Nafarroako Gobernuak berriro ukatu dio lizentzia Euskalerria irratiari. Foru Gobernuak beste behin debekatu dio Iruñerriko euskal komunitateari euskara hutsean aritzen den irrati bakarra legalitatearen baitan entzuteko aukera, baina euren baimenarekin edo gabe entzuten eta sostengatzen jarraituko dugu, azken 25 urteotan egin dugun moduan. Hori dela eta, Karrikiri Euskaldunon Topaguneak irratiarekin duen akordioari tinko eusteaz gain, harekin elkarlanean jarraituko du etorkizunean ere. Eta, beraz, gure dendatik pasa eta erosketa eginez gero, Euskalerria irratiko bazkide baldin bazarete, erosketen zati bat hari emateko aukera izanen duzue. Eta horretaz gain, irratia laguntzeko bonoak ere salgai izanen dira gurean. Gora sinergiak!! Euskalerria irratia gure baimenarekin!!!

Bestalde, aurreko Karrikako elkarrizketa atalean ikusiko zenuten moduan, otsailean eman zitzaion hasiera Nafarroako Bertsolari Txapelketari eta hilabete osoan zehar kanporaketak jokatu ondoren, martxoaren 23an jokatuko da final handia Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Karrikiriko lagunak bertan izanen gara gure denda mugikorrarekin bertsolaritzarekin lotutako hainbat liburu, disko eta bestelako produktuak salgai jartzeko. Eta betiko moduan, salmentetatik ateratako etekinak elkarteak bideratzen dituen zerbitzuak laguntzeko izanen dira. Bertan ikusiko al dugu elkar?

Eta Nafarroako Bertsolaritzaren festa handiarekin batera, IKA euskaltegiak azken hilabeteotan bideratutako “Milaka argi” kanpainaren amaiera martxoan izanen da. Vascuencearen legearen gainetik, Nafarroan diren Euskal hiztunen mapa ezagutarazi nahi izan du eta haren euskaltegiendako sosak bildu ditu IKAk. Eta, modu berean, AEKk bi urtean behin antolatzen duen Korrikaren beste edizio bat martxoan abiatuko da eta Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan barna ibiliko da. “Eman Euskara elkarri” leloa duen Korrikaren 18. edizioa hilaren 14an irtengo da Andoaindik eta 24an iritsiko da Baionara. Adi egon, izan ere Iruñera hilaren 15ean helduko baita.

Azkenik, Karrisolasari dagokionez, martxoko hitzordua hilaren 20an izanen da, Bat soziolinguistika aldizkarian argitaratutako Iker Martínez de Lagosen “Ziklo berri baterako GPS-a” artikulua hizpide hartuko dugularik. Hitzordua 19:00etan izanen da Karrikiriren dendan eta ateak zabalik izanen dira gerturatu nahi duzuen guztiontzat. Gogoratu jorratuko dugun artikulu hori lehentxeago irakurri nahi izanez gero, gure web orrian www.karrikiri.org aurkituko duzuela. Ongi etorri!!


Maren Aranburo

 Maren Aranburo
Sormen tailerrak. Sukaldaritza

Iruñeko Udalak antolatutako Sormen Tailerrek bere 24. edizioa bete dute aurten eta, eskaintzen diren saioen artean, nazioarteko sukaldaritzari dagokiona da arrakastatsuenetako bat, duela hainbat urtetik. Euskara eta bestelako jakintzak ikastea eta praktikan jartzea da xede nagusia. Maren Aranburo gaztea da nazioarteko sukaldaritzako irakaslea.

Noiztik zara sukaldari?
Gogoratzen dudanagatik, etxean nire amarekin betidanik egon naiz sukaldean sartuta. Batxilergoa bukatu ondoren, ez neukan oso garbi zer egingo nuen nire bizitzarekin eta jakin nuenean Burlatan sukaldaritza eskola bat zegoela, erabaki nuen errestaurazioa ikasi nahi nuela, Lanbide heziketa. Ikasten ari nintzela, Don Pablo eta Rodero jatetxeetan lan egin nuen zerbitzari eta sukaldari. Urte eta erdiz aritu nintzen egunero ia 13 orduz lan egiten, baina nekatu eta sukaldaritza profesionala utzi nuen. Ondoren informatika ikasten hasi nintzen.

