Euskaldunon hizkuntza komunitatea
Gizartea aztertzeko irizpide asko erabili ohi dira: adina, maila sozio-ekonomikoa, lanbidea, generoa… Hizkuntza, ordea, edozein giza ekintza egiteko erabiltzen dugun tresna izan arren, edo horrexegatik, hain zuzen, askotan ahaztuta, gelditzen da hizkuntza bat ala beste erabiltzea kategoria sozial nahikorik izanen ez balitz
bezala.
Historia, irabazleek idazten dutela maiz aipatu ohi da. Hizkuntza komunitateen arteko harremanen historia ere, komunitate handiek idazten dutela esan dezakegu. Agian horrexegatik, hizkuntza oso gutxitan agertzen zaigu pertsonen eta taldeen ezaugarri garrantzitsutzat. Hizkuntza handia dutenek hizkuntza aniztasuna ukatzen dute, nahiz eta ekologiak aldarrikatzen duen aniztasun biologikoa inork zalantzan jarri ez.
Hizkuntza minorizatu baten hiztunok jakin badakigu, aldiz, zein ezberdina den hizkuntza normalizatu batez edo hizkuntza minorizatu batez bizi nahi izatea. Guretzat, bai, hizkuntza ezaugarri egokia da gizartea aztertzerakoan. Hau da, euskaldunontzat euskaraz jakitea ezaugarri ezinbestekoa da euskal komunitateko partaide izateko. Komunitateko zenbait partaideren jarrerak, hizkuntza erabiltzea ala ez, horiek denak eztabaidarako baina ikerketa gehiegirik gabe, badakigu berezko komunitatea osatzen dugula, Bloomfield hizkuntzalari famatuak esan zuen bezala hizkuntza komunitatea hizkuntza bera erabiltzen duen giza taldea baita.
Gure hizkuntz-komunitatearen historia ez da xamurra izan, aurrera begira ere lan handia egin beharko dugu. Hala ere, Iruñean, Euskal Herriko beste leku askotan bezala, euskal hiztunek KARRIKIRIn badaukagu non elkartu eta non lan egin gure komunitatea indartzeko.