Bazterketa guztien aurretik eta itxura guztien gainetik


Europa osoan ospatzen ari den Hizkuntzen Urte honetan argitaratutako foru dekretua eta beste xedapen legalak egin dituztenen asmoa euskara esparru pribatura mugatzea da, hau da, esparru publikotik desagerraraztea, hizkuntza minorizatuen berreskurapen prozesuetan esparru publikoko erabilera ziurtatzea funtsezkoa dela badakitelako. Hizkuntzak eremu pribatuan iraun dezake euskara horren lekukoa da baina ez betirako. Dena den, ez dezagun ahaztu egoera hau ez dela berria: aurreko garaiak ere ez ziren batere samurrak izan. Aspaldikoak ditugu, adibidez, batuari egindako kritika barregarriak, badakitelako esparru publikoa eskuratzeko hizkuntza guztiek behar dutela bere batua, bere estandarra. Euskal komunitateari dagokionez, zer egiten dugun ongi eta zer egiten dugun gaizki beti galdetu behar diogu geure buruari, ez honelako erasoen aurrean bakarrik. Eta kasu honetan, besteetan bezala,eraso/erantzun dinamika horretan geratzea oso kaltegarria izango litzateke, are gehiago gure lanaren ebaluazioa bakarrik honelakoetan egiten badugu. Gure jardunak iraunkortasuna behar du: erasoak aspalditik datoz, eta xedapen horiek euskaldunen aurkako estrategia luze eta handiago baten zati bat baino ez dira (Unibertsitate Publikoa, subentzioak, aldaketak D ereduan, “iritzi” artikuluen zaparrada…).Euskalgintzan gabiltzanok gauzak gero eta hobeki egiten saiatzen ari gara, eta lorpenak ere badaude, dudarik gabe(bestela ez ziren ezta dekretu berriak idazten ere kezkatuko)baina ditugun gabeziak eta arazoak ez dira txikiak.Bestalde, euskararen kontsigna hartuta erdaraz lasai asko bizi direnen “euskaltzaletasun” hutsalak ezin dio aurre egin halako egoerari. Gainera, nahi gabe ere, argudioak ematen dizkie arau baztertzaileak ezartzen dituztenei. Tamalez,kontraesan horretan murgilduta dabiltzanak ez dira gutxi gure inguruan: pertsona askoren kasuan, euskara ez da euren baitakoa, zaindu beharreko erreferentzia maitagarria baizik, eta maite omen duten objektuari eraso egiten diotela ikusten dutenean, kexu agertzen dira denboraldi batez.Baina azaleko kezka honek ez du eraginik izaten lagun hauen egunerokotasunean, eta, sakon aztertzera, ez dira ohartzen geu garela erasotuak: benetan kolokan jartzen dutena hiztunon eta hiritar guztion izaera eta nahi dugun moduan (euskaldun) bizitzeko eskubidea eta borondatea dela. Hala ere, ez da harritzekoa azken erasoaldi honek askorengan sorrarazi duen sumindura. Haserre hori lan iraunkor eta eraldatzaile bilakatzen saiatu behar genuke,ordea. Azken finean, legeriaren gizarte eta hizkuntz ondorioei aurre egiteko har dezakegun jokabide hoberena, indarrak batu, itxurak egiteari utzi eta gure bizimodua aldarrikatu nahi ditugun jarrerekin uztartzea baita: euskaldungoaren biziraupena segurtatzeko engaiamendu sozial zabalaren beharrean gaude oraindik ere, eta garen eta izan nahi dugunaren aldeko aukera kontzientearen bidea da horretara eramango gaituena. Aurrera begira, eremu publikoa eta pribatua, biak, landu behar ditugu. Zailtasunak zailtasun, euskaldunok euskara plazara, bizitza modernoaren esparru guztietara eraman behar dugu. Ahaztu gabe plazara zerbait eraman ahal izateko euskara hiztun bakoitzarengan nahikotasunez garatu behar dela, hau da, norberak euskara eta euskal kultura landu behar dituela. Eta elkarlana eta taldeen arteko koordinazioa ere ezinbestekoa da, gure bitarteko guztiei etekin handiena atera diezaiegun. Hil honetan hasiko den Korrikaren lekukoa geure baitan datza: bizitza osorako konpromisoa dugu eta gure esku dago berari eustea.



