Karrika gurea da!!!
Karriri elkarteak duela zenbait urte Zaldiko Maldiko kultur elkartearekin batera ekimen berezi bat martxan jarri zuen euskara karriketara jai giroan eta inongo konplexurik gabe eramateko asmoz, “Karrika gurea da” egitasmoaren bidez. Iruñerriko euskaldun guztiei (haur, heldu zein zahar) zuzenduta dagoen herri egitasmo honek hainbat edizio bete ditu jada eta hurrengo maiatzaren 29an beste hitzordu bat ospatuko dugu. Aurten, gainera, Zaldiko Maldiko elkarteaz gain, beste lagun batzuk izanen ditugu festa-kide eguna behar bezala ospatzeko, hala nola; Iruñeko Muthiko Alaiak peña eta Donibane Lohitzuneko Begiraleak kultur elkartea.
Izan ere, karrikan egiten dena edonork ikus dezake; herritar guztion begien aurrean egiten dena edonork goza eta bizi dezake. Eta gu espazio publiko hori berreskuratu nahi dugu, gune hori gurea ere badela jai giroan aldarrikatuz. Eta nor gara gu? Bada, Iruñeko euskaldunak, eta harrotasunez eta normaltasunez bizi nahi dugu gure nortasuna. Jaia eta ongi pasatzea gustatzen zaizkigulako, gure artean harremanak sendotu nahi ditugulako, elkarrekin gozatzea onuragarria dela sinesten dugulako…Eta horregatik guztiagatik heldu den maiatzaren 29an berriro ibiliko gara alde zaharreko karriketan barna jai giroaz elkarrekin gozatzen.
Muthiko Alaiak peñako eta Begiraleak elkarteko dantzariak, txikiak zein handiak, parte zaharrean barna ibiliko dira goizez eta arratsaldez euren dantzak erakusten eta haiekin batera muxikoak dantzatzeko aukera izanen dugu. Egun osoa zehar, bestalde, euskal kantuak abesteko aukera izanen da eta bazkariaren ondotik berriz helduko diogu jai giroari eta dantzari abeslarien laguntzaz. Eta amaitzeko elkarrekin Larrain dantza dantzatzeko parada izanen dugu.Beraz, badakizue, hurbildu alde zaharrera. Karrika gurea baita!!
Nestor Martinez
Sortzen Ikasbatuaz
“Sasi guztien gainetik” lelopean jaialdi berria deitu du Sortzen Ikasbatuaz elkarteak Iruñeko Takonera parkean heldu den maiatzaren 23rako. Elkarteko Nestor Martinezengana jo dugu lau galdera saskian sartuta.
“Inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren”
Karrika: Sortzen Ikasbatuaz-en festak 15. deialdia beteko du aurten. Gainera, Zizur Nagusiko Erreniega eskola publikoan D eredua eskaini zutenetik 25 urte betetzen direla gogoratuko duzue. Hauek ospatzekoak…
Urtemuga hauek esanahi zehatza dute, alde batetik jendarteak bere hizkuntzaren irakaskuntzaren aldeko borrokan zenbat denbora egin duen adierazten du eta, bestetik, ospakizuna antolatzeak bide horretan jarraitzeko prest dagoela erakusten du.
Ospakizunarekin batera, ordea, aldarrikapenerako arrazoiak ere ikusten dituzue. Hortaz, leloa: Sasi guztien gainetik. Zeintzuk dira gainditzeko zailenak diren sasiak Sortzen Ikasbatuaz elkartearentzat?
Zizur Nagusian 25 urte dira D eredua paratu zutenetik baina Arangurenen eta Noainen hirugarren urtea ospatuko dute heldu den ikasturtean. Esan beharrik ez dago Artaxoa, Mendigorria, eta Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat herri eta auzotan euskara ikastea oraindik ere debekatuta dagoela, eta hori onartezina da. Gainera, gure hizkuntzan ikas daitekeen lekuetan erasoak beste modukoak izaten ari dira eta curriculumarekin lotuak daude: gure herria, Euskal Herria, mapa eta liburuetatik desagerrarazi nahi dute, gure ikasleak sumiso eta akritikoak hezi nahi dituzte, gure hizkuntza gero eta zokoratuago dago….
Izan ere, heldu den maiatzaren 23ko festak aurpegi hauek guztiak erakutsi nahi ditu, zuen jaialdia ez baita dirua biltzea…
Arestian esandako sasi guztien gainetik pasatzeko, inoiz baino beharrezkoagoa da hezkuntza sistema propio bat, non euskara eta euskal kultura oinarri izango diren. Hori da jaiaren asmoa, behar hori jendarteratzea eta azken hamarkadetan horren inguruan lanean egon den jendearen biltoki izatea. Eguna aurrera jotzeko akuilua izatea nahi dugu. Azkenik, eskola guztiak saretzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Irakasle, ikasle, eta langile guztien elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa da, eta horretarako aukera eta bide hoberena, Sortzen Ikasbatuaz-ekin bat lan egitea da, gure sarean izena ematen dutenen artean proiektu hauek guztiak lehenago erdietsiko baititugu.
