Herri bera koloretan

Bizitza koloreduna da, eta Iruñerria biziki koloreanitza da hemen besteak beste jatorri ezberdinetako euskaldunak biltzen garelako. Euskaldun zaharrek zein euskararen mundura geroago heldu direnek komunitate anitza osatzen dugu. Baina oraindik ere topiko aspergarriek eta aurreiritziek bizirik diraute gurean.
Iruñerriko euskaldunok hausnarketa egin beharko genuke Erriberarekiko ditugun jarreren inguruan. Gure artean hango lagun euskaldun ugari bizi arren, badirudi askorentzat Erribera eremu arrotz bezain ezezaguna dela, euskaltzaletasunaren haziak –gaizki ereinda, akaso- fruiturik eman ez duen lur antzua. Aginteak marrazten dituen muga faltsuak gure pentsamoldean islatzen dira nonbait. Hori bai: Nafarroa “galduak” sentiarazten diguna arintzeko edo, arrazoia emango liguketen argudio historikoetara jotzen dugu –beste inork behar ez duen antzinatasun ziurtagiria behar al dugu euskaldunok?- edo erromantizismoaz baliatzen gara: Lertxundiren kanta zoragarriaz gozatzen duen euskaltzaleak badaki ikastolak daudela, baina, tamalez, normalean ez zaio gehiegi axola Erriberako egungo euskal errealitatea.
Euskara gutxiago erabiltzen den Nafarroako aldeetan euskaldunen bizinahiak sendo dirau, ordea. Eta inolako artifizialtasun kutsurik gabe, gune horietako euskaltzaleak baitira hizkuntzari arnasa ematen diotenak. Zeren Erribera ez baita euskararekiko aurkakotasuna ordezkatzen duen mamua, euskararen herriko kide berriak sortzen ari diren lurralde emankorra baizik, etorkizun betekoa. Ikastolez gain, euskaltegiak, musika eta kultur taldeak, hizkuntzari buruzko lanak eta bestelako ekimenak ez dira bitxikeria sinpatikoak. Garatzen ari den errealitate baten aurrean gaude, berezko ezaugarriak dituela. Nor bere erritmoaz eta tonu desberdinak emanez, euskaldun guztiok ari gara koloreztatzen euskararen ortzadarra Nafarroan.
Ezin uka daiteke Iruñerriko euskaldunontzat ezinbesteko erreferentzia dela hemen bertan, herri euskaldunenetan edota EAEko hirietan gertatzen dena. Logikoa da. Baina Erriberari gehiago erreparatuko bagenio, asko irabaziko genuke. Hemen bezala, hango giro konplexuaren klabeez jabetzea ikasbide ona da euskalgintzak toki guztietan aurrera egin dezan. Eta Erriberako euskaldunen gogoaz zipriztintzea bizigarria da: urtean behingo ospakizunak baino haratago doan ezagutzak gure komunitatea aberastuko du eta euskararekin harremana izan duten Erriberako lagunak erakartzeko ahaleginak samurragoak egingo zaizkigu, hona gerturatzen direnean.
Euskarak batzen gaitu eta bere soinuek Nafarroa osoko zeruak zeharkatzen dituzte, kolore guztietako lurren gainean. Gaur, inoiz baino gehiago, herri bera gara.


ZENBAT BURU… Argia ikastola

Duela 18 urte Argia ikastola sortu zenean helburu garbia bilatzen zuten urrats sendo hori ematera ausartu ziren gurasoek: euren seme-alabek euskaraz ikasi ahal izateko zuten legezko eskubidea bermatzea. Euskararekiko maitasuna trasmititu nahi zieten eta horrela, erabiltzearen poderioz, euskara hizkuntza bizia bilakatuko zen ondorengo belaunaldietan. Orduz geroztik dexente aldatu dira gauzak Erribera aldean eta bereziki Tuterako Argia ikastolan. Erriberako hainbat herritatik joandako 200 haur baino gehiagok ikasten dute bertan eta hilaren 20an Nafarroa Oinez festa eginen dute. Horretaz guztiaz solasean aritu gara egun Argia ikastolako zuzendaria den Txusma Azkonarekin.

Noiz eta nola sortu zen Argia ikastola?
1984an, Tuterako Beterri Elkarteko lokala erabiliz sortu zen Argia Ikastola. Hasiera hartan haur txikien taldetxoa 5 haurrekoa zen soilik. Handik urte batzuetara, taldea handitzen ari zela ikustean, gauzak formalizatu (gurasoen kooperatiba sortu, etab.) eta “Vaqueria”-n abiatu zen ibilbide berria. Horren ondoren, 95eko Oinez egin zen, Vaqueria utzi eta Fontellasko Ikastola berria eraiki zen, bertan derrigorrezko hezkuntza ibilbide osoa eskaintzeko asmoz.

Nolakoa da gaur egun ikastolaren egoera? zenbat ikasle eta irakasle dago? nondik joaten dira ikasleak?
Egoera alegala da, eta bide batez zentzurik gabekoa. Batzuetan existitzen gara, eta beste batzuetan ez. Magoak sentitzen gara. Nafarroako Gobernuarekin harremanetan gabiltza gauzak normaliza daitezen, baina euskararekin eta ikastolekin izaten den jarrera nahikoa ezaguna da eta ez da batere erraza.
Gaur egun Erriberako herri gehienetatik datozkigun 230 ikasle inguru ditugu, Haur Hezkuntzan 4 talde (2, 3, 4 eta 5 urtekoak), Lehen Hezkuntzan 6 talde (1. mailatik 6. mailara bitarte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 4 (1. mailatik 4.enera).

Hasieratik eta oztopo guztien gainetik, guraso eta irakasleen inplikazioa funtsezkoa izan da bereziki Erribera aldean, ezta?
Inplikazioa eta ilusioa ezinbestekoak eta nagusi izan dira urte hauetan zehar. Bestalde, nahitaezkoak oztopo guztiak gainditu ahal izateko. Etorkizunean ere hala izanen dela espero dugu.

Urtetik urtera ikasle kopuruak gora egiten duela kontuan hartuta, zuen ikastolatik nola ikusten duzue euskara, hau da euskaldunen etorkizuna, Erribera aldean?
Etorkizuna gurea da. Hau da, jendearen jarrera lehen eta orain (salbuespenak kenduta) ez da berdina, eta urtez urte nabaritzen ari gara. Gurea hazia ereitea da, eta pazientzia izan.

Hilaren 20an Nafarroa Oinez festa ospatuko duzue. Batzuentzat egun pasa soila bilakatu da, zer deritzozue?
Nafarroa Oinez egun pasa izatea, dauden ikuskizun aukerak direla eta, normaltzat har daiteke. Dena den, Erriberak badu beste zentzu bat: Argia Ikastolak Nafarroa eta Euskal Herria behar dituen bezala, Nafarroa eta Euskal Herriak Argia Ikastola behar dute, eta jendea izpiritu horrekin etortzea espero dugu.

Bertan bildutako sosekin zer eginen duzue?
Jasotako sosekin eraikuntza egokitu nahi dugu ditugun beharretara, eta etorkizunari begira handitzean pentsatu ere bai.
Bukatzeko, egunerako animatzea besterik ez, eta urriaren 20an, 21ean, 22an… eta urte osoan zehar, euskararen alde lana egin behar dugula ohartarazi.