Karrikiri. Xabier, 4. IruñeaBildu Karrisolasera!!

Otsoen hilean sartuta gara eta urte berriak bere lehenengo urratsak eman ditu jada. Egia aitortzeko, Karrikirin ez dugu sobera ongi amaitu 2010, izan ere Twitterreko (@Karrikiri) gure kontuaren bidez aditzera eman genuen moduan, Olentzerok ikatza garaiz ekarri zigun gure dendako saltokiko aurrealdea aurretik eraman zuen kamioi batekin. Hori ikara!! Jone eta Belen gure dendariek burrunba izugarria entzun eta zur eta lur gelditu ziren denda atarira atera zirenean. Atearen gainaldea zatitan puskatuta ikusi zuten lurrean. Oraindik ere horrela darrai, baina laster eginen omen diote lifting-a dendaren aurpegiari. Ea bada!!
Baina, zorionez, 2011. urtearen hasiera bestelakoa izan da eta eskerrak eman behar dizkizuegu gure dendatik pasa zareten lagun guztiei. Izan ere, langileon ekonomia kinka larrian dagoen sasoi honetan, gurera hurreratu zaretenoi esker salmentei nola edo hala eustea lortu baitugu eta, beraz, gure elkarteak bideratzen dituen egitasmoetarako sosa biltzea lortu dugu. Eskerrik asko bada eta jarraitu gurera hurbiltzen!!

Eta martxa hori kontuan izanda, laster abian jarriko dugun egitasmo berri bat aurkeztu nahiko genizueke jarraian; euskal kulturari dagozkion gaiak jorratzeko foroa, alegia. Martxoan emanen diogu hasiera eta gure asmoa lagun giroan biltzea da gure kulturarekin zerikusia duten hainbat gai, artikulu, ekarpen eta bestelakoak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzeko. Bixente Serrano Izkoren laguntzaz antolatuko dugun solasteko foro informal hau hilero egiteko asmoa dugu, parte hartuko duten lagunei aldez aurretik informazioa helaraziz. Gure lehenengo hitzordua martxoaren 16an, asteazkenarekin, izanen da Karrikiri elkartean eta arratsaldeko 19:00etan. Gure web orrian eskuragai izanen den Jakin aldizkariaren 180. alean argitaratutako Lionel Joly-ren artikuluan oinarrituko da. Parte hartu nahi?

Ahaztu baino lehen, dendan erosten duten gure bazkideen artean hilero egiten dugun zozketan Inma Errea (60 euroko txartela) eta Ricardo Urrizola (produktu sorta) izan dira sarituak. Zorte on hurrengo aldian!!


Gotzon Carcar
Gotzon Carcar. Coaching aditua

Gotzon Carcar Coaching aditua da, azken urteotan jendartean geroz eta gehiago ezagutzen joan den teknika. Udako Euskal Unibertsitateko irakasle laguntzailea da eta aspalditik dabil ikastaroak han eta hemen eskaintzen enpresa, talde, euskara elkarte eta bestelakoen artean. Otsailean UEUren bidez ikastaroa eskainiko du Iruñean eta gu harekin solastu gara bere lana ezagutzeko asmoz.

Zer da hitz gutxitan Coaching-a eta zertarako balio du?
Coachinga bi pertsonaren (bezeroa eta coacha) arteko entrenamendu pertsonalizatu eta isilpekoa sortzeko artea da -egile askorentzat bizitzeko erabateko filosofia eta beste batzuentzat, ordea, aldaketa prozesu batean aplika daitekeen teknika edo lanabes bat-. Bertan coachak, “ahalik eta galderarik onenaren” bidez, bezeroari lagunduko dio amesten dituen helburu eta xedeak lortzen. Coaching prozesuak bezeroak bere bizitzan erdietsi duenaren eta oraindik ez duena baina lortu nahi edo behar duenaren arteko espazioa betetzen du eta esanahia eta forma ematen dizkio.

Enpresa munduan aritzen zara, baina euskal elkarteekin ere lan egiten duzu, Karrikiri bera horien artean. Zer moduz aplikatzen dira Coaching-eko teknikak euskalgintzan? Zer harrera izaten ari dira?
Berriki agertua, Coaching Sistémico delakoa da. Kasu honetan bezeroa talde bat da. Prozesu berbera egiten da, taldeak dituen helburuak lortzeko eraginkorra oso. Nire eskarmentua ikusiz oso harrera polita izaten ari da, hizkuntza guztietan, erdaraz zein euskaraz, mota guztietako taldeetan: enpresa, bikote, familia, edozein erakunderi zuzendua.

