Zubi honetan zu ere giltzarri!
*giltzarri: iz. Egitura baten osagai garrantzizkoena
Txirrindulariek, hiri barnan mugitzeko bide gorriak behar dituzte, guk ere, Iruñeko euskaldunok gure bide gorriak behar ditugu euskaraz bizitzeko, euskal unibertsoan murgiltzeko. Zeregin honetan dihardute Iruñerriko euskara elkarteek, KARRIKIRI, KARRIKA LUZE, EUSKALDUN BILTOKI, ZALDIKO MALDIKO…
Hori da alde teoriko edo Euskara Elkarteen filosofia, baina gure bizitzan zertan antzematen da haien lana, nola gauzatzen da asmo polit hori?
Hemen ditugu adibide batzuk, ea argiago ikusten dugun zertarako balio duten Euskara Elkarteek.
Euskaltegitik atera berria zara, hainbat urte pasatu duzu ikasten eta orain ikasitakoa praktikan jarri nahi duzu. Hor duzu Mintzakide ekimena, tresna ezin hobea zure euskara aberasteko.
Gurasoen etxetik alde egin nahi duzu, baina giro euskaldunean bizi nahi duzu. Erabil ezazu Pisukide zerbitzua.
Betidanik lan munduan sartzerakoan, euskaraz aritzea izan da zure ametsa. Gure Lan Poltsa dago zure zain…
Kaleko giro euskaldunaz, euskal kulturaz gozatu nahi baduzu, batzuk dira antolatzen diren ekimenak…Karrika Gurea Da, Kultur Errota, ikastaroak, hitzaldiak…
Zure etxean tokiz tokiko informazioa jaso nahi duzu, euskarazko hedabideak ugari dira, batzuk aipatzearren, Euskalerria Irratia, Ttipi-Ttapa aldizkaria, Xorroxin telebista, edo gure Karrikiriko buletina, Karrika.
Espero dut adibide hauek, argi utzi ahal digutela zein funtzio betetzen duten Euskara Elkarteek. Bukatu baino lehen beste kontu interesgarri bat aipatu nahi dut:Jendeak jakin dezala perfil profesional mota guztietakook osatzen ditugula Euskara Elkarteak, iturginak, dendariak, ikasle mota guztietakoak, etxeko andreak, filologoak, irakasleak, terapeutak, kamareruak, euskara teknikariak, atezainak, …eta zu, zer zara zu?, euskararen unibertsoa euskaldun guztiona da, denok gozatzen dugu euskaraz, eta denok badugu zer eskaintzerik euskarari. Euskara Elkarteetan denok gara beharrezkoak, DENOK GARA GILTZARRI!