Estimuloak, biraoak, zurruntasun inoperanteak (eta beste)

1. Miquel Grosek idatzi duena baikortasun itxaropentsuaren injekzioa da. Zainetan optimismoa txertatu digu. Euskara Nafarroan onera bidean ari da. (Miquel Gros y Lladós. Recuperación del euskara en Navarra. Euskaltzaindia).
Baina guk askoz nahiago dugu negar lanturuka jardun eta Jeremiasen antzera euskararen hil kanpaiak ozenki jotzen ibiltzea. Horixe da geure neurriko jokamoldea. Ez gaituzte horrelakotik aterako. Gu positibo? Ezin.
Euskararen propagandan mezu positiboen balioa erakutsi digu Grosek. Ongi goaz, gero eta euskararen ezagutzaile gehiago dugu Nafarroan. Engainagarria? Estimuloa, ezagutzaileak erabiltzaile bihurtzeko lana geure gain hartzeko.

2. Barneak hustu, esan beharrekoari espresibitatea erantsi… balio handia dute horretarako biraoek. Efektu katartikoa dute gainera. Gauza ederra da madarikazioek Euskaltzaindiaren bedeinkazioa dutela jakitea. Egia bada ere sakreak liburuan jasota ikustean, tabuak hautsi baino gehiago, exorzismoaren antzeko zerbait balitz bezala, indargabe samartuak gelditzen direla. (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri. Biraoak, Nafarroan bilduak. Pamiela).

2.b Inork ez dezala uste euskaltzainek euren diskusioak mekaguendioska erabakiko dituztenik,

2.c Biraoen praktikarako ikastaro espezialiatuak antolatuz gero, ikasleek elkarren aurka astobeltzarenak dotore eta egokiro botatzeko, arrakasta ia segurua lukete euskaltegiek.

3. Patetikoa Perez Nievas sailburuak bizi duen trantzea Euskararen Nafar Instituturako (ENAI) zuzendari izateko eskaintza onartuko dionaren bila garizuma. Zaila ez den arren orain arteko hobetzea. Ezina baita ezagutu duguna baino okerragora jotzea. Mugitzeko tarte motza antzeman zaio ordea, kontseilariak alboan dituen bele beltzen begiraka makurra, euskal nazionalistei eginiko kontzesioen salatzaile. Sakoneko mudantzarik egin gabe, genuenetik askorik urrundu gabe ibiltzeko laguntzailea nahi du Perez Nievasek. Hobe luke esatea euskara babesteko neurriak ez direla hutsean eremu baskofonoan aplikatuko.

4. Handia da hainbestetan estropozo egin ondoren, berriro tranpan erortzea. Nafarroan hipersentiberasun artifizialki ernea dute errejimenaren zaintzaleek auzotik datozkeen injerentziak salatzeko, anexionismoaren mamu izugarriak nonahi topatzeko. Baldarkeria da hoiei espantuak inarrosteko erraztasunak ematea, manipulazioaren lapikoa eragiteko kirtena eskura eskaintzea. Patxi Baztarrikak honez gero ikasia du esanezinak direla, estigmatizaturik daudela hitz jakin batzuk, organu, iraunkor eta gisakoak. Mamia azal erakargarriz janzteko abilitatea landu beharra dago.

5. Unibertsitate Publikoan, aire berriak iritsi ote dira?
Edo oportunitateak probetxatzen saiatu beharra dagoela ohartu al gara?. Kanpotik etorri eta ikusi gaituen batek esana digu: “Eskubideen aldarrikatzaile handi zarete zuek; baina oportunitateen probetxamenduan maingu zabiltzate”.6 Noiz printzipioei heldu eta horretan mugigabe ari? Noiz errealitatean indarrak egiazki zein diren neurtu eta horren arabera harreman transakzionalean jardun, honetan amore eman, bestea lortzeko?
Hortxe dago klabea, behar den unean tinko izan, baina komeni denean tratulari izatean. Gehienetan alderantziz ez al dugu jokatzen? Malgu izateko orduan, ezker eskuin mugitu beharra dagoenean, paretaren aurka burukada jotzeko aukera egin dugu maiz inmobilismo inoperantean. Aurreko legealdian egiaztatu genuen: barruti mixtoaren muga Iruñerriko bizpahiru udaletara zabaltzeari uko eginez Parlamentuan, gutxiegi zelakoan. Abertzale gandor harrokoak ez du apurrik onartzen. Nahiago esku hutsik. Epel itxura izateko arriskurik hartu nahi ez eta zurruntasun antzua hobetsi. Horrela behin eta berriro. Gutxi baino hobea al da ezer eza?