Nola hasi zinen sukaldaritza ikastaroan lanean?
2011ko azaroan. Momentu horretan langabezian nengoen eta nire amaren lagun batek esan zigun sukaldari euskaldun bat bilatzen ari zirela ikastaro horretan aritzeko, eta nitaz gogoratu zen. Oso ideia ona iruditu zitzaidan eta harrezkero horretan nabil, jada nire bigarren ikastaroaren erdian.

Sormen tailerren baitan aspalditik dagoen ikastaroa da eta sekulako arrakasta lortu du, ezta? Zergatik?

Nire ustez arrazoi asko izaten ahal dira horren arrakastatsua izateko, baina horien guztien gainetik lortzen den giro polita eta jatorra nabarmenduko nuke. Jendea oso gustura aritzen da eta hainbatek urte dexente daramatzate errepikatzen.

Zer motatako jendeak ematen du izena eta zer egiten duzue?

Oso talde heterogeneoa da. Adinari dagokionez, esaterako, hogei urtetik hirurogeita hamar urtera bitarteko pertsonak dauzkagu; irakasleak, aisialdi monitoreak, informatikariak, jubilatuak, eta, nola ez, langabezian daudenak baita. Ikastaroa astelehen arratsaldeetan denez, goizean afarian egingo ditugun osagaiak erosten ditut dugun aurrekontu murriztuarekin (45€ 16-18 pertsonentzat). Ikasleak taldeka banatzen dira eta talde bakoitzak egun horretarako pentsatzen ditudan hiru errezetak prestatzen ditu eta ni bertan nago eurekin batera zalantzak eta behar duten laguntza guztia emateko.

Erran digutenez sukaldean aritzeaz gain, elkarrekin ere afaltzen duzue eta oso lagun giro polita sortzen omen da, ezta?

Bai, horixe da zalantzarik gabe ikastaroaren momentu hoberena. Azken bi ordutan zure lan gogorrarekin egin dituzun platerak dastatzen dituzunean. Gainera, oso dibertigarria izaten da taldeek euren platerak konparatzen dituztenean, bakoitzak bere
punttua ematen diolarik.

Sukaldaritza ikasteaz gain, euskara ikasteko eta hobetzeko aukera badago ere, ezta?

Bai noski, gainera mota guztietako euskara mintzatzaileak ditugu; euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak, eta hainbat tokitakoak (bizkaitarrak eta gipuzkoarrak batik bat, eta nafar gutxi batzuk). Oso giro ona daukagu, beraz ikasteko oso aproposa da.

Esan bezala, nazioarteko sukaldaritza lantzen duzue. Zer herrialdetakoa jorratu duzue orain arte eta zeintzuk ezagutuko dituzue datozen hilabeteotan?

Orain arte Txina, Japonia, Italia, Frantzia, Tailandia, Moroko, Tunez, Libano eta Turkiakoa dastatzeko parada izan dugu eta hurrengo saioetan mexikarra, grekoa eta segur aski batzuk errepikatuko ditugu. Horren janari goxoa eta hain denbora gutxi!!

