Kalitatearen errezetaren osagaiak
Hizkuntza baten kalitatea hizkuntza horren hiztunek komunikatzeko daukaten arrakasta maila dela esan daiteke. Izan ere, hiztunek kalitatearen errezeta eskura dauzkaten osagaien arabera osatzen dute, batzuek emaitza gozoa lortzen dute, besteek motela (sukaldariaren trebeziak ere zer ikustekorik badauka, noski).
Sukaldaritza-eskola asko badaude ere, sukaldari batzuek hiru osagaiko errezeta proposatu digute hizkuntzaren kalitate ona lortzeko: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna. Hizkuntza zuzen erabiltzen da hizkuntza estandarraren arauak errespetatzen badira. Hizkuntza jator erabiltzen da hizkuntzaren baliabideak (eta ez ondoko hizkuntzarenak, esaterako) erabiltzen badira: esamoldeak, adierazkortasuna edo indarra areagotzeko berezko moduak… Hizkuntza egoki erabiltzen da hiztunak duen helburua lortzen badu: entzuleak atentzioa ematea, haserrea edo barrea eragitea…; hau da, egokitu zaigun ingurunean besteek kontuan hartzen bagaituzte hitz egiten dugunean.
Hizkuntza egoki erabiltzeko oso baliagarria da hizkuntza jatorraren errekurtsoak menperatzea, baina askotan ez da nahikoa. Besteengandik ikasitakoa (hizkuntza komunitatean adostutako sinboloak eta esanahi bikoitzak, esaterako) eta norberaren abilezia ere ezinbestekoak dira. Jakina da sukaldean aritu behar dela sukaldari ona izateko. Jakin beharko genuke hiztun ona izateko hizkuntza erabili behar dugula egoera ezberdinetan, hizkuntzaren osagaiak eskuratzeko eta osagai bat ala bestea erabiliz lortzen ditugun emaitzak ikusi ahal izateko.
Hiztun batzuek ikasitako hizkuntzaren errezeta aldatzeko beharrik ez badute ere, beste askok uste dute berrikuntzak eta asmazioak hizkuntzaren alderik jostagarriena direla, batzuetan, egoeraren arabera, behar komunikatiboen arabera, zuzentasunaren kontra egiten badute ere (gazteek hizkera propioa izateko beharra horren adibidea izan daiteke).
Nahitaez hizkuntzak geldi gabe aldatzen dira, aldatzen ditugu. Gure lanaren ondorioa izanen da erabiltzen dugun hizkuntza aberatsa eta kalitate handikoa izatea edo baliabide urrikoa eta kalitate eskasekoa izatea. Munduko hizkuntza guztiak berdinak dira ikur-sistemak diren aldetik; hau da, gaitasun berekoak dira gizakion behar komunikatiboak asetzeko. Hiztunen gaitasun eta baliabideak dira aldatzen direnak komunitate batetik bestera. Beraz, badakizu, errezetako osagairen bat falta bazaizu ez etsi; bilatu, eskuratu eta on egin!
ZENBAT BURU… Josune Azpirotz Arangoa
Josune Azpirotz Arangoa euskara irakaslea eta didaktikaria da eta 12 urte daramatza IKAko Arturo Campion euskaltegian lan egiten. Gaur egun helduen euskalduntzeak bizi duen egoeraz, eta bereziki IKArenaz solastu zaigu.
Hizkuntza baten normalizazioan helduen euskalduntzeak berebiziko garrantzia du. Azken urteotan han eta hemen entzuten ari gara nolabaiteko krisi bat dagoela alor horretan. Nola ikusten duzue egoera? Eta IKAren barrenean?
Aurten bezalako negu gorririk (eguraldiaz ari naiz) ez dut sekulan ezagutu; helduen euskalduntze munduan aurten bezalako negu gorria pasatua dugula uste dut, edo nahia ote? (ikasle kopuruaz ari naiz). Zergatik krisia? Zergatik ikasleen beherakada? Ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik. Faktore askok izan dute eragin: euskararen prestigio galera euskaldun guztiok kriminalizatuz, euskaldun-abertzale-terrorista hirukotea osatuz, zenbait komunikabidetatik; Nafarroan instituzioetatik egin den hizkuntz politika euskararen kontrakoa, bai mezu edo diskurtsoan, bai egunero ezarri diren neurrietan; ikasleen nahiak, beharrak, disponibilitatea, egoera pertsonala… Garai berriak heldu dira eta “ikasle gazte militante kontzientziatua” aldatu egin zaigu. Orain ez da hain gaztea, jubilatua izan daiteke; orain ez dago hain kontzientziatua, lehentasun ezberdinak ditu, eta horren arabera jarraituko du euskara ikasten edo bidean utziko du hasitako proiektua, Interneten nola aritu ikasi nahi duelako. Kosta zaigu garai berri hauetara egokitzea baina poliki, poliki, bai didaktikan, bai eskaintzetan, hasi garela uste dut; gainerakoan gureak egin du!
Dena den, gure bizimodua den abiadura handiko tren honetan euskaraz ikasteko orduan arazo TXIKI batekin topo egiten dugu: ordu gutxitan asko ikasi nahia. Nola ote? Horretan dugun borroka ez da nolanahikoa! Euskaraz bizitzera iritsi nahi badugu denbora dedikatu behar baitzaio, eta onartu behar egin beharreko ahalegina ez dela makala!
IKAn, Araban, goraka ari da ikasle kopurua. Nafarroan, aldiz, behera astean 8 orduko taldeetakoak. Erritmo apalagoko taldeak (adinekoak, lantegitakoak…) sortzen ari dira.
Duela jada zenbait urte instituzioetatik heltzen diren diru laguntzak murrizten ari dira hainbat alorretan, baita helduen euskalduntzean ere. Aurten bereziki larria izan da. Zer egoeratan zaudete egun?
