Oporretatik bueltan hemen gabiltza berriro ere, Karrikako aurreko zenbakietan adierazi genizuen moduan, elkartearen barne hausnarketan murgilduta etorkizunerako lan ildoak zehaztu nahian. Gogoratuko duzuenez, urtearen hasierako hilabeteetan ekin genion bide honi eta, Iruñerriko euskaldunei zuzendutako “Zubi honetan zu ere giltzarri” izeneko kanpainaren baitan, jardunaldi batzuk antolatu genituen. Bertaratutako lagunen ekarpen guztiak bildu genituen orduan eta horiek guztiak aldez aurretik elkartean eginiko diagnosiarekin erkatzen ari gara. Jardunaldien inguruko informazioa aurreratu genizuen jada, baina elkarteak eginiko diagnosiaren berri ere eman nahiko genizueke orain, bi horien uztarketatik abiatuko baikara udazkenetik aurrera.

Horrela bada, elkarteak orain arte eginiko bideari errepasoa eman eta zenbait alderdiri erreparatu diegu Karrikirik zertan asmatu, zertan huts egin eta zertan hobetu dezakeen garbiago ikusteko. Hori guztia xehetasun guztiekin azaltzea konplexua litzateke, baina zertzelada nagusiak azaldu nahiko genizkizueke.

Kanpo harremanak
Iruñerriko komunitateari, bereziki euskaldunei, gure helburuak eta egitasmoak helaraztea da gure xedea eta, horri dagokionez, zenbait kontu gogoan hartu behar direla iruditzen zaigu:

– Iruñerrian euskararen giroak bere mugak eta ezintasunak dituela arrazoi ezberdinak direla medio: euskaldunon dispertsio fisiko eta funtzionala, erakundeen jarrera, euskalgintzaren hausnarketa eta kritikarako kulturarik eza, euskaldun eta euskaltzaleen inplikazio falta zenbaitetan…

– Karrika aldizkaria eta web guneari ez diogu behar bezalako probetxua ateratzen eta garbi dago dinamikoagoak eta hurbilagoak egiteko premian garela.

– Elkarte bezala nolabaiteko erreferentzialtasuna lortu izan dugu urteekin, baina sentsazioa dago denborarekin galduz joan garela. Iruñerriko euskalgintzako gainerako taldeekin ditugun harremanak baliatu behar ditugu haiekin elkarlanean aritu eta erreferentzialtasuna indartzeko.

Egitasmoak:
Euskaraz bizitzeko asmoz elkartean martxan jarritako zerbitzuak sendotu beharra dagoela eta berriak eskaintzeko urratsak eman behar ditugula garbi dugu, izan ere:

– Zerbitzu batzuk sendotuz joan dira (Karrika, pisukideak, lan poltsa, establezimendu euskaldunen zerrenda, itzulpen zerbitzua…), baina hauek guztiak berritzea komeniko litzateke.

– Gero eta zailagoa da ekimen berriak sortzea eta sustatzea, izan ere kide gutxi baikaude eta diru eskasiak ere ez baitu laguntzen.

– Horrek geldituta egotearen sentsazioa sortzen digu eta gainditu beharra dagoela iruditzen zaigu.

Ekonomia
Ezinbestekoa iruditzen zaigu elkarte autonomoa izateko kanpo eragileekiko menpekotasunik ez edukitzea. Horrekin batera, ekonomiaren kontrol zehatzaren garrantzia funtsezkoa da bideratzen ditugun egitasmoak neurriz gauzatu ahal izateko.

– Halere, hainbat erakunderekiko nahi baino menpekotasun handiagoa dugu diru-laguntzei dagokienez.

– Diru iturri berriak bilatzea nahitaezkoa da eta, bidez batez, bideratzen ditugun zenbait ekimen edo zerbitzuri etekin ekonomikoa ateratzen jakin beharko genuke.

– Egoera ekonomikoak eguneroko jarduna baldintzatzen du eta zerbitzuak zabaltzeko oztopo objetiboa da.

Bazkidetza
Bazkideak elkartearen oinarri dira eta arreta handiagoa behar dute elkartearen aldetik. Bazkidetza biziberritzeko plana osatu behar dugu honako baldintzak kontuan izanda:

– Komunikazioa ez da kalitatezkoa izan eta horren ondorioz, besteak beste, bazkideei ez diegu behar bezalako arreta jarri: informazio eta zerbitzu gutxi, biltzeko aretorik ez…

– Bazkide gehiago lortu behar ditugu.

– Elkartera hurbiltzen diren bazkideak ez ditugu egitasmoetan inplikatzen.

Karrikiriko denda
Autonomia ekonomikoa gauzatzeko diru iturri esanguratsua izateko asmoz zabaldutako zerbitzua da, baina horretaz gain elkarteak garatzen dituen egitasmoen ispilu publikoa izatea ere nahiko genuke eta euskal sortzaileak eta Euskal Herriko produktuak aurkitzeko gunea.

– Merkataritzaren egoera orokorra beltza da oso: ditxosozko krisi ekonomikoa, merkataritza eremuen kontzentrazioa, espazio erreferentzialen aldaketa…

– Saltokiaren martxa ez da txarra, baina hasi berriak gara eta bertako dinamika hobetzeko asko dugu.

– Denda ezaguna bada ere, ez dugu asmatu elkartearen erakuslehio bihurtzen.

Hauexek dira, esan bezala, taldearen diagnosiaren zertzelada nagusi batzuk. Horien inguruan eztabaidatzen arituko gara egunotan eta etorkizuneko lan ildoak finkatzen joanen gara. Taldea indarberritzeko zuen ekarpenak eta parte hartzea eskertuko genuke. Hurbildu Karrikiriko egoitzara!