7. Iruñerriko euskararen erabiltzaileen biltzarrea antolatzera animatuko al da inor? KORROK aldizkari literario satirikoaren oroiminik ez al duzue? Antolatuko al du Euskalerria Irratiak 2007 honetan egin ez duen LARREKO afaria?
Mahai ingururen batean bilduko beharko genuke esandakoez eta esan gabe gelditu direnez astiro eta emaro hitzegiteko. Nahiago janariz beteriko mahaia balitz.

Mikel Bujanda. Kazetaria



ZENBAT BURU… Irene López Goñi

Gaztetxoen artean irakurtzeko zaletasuna sustatzeko asmoz Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatutako Juul kanpainak hamargarren edizioa beteko du heldu den urteko apirilean. Irene López Goñi kanpainaren arduradunak azaldu dizkigu egitasmo honen inguruko hainbat xehetasun.

Zer da Juul kanpaina eta nola sortu zen?
Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurketzeko zaletasuna elikatzeko helburuarekin, NIEk antolatzen dituen liburuen hauteskundeei deitzen diegu JUUL.
Ikastoletan urtean zehar jarduera anitz egiten dira irakurketa zaletasuna bultzatzeko: liburutegi publikoetako bisitak, hauteskunde kanpaina bitartean ikasleen defentsa gustukoen duten liburua edota ilustratzailea dela, egunaren berri ematen duten kartelen sorkuntza… Bada, ekitaldi horien amaieratzat hartzen dugu JUUL eguna. Bozketa eguna apirilean egiten da, izan ere, apirilaren 2a Nazioarteko Haur eta Gazte Literatura eguna da eta 23an Nazioarteko Liburu eguna.

Nondik dator Juul izena?
GREGIE DE MAEYER flandestarraren omenezkoa da; Gregie 1998ko uztailaren 2an bihotzekoak jota hil baitzen. Kruibeke hirian (Flandes) jaio zen 1951ean eta haurren liburu ilustratzaile izatetik idazle izatera pasa zen. Testuaren eta plastikaren artean interakzio estu bat lortu zuen. Berak eta eskultore batek sortutako pertsonaiarik hunkigarriena JUUL izeneko haurra da. Ipuin hau sari askoren jabe izan da eta gaur egun pil-pilean dagoen ikaskideen arteko jazarpenaz, bulling-az, mintzo zaigu (NIEk 2000an aurkeztu zuen euskarazko itzulpena).

Zeintzuk dira kanpainaren xedeak? Nori zuzenduta dago?
Haurrek eta gazteek gustukoen dituzten euskaraz idatzitako liburuak aukeratu behar dituzte. Beraz, ikasleak jartzen ditugu epaile eta liburuek eurek aukeratuak izan behar dute, eta ez guk irakurtzera behartzen ditugunak. Gustukoen dituzten ilustratzaileak ere hautatzen dituzte eta 3 urtetik hasita eta 16 urte bitarteko ikasleek dute bozkatzeko aukera.
Dena dela, Juul kanpaina ikastola bakoitzak izan beharko lukeen irakur zaletasuna bultzatzeko programaren barruan azken ekintzetariko bat da.

Nafarroako zenbat zentrok parte hartzen du?
Nafarroan Ikastolen Elkartean dauden 15 ikastolek parte hartzen dute, baina Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Iparraldeko hainbat ikastolek ere parte hartzen dute.
Hasiera batean Nafarroan bakarrik egin zen, proiektua nola ateratzen zen jakin arte. Hain harrera ona zeukala ikusita, pixkanaka kanpoko ikastolak parte hartzeko eskaerak egiten hasi ziren eta Euskal Herrian zehar zabalduz joan da. Ez dakit mugarik jarri beharko dugunentz, ez litzaiguke gustatuko, baina partaidetza hagitz handia da urtero. Azkeneko urte honetan, 2007koan, 11.500 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Orain arte eginiko ibilbideaz zer balorazio egiten duzue?
Partaidetzari dagokionez, hagitz altua da, beraz, pozik gaude; izan ere hezkuntza ekintza gutxitan lortzen baita hainbeste ikaslek parte hartzea. Urteroko kanpainari dagokionez, gero eta ekintza ezberdin gehiago proposatzen ari gara. Gure eskaintza hauteskunde kanpaina egitea da, pretentsio handiagorik gabe, baina gero irakasleak dira ekintza politak, hezigarriak eta ezberdinak proposatzen dituztenak. Aurten, adibidez, lehen hezkuntzakoen artean literatura bloga egitea proposatu dute eta hainbat ikastolatako ikasleek parte hartu dute.
Bestalde, urtero galdetzen diegu ikastoletako kanpaina arduradunei zein den beraien iritzia eta zer hobekuntza mahairatzen duten. Irakasleriak bere balorazioak egiteaz gain, proposamen berriak egiten ditu, ahal delarik kontuan hartzen ditugunak.

