Karrikiri aurki .eus

Aldez aurretik, eskerrik asko pasa den urtarrilean Karrikadantzara hurbildu zineten guztioi. Zentral Kafe Antzokia bete genuen. Gutxiago falta da otsailekoa ospatzeko, hilabeteko hirugarren larunbatean, hau da, hilaren 21an, han elkar ikusiko dugu!! Eta azoka garaia iritsi zaigu berriz ere. Otsaileko azkeneko ostiral eta larunbatean (otsailak 27-28) Berriozarko kontserbatorioan emanen diogu hasiera, bertan Euskal Herriko Pikler-Lóczy Elkarteak egun horietan zehar bere topaketak izanen baititu. Karrika berri papera honetan Txusma Azkonari, Euskal Herriko Pikler-Lóczy Elkarteko lehendakaria denari egindako elkarrizketaren zati bat duzu eta web orrian elkarrizketa osoa irakur dezakezu. Gure denda mugikorra motorrak berotzera doa! Urtarrileko beherapenetara hurbildu zinen? Oraindik ere baditugu zenbait gauza prezio berezietan salgai!! Zatoz, zatoz!! Beti bezala, gure zerbitzuak martxan ditugu. Pisu bila zabiltza? Eman izena gure pisukide zerbitzuan. Lan bila zaude? Edo, zure kasuan, langile euskalduna behar duzu? Jar zaitez harremanetan gurekin www.karrikiri.org/zerbitzuak edo 948 225 845 telefonoaren bidez eta eman izena. Baina, zure nahia Iruñerrian izanen diren ekitaldi guztien berri jasotzea baldin bada, informazio guztia gure webguneko agendatik har dezakezu, edo bestela, Twitter eta Facebook sareak jarraituz. Karrikiriko web orriari haize berria emanen diogu… Aurki www.karrikiri.org domeinua erabiltzeari utziko diogu eta www.karrikiri.eus izatera pasako da. Berrio onak ezta?? Ongi izan!!!


Lorea Agirre . ‘Jakin’ aldizkariko zuzendaria. 2015-01-07 / Juan Luis Zabala (Berria) Elkarrizketa moldatua

Euskal kulturaren munduko hamalau lagun ezagunek osatzen duten taldea gidatuz, maiatzaz geroztik ari da Lorea Agirre ‘Jakin’ aldizkaria zuzentzen.

Une honetan proposamen interesgarrienak euskaraz sortuak dira Nik uste dut neurri handi batean hala dela. Esango nuke euskarak zentralitatea duen kultura —zentzu zabalean, ez bakarrik kulturgintza, oro har baizik— modernoa dela, garaikidea; antidogmatikoa dela, bere buruaren kritika egiten duela eta bere burua eztabaidan jartzen duela; eta irekia dela eta prest dagoela eztabaidarako, betiere eztabaida eztabaida denean, eta ez iraina. Nik horrela ikusten dut euskal kultura, eta nik gustuko ditudan sortzaileengan —eta asko dira— jarrera hori argia da. Bai kazetaritzan, bai sorkuntzan, bai pentsamenduan…

Saiatuta ere nekez kentzen du, hala ere, euskal kulturak zaharkitu, dogmatiko eta itxiaren fama. Ez bakarrik gure hizkuntzakoak ez direnek; baita gure hizkuntzakoak direnek ere askotan ikusi gaituzte itxi eta dogmatiko. Beste asko baino irekiagoak garela esango nuke, kontuan hartuta herri honetan dogmatismo asko egon dela eta oraindik ere badagoela. Txikitasunaren ajeak dira uste ustel horiek. Beti ibili behar duzu esplikatzen ez zarela itxia, ez zarela sektarioa, ez zarela esentzialista. Baita lagunei ere. Horrek asko kezkatzen nau. Pasatzen dira urteak, etortzen dira belaunaldi berriak, eta jende prestatua entzuten duzu, ikasketa guztiak euskaraz egindakoa, eta oraindik ere aje horiek barru-barruan ditugula konturatzen zara. Asko kezkatzen nau horrek. 25 urteko ikasle bati «euskal kultura euskaraz zuk egiten duzuna da!» azaldu beharrak. Kontrara, txikitasunaren bertutea ere bada zeure burua beti zalantzan jartzea eta hobetzea. Hegemonian dagoenak ez du horren beharrik.

Talde berriarekiko eta Jakin-en etorkizunarekiko konfiantza agertu du beti Joan Mari Torrealdaik, aurreko zuzendariak. Baina kezka bat ere erakutsi du: «Problema da gure herriak benetan nahi duen etorkizun propio bat. Benetako apusturik ez badago, jai dugu guk eta jai dute kulturaren munduko beste organo askok». Badago norbait bestaldean, hori espero duena, hori nahi duena? Badago nahikoa jende hori sostengatuko duena? Beharbada bi alde ditu kezka horrek. Bata da esatea, amorrutik edo, ea benetan nahi dugun euskal kultura aurrera ateratzea, gure ondorengoei euskal ekosistema kultura ahalik eta burujabeena ematea. Edo benetan ez dugu nahi? Azken berrogei urteetan gauza asko aurreratu da, eremu batzuetan bereziki, beste batzuetan ez hainbeste, baina beti dago hor nahi eta ezin bat. Beste alde batetik, gauzak ondo egin izanaren emaitza ere badago, hobeto egiteko nahiarekin batera. Uste dut azken 30 urteetan sortzaile, produktore, hedabide, eta abarren artetik elikagaiak sortzen lan handia egin dela, asko sortzen dela, ona sortzen dela, Euskal Herrian une honetan, salbuespenak salbuespen, libururik onenak edo kazetaritza lan txukunenak edo musika proposamen interesgarrienak, eremu batzuetan bereziki, euskaraz sortutakoak direla. Indarra hor jarri da, baina beharbada indarra ez da jarri bestaldean, hartzailearengana iristeko bideetan.

