Koxmeren abaroa

Basaburukoa omen zen betaurreko beltzen atzean betiereko irrifarra marrazten zuen agureak, oker ez bagaude Koxme zuen izena.
80. hamarkadaren erdian bizi ginen, eta larunbatero eguerdi partean, edozein aitxaki baliatzen genuen itsulapikoa ateratzeko Iruñeko Gazteluko Plazara. Agureak mahaia paratzen genuen aldiro guregana hurbiltzen zen, elebila, gure euskara zurrun hartan ederki moldatzen ginen Koxmerekin, gu ito gabe arnasa hartzen zuen berak gurekin, hori bai, mutilak gaitzetsi gabe, neskekin solastea laketago zitzaion.
Koxmek mahaian jartzen ohi genuen irrati-kaseteari erreparatzen zion. Pilak agorturik ez bazituen, Zarama, Hertzainak eta Itoiz entzun zitekeen, hori zela kausa, are harrigarriago egiten zitzaigun Koxmeren bisita, eta puskaz bitxiago berak guri irakatsi, “Ttanpirrin pin ttona ttipi ttipi ttipi ttipiripirona ttipitipi tipi tipiripirona”, Imotz, Basaburua eta Ultzama aldeko kantak ahoan, Koxmek, Iruñean ere, euskaraz nahi zuen bizi, eta gazteon mahaia zuen abaro.
Euskalerria Irratirik gabeko urte horietan, euskalgintzari dagokionez, arkeologoek oraindik ere bazuten pisu nabaria, arkeologoak diogu, euskararen hondar arrastoak bilatzeari emanak, Portalapeako inskripzioan ageri zen esaldi famatuak euskal joskera ote zuen aztertze bidean kongreso monografikoa antolatzeko gai zirenak, horrek ez zuen esan nahi garaiko sormenak kezkatzen ez zituenik, baina, erlikia horiek edozer baino gehiago asebetetzen zuten, guretzat euskaraz bizitzeko hutsala zena, arkeologoentzat ezinbestekoa.
Bestalde fenomeno berria bizi genuen, kontzienteki ala ez Txepetxen teoriak, artean liburuan bildu gabeak, jarraitzen zituztenen agertzea. Ordurako plangintza hitza hitzetik-hortzera ibiltzen genuen. Baina egiaren aitortzeko, gu euskaraz bizi nahi horretan asebetetzen gintuena, sormena zen, literatura eta musika bereziki. Korroken garaiak ziren haiek eta musikari dagokionez, Balerdi-Balerdiren aiduru gintuzun.
90. hamarkadak ase gintuen, puska baterako behinik-behin, ur uherrak igaro numero eta koloreez mukuru, eta orekari uko egindako gaupasa horietako batean katebegi galdua topatu genuen. Bestalde, sargori zenean ez zen hausturarik falta izan, ezta itxaro penik ere.
Literatura izan da Iruñea euskaraz irudikatzen lagundu diguna. Kulturari dagokionez inoiz baino sormen handien izan da hiriburuzagian, izaten ari da, eta garrantzitsuago dena, aukerak biderkatu egiten dira beste garai historikoak aintzat hartzen baditugu. Bada, egun balantzea egiteko tenorean, osasunaren egoerari erreparatzen badiogu, zein da Iruñeak sormenari egin dion ekarpena? Zeintsuk Iruñeko euskaldunok ezaugarritzen gaituzten toki, ikur, hitz, festa? Ba al dugu erreferentzia gunerik? Zer dugu amankomunean gu gaurko euskaldunok? Non ikusten dugu gure burua islaturik? Horrelakorik behar ote Iruñean euskaldun izateko?
Krisia ez da arrotza euskalgintzaren munduan, zer esanik ez Iruñean. Bada, agian estrategia aldaketa behar dugu, beste era batera jokatu. Euskararen aldeko mezu positiboak hedatzen jarraitu eta aldi berean ohitura multzoa saiatu, gu asebeteko gaituzten ohiturak, Koxme 80. hamarkadako Gazteluko Plazako mahaia hurak asebetetzen zuen gisa berean. Koxme guregana hurbildu zen abaro bila, eta harremana hori zaintzen zuen moduan, guk ere, eguneroko bizitzan txertatu ohitura multzoa abiatu eta mantendu beharko dugu. Beste baterako utzi behar erakundeen papera, erakundeak eta elkarteen arteko elkarlanarena. Bada, inoiz, euskaldunok proposamen eta egitasmoa berriak aurrera ateratzeko gai bagara, ohitura multzo horrek indartu egin gaituelako gertatuko da hori. Hori guzti hori mamitu bitartean, norberak bere abaroa bilatuko du.

