20.00etan. Sukaldean.
Muturreko errealismoa


(Parentesi artean adinak)

Oskia (3): ¡No quiero afaldu!
Amaia (40): ¿Prefieres lekas?
Oskia: Quiero bibe.
Gaizka (40): Purea ona dago, txiki.
Joanes (5): Eske está malo. A Oskia le gusta el puré laranja y este es berdea.
Gaizka (40): Purea oso ona da, eta errazu euskaraz, motel.
Joanes (5): Amari erran diot, ez zuri, Tonto!
Gaizka (40): Amak hori ulertzen du euskaraz!
Amets (9): Agua. (Edalontzia altxatu du).
Gaizka (40): Joder, Amets!
Amets (9): Zeeer?
Amaia (40): Venga, Amets, pídelo bien.
Amets (9): Ama, me das agua, por favor.
Gaizka (40): Eskerrik asko Amets!!
Amets (9): Joder, aita, amari eskatu diot!
Gaizka (40): Eta?
Amets (9): Buf!
Gaizka (40): Beti berdin.
(…)
Oskia (3): Bibeeeee! Uaaaaaaaaaaaaaaaaa.
Amaia mahaitik jaiki da eta biberoia prestatzeari ekin dio.
Gaizka (40): Amaia, la hostia, ¿no ves que otra vez ha conseguido lo que quería?
Amaia (40): ¿Y qué? Así al menos come algo.
Joanes (5): Eeeeeeeeeeehh! Eta zu zer, eeeeehhh! Morrudo!
Gaizka (40): Ni, zer?
Joanes (5): Espainolez ari zara!
Gaizka (40): Amari gauza bat azaltzen ari nintzaion.
Joanes (5): Ja!
Amets (9): Eta gu ere bai!
Gaizka (40): Benga, benga, eseri ongi eta jan purea behingoz.
(Mikroondasak klink! egin du)
Amaia (40): Tori Oskia, bibe.
Oskia (3): Está bero!
Amaiak biberoia hoztu du txorrotaren azpian.
Amaia (40): Toooori.
Oskiak nazka keinuz, biberoia mahai gainean utzi du.
Oskia (3): Putita!
(…)
Amaiak eta Gaizkak, aztoratuta, elkarri begiratu diote. Amets barre algaraka ari da. Joanesek, bere arreba gazteari so, ez du ezer arrarorik sumatzen; zaharrenen erreakzioak ulergaitzak zaizkio, argi dago ta:
Oskia (3): Está putita!
Aginduarekin zuzendu nahi eta ereduarekin jai.
Aitatasuna nahi eta aitakerietan blai.
Seme-alabei euskaraz bizi daitezkeela sinestarazi nahi, eta ezinaren amorruetan blai.
Egia erran, errealitatea “putita” dago, oso “putita”

Gaizka Aranguren. Aita bat… edo



ZENBAT BURU… Joxema Leitza

“Askotan ondokoa  txalotzen dugu eta ez dugu etxean duguna baloratzen”

Hilaren 15ean jokatuko da Elizondon aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Horixe da, apika, Nafarroako bertsolaritzaz gehien ezagutzen den jarduera, baina ez bakarra. Hainbat dira Nafarroako Bertsozale Elkarteak sustatzen dituen ekimenak, eta beste hainbat datozen urteotan martxan jarriko dituenak. Txapelketaz eta Bertsozale Elkartearen asmoez mintzatu gara Joxema Leitza Nafarroako Bertsozale Elkarteko idazkariarekin.

Txapelketak bere 37. edizioa bete du aurten. Zer ezaugarri berezi ditu?
Egia esateko, azken urteotako ildoa segitzen du. Alde horretatik, gero eta nabarmenagoa da belaunaldi berri batek hartu duela Nafarroako bertsolaritzaren lekukoa, bertsolari gazteak dira aurtengo Txapelketan parte hartzen duten gehienak. Horren ondorioz, parte hartzaile kopurua handitu da aurten, azken urteotako kopururik handiena izan dugu, 25 bertsolari aritu baitira Txapelketan. Entzuleen aldetik ere, nabarmena da belaunaldi aldaketa hori.

