Karrikiri, zer ez da?


Berrogeita bi zenbakitan zehar, hainbat kontu, ideia eta jarrera helarazi nahi izan dizuegu, ahalik eta garbien, ahalik eta laburren ere; gehienetan gai bati edo besten buruzko gure ideia edo jarrera agertzeko. Baina ia inoiz ez dugu adierazi Karrikiri zer ez den, eta, estreinatzen dugun urtean, bazterretan ohitura izaten den bezalatsu, traste zaharrak etxeko zokoetatik kentzeko sasoia-edo, izan daitezkeen iritzi oker edo uste faltsuak haizatzen hastea otu zaigu guri ere.
Lehenik eta behin, Karrikiri ez da toki itxi bat, irla bat, non jende gutxi edo aukeratua soilik sar daitekeen; ez luke zentzurik izanen, jadanik dakizuen bezala, komunitate oso baten zerbitzutan ari nahi dugu behintzat. Bigarrenez, ez du “euskararen aldeko beste talde bat” izan nahi; ez behintzat, beste taldek jorratutako bideak berriro egin edo haien lanak errepikatzeko.
Ez inoren lekuan sartu nahi, jadanik dagiten lana alferrik bikoizteko. Ez ditugu orain arte jorratutako bideak errepikatu nahi.
Karrikiri ez da negar egiteko tokia, ez eta euskararengatik ez zenbat sufritzen dugun elkarri esateko hormatzarra, edo hizkuntzaren salbazioaren alde otoitz egitekoa ere. Ez da aldarrikapen gune, ez harrokeria zoko, ez dugu ezinezkotan bihotz-gorputzak nekarazteko zelaia.
Ez genuen sortu, bestalde, lagun taldea izateko, ez soilik hainbat euskaldunek euskaraz, mintzatzeko edota harreman adiskidetsuak izateko tokitxoa, nahiz eta lanean gustura aritzeko goxo eta lagunkor denok izatea behar-beharrezkoa dugun._ Ez, bestela ere, Karrikiri inoren grina partikularrak asetzeko probaleku, edo proiektu garaitezinetan isurtegi.
Karrikiri ez da enpresa bat, dirua edozein ekimen aitzina eramateko zein den beharrezko dakigun arren, gure negozioa ez da etekin ekonomiko hutsa sortzea. Ez da diru biltegia, indarra ez baitugu sos handiez erakutsiko.
Karrikiri ez da, azkenik, laborategi bat, non euskaldunon arazoak teknika findu bati esker konponduko diren, ahalegin txikia eginda, edo elite baten bilgunea, jakintsu saldo bat abstrakziotan ibiltzekoa.
Karrikiri ez da deskribatu ditugun horietarik ezer. Hala uste bazenuen, oker zinen, edo gu oker. Alabaina, hurrengo zenbakian gure aldetik gauzak zertan diren edo izan behar duten azaltzen saiatuko gara. Laster arte.