Agur t’erdi, Mikel
Sanfermin giroa sumatzen hasi da jada gure hirian, baina festetan murgildu aitzin, Karrikiri elkartean, urtero legez, gure bazkideekin batzarra egin genuen ekainaren erdialdera eta elkartearen nondik norakoaz aritu ginen bertaratutako lagunekin: ekonomiaren egoeraz, dendaren ibileraz, Karrikaz, Twitterrez, gure webguneaz, bideratzen ditugun zerbitzu eta jarduerez, e.a. Hurbiltzeko aukerarik izan ez zenuten bazkideak lasai egon, izan ere etxera bidaliko baitizuegu bertan hitz egindakoaren laburpentxo bat.
Eta izenburuan erreparatu ahal izan duzuenez, batzarra egin eta egun batzuetara, berri txar bat jaso genuen gure Xabier karrikako egoitzan. Izan ere, ia hasieratik gure elkarteko kide izandako Mikel Gartzia mendizale iruindarraren heriotzaren berri jaso genuen. Oroitzapen politak gordetzen ditugu harekin bizi izandakoaz eta hark elkartean egindako ekarpenaz, eta oso gertuko ditugun bera ama, anaia eta familiartekoei gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu hemendik.
Eta Mikelen oroitzapena oraindik oso gertu izanen dugularik, oharkabean helduko dira Sanferminak eta aurtengoan ere jaietan euskaraz konplexurik gabe arituz, atun janaren 17. edizioa ospatuko dugu heldu den uztailaren 12an. Horretarako, Ondarruko gure lagunak zintzo etorriko dira berriro ere euren herrian hartutako atunarekin Zaldiko Maldikon hainbat eratara egiteko prest. Adi egon bada eta bazkarirako txartelak garaiz erreserbatu bukatu baino lehen. Ez ibili azken unera arte jaso gabe. Jarri gurekin harremanetan bulego@karrikiri.org edo gure telefonora deitu 948 22 58 45.
Ahaztu baino lehen, uztail partean elkartean oporrak hartuko ditugunez, gogoan hartu hilero antolatzen ditugun Karrisolasa eta Karrikadantza egitasmoek ere etenalditxo udatiarra izanen dutela eta oporren ostean helduko diegula berriro. Eta gogoan hartu Karrika ere irailean itzuliko dela. Oporren ostean hemen izanen gaituzue berriro indarberrituta eta lanerako prestu.
Sanferminetan ongi pasa eta opor onak izan ditzazuela!!!
Karmele Artetxe. UEU
UEU bere 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. 2011ko urriaz geroztik Karmele Artetxe da zuzendaria eta, egungo egoera zailaren gainetik, erakundearen oinarri soziala eta bazkideen inplikazioa nabarmendu ditu. Orain arteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak ere hizpide izan ditugu elkarrizketa honetan.
K.: Noiztik zara UEUko zuzendaria eta zer moduz zeregin horretan?
K.A.: UEUko Batzar Nagusiak izendatu ninduen 2011ko urrian eta aurretik, zuzendaritza lanetan jarduten nuen proiektu arduradun. Nahiz eta bizi dugun abagune politiko eta ekonomikoa aldekoa ez izan, esperientzia ederra izaten ari da.
K.: Aurten UEUk 40 urte bete ditu. Zer moduzko sasoian iritsi da urtemuga borobil horretara?
K.A.: Batzuetan botila erdi beteta ikusten dut eta bestetan erdi hutsik. Oinarri sozial eta bazkideen inplikazioari dagokienez oso bizirik gaude, baina baliabide ekonomikoen aldetik, zoritxarrez oso mugatuta gaude. Diru-laguntzen deialdiak asko murriztu dira edota desagertu. Deialdietatik kanpo, Eusko Jaurlaritzatik urteetan partida izenduna jaso dugu, eta aurten kendu egin digute.
K.: Eta orain arteko ibilbideaz zer nolako balantzea egiten duzue?
K.A.: Euskara eta goi mailako kultur esparrua hurbildu ditugu. Garai batean euskarak eta unibertsitateak ez zuten harremanik, erabat bereizirik zeuden, baina UEUk apustua egin zuen euskara goi mailako kultur esparruan erabiltzeko, eta unibertsitatean sartzeko. Bistan da Euskal Unibertsitaterik ez dela, baina euskararen aitzinatzea nabarmena izan da alor unibertsitarioan. UEU, eta noski euskal kulturgintzako beste erakunde batzuk gabe, hori guztia ezinezkoa izango zen.
K.: Euskal Unibertsitatea sortzeko helburuarekin sortu zen UEU eta horretan dirau oraindik ere. Zer falta da hainbat jendek amesten duen xede nagusi hori betetzeko?
K.A.: Aldeko abagune politikorik gabe, ezinezkoa da Euskal Unibertsitatea sortzea. Baina ez gaitezen engaina, erabaki politiko bat baino gehiago behar dugu, proiektu sendoa, proiektuarekiko herri atxikimendua, baliabideak, eta abar.
K.: Akaso udako ikastaroengatik ezagutuko zaituzte gehienbat, baina ekimen mordoa bideratzen duzue, ezta?
K.A.: Hala da, udan sortu baginen ere, urtean zehar jarduera gehiago ditugu udan baino. Ikastaroak eskaintzen ditugu gure egoitzetan, bereziki Eibarko Markeskoa jauregian, gure egoitza akademikoa dena, eta horretaz gain jardunaldi espezializatuak antolatzen ditugu aditu euskaldunentzat, baita gradu-ondoko ikasketak eman ere. Liburugintzan 1977. urtean abiatu ginen eta lerro hori mantendu dugu orain arte. Gaur egun liburuak ez ezik, aldizkariak ere plazaratzen ditugu: Uztaro, Giza eta Gizarte Zientziei buruzko aldizkari zientifikoa, eta beste bietan, Aldiri eta Kondaira, Arkitektura eta Historia jorratzen dira. Gainera azken urteetan hainbat proiektu teknologiko abian jarri ditugu eta dozena bat web gune sortu, garatu eta kudeatzen ditugu.