Horrela bada, Nafarroan bertsolaritzaren egoera inoiz baino hobea dela esan al daiteke? Iruñeko Bertso Eskola horren erakusle al da?
Inoiz baino hobea dela asko esatea da. Hala ere, egia da azken urteotan Bertsozale Elkarteak lan handia egin duela, besteak beste transmisioan, eta orain ari gara ikusten horren fruitua. Bertsolari eta bertsozale gazteak egotea seinale ona da, baina horrekin ezin gara itsutu, lanean segitu behar dugu, orain arte bezala transmisioan, baina baita sustapenean eta Nafarroako bertsolaritzaren prestigioan ere.
Horren barruan, bertso eskolek zeregin garrantzitsua dute, eta dudarik ez da Iruñekoa sortu izana urrats garrantzitsua dela, azken urteotan Iruñerrian bertsolaritza dezente suspertu delako eta etorkizunari begira bertan lan garrantzitsua dagoelako egiteko.

Duela zenbait urtetik egiten ari zareten transmisio lana fruitua ematen ari dela diozue. Zertan gauzatzen da ereite hori?
Lehenik eta behin oso inportantea da gaztetxo euskaldun horiek bertsolaritza zer den ezagutzea, bertsogintzarekin gutxieneko hartu-eman bat izatea. Gero gustuko badute, aukera izango dute bertso eskoletan trebatzen segitzeko. Esan bezala, transmisio lana da Nafarroako Bertsozale Elkarteko ardatz nagusietako bat eta horren barruan irakaskuntza arautuan dauden eskolek garrantzi handia dute. Eta ez bakarrik guretzat, ikasleentzat ere, azken finean bertsoa lantzean hizkuntza ere lantzen dute, baita kultura orokorra, trebetasun pertsonala eta musika ere. Lan hori ari da fruitua ematen, lehen aipatu dugun belaunaldi berri hori ez baita ezerezetik sortu.

Txapelketari ukitu modernoagoa eman nahi izan diozue. Bertsolaritza beraren bilakaerarekin lotzen al duzue?

Ez da txapelketa honen kontua, aspaldiko ahalegina da. Argi dago bertsolaritza tradizio errotua dela gure herrian, baina, era berean, ukaezina da aspaldian egin zuela jauzi garrantzitsu bat: tradizioa izatetik, kultur ekitaldi modernoa izatera pasa da. Dagoeneko ez da baserri giroarekin lotutako ekimen bat, bere sustraiak galdu gabe gero eta hiritarragoa da, eta joera berriekin bat egiten jakin izan du. Horrexegatik egiten zaie gazteei erakargarria, ikusten dutelako haientzat adierazpide baliagarria dela.

Egoitza aldatuko omen duzue laster. Erronka berriak planteatzen ari al zarete?
Bai, laster egoitza berria izango dugu eta aldaketa hori ere aprobetxatu nahiko genuke nolabait etapa berri bat hasteko. Orain arteko lan ildoekin segitu nahi dugu, transmisio eta sustapenean, baina kontu berriei heldu nahi diegu. Besteak beste, Bertsozale Elkarteak egiten duen lana ezagutarazi nahiko genuke, askotan ez baita ikusten Txapelketa edo beste ekimenen atzean dagoena. Halaber, oso inportantea iruditzen zaigu Nafarroako bertsolaritza eta horretan aritzen diren bertsolarien lana behar bezala prestigiatzea; askotan ondokoa txalotzen dugu eta ez dugu etxean duguna baloratzen. Horrez gain, Nafarroako herritarrei, euskaldun zein erdaldun izan, bertsolaritzaren berri eman nahi diegu. Azkenik, ikerkuntza arloan ere hainbat kontu egin nahi ditugu, bertsolaritzarekin lotutako ondarea behar bezala gorde eta ezagutarazteko. Horiek eta buruan ditugun beste proiektu batzuk.