Otsaila partean ikastaro berezia eskainiko duzu Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen dituen kurtsoen baitan eta komunikazioa jorratuko duzu.
Bai, pertsonen arteko komunikazio prozesu ikaragarri eta aparteko hori lantzen da nire ikastaro horietan eta bertan ikasleak bere komunikazio eredu pertsonala lantzen du. Nork bere buruarekin oso aldaketa pertsonala polita eta nabaria lortzen du, oso baliagarria bere harreman guztietarako. Irakaskuntzan (irakasleak eta ikasleak), esaterako, aproposa da oso gaiak, txostenak edo produktuak aurkezteko, hitzaldiak emateko, lan taldeak zuzentzeko edo bideratzeko edota haiekin harremanak izateko (negozioak, enpresak, salmentak, osasuna, ideiak igortzea –prentsa, irratia, tb, politika, sindikatuetan, e.a.-) aisialdia, familiako harremanak, bikotekoak, adiskideak, e.a. 

Egun teknologia berriak eta baliabide teknikoak berebiziko garrantzia eta indarra bereganatu dituztenean, badirudi komunikatzeko gaitasuna edo galdu dugula eta, zenbaitetan, mezuari berari garrantzi gutxi ematen zaiola. Zer deritzozu?

Ei!, zer nolako galdera! Gaia oso luzea izan daiteke, baina saiatuko naiz laburbiltzen:

Begira, “mezua” esaten duzunean, hitzaz edo edukiaz ari zara, ezta? Ba bai, garrantzi handiegia ematen zaio “mezuari”, edukiari. Baina kontuz, egitan, gure edozein mezu batek baditu %100 osatzen dituzten hiru alderdi: gorputza, ahotsa eta edukia. Eta bai, gakoa ez da zein den garrantzitsuena, baizik eta zeinek harrapatzen duen gehien entzulearen arreta kontzientea. Oso zabaldua da arreta “gehiegi” ematen zaiola edukiari, gorputzak eta ahotsaren nolakotasunek adierazten duten guztia baztertuz, oso ondorio larriak ekarriz.

Komunikatzeko dugun gaitasuna jaio geroztik gure baitan dago, eta ez da galtzen (osasun arazoak ez badira kausa). Gertatzen dena da, pertsona askok komunikazio ereduaren kalitate baxua izanez, teknologia berria eta baliabide tekniko horien “atzean” ezkutatu egiten dutela, dependentzia handiegia hartuz, agian, ez dakitelako eredu horren kalitatea –beraz nork bere burua-  aldatu eta hobetu –gutxi ala asko- dezaketela. Egiten duguna ezinezkoa da hobetzea aurretik ez badugu onartzen hobetu daitekeela; eta jakina, oztopo hori gainditzen badugu, mugarik gabeko hobekuntza prozesu eder batean sar gaitezkeela.


komikia 146Reyes Ilintxeta. Euskalerria Irratiko kazetaria
Ene alaba hizkuntza

Euskara ez dut ama hizkuntza, baina bai, aldiz, alaba hizkuntza. Etxean ez nuen ikasteko aukerarik izan. Gure familian, amaren partez, joan den mendearen hasieran gertatu zen euskararekiko mozketa. Ebaki sakona eta mingarria, imajinatzen dut, gure amaborzia eta aitaborzia zaraitzuar eta haien belaunaldikoentzat.

Hizkuntza etxean jaso ez, baina bai bere urrina, bere doinua eta bere xarma, herriko etxe, toki eta pertsonen izen edo ele solte zenbaiten bidez.  Bat, bida, hirur… “Aiardina, moxkordina, kontan dela kontan” joko ttikia…

Gogoratzen dut ere bai, haurra nintzela, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak ateratako kromo albuma eman zidatela. Etxeko gauzak, lanabesak eta halakoak ageri ziren marraztuta eta aldamenean haien izenak eta azalpentxo batzuk, denak elebiz. Miguel Javier Urmenetaren ideia, seguruena.  Letra berdez idatzitako euskarazko testu kriptiko horiek behin eta berriz irakurtzen nituen deus ulertu gabe.

Iman batek erakarrita bezala,  hemezortzi urterekin auzoko euskaltegian eman nuen izena.
Nik euskara hautatu nuen niretzako eta baita nire familiarentzako ere. Ene bi alabekin euskaraz aritzen naiz. Ezin dut gure harremana bestela imajinatu. Haiekin partekatzeko hamaika kantu, joko eta esamolde ikasten ditut eten gabe.
Gurasotzean, nolabait, norberaren haurtzaroa berreskuratzen dela uste dut. Eta hori, berez ederra izanik ere, nire kasuan ederragoa dela sentitzen dut izan ez nuen haurtzaro euskalduna orain eskuratzen ari naizelako.