Elkarteen federaziotik euskaltzaleon mugimendura
Azaroaren 17an Bilboko Euskaldunan 2012an hasitako kongresuari bukaera emateko elkartu ginen. Urtebete lehentxeago, 2011n egin genuen batzarraren lehenengo zatia eta bertan Euskaldunon Elkarteen Oinarriparrak, hau da, gure ildo estrategikoa zehaztu genuen. Orain burutu dugun bigarren asanbladan eraldaketak gauzatzeko planei heldu genien, mugimenduaren zutabeak zein izango diren adostuz. Kongresuaren antolakuntzan aritu zen taldeak onartu zuenez, parte-hartzea nahikoa izanda ere, elkarte guztiek ezin izan dute eztabaidan parte hartu, baina erabakitzeko unean adostasuna oso altua izan da.
Bost ardatz nagusi aztertu genituen eta horien inguruan adostutako ondorio nagusiak zuekin konpartitu nahi ditugu jarraian. Landutako lehenengo gaia “Izena eta izana” izan zen, gai pottoloa zalantzarik gabe, izan ere horrek baldintzatuko baitu datozen urteetan gure jarduera. Ondorio gisa onartu genuen federazioa izatetik mugimendu bat izatera pasatzea, hemendik aurrera TOPAGUNE izango delarik gure marka propioa. Eta gure ildo estrategikoa gizartean eta lankidetzan jardutea izanen dela erabaki genuen.
Bigarren ardatzean “Jardunbideak” aztertu genituen eta, horren baitan, bereziki baloratu zen etekin ekonomiko bat lortzea baino garrantzitsuago dela hartzaileen euskarekiko motibazioan eragitea.
Hirugarrena solasgaia “Finantzazioa” izan zen eta gure independentzia bermatzeko herritarren sostengua lortu behar dugula ikusi zen. Hortaz, erakundeekin hitzarmen iraunkor bat lortzeko lan egin nahi dugula.
Laugarren ardatzean “Barne komunikazioa eta elikadura” izan genuen hizpide; gaurko teknologia baliatuz, kanalak sortu behar ditugula mugimenduko kideen arteko komunikazioa eta harremanak sustatzeko. Formazioa da gure militanteen eta langileen elikadura preziatuena, horrek erraztu baitigu eguneko zeregina. Ezagutza hori gabe nekez lortuko dugu belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzea.
Amaitzeko “Antolaketa eta barne lidergoa” gaiari ekin genion. Gizartean lidergoa irabazi nahi badugu, lidergo kultura hedatu behar dugu, erakarpen gaitasuna duten pertsonak erabakiguneetan kokatuz eta lidergo berriak garatzeko testuinguruak sortuz.
Horixe bada kongresuak emandakoa. Orain Batzar Nagusiari kudeaketa plana prestatu eta bideratzea besterik ez zaio falta. Horrekin aski baliabide izango ditugu Iruñeko euskal komunitate barruan aritzeko.
Nerea Fillat. Eguzki Bideoak
1994an Eguzki Irrati libretik sortutako proiektua da Eguzki Bideoak. Euren xedea komunikazio tresnen bidez inguruko eraldaketa sustatzea da eta horretarako ekoizpen propioez gain, bestelako lanen banatzaileak dira. Abendu partean lanez gainezka ibili dira, baina Nerea Fillat Eguzki Bideoakeko kideak tartetxoa egin digu gurekin solasteko. 1994an sortutako proiektua da Eguzki Bideoak.
Zeintzuk dira zuen xedeak? Zer moduzkoa izan da orain arteko ibilbidea?
Eraldaketa sozialaren bidean Eguzki Bideoak-en asmoa beti izan da komunikazio tresnekin bere inguruko eraldaketa sustatzea. Horretarako kolektiboa 1994an sortu zenetik bai Iruñeko baita beste lekuetako talde politiko edo sozialekin lanean egon gara, eraldaketa hori sortuko duten taldeekin harremana izatea guretzat funtsezkoa izan baita.
Urte asko pasa izan dira Eguzki Bideoak sortu zenetik eta hamaika momentu, konflikto edo eztabaidak gure inguruan gertatutakoak, baita egoera berriak ere; horietan guztietan ikuspuntu propio eraldatzaile eta autonomoa izatea da gure helburua.