Patxi Larrion. Autoikaskuntzan aditua



ZENBAT BURU… Iker Rozas

Gurasoengandik jaso du txikitatik kirol afizioa. 1998az geroztik triatloian dihardu eta Nafarroako txapelduna da. Egunen batean euskal selekzioan aritzea gustatuko litzaioke, baina bitartean Lagunak-Navarra Triatloi taldearekin Niza eta Bartzelonako Ironman-ak prestatuko ditu aurten.

Nola sortu zitzaizun kirol zaletasuna?
Txikitatik aitak sartu zidan kirolaren pozoia. San Fermin ikastolako Astobizkar mendi taldearekin hasi ginen eta 8 urterekin mendiko bizikletan. Koxkortzen joan ahala, aita atzean utzi nuen. Ahalegina eta esfortzuaren balioa ikasi nuen harengandik eta baita ingurugiroarekin harremana duen edozein kirolenganako zaletasuna. Amak ere inork baino sendoago animatu nau beti. Jada 21 urte dira lehiaketetan emandakoak. Mendiko bizikletarekin ibili ondoren, errepideko txirrindularitzarekin hasi nintzen, eta aldi berean iraupen eski probetan parte hartzen hasi nintzen. Nafarroako hainbat txapelketa irabazi nituen iraupen eskian eta estatu mailan ere emaitza onak lortu nituen. Gaur egun aitarekin entrenatzen dut oraindik ere.

Noiz hasi zinen triatloia egiten? Eta zer moduzkoa izan da orain arteko martxa?
1998. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Triatloi Taldearekin. Ongi joan zait. Espainiako Neguko Triatloian, 23 urte azpikoen artean txapeldun izan naiz eta elite mailan 3. postuan izan nintzen. Munduko bi txapelketatan eta Europako batean parte hartzera iritsi nintzen eta udako triatloian Nafarroako Txapelketa egin den 8 edizioetatik zazpitan izan naiz txapeldun, azkena iazkoa.

Laster hasiko da omen da denboraldia. Zer prestakizun egiten duzu?
Neguan Kross probetan hartzen dut parte. Espainiako Neguko Triatloian izango naiz aurten eta hortik aurrera Distantzia Luzeko Triatloi denboraldian sartuko naiz, martxoan Gran Kanaria uhartean baitaukat lehen proba luzea. Niza eta Bartzelonako Ironman-ak ditut helburu aurten, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloi Kopaz gain. Prestaketa, egunerokoa da, momentuz lasaia eta igeriketan, korrikan eta iraupen eskian oinarriturikoa. Martxotik aurrera iritsiko da gogorrena, egun batzuetan, asteburuetan, 7 orduko entrenamendu saioak izango ditudalarik. Garai horretan bizpahiru igeriketa saio, hiruzpalau saio korrika eta beste hiruzpalau saio egingo ditut bizikletan astero. Egun bat atseden hartzen dut astean behin.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko triatloia?
Euskal Triatloia maila onean dago, kontuan hartuta profesional oso gutxi daudela eta erakunde eta enpresen babesa hutsaren hurrena dela. Guztien buru Eneko Llanos arabarra da, aurtengo munduko Ironman txapelketan, Hawaii uharteetan, txapeldunorde izandakoa. Mundu mailako distantzia luzeko triatloilarien artean onena izan daiteke nire ustez. Eta beste izen aipagarri batzuk: Ainhoa Murua zarauztarra, Beijingeko joko olinpiarretan izandakoa, Virginia Berasategi bilbotarra, munduko 6.a Hawaiin, etab.
Proba herrikoietan ere maila nahiko ona da. Dena den, Nafarroan federaziotik promozio mailako triatloiak bultzatzen dira, baina maila altuagokoetarako jauzia oso eskaski. Maila hobea izan dezakegunoi trabak jartzen dizkigute eta harremana ez da oso ona.

Euskal selekzioaren izena dela eta, sekulako iskanbila sortu da azken boladan? Zer iritzi duzu?
Euskalduna naiz, nire aberria Euskal Herria da eta, beraz, euskal selekzioaren aldekoa naiz. Espainiako selekzioan izan naiz eta horrek federazio mailan leku guztietan dauden kirol-politika kontu nazkagarriak erakutsi dizkit. Gustatuko litzaidake Euskal Herriko selekzioarekin nazioarteko probetan parte hartzea, dudarik gabe, baina politikariek daukate oraingoz azken hitza honetan, eta egungo klase politikoa gazteriak izan behar ez duenaren islada besterik ez da. Beraz, ez dut itxaropenik ezer egingo dutenik. Gaur egun jendearen eta kirolarien herri nortasuna ez dago agenda politikoan. Aurreko hilabeteetan hainbat kirolarik sinatutako manifestuaren aldekoa naiz beraz, baina ez dut oraingoz aukerarik izan sinatzeko. Gustura eginen nuke.