ZENBAT BURU… Koldo Izagirre

Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, baina ez egungo egoerak eraginda: nik esanen nuke euskaldungoa oso lasai bizi izan dela zenbait sektoretan nolabaiteko instituzionalizazio bati esker, eta hain lasai ze bere eskubideen ukoa egin baitu. ETB aldatzeko gai ez den komunitate bat, adibidez, komunitate ahuldua da. UPV-EHU bat da horren ispilu, esaterako: euskarari langa, irakasleen gatazka usteltzera utzi, Protecsa kanpusean, eta gero Goiriena, errektore ohia, Sanzen aginduetara. Estatutismoaren ondorioak dira, noski, baina baita kulturan indignazio ahalmena galdu duen komunitate baten errua da.

Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara erabil dezaten?
Ikasi? Ikasiz betea dago nire ingurua! Dakien mordoa dago, EGA ere badaukana, eta euskalduna ez dena. Listo aunitz kolatu zaizkie euskaldunei… baina itxura gordetzeko behar ziren. Burgesia nazionalik ez daukagu, alegia, gure burgesia ez da euskaldun edo euskal herritarra, regionalista da, folklorista. Burgesi garaitu ezean horrela ibiliko gara beti. Beraz, badaukagu puska baterako.

Nafarroan eta Iparraldean sortzen denaz enteratzen al zarete Autonomia Erkidegoan?
Zuk uste duzu Bilbao enteratzen dela gipuzkoarronaz? Zuk uste duzu Gasteiz (bere adiera osoan) enteratzen dela bermeotarrenaz? Ez, eta Donostia ere ez da enteratzen Pier Pau Berzaizen diskaz edo Lukuren antzerkiaz edo Olasagarreren poemez. Hori aitorturik, non dago bizitza kultural minimo bat, euskaraz? Gipuzkozentrismoarena egia izanen da, baina etsaia ez gara gu, edo ez al zarete oraindik ohartu? Sentitzen dut, baina “gu” prest gaude zuei laguntzeko Sanzen kontra. Baina “zuek” lagundu beharko diguzue ETB aldatzen, besteak beste.

Zergatik da horren zaila Euskal Herrian literaturatik bizitzea? Irakurle kopuruagatik? Produkzio txarra?
Euskalerrian, galdetzen didazu? Baina nor arraio bizi da ordea munduan literaturatik? Zenbat dira Frantzian literaturatik bizi direnak? Eta musikatik? “Literaturatik” bizi direnak oso gutxi dira munduan, eta editoreak hobeto idazleak baino. Beste kontu bat da “idaztetik” bizitzea. Eta jende mordo bat bizi da Euskal Herrian “idaztetik”. Baina, noski, horietatik gutxi bizi dira “idazten”. Idazleek, historikoki, printzeendako idatzi izan dute, edo Elizrendako, soldatapekoak izan dira. Orain ere antzekoa da, unibertsitateetan emandako hitzaldi eta ikastaldietatik, aldizkarietarako enkarguetatik… inor gutxi bizi da bere fikzio lanen salmenteetatik, eta horietatik bakarrik bizi direnak, oro har, ez dira idazleak, kazetariak eta subliteratura egin dutenak baizik.

Zinema Euskaraz ikusi ahal izateko, zer egin behar da? Zer iruditzen zaizu Katalunian saiatzen ari diren kuoten bidea?
Kuota ezartzeko ahalmena daukate han, burgesia katalanista bat daukatelako. Hemen ezin du hori burgesiak ezarri, ez dauka kemenik, eta beti dago Madrilera begira. Zer esan du Eusko Ikaskuntzak historiaren erreforma dela eta? Deus ez. Eta Euskaltzaindiak? Zinema euskaraz ikusi… betikoan gaude, gure administratiboki konpondu nahian, et gu “ikusle”, pasibo alegia. Hori baino garrantzitsuagoa da zinema euskaraz “egitea”. Zinema euskaraz egiten zen lehen, 1980aren aurretik. Gero estatutuak bideratu zuen zinemagile probintziano unibertsal usteko bat erdaraz, txapuzaz eta pufoz betea. Eta hor izen-abizen konkretuak daude, kulpante.