Urte hauetan gertatutako aldaketen artean interneten sorrera da horietako garrantzitsuenetariko bat eta bertan, sare alternatibo, autonomo eta internet tresna neutroa bilakatzeko mugimenduan parte hartu dugu, esate baterako. Edo eta Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen hustuketa izan zenean, konfliktoaren planeamendu komunikatiboa egiteko taldean parte hartu genuen.
Horizontala, independentea, autogestionatua, antikapitalista… Horiexek zuen ezaugarrietako batzuk.
1994an Eguzki Irrati libretik sortutako taldea gara, kontrainformazioaren paradigmatik abiatuta. Gauzak egiteko modua guretzat helburua da, bidea helburu dugu, eta komunikazioaren munduan hori ezinbesteko bilakatu da.
Irrati libreen mundutik sortu ginen, beste hedabideek ematen ez zuten ikuspuntua eskaintzeko. Interneten munduan Indymedia sarearen sorreran parte hartu genuen, talde askorentzat bezala, sortu berri zegoen sare horretan bai ikuspuntu bai zerbitzari propioekin antolakuntza sustatzea autonomia mantentzeko bide bakarra zelako. Badakigu oraintxe internet inguruan dauden eztabaidak bestelakoak direla, baina Indymediatik eta hacktibismotik sortutako eztabaidek gaur egun sarea duen itxura moldatu dute.
Azkenik esan beharra dago hacktibismotik planteatutako eztabaidetatik ere oso gertu egon garela, software askearen munduan parte hartuz eta jabetza intelektualaren eztabaidetan parte hartuz Creativa Commons lizentziak sustatuz.
Ekoizpen propioak izateaz gain, banatzaileak ere bazarete. Zer nolako gaiak jorratzen dituzue zuen lanetan? Zer baldintza bete behar ditu lan batek zuek banatzaile izan nahi izateko?
Ikus-entzunezko industriak alde batera uzten dituen material kritikoak dira gure abiapuntua hein handi batean baita talde sozial zein politikoek konflikto konkretuan artean garatutako materialak ere. Guretzat garrantzitsua da dokumental batek zentzu eta helburu sakonagoak izatea; lan dokumental guztiak oso konplexuak dira, talde batek eginak izan behar dute normalean eta erabaki eta eztabaida askoren ondorio osatzen dira.
Eguzki Bideoak-en katalogoa osatzeko lan batean dauden alde horien guztien inguruan pentsatu dugu eta webgunean dagoen http://www.eguzkibideoak.info katalogoan adierazi ere. Talde egiletza baloratzen dugu baita gizarte ekimen batek dokumental hori egin duen modua. Autonomia ekonomikoa izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, birbanaketarako garrantzitsu bilakatzen delako. Lizentzia askerik, Creative Commons konkretuki, ez duten materialik ez dugu banatzen normalean, eta Copyrighta izan dezaketenak salbuespenak dira. Autoreek egin nahi duten banaketa ere baloratzen dugu eta horretarako emanaldi edo sare politikorik erabiltzen duten. Banaketatik ateratzen den dirua proiektu sozialekin birbanatuko den baloratzen dugu. Eta azkenik, software askearekin ekoiztua izan den.
Baloraziorako irizpide hauek ez dira baldintzak izaten, ez baikara horretan zorrotzak, baina lan audiobisuala bere osotasunean ulertu eta ikusteko tresnak direla iruditzen zaigu, horrexegatik mahai gainean jartzen ditugu.
Informazioaren gizartean bagaude ere, hedabideak talde boteretsu konkretu gutxi batzuen esku daude eta zuek horiei aurre egiten saiatzen zarete, ahaztuak, ezkutatuak eta marjinatuak diren errealitateen berri emanez.
Beti ere komunikabideak botere tresnak izan dira eta, gaur egun, ohiko komunikabideetan gauza berdina gertatzen da. Indymediaren leloa “Don`t make the media, become the media” da eta horri ere eusten diogu guk. Horrek esan nahi du ahaztuak diren errealitateen berri ematen badugu ere, berri horiek ematen duten tresnak sortzen ditugula, komunikabideen kontrol gogorra dagoen momentuan bizi bagara, komunikazio sare ezberdinak eta boteretsuak dauden momentua delako. Horiek sustatu eta garatzea da gure helburua.
