Osabideak bilatzen makulurik gabe ibili nahi duten herrenentzat
Bere burua euskalduntzeko erabakia hartu duen orok poz handiak hartzen ditu bidean aurrerapausoak egiten dituenean, baina bestalde badaki zer nolako zailtasunak dauden bidean. Ikasketa prozesua ez da bukatzen ikastetxe eta euskaltegietatik ateratzen garenean; eta euskaraz bizitzeko konpromisoari atxikitzen badiogu, berehala konturatzen gara eremu askotan normaltasunez ibiltzeko arazoak aurkitzen ditugula.
Izan ere, trabarik gabeko ibilera oztopatzen diguten faktoreak ez dira gutxi: gure hizkuntz gabeziak -hauen artean erregistro ez formalak menperatu ezizana-, konplexuak, motibazio ahula, legeria, hizkuntzaren funtzio guztiak garatzeko aukera eskasia…
Eragozpen hauek guztiek batzuetan etsipena sortzen dute hiztunengan. Ikasten dabilenak azkar ikusi nahi ditu emaitzak eta ikasiz jasotzen duena kalean erabiltzerik ez badu, alferrikakoak izan daitezke hasierako motibazio altu batetik sortu ziren ahalegin horiek
Kontziente izan ala ez, arazo eta gabezia hauek saihesteko gure eguneroko bizitzan zenbait baliabide jarri ohi ditugu martxan: ahozko komunikazioari dagokionez, dakigun apurrarekin konformatzen gara maiz -komunikazioaren kalterako-, edo gure esaldiak erdararen esamolde eta egituren laguntzaz osatzen ditugu etengabe, ustezko naturaltasun bat lortzearren. Eta, oro har, gizartean aukera gehien eskaintzen omen digun hizkuntzara jotzen dugu askotan, hizkuntz baten aldeko desoreka honetaz gehiegi kezkatu gabe.
Ez gara ohartzen euskaldun bezala bizitzeko aukerak eta tresnak egon badaudela. Agian gertatzen zaiguna da ez dakigula horiek identifikatzen eta, edozein kasutan ere, identifikatuz gero, baliabide hauen garapena gure esku ez dagoela pentsatu ohi dugu. Baina usteak erdia ustel: esate baterako, edonork igo dezake bere hizkuntz nahikotasun maila, eta denok lagundu dezakegu euskarazko harreman sareak osatzen, gizartean erabilera aukera gehiago egon daitezen. Eta guztioi dagokigu gure ingurukoen motibazioan eragitea.
Horregatik guztiagatik, orain dela egun batzuk hasi zen soziolinguistika ikastaro berrian bidean aurkitzen ditugun oztopook deusezteko tresnak eta baliabideak bilatzeari ekin diogu, ziur baikaude hauek gainditu ezean egonkorrak ez diren makulu deserosoen menpe bizitzen jarraituko dugula, eta honek ez digula autonomoki ibiltzen utziko. Motibazioa, ezagutza eta erabileraren arteko zirkulazio arina ahalbidetzen ez duten tapoiak deuseztea dugu erronka, eta denok har dezakegu parte lan honetan. Ekin diezaiogun lanari.
ZENBAT BURU… Caroline Philips
Kalifornian jaio zen musikari hau Baionara etorri zen 1992an. Kantari izateaz gain -gaur egun Bidaia taldean-, Phillips Internet Consulting multimedia zerbitzuetarako enpresa sortu zuen orain dela bost urte; enpresa honen bidez aholkularitza eta formakuntza eskaintzen ditu. Elkarrizketa honetan, bestelako gaiak ere jorratzeko aukera izan dugu berarekin.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Euskal komunitatea mundu osoan dauden euskaldunek osatzen dutela esan daiteke, eta alde horretatik txikitzen ari dela ikusten dut. Jende askorik ez dago. Euskal Herritik kanpo jende asko dago Euskal Herriari buruzko gaien inguruan interesa agertzen dutenak, baina hauek normalean ez dakite euskaraz edo ez dute ongi menperatzen. Eta Euskal Herri mailan, orokorki, zaila da ikustea nola dagoen euskal komunitatea, zeren komunitate batean azpikomunitate batzuk ere badaude; erantzutea ez da erraza, oso gai orokorra delako.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaen eta elebidunek Euskara erabil dezaten?
Motibazioaren aldetik, nik uste dutjendeak ikusi behar duela euskara oso hizkuntza interesgarria dela; zazpi euskalki ditu, azpieuskalki asko. Ni ohartu naiz hor baduzula lan bat bizitza guztiarentzat. Eta interesgarria izateaz gain, euskal komunitatean parte hartzeko euskaraz jakin behar duzula ikusi behar
da. Ameriketara joaten bazara ingelesa jakitea ezinbestekoa da, hango hizkuntza ingelesa baita; ba, nik uste dut Euskal Herrian berdin gertatzen dela: bertako hizkuntza euskara da.
Zer dela eta zu bezalako ipar amerikar bat euskaldundu?
Niri motibazioa etorri zait senarra Parisen ezagutu nuelako eta Euskal Herrira bizitzera etorri ginelako. Orduan, Euskal Herrian nintzen eta niretzat oso normala zen euskaraz ikastea, Euskal Herriko hizkuntza delako. Bestalde, nire senarraren lagun guztiak euskaldunak ziren, orduan bi aukera besterik ez ziren gelditzen haiekin komunikatzeko: edo ingelesez edo euskaraz. Horregatik, normaltasunez ikusi mien euskara ikastearena. Nik, adibidez, ez dakit gaztelaniaz.
