Euskararen egoera nafarroan

Hemen esanen dudanak balioko du bereziki Nafarroa Garairako, baina, jakina, oro har, Euskal Herri osorako ere balio lezake.

Jarraitu baino lehen zera azaldu nahi dut, bi esparru nagusitan zatituko dudala orrialde honetan adieraziko dudana, alegia, bat, eremu publikoarena nolabait esateko: administrazioak, gobernuak, legeak, e.a., eta bestea, alor pribatuarena: harreman pertsonalak, kultur kontsumoa, euskara transmisioa, eta bat eta beste.

Lehenengoaren inguruan ez dut asko hitz eginen, denok dakigu-eta zer egoera zaila dugun Euskal Herri osoan euskarari dagokionez, bereziki Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainia, Frantzia eta Nafarroako Gobernuek ez diote asko laguntzen euskarari, are gehiago, kasu askotan esan liteke aurkakoa egiten dutela, eta, jakina, beren legeek, arautegiek, ordenantzek, administrazio publikoek, eta abar, modu bertsuan jokatzen dute, horregatik, nire iritziz, arlo horretan euskaltzale, ezkertiar, abertzale guzti-guztiok, eta abarrek jarraitu beharko dugu lan serioan, hor pixkanaka-pixkanaka, egoera aldatzeko lorpenak eskuratzen, hau da, legeak, ordenantzak, araudiak, e.a. hobetuz, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Bigarrena, ordea, nire ustez, eskuragarriago dugu, hots, askotan aukeratu ahal ditugu hedabideak, prentsa, abestiak, zinema –hau gutxiagotan-, literatura, aldizkariak, elkarrizketak –etxean, kalean, lantokian, aisialdian…-, e.a. euskaraz ala erdaraz izatea. Beste horrenbeste gertatzen da gurasoen transmisioarekin, etorkinekin… Denetan erakusbide onak eta txarrak ikusten ditut. Konparaziora, adituek askotan esaten digute euskal produktuen kontsumoa oso txikia dela, eta hori bakarrik euskaldunon ardura da, hau da, gurea. Halaber, nire aburuz, gehiegitan ikusten dira euskaldunak beraien artean lasai-lasai erdaraz egiten, inork behartu gabe, edo, guraso batzuk transmisiorik egin ez dutenak –Julian Retegi, Fernando Arretxe, kasu ospetsu batzuk jartzeagatik-, edo euskal dantzari, txistulari eta dultzainari artean berdin, erdaraz mintzatzeaz gain, izenak ere gaztelaniaz edo frantsesez aipatzen –La Era, Valcarlos, El zortziko de Lantz, El ingurutxo de Iribas, El Aurresku, El Agur Jaunak, El Gernikako… Zorionez, alderantzizko kasu ondratsuak ere ezagutzen ditut, gutxiago baldin badira ere: euskara ederki ikasi duten etorkinak, edo beren seme-alabak, behintzat, D ereduan matrikulatzen dituztenak, e.a.

Bukatzeko, jendea animatu nahi dut konpromiso eta koherentzia handiagoak izan ditzan, eta denok pasa gaitezela EUSKARA BAItik EUSKARAZ BAIra.

Xanti Begiristain Madoz. Irakaslaea. Larreko Saria 2008


 

ZENBAT BURU… Iñigo Aranbarri

1994an karrikaratutako “Emon biar yako” lanaren ondotik, “Zulo bat uretan” Iñigo Aranbarri idazlearen bigarren eleberria da. Filologian lizentziatua eta irakasle lanetan ari den idazle azkoitiarrak, ordea, beste hainbat jenero jorratu ditu (poesia bereziki, saiakera, kronika, biografia) eta guztietan gustura sentitzen dela aipatu digu. Bere azkeneko lan hau Iruñerrian, Itoizko urtegian eta Argentinan girotuta dago eta Donostiako liburu ferian Zilarrezko Euskadi saria jaso zuen, baita irakurleen harrera beroa ere. Hilabete honetan Iruñerrian eginen da aurkezpen ofiziala.

“Zulo bat uretan” zure bigarren eleberriaren aurkezpena iraila partean eginen da Iruñeko zenbait dendetan. Zer prestatu duzue aurkezpen honetarako?
Prentsarekikoak uda aurretik beteta, libreago ibiliko gara gauza bereziren bat egiteko. Badakit Iruñeko lagunak zerbait bitxia prestatzen ari direla, baina egia esan behar badizut, neuk ere ez dakit dena. Liburuan agertzen den geografia bizitzearekin duela zerikusia, hori baino ez dakit.

Karrikiriko dendan izanen omen naiz, baina ez dakit zehazki noiz izanen den hori. Data zehazten denean horren berri emanen duzuela espero dut, ezta? Nobela Itoitzen girotuta dago. Zer dela eta?
Itoizko urtegian soilik ez, baita Iruñerrian ere. Eta Argentinan. Arrazoia sinbolikoa da, batez ere Artzibarren eta Longidaren kasuan (iragana estaliko duen obra bat), eta urtegia betetzen hasteak intrigari laguntzen diolako. Iruñerrikoa, berriz, gerraosteko larderiazko harremanek itsutu didatelako begia istorioa kontatzen ari nintzela. Eta non hobe hemen baino?

Zilarrezko Euskadi saria jaso zenuen Donostiako liburu ferian eta ematen du jendartean ere harrera ona izaten ari dela, ezta?
Bueno, sariek baino irakurleen komentario zuhurrek gehiago pozten naute… Literaturak duen ederrena ez da konpartitze hori?