HERRIEN ELEAK   
Myanmarko eleak

Asiako herri honek 1948an lortu zuen independentzia. Bere bizitzaren hurrengo urteak oso korapilatsuak izan ziren: gerrilak, kolpe estatu militar bat, etnien arteko liskarrak… Hori zela eta, 1962an militarrek boterea eskuratu zuten komunistak garaituz eta erabat ezabatuz eta alderdi politikoak debekatuz. Orduz geroztik Myanmarko herriak ez du demokrazia ezagutu.
1990ean hauteskundeak egin ziren eta militarren kontra modu baketsuz borrokatzen duen Aung San Suukyi oposizioko emakumeak irabazi zituen, baina junta militarrak ez zituen onartu emaitzak eta jarraitu zuten botereari atxikitzen.

Myanmaren ez dago erlijio ofizialik bainan %89,4 budistak dira. Gaineko konfesioen presentzia hau da: %4,9 kristauak, %3,8 musulmanak eta %1,9 beste konfesiokoak.
Talde etniko nagusiak hauexek dira: %69 Bamab (Birmaniar), %8,2 Shan, %6,2 Karen, %2,4 Mon, %2,2 Chin, %1,4 Kashin, %10,3 besteak. 135 goitik etnia daude baina garbi dago birmaniarrak direla estatu honetako talde nagusia eta boteretsuena.

Myanmarko eleek lau hizkuntza familiatan dute jatorria: sino-tibetano, monjermer, austrotai eta kareni. Osotara 60 ele baino gehiago hitz egiten dira. Birmaniera da hizkuntza ofizial bakarra; berak dauka nagusitasun osoa bizitza publikoan, telebistan, irratian, prentsan… Besteak familia harremanetarako eta erosketak egiteko murrizturik daude.
Hona hemen arriskuan dauden Myanmako eleen zerrenda:

YAW sino-tibetano familiako hizkuntza hau Myanmarko erdi-mendebaldean hitz egiten da. 100.000 hiztun ditu, gazteek ulertzen dute bainan ez dira gai hitz egiteko.

ZAIWA hau ere sino-tibetano familiakoa. Tsaiwa ahoskatzen da eta Atsi izenarekin ere ezagutzen zaio. 150.000 dira dituen hiztunak.

DANAU (Danaw) elea austroasiatikoa da eta oso egoeran larrian dago. Milaka gutxi batzuk hiztun ditu eta inguratzen duten tibetano-birmano adarreko hizkuntzek ordezkatzearen bidean jarri dute.

AKEU elea Txinako Jinghong eta Menghai eskualdetan, Thailandiako iparraldean eta Mianmarko MyanmakoShan eskualdean hitz egiten da. Akeu sino-tibetano elea da. Akeau hiztun askok AKHA elea ere hitz egiten dute eta horregatik eta Akeu indarra galtzen ari delako, ordezkatze prozesuan sartuta dago.

MOON eleak jatorria austroasiatikoa dauka. Talaing edo Peguan izenekin ere ezagutzen zaio. Egun milioi bat hiztun ditu, 800.000 Myanman eta 200.000 Thailandian, azken honetan oso egoera larrian dagoelarik. Hiru dialekto ditu, Ro, Rau eta Thailandiakoa. Idazteko, “mon” izeneko idazkera, brahmi-ren aldaera bat dena, erabiltzen da.

MOKEN hau malayo-polinesia familiakoa da, arrantzale talde baten elea da. Bakarrik 6.000 inguru dira bainan alfabetatzeko hainbat materiala dute. Hiztun kopurua oso txikia bada ere, 6 dialekto ditu.

MALIN sino-tibetano elea hau 1931tik galduta dago. Katha eskualdean hitz egiten zen. Kadu eta Ganan eleekin harreman estuak zituen.

KADU hil zorian dago. 20.000 inguru hiztun dauzka eta birmaniera aspalditik ordezkatzen ari da.

GANAN elea Kadu bezala sino-tibetanokoa da eta bera bezala hil zorian dago. Namza eskualdean bizi dira bere 7000 hiztunak.