Internet zalea omen zara, eta gainera zure ogibidea ere bada. Euskaldunontzat garrantzitsua ote da Internet? Zergatik?
Internet bezalako tresna bat oso garrantzitsua da hizkuntza komunitate batentzat. Internet, oro har, suerte handi bat da komunikatzeko, xantza handi bat da, eta gure bizitza errazten du. Euskal Herrian berdin gertatzen da; nik pentsatzen dut euskal komunitatearentzat ere tresna garrantzitsuenetariko bat izan dela azken lauzpabost urte hauetan.
Zer egin behar dugu, jendeak orain arte izan duen abesteko zaletasuna ez galtzeko?
Abesteko zaletasuna aipatzen duzu baina entzuteko ohitura ere aldatzen ari da: guk iaz, eta orain urte batzuk, bataz beste 40 kontzertu edo egiten genituen.
Aurten berriz, 15 inguru egingo ditugu. Ez dakit zer gertatzen den, baina badirudi jendea ez dela kontzertuetara joaten. Bestalde, egia da etxeetan, tabernetan, lehen zegoen abesteko zaletasun hori pixka bat galtzen hasia dela. Gaurko moda bakarka egotearena omen da. Gero, jendearen arazoak ere kontuan hartzekoak dira: jendeak ez du horrenbeste dirurik, langabezia handia da Euskal Herrian, eta jende asko etxean geratzen da.
SOZIOLINGUISTIKA.
Ordezkapen linguistikoa versus hizkuntzen ekologia
HIZKUNTZEN EBOLUZIOA
Hizkuntzek izaki bizidunen moduan funtzionatzen dute: nahi edo ez nahi eta etengabe aldatzen dira. “Espezieen eboluzioaren legeek baldintzatuko balituzte bezala, hizkuntzak behar komunikatibo berrietara egokitzen dira. Naturak aldaketak sortzen ditu eta egokiak gertatzen direnak nagusitzen dira denboraren poderioz. Hizkuntzen kasuan aldaketa azkarragoa da, behar komunikatiboek bultzatuta, hiztunek bide berriak sortzen baitituzte.Aldaketak ugaritzen direnean dialektoak sortzen dira. Aldaketa dialektologikoa beti graduala eta motela da eta hiztunak ia ez dira ohartzen. Mendeetako perspektibak, ordea, ez du zalantza izpirik uzten: gaurko hiztun erromanikoek ez lukete ahozko latin klasikoa ulertuko.
ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA
Nolanahi ere, ez dira horiek hizkuntzen munduan gertatzen diren aldaketa bakarrak. Gizakia gainerako espezien eboluzioa baldintzatzeko “gaitasuna” erakutsi du. Hizkuntzen kasuan ere,”hizkuntz ekologia” hausteko gaitasun ukaezina dauka,ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA munduan zehar zabaldutako fenomeno azkarra eta bortitza baita: hizkuntza batzuk hedatzen dira beste batzuk desagerraraziz. Txepetxek honako urrats hauek finkatu zituen ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA azaltzeko:
- FUNTZIO LINGUISTIKOAK GALDU. Hiztunek ezin dituzte bere hizkuntzaz eguneroko zeregin guztiak egin, horietako batzuk kanpoko hizkuntzak bereganatu baititu.
- ALDEBAKARREKO ELEBITASUN SOZIALA. Hizkuntza eguneroko eginkizunak bideratzeko (lana, eskola, medikua…)”nahikoa” ez denean, beste hizkuntza ikasten da, izan ere, eginkizunak, egin, egiten dira, hizkuntza batean edo bestean.Funtzio defizitak eraginda, bertako hiztunak elebidundu egiten dira, ez besteak. Elebiduntzea norabide bakarrekoa izaten da.
- GUTXIAGOTASUN KONPLEXUA. Gertatzen zaion prozesua perspektibaz ikusteko ezintasunean, hiztunak gizarte funtzioak garatzeko duen ezintasun pertsonalaren errua hizkuntzari egozten dio. Gehienetan belaunaldien arteko hizkuntza jarraipena ahultzen da.
- HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN DESEGITURAKETA. Bertako hiztunak bigarren hizkuntzaz bizi den komunitateko kanpoalde bihurtzen dira, beraien komunitatea desegituratuz.
- LEGEAREN ALDETIKO DISKRIMINAZIOA.Legeak egoera gutxiagotua normaltzat eta “legaltzat” jotzen du.Norabidea aldatzen ez bada ( hots; normalizazio bideari ez bazaio ekiten), azken urratsa hizkuntza eta komunitate gutxiagotuaren heriotza da.
- HIZKUNTZEN EKOLOGIAri buruzko diskurtsoa zabaldu behar da, espezie biologiko guztiak bezalaxe, hizkuntza guztiak ere gizakion ondaretzat har daitezen. Kasu honetan ere, “multinazionalak” (hots: nazioarteko funtzioa duten hizkuntzak eta atzean dituzten komunitate linguistikoak eta interes ekonomikoak) dira oztopo nagusiak, errentagarritasuna gizaki guztion ondarearen gainetik jartzen baitute.
Iturria: Jazten, 1. zkia, AED, “Un futuro para nuestro pasado” liburuaren aurkezpena.