Zure bigarren eleberria da, baina beste hainbat lan egin dituzu beste jenero batzuk landuz. Zein duzu nahiago?

Gustura sentitzea dela uste dut kontua, esateko daukazun horri neurriko arropa egitea. Batzuetan poesia izango da, beste batzuetan saio bat, edo ipuin bat, nik dakit ba. Nahi bai, baina denetan ongi moldatzea da zaila.

Egun, teknologia berriak direla eta, gutxi irakurtzen dela esaten dute eta euskaraz are guttiago. Zer deritzozu?
Begira, Venezuelatik etorri berri naiz, eta ez dut ia inor irakurtzen ikusi, ez kalean, ez metroan edo autobusetan. Hango idazleek ere zerbait esango dute ba! Gure egoera, badakit, ez da onena, baina begira zer telebista daukagun, nola hezitzen den jendea. Esan nahi dut ez dela teknologien berrien errua, sakonagoa dela gure gaitza. Hori uste dut behintzat.

Nola ikusten duzu euskal literatura?

Irakurle bezala, oso garai onean gaudela iruditzen zait. Ia oraintsu arte ez bezala, ez bat eta ez bi, gehiago dira urtean argitaratzen diren liburu interesgarriak. Ongi idazten duen jende asko dago.

Ba al duzu eskuartean beste lanen bat?

Buruan darabildana idazteko gauza izango banintz…


HERRIEN ELEAK   
Ekuador

Andeetako errepublika honetan hamahiru milioi pertsona pasatxo bizi dira, horietatik %40 amerindiarrak , %40 mestizoak, %15 zuriak eta %5 beltzak dira. Ikusten duzunez, indioen presentzia oso handia da eta azken urteotan oso nabaria izan da haien eragina, bai eguneroko bizi moduan, bai politikan.

Ekuadorren hamalau indio nazio desberdin daude. Kitxua etnia nagusia da (4 milioi, gutxi gora behera) eta eskualde guztietan bizi dira; Shuar (70.000 kide), kideen aldetik, bigarren talde handiena da baina hauekin batera beste talde gehiago daude, horietako batzuk oso txikiak, besteak beste, Lofán (500), Siona (200), Secoya; (400), Huaorani (2000), Zápara (150), Shiwiar (600) eta Atxuar (3000). Tribu hauek guztiak oihanean bizi dira. Kosta aldean bizi direnak hauexek dira: Tsatxíla (2000), Awa (1000), Txatxi (4000) eta Epera (250).

Indio nazio guztiek Ekuadorreko gainerako biztanleek baina bizi baldintza kaskarragoak dituzte eta horietako askok pobrezia larria jasaten dute. Salbuespena Otavalo herria da, hauek garatu duten merkataritzari esker bizi maila duina lortuta baitaukate.

Hemen dituzue amerindiarrak diren hizkuntzei buruzko hainbat informazio.

KITXUA: Inka herriaren hizkuntza da, Ekuadorren milioi eta erdi hiztun daude, baina Andeetan zehar zazpi milioi inguru daude.

SUHARRERA: Jibaroen elea da eta ba ditu 70.000 hiztun. Egun jibaro hitza gaizki ikusita dago, beraz ez ba dugu erabiltzen hobe.

CAYAPA: Amerindiar eleen artean oso hizkuntza zaharra da, bere antzinatasuna 3.300 urtekoa da. Esmeralda eskualdean hitz egiten da eta 5.000 hiztun ditu.

TSÁFIKI: (Tsátxela, Colorado). Pitxitxan eta Los Riosen hitz egiten da, 5.000 hiztun dira. Colorado izena ez da indigenen gustukoa, beraz bere erabilera saihestu behar da. Ele hau Barbacoana familiakoa da.

SÁPARO-KONANBO: Autónimoa Káyawi. Ekuadorreko Pastazan eta Peruko Loreton eskualdetan hitz egiten da, oso hiztun gutxi du (200). Zaparoana familiakoa da eta oso ele zaharra da; 4.100 urteko antzinatasuna dauka.

MEDIA LENGUA: Quitora emigratutako indigenen hizkuntza da, jatorriz Kitxua da baina erroak aldatu zituzten espainolarenak ezarriz. Horrela sortu omen zen. Quitoren inguruan hitz egiten da, 1.000 hiztun daude baina beste eskualdeetan ere badaude hiztun gutxi batzuk.

SABELA: (Auka), autónimoa Wao. Ekuadorren ekialdean bizi dira bere 1.000 hiztun.

PIOHÉ: (Sekoya), Ekuadorren, Perun eta Kolonbian hitz egiten da, osotara 2.000 hiztun dira.

KOFAN: Kolonbiako Putamayon eta Ekuadorreko Napon eskualdeetan bizi dira bere 1.000 hiztun. Jibaroano familiakoa da.

Duela gutxi Ekuadorreko batzar konstituzionalean, 130 ordezkaritatik 90ek baietza eman zioten Kitxua eta Suharreraren ofizialtasunari, hemezortzi orduko eztabaida egin ondoren. Irailaren 28an egingo den erreferendumean herritarrek onartu behar dute lege ebazpen hau. Conaie Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen Konfederazioaren ustez proposamena motz geratzen da baina aurrerapausotzat hartu nahi dute. “Identitate nazionala sendotzeko baliagarria izango da, gure sustraiak indartzeko aniztasunean sakontzeko” adierazi dute parlamentuan dauden indigenen 20 ordezkariek.

Espero dezagun hasitako bidea indartuko dela eta Ekuadorreko indigenen bizi modua, kultura eta eleen baldintzak hobetuko direla