Hizkuntza gutxituen alde eginik, euskararen erabilera sustatzea da zuen xedeetako bat. Nola gauzatzen duzue?
Orain arte elkarlanak, auzolanak eta euskara zabaltzeko desioak izan dira euskararen alde apustu egitea posible egin digutenak. Eguzki Bideoak-ek egin eta ekoizten dituen dokumental guztiak euskaratzen ditu eta hori posible egiteko gure inguruko sareak ikaragarrizko lana egin du, musu-truk eta buru belarri.
Zuek esan bezala, gure lan guztiak euskaraz egotea gure lan ildo garrantzitsuenetariko bat izan da beti, lan duinak, ingurua aldatu nahi dutenak, hemen edo kanpoan eginda, euskaraz egotea funtsezkoa zelako guretzat; euskal ekoizpena kultura sustatu eta aberasteko bidea delako.
Euskaraz materialak izateaz gain, gure dokumentaletako aunitz katalanez edo galegoz ere baditugu, bertako ekoizleek egin dituztelako edo zabalkunde handia izan duten materialetan apustu hori egin dugulako ere.
Berriki Bertsolari filma aurkeztu duzue Durangoko azokan. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Gure katalogoaren barnean lan bakoitzak bere berezitasunak eta ibilbide propioa ditu eta Bertsolari dokumentalarekin gauza bera gertatu zaigu. Iaz zinemetan ikusteko aukera izan genuenetik gure katalogoaren barnean egoteko aritu gara lanean.
Maila altuko dokumentala da hau ez soilik bertsolaritzaren ikuspuntu konplexu eta zirraragarria ematen duelako, elkarlana eta komunitatearen alderik erakargarrienetara gerturatzen zaituelako. Gure ustetan hori da jendeak ulertu eta erakartzen duena. Horregatik oso pozik gaude lan honen banaketarekin. Logikoa denez bertsolaritzaz asko ikasi dugu eta haien zuzendari eta ekoizleekin lan egitea ikasketarako bide polita izaten ari da.
Esku artean ba al duzue proiektu aipagarriren bat?
Oraintxe nazioarteko elkarlanean sakonki aritzea gustatuko litzaiguke, batez ere Europan eta Amerikan sortzen diren lanak hona ekartzen, itzultzen eta banatzen. Gure inguruan epe ertainean garrantzitsuak izanen diren konfliktoak horietako tokiren batzuetan garatuak daudelako eta bertan ekoiztutako lanek hemengo antolakuntzarako oso baliagarriak izan daitezkeelako, esate baterako frackingaren inguruan Estatu Batuetan egin diren lanekin.
Eta etorkizunera begira zer asmo?
Eraldaketa momentuan gaude eta badakigu urte gutxitan gure mundua ezberdina izanen dela. Krisi ezberdinak daude orain: ekonomikoa, Europar Batasunarena, kulturaren krisi latza, ikus-entzunezko industriaren krisi larria, dokumental formatuaren eraldaketa, eta abar luze bat. Munduaren eraldaketa eta birsortzerako aukera paregabea dugu aurrean eta horren alde eginen dugu lan, orain arte egin dugun bezala.
Gure egunerokotasunean erabiltzen ditugun tresnak, funtzionamendua eta sareak eraldaketa hori sustatzeko erabiliko ditugu, horixe da hurrengo urteetarako asmoa.