Eta jarri beharko da aurrerantzean, zure ustez? Beharbada unea da erronka bat jotzeko eta horretaz arduratzeko. Gaur egun aldizkari bat errazago egiten dugu. Teknologikoki errazagoa da, idazteko ere jende gehiago daukagu, pentsatzen, proposamen berriak egiten… Baina aldi berean gero produktua iritsi behar duen eremu hori da, batetik, merkatu basati bat, kaos bat, baina aldi berean oso kaos organizatua, hor erreka nagusi bat baitago, eta erreka nagusi hori neurri handi batean bahitua dago, gure kontsumoan, mainstream edo deitzen den horrek bahitua. Erdigune horretan batez ere hizkuntza hegemoniko eta handietan sortzen den kultura dago, kultura komertzial —hitzaren zentzurik txarrenean—, banal eta eskasena. Hori da lotan gaudenean ere sartzen zaiguna, eta hori da bahitutako merkatu hori. Hizkuntza hegemoniko horietan egiten den bestelako kulturak ere —independentea, proposamen berrietan oinarritua— oso zaila du bidea egitea. Bila zoaz edo ez dituzu harrapatzen. Eta hizkuntza ez hegemonikoetan, zer esango dizut… Une honetan, ikusgarritasuna lortzea oso zaila da. Estrategiak pentsatu eta abian jarri behar dira euskal ekosisteman sortzen dena hartzaile potentzialaren begien aurrean jartzeko. Gero gustatuko zaio edo ez, baina gutxienez begien aurrean jarri. Horretarako ezinbestekoa da elkarlana, baina, sektoreetako eragileen artean ez ezik, baita herri ekimenen eta erakunde publikoen artean ere.

Zer egin daiteke egoera horri aurre egiteko? Hizkuntza hegemonikoetako kulturen ohiko bideak hor dira: hezkuntza kultur transmisio gune bihurtu, hedabideak sozializazio eta bisibilizazio tresna indartsu, parte hartzea sustatu eta partaidetza landu, erabakiguneak eremu publikora ekarri; jakintza, sorkuntza, gozamena eta kontzientzia partekatu… Horretarako bideak jarri daitezke eta jarri egin behar dira.


 

Txusma Azkona. Pikler-Lóczy elkarteko zuzendaria

Otsailaren 27 eta 28an, Berriozarko kontserbatorioan, Euskal Herriko Pikler-Lóczy elkarteak topaketak antolatu ditu «Estimulatu ala akonpainatu egiten dugu?» izenburupean. Txusma Azkonarekin hitz egin dugu. Elkarteko lehendakaria da, eta Lizarrako Arieta Haur Eskolako zuzendaria.

Gainontzeko Haur Eskoletan lan egiteko modu hau erabiltzen da? Aitzindariak zarete? Badira eskolak beren osotasunean ildo honetan lanean ari direnak, eta beste kasu batzuetan, hezitzaileek egiten dute lana. Hemen ez da aitzindaritza bilatzen. Aldiz, esperientziak elkar ezagutzea dugu helburu: egunerokotasunean sortzen zaizkigun zalantza edo zailtasunak konpartituz, errazago egiten zaigu geure zalantza eta zailtasunak gainditzea. Beti ere, Emi Piklerrek egin digun ekarpenetik, noski, baina norberaren ezaugarri eta ingurunera egokituz.

Metodo integrala da ala zatika erabil daiteke? Ez da metodoa. Hau garbi utzi behar dugun kontua da. Ez da zerbait itxia, non hau eginez ondorio zehatz batzuk lor daitezkeen. Agian, aurkakoa. Behaketa eta hausnarketaren bidetik, gure jarrerak aztertu eta hobetzen saiatuko gara. Horrek haurrengan eragina izanen du, baita familiengan ere.

Estimulatu ala akonpainatu egiten dugu? Hori da Berriozarko jardunaldien izenburua: Estimulazioa oso «modan» dagoen hitza dugu. Haurra estimulatu behar omen dugu, berak, haurrak, bere kabuz jolastu, ikasi,… estimulatzen jakingo ez balu bezala. Piklerren ekarpen nagusienetarikoa horixe izan daiteke: haurrak bere kabuz mugimendu prozesu guztiak egin ahal dituela, eta ondorioz, ez dagoela zertan estimulatu edo interbentzio berezirik egin behar. Haurraren gaitasunetan sinetsi eta konfiatu behar dugu. Noemi Beneito kontu hauetan benetako aditua da, eskarmentu handikoa, eta ohorea da guretzat bertara etorri nahi izatea.

Amerikatik Berriozar, Donostia eta Bilbora… Gure bidez etorriko da eta leku hauetan antolatu dira jardunaldiak. Bisita hau jakinda, Kataluniatik gurekin jarri dira harremanetan ea bidaia aprobetxatu eta bertara joan ote daitekeen…

Deialdi irekia al da? Nora jo izena emateko? Bai, deialdia irekia da eta interesa duen ororentzat interesgarria. Ez da soilik 0-3ko hezitzaileentzat. Hainbat espezialistak ere interesa izan dezakete: bertze mailetako hezitzaile, psikomotrizistak, terapeutak, e.a Izena emateko eh@piklerloczy.com helbidera korreoa bidali eta informazioa jasoko du.