Ekonomiari dagokionez, negu gorria gainean dugu eta ez dakigu noiz arte iraunen duen, hau da okerrena! Izan ere, Nafarroako Gobernuak, 2005erako aurrekontuetan, gau eskolendako ematen zuen diru laguntza izugarri murriztu baitu, orain arteko 528.827eurotik 180.000eurora pasa da 2005ean. Guk, egoera aldatzen ez bada, ezin izanen dugu luze iraun, ez badiegu ikasleei askoz ere gehiago kobratzen -eta gure politikaren kontrakoa litzateke, euskaraz ikastea, eskubidea izanik, dohanik izatea aldarrikatu izan dugu eta aldarrikatzen baitugu-.
Horri aurre egiteko “Gobernua zeu izan” izenburuko kanpaina bat antolatu duzue. Zertan datza eta zer xede dituzue? Laguntzeko prest egon daitekeenak zer egin behar du?
Aurtengo egoerari aurre egiteko GOBERNUA ZEU IZAN kanpaina antolatu dugu. Kanpaina honen helburua ahalik eta ikasle gehien babestea da, ikasleek euskaraz ikasten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako zer egin behar duzue? Bada, Gobernuak ikasleei ematen zien diru laguntza zeuek eman. 250 euro emanda BABESLE TXARTELA eskuratuko duzue. Dena den, askotxo iruditzen bazaizue lagun, familia, adiskide taldean emanda edo gutxiago emanda ere lagun ditzakezue ikasleak, euro bat bada ere! Hona hemen gure kontuak: NAFARROAKO KUTXA / CAJANAVARRA: 2054015235914012555.4 eta EUSKADIKO KUTXA / CAJA LABORAL: 3035005830058 001084.2. A! Ez ahaztu emandako dirua desgraba dezakezuela!
Gurekin kontaktuan jarri nahi baduzue, hauxe duzue gure helbidea: IKA Arturo Campion Euskaltegia. Comedias 14-4. // 31001 Iruñea. Tel: 948222246 //email: campion@ikanet.net
Eman ezazue kanpaina honen berri zuen lagun, senide, lankideen artean! Ikasleek egiten duten ahaleginak hainbeste merezi du eta!
Aurrera begira zer lan planteamendu egiten duzue? Euskalgintzako beste talderekin elkarlanean aritzeko asmorik al duzue?
Helduen euskalduntze alfabetatzean egin beharko ditugu ahalegin handienak. Aurrera begira lan munduan, orain arte motel xamarra dagoena, sartzeko ahalegin handiagoa egin beharko dugu.
Euskaltegietatik edo D eredutik ateratzen diren euskaldunek hitz egiteko aukerarik ez badute, moteldu edo atzendu egiten zaie ikasi duten hizkuntza hori. Horiei begira ere zerbait egiten hasi gara Topagunearekin batera elkartu garen hainbat euskal elkarte, Mintzakide deitzen den ekimenean, hurrengoetan ere horrekin jarraitu beharko dugu.
Euskara ikasi nahi duen edozeinek, lehenxeago aipatu dugun moduan, euskara dohainik ikasteko eskubidea du. IKA honetan saiatuko da Gobernutik beharrezko den laguntza hori erdiesten egiten dugun zerbitzu publiko honen truke gure egoera berean dauden Helduen Euskalduntze Alfabetatzeko taldeekin.
Didaktikan eta beste zenbat arlotan Helduen Euskalduntze Alfabetatzean ari garen taldeok ere elkarrekin ari beharko dugu.
Iruñeko eta Nafarroako beste euskara taldeekin ere nahitaez ari behar zenbaitzutan gaurko euskararen kontrako giro hau alda dadin. Orain arte lanean aritu garen elkargunetan ere bai: Kontseilua-Bai euskarari proiektuan buru belarri sartuak gaude Barañainen, Sanfermin euskalduna e.a.
HERRIEN ELEAK.
Ekuador
Aniztasunaren herria
zugarri anitza da Ekuadorreko gizartea. Hango Hizkuntza Indigenen Akademiaren bigarren mintegia egin da eta Euskaltzaindia han egon zen. 11 herri indigenen ordezkariak izan ziren: andoan, kofan (650 hiztun), txatxi (10.000 hiztun), epera (30.000 hiztun), kitxua (3 milioi), sapara (50), xuar edo jibaro herria (80.000), xiwiar (1.000), tagaeri (500), tsatxila (2.000) eta waorani (2.000). Mintegiaren helburuak hiru ziren: hizkuntza normalizaziorako ereduak aztertzea, akademiako kideak izendatzea eta beren errealitateei egokitzen zaizkien hezkuntza ereduak ezartzea. Argazkian, CONAIE indigenen konfederazioak abenduan burutu zuen kongresuko irudia duzue.
Ekuadortarrak gurean
Hogei mila baino gehiago dira Nafarroan. Iruñean 5.630 bizi dira (atzerritar guztien % 39) eta multzorik handiena Arrosadian eta Lezkairun biltzen da. Indigenen eta mestizoen artean muga kultural handiak daude eta Nafarroan ere hori ikus daiteke. Ekuadortarren elkarte askotxo ditugu: APROE (1996an sortua) eta Ecuanavarra dira nagusiak. Haien eskakizunetako bat kontsuletxea da; Iruñean bazen bat, baina 1984. urtean desagertu zen. Gaur egun Bilbokoa da hurbilen dutena.
Ekuadortarrak euskararen mundura hurbiltzen ari dira pixkanaka: haien jaioberriei euskal izenak jartzea ez da arraroa, haur batzuek A eta D ereduetan ikasten dute… Gu ere haiengana hurbiltzeko prest al gaude?