Osasuna eta hizkuntza
Manuel Eciolaza Carballo. Familiako medikua
Orain dela gutti, ” Medicus Mundi” elkarteko lagunek nerekin jarri ziren kontaktuan zeozer idazteko haien aldizkarian. Lelo nagusia zen hitzkuntza eta komunikazioa osasungintzan. Nere lanbidea sendagilea da eta haiek interesaturik ziren konparaketa bat egiteko munduaren zehar aferak ziren hitzkuntzekin eta nola garatzen ziren harremanak ongi menperatzen ez zuten hitzkuntz nagusia sendagilearengana, eritzain, munduko azken bazterreko kontsultorio batera joaten zirenean. Zer galtzen zen itzulpen bidea, zer nolako garrantzia zeukan hain inportatea den sendakuntzaren bila dabiltzagun bideetan. Idea polita iruditu hagitz eta zerbait ere idatzi nuen neuk jasotako esperientziari buruz euskararekin, gehien bat Nafarroako Bortziritan. Gero haiek parekatuko zuten Perun, Asturiasen jasotako bizihistoriekin, bertako jendearekin bizitako esperientziak. Indigena zaharrak, erdera bat ere ulertzen ez zutenak, noraiño aldatzen zen hurbiltasuna, konfidantza eta emaitzak sendatze prozesuan, haien irudimen majikoa eta abar. Hildoa abiatu zen honaino eta ez bakarrik euskeraz gertatuko istoriez baizik eta, kanpotarrek etortzen direnean, hitzkuntza jakin gabe zer zaila izaten den kontsultan ikertzea zer demontre getartzen zaion ailegatu berriari, zer gaizki eta galdua sentitzen dan heldu berria, zenbat gauzak sumatu baina ezin ziurtatu behar den bezala.
Ni ttikia nintzenean, gure herrira etorzen ziren gizonak belarra moztera udaran, heldu ziren Baztanetik, Etxarri-Aranatz, Bortziritik… Belardiak mozteko garaia oso motza zen Auzperrin eta arin-arin moztu behar, idortu eta gero sartzeko etxeetako sabaitan. Horrela deitutako etxe handi batzutan bakarraren bat gelditzen zen behiak zaintzeko, esnea jaisteko… morroiak deitzen zioten. Baina kontua zen erderaz hagitz gaizki moldatzen ziren eta guk irri ataratzen genituen haien mintza makalekin. Hurrengo udaldian haiek etortzerakoan aditzen nuen beti, amatxiren etxean adibidez… Ya han venido los vascos. Gu ez giñen konturatzen urte haietan gure erdara euskarazko milaka mintzez beteta zegoela. Anitzetan etortzen ziren Urepelgo artzaiak eta aditzen genien euskeraz, herriko besteetara etorri, Xalbador berak senideak zituen herriak, baina hazigabeko umeentzat bertze planetatik bailiran ziren, Urepel mendiz, Auzperritik oso gertu dago.
Urte batzuk pasatu eta ni 18 urteekin Zaragozako Unibersitatera jo nuen, hemengo Opusen-Unibersitartean ez onarturik. Franco hil zen urtean. Hori ez baita behin ere ahazten… eta transizioaldia hasi, manifestapenak eta galdutako askatasuna berreskuratzeko gogoak. Sortzen ziren ikasleen komiteak eta hara!… Egun batean Ikasle giputxi batek galdetu zidan… Nongoa zara, Manuel? Ni Auzperrikoa… eta Auzperritarra izaki eta euskera ez al dakik? Ba, ez… sekudalan ez zidatek erakatsi eta… Egun hortan zerbait hasi zen mugitzen nire baitan… eta herrian bueltan, oporretan, hasi nintzen galdezka eta konsziente izan, noski aitari aita deitzen diot, amari ama, eta hara amatxi euskara daki, soroeetako izen guziak euskeraz (sorabil, baratzekoerreka..) ziren. Neuk ere erabiltzen nituen hitz anitz jakin gabe euskara zela-Berehala hasi giñen Zaragozan euskara ikasten, gure artean taldeak antolatzen. Gustukoa daukat erratea oraindik ere han ikasi nuela.
Urte batzuk beranduago Bortziritan bukatu nuen sendagile eta beti lehendabiziko galdera zen euskara ote nekien. Baietza eman ondoren, jendearen jarrera arras aldatzen zen, ezagutu nuen erderarik ez zekitenak eta berehala konturatzen nintzen nola aldatzen ziren kanporatzerakoan jendearen sendimendu, aje eta ez beharrak. Horregatik beti erranen dut, argi daukat, egin dudan bizitzan gauz inportanteena eta harro sentiarazten nauna, euskara ikasi eta erabiltzea izan dela. Dudarik gabe. Zaragozan hasitako argi puntu ttipi hura, argiborobil handia bilakatu baita gaur egun.