 


Komikia 167


Euskararen erronkak teknologia berrietan
Lander Arbelaitz. Argiako kazetaria

Geroz eta gehiago gara sarean euskaraz gabiltzanak. Munduko hamar webgunerik garrantzitsuenetako sei euskaraz dauzkagu. Kataluniarrek dauzkaten berak. Lorpen ederra da. Hizkuntza gutxiagotu bateko kide gara, baina hizkuntzaren egoera larriaz kontziente garen neurrian, komunitate aktiboa eratu dugu euskaldunok. Halere, badugu zer egina.
Eguneroko bizitza aldatu dizkiguten tresnak etengabe sartzen ari dira gure etxeetan, eta erantzun bat behar du egoerak, euskara oraindik ere ez baitute kontuan hartzen. Teknologia berrietan hizkuntzaren ikuspegitik planteamendu aurrerakoi eta ausartak behar ditugu. Herritarrok, gure modura, batetik edo bestetik joko dugu, eta ziur egon etengabe gaiaren inguruko eztabaidatik proiektu berriak aterako direla. Baina erakundeek erabaki estrategiko garrantzitsu batzuk hartu behar dituztela uste dut, eta gaian eragiten saiatu beraiek dituzten kartekin. Gai hauetan lidergoa hartuko duen talderen bat antolatzea ongi legoke, aurrera begira lanketak proposatu eta ekimenak abiatuko dituena. Mezua garbia da eta edozeinengana zuzenduta ere balio digu: “Zure produktua erabiltzen dugu eta adierazi nahi dizugu gurekin errespetuz aritu nahi baduzu eta beraz, bezeroa zaindu, hizkuntzaren gaiari garrantzia eman behar diozula, guretzat garrantzitsua baita zure tresna euskaraz izatea”.

Epe laburrera begiratu eta proiektu zehatzez hitz eginez, iruditzen zait euskal komunitatean badagoela adostasuna esatean mugikorrak euskaratu behar ditugula. Normala da guretzat Euskal Herriko poltsikoetan dauden segapoto guztiak gaztelaniaz edo frantsesez izatea. Horien euskaratzeak presentzia handia emango lioke hizkuntzari. Android mugikorrak itzultzeko talde bat antolatu zen eta lanean gogor ari dira! Eta Appleekoekin zer? Eskaera formal bat idatzi ala kanpaina bat antolatu? Ziurrenik biak uztartu beharko ditugu.

Eta epe luzera zer? Ahots errekonozimendua izango omen da hizkuntzen hurrengo erronka handia. Albert Cuesta aditu kataluniarrak azaldu zigun Euskara Bildua jardunaldietan. GPSari, autoari, kafe makinari edo telebistari euskaraz hitz eginarazi eta makinak ulertzea.

Baina bestetik, irratia, telebista, mikrouhin labea, argazki makinak… zenbat tramankulu erdaldunekin ohitu garen bizitzen! Normala da guretzat telebistako menua euskaraz ez izatea. Noiz arte? Twitter euskaratzeko kanpainak zer edozer erakutsi badigu, nire ustez, hori eskaera formal bat egin eta zarata ateratzea lortuz gero, emaitzak jaso daitezkeela da. Ongi eginez gero, aukera handiak izango ditugu gure gailu horiek euskaratu, horiek, gure ondorengoentzat normalak izan daitezen.

Eta amaitzeko, azken aldian buruan dabilkidan ideia bat: itzulpengintza automatikoa edo Google Translate erraldoia sinbolo, munduko hizkuntzak elkarren artean lotzeko teknologia. Ari gara, baina indar handiagoa egin behar dugu alor horretan. Euskaldunok hizkuntza ezberdina dugu –ez nahastu ezberdina eta zaila terminoak–, eta interesatzen zaigu esparru hau lantzea. Euskarazko hedabideak Danimarkako edonork irakurtzeko bidea jartzeak, euskara bera ere normalizatzen duelako. YouTuben Mikel Laboaren Txoria-Txori automatikoki alemanera itzultzea lortzeak euskara munduratzen laguntzen duelako. Euskarara bestela helduko ez litzatekeen jende askori irekiko geniokeelako atea, eta noski, behin hori eginda, barrura sartzeko gonbidapena egina duela ulertzeko pauso txiki bat bakarrik eman beharko du bisitariak. Eta gu ulertzera iristen bada, konturatuko da ongietorria dela.
Badugu zer egina beraz, jarrai dezagun, ongi ari gara eta.