Azken aldian, euskararen aldeko ahaleginak ez ditu bere alde administrazioen ahaleginak…
Administrazioak (Euskal Herria zatituta dago erabat) beti jendartearen atzetik joan dira gai askotan eta, zer esanik ez, euskara eta hezkuntza gaietan. Eskolan euskalduntzen ez diren ikasleak egotea adierazgarri da oso. Hori jakinda ere, hizkuntza plan berriek (dekretu hiru eleduna, til eredua…) horretan sakontzen dute, lehentasuna eduki behar duen euskara, ingelesaren aitzakiaz, bigarren, hirugarren mailan edo zuzenean mailarik gabe utziz. Ereduen politikak huts egin du eta hala ere horretan sakondu nahi dute.
Hizkuntzen gaineko gogoeta…
Uxue Larraza, maistra
Hizkuntzak, guztion ondare eta talde jabetza dira: ikasi eta erabili nahi dutenena zein ele-aberastasunaz paso egiten duten horiena ere; izan ere, kasu horretan hizkuntza, (arauaren kasuan bezalaxe) ezagutu ezak ez baikaitu erantzukizunetatik salbuesten.
Honenbestez, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko, oztopoengandik babesteko eta aipatuaren biziraupena bermatzeko betebehar morala dagokigu. Ildo beretik, hizkuntzek, horiek ezagutzeko aukera, ikasteko erronka, maitatzeko parada eta erabiltzeko zein beste gizakiei transmititzeko eskubidea ezerezaren truke oparitzen digute.
Aurreko guztia gutxi balitz, nahiz eta ezjakintasunak edota sentiberatasunik ezak eragindako gutxiespenez tratatuak izan, bizirik darraite ezer gutxi eskatuaz eta asko eskainiaz.
Hizkuntzek komunikazioa ahalbidetzen dute, eta hala komunikazioari nola, maiz, komunikazio egokirik ezari esker, sortu dugu egungo gizartearen, zenbaitetan, aitzinamendua, besteetan, ordea, atzerapausoa.
Esan beharrik ez dago, noski, komunikazioa eman ahal izateko, gogoa eta beharra ezinbestekoak direla; orduan, hizkuntzak, xede komunikatiboa lortzeko bitarteko tresna bilakatzen dira. Honatx kate komunikatiboari jarraipena emanen dion funtsezko kate-maila: transmisioa.
Hizkuntzen transmisioa da, belaunaldiz belaunaldi mintzairei segida emango dien ageriko sekretua eta premiazko nahiz ezinbesteko rola jokatzen duen betebehar linguistikoa. Jarraikortasun hori, hiztunok emanen diogu eta era naturalagoan nahiz errazagoan izanen da ama-hizkuntza baldin bada.
Transmisio bide zuzen horretan, helduok gara giltzarri. Gizaldi berriei, hala etxean nola ikastetxeetan, zenbat eta hizkuntza gehiago eskaini orduan eta aukera gehiagoren ateko giltza eskaintzen ariko gatzaizkie.
Bada garaia biktimismo linguistikoa alde batera uzteko eta baikortasunez euskaran oinarritutako eleaniztasun baterantz jotzeko. Helduak gara nork bere ardurak eta erabakiak hartzeko, baina horretarako, benetako aukerak eskaini behar zaizkigu.
Geure hizkuntzaren balio erantsiaz baliatu eta inongo aurreiritzirik gabe helburu komuna lortzeko bitartekoak eskatu behar ditugu. Orduan bakarrik irekiko da benetako aniztasunean oinarrituko den gizartea eraikitzeko bidea. Horrela akaso, eleaniztasunaren eskutik, behingoz ikasiko dugu elkar errespetatzen.
Oztopoak oztopo, zailtasunak zailtasun, egia da hizkuntzen benetako biziraupena, hau da, erabilera, geure esku dagoela. Esanetatik eginetara pasatu behar gara, inongo aitzakiarik gabe. Transmisio bidez dela, ikasketa bidez dela edo nola edo hala bada ere, XXI. mendeko mugarik gabeko gizartea osatzen dugu; aniztasuna nagusi den gizarte honetan, eleaniztasuna aspaldi bete beharreko eskubide bilakatu da.
Honenbestez, euskara bermatzearekin batera zergatik ez euskaldun eleanitzak izan helburu? Hizkuntzen aritmetikan ordezkapena edo kenketa beharrean, zergatik ez etengabeko gehiketa nagusitu?
Sarri, arazoak borondate gutxi batekin aukera bihurtzen saiatuko bagina, ibilaldiaren lehen urratsak emanak izango genituzkelakoan nago…