Zer erronka dituzu denboraldi berriari begira?
Nire helburuak Niza eta Bartzelonako Ironman-ak dira, Espainiako Distantzia Luzeko Triatloi Koparekin batera (zazpi proba inguru). Dena den, kontuan izanda ogibidez ez naizela kirolari, xederik nagusiena disfrutatzea da. Nafarroako txapelketa beste behin irabaztea gustatuko litzaidake, baina ikusita Nafarroako Federazioak jartzen dizkigun arazoak, jadanik ez dit horrenbesteko ilusiorik egiten. Ez dut baztertzen etorkizunean Euskadiko Federazioan lizentzia ateratzea.


HERRIEN ELEAK   
Tanzania eta swahilia

1964ko apirilean Tanganyka eta Zanzibar irla batu ziren Tanzaniako errepublika sortuz. Geroztik estatu bakarra izan dira baina Zanzibarrek autonomia zabala dauka bere ekonomia eta bizi modua nahi duen erara antolatzeko. Tanzania 945.090 metro koadro zabalera eta 32milio pasatxo biztanle dauzka. Erlijioari dagokionez os datu zehatzik ez dago baina %35-40 gutxi gora behera musulmanak dira, %45-50 kristauak eta gainerakoak animistak.
Talde etniko asko daude, bakoitza bere kultura eta hizkuntzarekin eta ehundik gora dira hitz egiten diren eleak.

Tanzaniako artea oso aberatsa da. Egurrezko tailak dira bere ezaugarri nagusia eta haietan erlijioarekiko harremanak eta antzinako kosmogonia azaltzen dira.

Hemen duzue Tanzaniako 4 talde etniko esanguratsuei buruzko informazio apur bat.
ZARAMO: Dar el Salaam inguruan bizi dira. Gehienbat nekazariak diren arren, haien artean arrantzaleak ere badaude. Herri honetan hastapen erritualek eta hiletaren ospakizunek garrantzi handia daukate.

NYAMWEZ: “Mendebaldeko herria”, izen honekin dira ezagunak. Merkatariak eta karabanariak izan dira baina egun lanbide hori desagertzear dago.

MAKONDE: Tanzania eta Mozambike herrialdeetan bizi dira. Haien maskarek eta tailek prezio handia hartzen dute arte merkatuan.

SWAHILI: Herri bat baino mestizaje kultura eta hizkuntza bat da. Bantu kultura baldin bada ere, arabiar, persiar eta Asiako kulturen oso eragin nabaria du eta, hortaz, hemen dugu mestizajeren adibide argienetariko bat.

Bi dira Tanzaniako hizkuntza ofizialak, ingelesa eta swahili. Ingelesa kolonizatzaileen hizkuntza da, eta goi kultura mailako eliteen hizkuntza izan arren, swahiliren alde presentzia galtzen ari da, swahili estatuaren hizkuntza nagusia bilakatzen ari baita.

Aipatu dugun bezala, 100 hizkuntzatatik gora hitz egiten dira Tanzanian, eta 4 familia osatzen dute:
BANTU: hitz honek “jendea” esan nahi du. Sahara basamortutik beheiti hitz egiten diren 500 eleek osatzen dute familia hau, eta 200 milioi hiztun daude. Afrikako hizkuntz zabalduenetarikoa da.

CUSHIT: familia honen jatorriak Etiopiaren inguruan du sorlekua. Tanzanian “Iraqw” aldaera hitz egiten da.

NILOAR: hizkuntza hauek Etiopia, Sudan, Kenya, Uganda, Tanzania eta Zairen hitz egiten dira.

KHOISAN: Tanzanian hitz egiten duten aldaera “Sandawe” da, eta geografikotik oso urrun dago adar nagusitik. Familia hau Angolan, Namibian eta Hego Afrikan hitz egiten da.
Afrikako beste hizkuntzekin gertatzen den bezala, ( Wolofera, Hausa, Yorubera…) Swahili hizkuntza ofiziala bilakatu den heinean bertako hizkuntzak ordezkatzen ari da.
Dagoeneko Tanzaniako ele batzuk desagertu dira, (Hamba, Kw´adza, Aasax, Segeju) eta beste batzuk egoera larrian daude (Ongano, Gweno, Akei…).
Gobernuak swahili arautzeko “Baraza la Kiswahili la Taifa” (Bakita) erakundea sortu du baina ez du inolako neurrik hartu gainerako eleak babesteko. Tanzanian ere, nazio hizkuntza delakoaren eredu europarra imitatzen da beste hizkuntzen kaltetan.