K.: Zer prestatu duzue urtemuga ospatzeko?
K.A.: Udako Ikastaroen 40. edizioa ospatzeko izaera desberdineko zenbait jarduera abian jarri ditugu. Esate baterako, Udako Ikastaroak ezagutu dituztenen bizipenen bloga, UEUko ikastaroak, liburuak nahiz bestelako zerbitzuak oparitzeko bonoak, Bilbon ekainean antolatutako hitzaldi-sorta… Nola ez, Ipar Euskal Herrian hasi ziren Udako Ikastaro haiek gogoan ekitaldi bat antolatu dugu Baionako Euskal Museoan.
K.: Eta etorkizunera begira, zer erronka?
K.A.: Euskal Unibertsitatea sortzea eta horretan lanean jarraitzea ilusiorik galdu gabe.
Mintzakide egitasmoa
Pablo Kormenzana. Mintzakideko dinamizatzailea
Oraintxe itxi berri dugu Iruñerriko eta Tafallako Mintzakide zortzigarren ikasturtea eta aurtengo partaidetza eta arrakasta mantentzea izango da, besteak beste, Mintzakideren ikasturte berrirako ezarritako helburuetako bat. Mintzakide egitasmoa hitz egiteko ohitura duten hiztunak ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Elkartze horren bitartez, euskarazko harreman sare berriak sortu eta euskara ikasle helduen ikas prozesua arintzea bilatzen da besteak beste. Euskara erabiltzeko zailtasuna dutenei beren egunerokotasunean eta maiztasun jakin batekin (normalean astean behin) benetako egoeretan euskaraz ordu batzuetan aritzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen die Mintzakidek. Bestalde, euskaldun zaharrak edo osoak daude eta horien zeregin eta inplikazioa funtsezkoa da bi aldeko proiektu hau aurrera eramateko. Argi dago bi partaide multzo horiek motibazio ezberdinak dituztela eta bakoitzak, gainera, Mintzakiden parte hartzeko askotariko arrazoiak izan ditzakeela.
Aitortu behar dut bukatzen ari den ikasturte honetan matrikulazio kanpaina ireki genuenean izandako arrakasta ez genuela espero. Aurreko ikasturteko matrikula kopurua gainditzea genuen helburu, baina ia bikoiztu ez. Ustekabean harrapatu gintuen. Luze eta sakon hitz egin dugu proiektu honen babesle, sustatzaile eta eragileekin, baita mintzapraktikako batzarretan ere, izandako igoeraren arrazoiak aztertzeko. Aurtengo partaideen erantzuna ikusita, atera ditugun ondorioen artean, proiektu hau behar-beharrezkoa dela, partaideak ilusioz eta gogotsu aritzen direla, euren euskara maila nabarmen hobetzen dela eta Iruñerrian eta Tafallan euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi nahi dugula nabarmen geratu da eta, horretarako, bai Nafarroako Topaguneak bai Mintzakide egitasmoaren sustatzaile eta babesle guztiok gure esku dagoen guztia jarriko dugu euskaraz bizi nahi duenari egin beharrekoa errazteko eta ahalbidetzeko.
400 lagun baino gehiago ibili dira Iruñerriko eta Tafallako karriketan zehar astelehenetik igandera, goiz-goizetik gauera. Batzuk hamaiketakoa hartzera, beste batzuk afaltzera, paseoan ibiltzera, umeekin parkean jolasean aritzera, poteoan, antzerkian eta bertso saioetan… elkartzen dira eta denek euskaraz egiten dute. Asteko saioaz gain, hilero saio osagarriak burutu ditugu, hala nola Nafarroako museora eginiko bisita gidatua -euskaraz- (67 lagun bildu ginen 3 saiotan), Iruñeko Andra Mari katedralerako bisita gidatua (45 lagun 2 saiotan), Altsasuko inauteriak ezagutzeko txangoa (20 bat lagun) eta hain kulturalak ez diren beste batzuk, mendi irteera eta sagardotegi irteera (25 bat lagun) eta beste zenbait txango, mintza-poteo, e.a., taldeen arteko ezagutza sustatzeko, sareak ehuntzeko eta indartzeko. Hamabostean behin igandearekin, Mintzakide Mendi Taldearekin euskal herriko gailur eta mendiak ezagutzeko aukera izan dute, eurek antolatu dituzten 18 txangoetan.
Aipatu dudan bezala, 400 lagunen muga luze gainditu dugu Iruñerriko eta Tafallako Mintzakiden. Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetarik kopuruetan gehien hazi den programa Mintzakide izan da; beraz, milesker guztioi. Zalantzarik gabe Mintzakidek bere funtzioa betetzen du euskalduntze prozesuan nahiz euskara berreskuratzeko prozesuan: sartzen diren lagunei harreman sareak zabaldu eta euskara erabiltzeko aukera paregabea eskaintzen die. Mintzapraktika programa hauek, egun 4.800 bat lagun 67 egitasmotan, euskal hiztunon komunitatea hazten laguntzeaz gain, erabilera gune berriak eta sare berriak sortzen ere laguntzen dute. Zeresanik ez dago herri eta auzo horietako karrika, taberna, enparantza eta abarretako paisaia linguistikoak aldaketa nabaria izan duela, bertako kale erabilera handituz.