan gutxienez Afrikako etorkinen sei elkarte daude. Horietako bat orain dela urte batzuk Iruñean sortu zen AMEN izenekoa da: Nafarroako Maliarren Elkartea. Afrikarrez osatutako gainerako elkarteekin gertatzen den bezala, elkarte honek ere oraingoz ez du harreman handirik izan FAIN izena daraman etorkinen taldeen federazioarekin. AMEN elkartean azken urte hauetan zehar Nafarroara etorritako zenbait maliarrek hartzen dute parte; osotara ehun baino gehiago dira Nafarroan bizi diren Maliko lagunak.