SOZIOLINGUISTIKA.
Hizkuntza komunitatea eta berdintasun printzipioa


Soziolinguistikak HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN KONTZEPTUA proposatzen du HIZKUNTZA KONTZEPTUAREN ORDEZKOTZAT. Lehentasuna ematen dio jendeari (erabiltzaileei) hizkuntzaren (kodearen) gainetik. Soziolinguistikaren ikuspuntutik, galera eta berreskurapen prozesuak komunitateek jasaten dituzte, ez hizkuntzek; hots, “egoera” euskaldunona da, ez euskararena. Ikuspuntu horrek, hizkuntza komunitatearen garrantzia azpimarratzeaz gain, ERALDAKETA PROZESUEN PROTAGONISMOA ERABILTZAILEEI ematen die.
Hizkuntza komunitatea HIZKUNTZA BERA ERABILTZEN DUEN GIZA TALDEA da. Hori da definiziorik errazena eta argiena. Hizkuntza komunitatearen kontzeptuan, dena den, elkarren arteko harreman linguistikoez gain gauza gehiago sartzen dira: jarrera linguistikoak (beren buru, gainerako hiztun eta beste komunitatetako hiztunei buruzkoak), erabilera arauak (komunikazio egokitasuna zehazten duten arau sozialak) eta integrazio sinbolikoa (atxikimendu eta leialtasun sentimendu integratzaileak edota taldetik ihes egiteko sentimenduak).

Hizkuntza komunitatearen kontzeptua EZ DAGO INONGO IRIZPIDE KUANTITATIBOAREN MENPE. Hizkuntza komunitatea izateak bi hiztun badirela esan nahi du, besterik gabe. Komunitate linguistiko guztiak berdinak dira, hobeki esanda, berdintasun printzipioan oinarritu behar dira. Handiek biziraupena ziurtatzen dieten baliabideak nahikotasunez erabiltzeko eskubidea baldin badute (hezkuntza sistema, komunikabideak, ekoizpen kulturala…) hiztun gutxikoek ere bai. Gure gizartean, aldiz, kantitatearen konplexua nagusitzen da askotan eta eskubideak “handien” esklusibatzat jotzen dira.

MINORIZAZIO PROZESUETAN hizkuntza komunitateak deuseztatzen dira. HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN BERAREN IZATEA UKATZEN DA. Horrela, gizartearen analisia hizkuntza aldagaitzat hartu gabe egitea gerta daiteke; edo, beste adibide bat: komunitate linguistikoaren kontzeptua interes partikularrek asmatutako ente abstraktu funtsik gabekoa dela entzun daiteke. Hori guztia komunitate desegituratuen kasuan, noski. Nor ausartzen da frantsesez, alemanez edo gaztelaniaz mintzo diren komunitateen indarra eta izaera ukatzera?. Txepetxek oso irudi erabilgarria sortu zuen hizkuntza komunitate egituratuaren ideia azaltzeko: Komunitate egituratu baten irudia Komunitatea egituratuta dago hiztun osoak (AB eta BA) gunean kokatzen direnean, komunitatearen GUNE SINBOLIKOA osatuz. Osatu gabeko hiztunak (A eta B) inguruan kokatzen dira eta, guneak erakar indar nahikoa badauka, osatuko dira, bakoitzari falta zaion gaitasuna eskuratuz. Periferian hizkuntza oraindik ikasi ez dutenak daude. Osagaiak horrela kokatuta, komunitatea barnetik kanporantz hazten da periferiakoak erakarriz. Gune sinbolikoa ahultzen bada, ordea, hizkuntza komunitatea desegituratuko da , desagertzeko arriskuan egonik.

Hizkuntza komunitatearen kontzeptuari buruz gehiago irakurri nahi baduzu, atal honetan azaldu ditugun ideia nagusien iturria diren bi liburu interesgarri hauek kontsultatu ditzakezu:
* Molla T. Eta Viana A. “La comunitat linguistica” Curs de Sociolinguistica 2, 9-39. orr., Alzira, Bromera, 1989. (Jatorrizkoa katalanez dago, euskarazko itzulpena: lokin Zaitegi itzulpen laburren III. Sariketa, AED, Arrasate) * Sanchez Carrion, J.M. Un future para nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoria social de las Lenguas., Donostia, 1987.