Zer bestelako ekintzak bideratzen dituzue irakur zaletasuna pizteko?
Hauteskundeak beraiek gure kanpainaren muina badira ere, horrekin batera hainbat jarduera gauzatzen dira irakasle, ikasle zein gurasoei begira. Hezitzaileari begira hainbat baliabide eskaintzen ditugu gure webaren bitartez, horien artean: irakurketa dinamizatzeko bibliografia, literatura mintegiek lehenesten dituzten haur eta gazte literaturako liburuak, Nazioarteko literatur egunerako egiten ahal diren ekintzak eta abar. Ikasleei begira, nahiz eta ekintza gehienak irakasle bakoitzak proposatu, komuneko batzuk ditugu lehen esan bezala, ikasleen bloga kasu, zeinaren bidez ikasleek beraien iritziak plazaratzen dituzten. Badira gurasoei begira gutxi batzuk, haur txikien gurasoen txokoa adibidez, non gurasoek haurren ipuinei buruz iritziak ematen dituzten.


HERRIEN ELEAK
Venezuelako indigenen eleak

Azken hamarkadan ohiko bilakatu da Venezuelari buruzko berriak jasotzea. Telebistan, irratian edo egunkarietan noiznahi azaltzen dira Chavez Errepublikako lehendakaria eta bere kontra oposizioak antolatutako mobilizazioak. Barra-barra ari dira esatariak iritziak plazaratzen, hemen Europan eta AEBtan, Chavezen politikaren kontra hitz egiten.
Baina zarata horren haratago zer dago, zer gertatzen ari da Venezuelan ? Gu ez gara sartuko politikaren kontuetan, interesatzen zaiguna hizkuntza minorizatuen gorabeherak dira (indigenen eleak, kasu honetan) eta horren inguruan argi apur bat ematea da gure asmoa.
Lau dira indigenen bizi-eskualdeak: Caribe, Andes, Amazonia eta Sabana Handia. 300.000 pertsonak dira, 30 talde etnikotan sailkaturik. Venezuelako biztanle kopuruaren % 1,5 dira, oso gutxi, baina ezin dugu ahaztu kolonizazioaren ondorio txar guztiak ezagutu dituztela: bazterketa soziala, lurraren desjabetzea, izurriteak; kultura, erlijioa eta hizkuntzarekiko jazarpenak…
Demografiaren arabera tribu nagusiak hauexek dira: WAYUÙ, antzinako guajiroak. 200.000 inguru dira eta Venezuelako ipar-ekian dute bizi lekua. Euren bizimoduak abeltzaintza du oinarri. PEMÓN, Sabana Handian bizi dira eta hiru talde nagusi ditu: Aerakuna, Kamarakoto eta Taurepan. Nekazariak dira eta duten ezaugarri nagusia euren kantak dira, bertan tradizio eta mito zaharrak gordetzen baitituzte. YANOMANI, Orinokoren arroan bizi dira. Oso goiz izan zituzten harremanak garimpeiroekin eta hori dela kausa, maila kulturalean arras kutsatuta daude. Hala ere zeremoniak eta mito interesgarriak mantendu dituzte. PIAROA, PANARE, BARÈ, KARIÑA… dira beste tribu batzuk.
Venezuelan hitz egiten duten eleak eta indigenen tribuak ez dira zedarritzen gaur egun ezagutzen ditugun estatuetako mugetara. Amerikako kontinentearen barruan barreiatuta daude eta, hortaz, kasu gehienetan, Venezuelako eleak izateaz gain inguruko estatuetakoak ere izaten dira.
Amerindia-Arahuacana, Maipureano izenarekin ere ezaguna da. Familia hau 80 hizkuntzak eta dialektok osatzen dute. Garai batean Floridan, Antilletan, Guyanan, Venezuelan, Kolonbian, Brasilen…mintzatzen ziren baina horietako batzuk galdu dira.
Chibechana adarreko eleak 40 dira, Nikaraguatik Ekuadorreraino hedatzen direnak.
Karibe familiakoak Venezuelan eta Kolonbian hitz egiten dira, garai batean Karibe osoa hartzen zuten arren.
Hoti elea sailkatu gabe dago. Bakarrik 500 hiztun ditu eta hil zorian dago.
Venezuelako gobernuak “Mision Sucre” izeneko kanpaina martxan jarri du, bazterreko herri eta udaletara eskola eta unibertsitatea eramatea helburu. Ekimena txalogarria da, zalantzarik gabe, baina arazoa da klaseak gaztelaniaz ematen direla, indigenentzat arrotza den hizkuntza batean, horietako askok ez baitakite gaztelaniaz; gainera, jorratzen diren ikasgaiek ez dituzte asetzen indigenek dituzten beharrak. 2004an Taucan, Bolivar eskualdean, Universidad Indìgena de Venezuela (UIV) ireki da estatuaren saretik at. Arazo ugariak ditu, hala nola, dirulaguntza urria, irakasleen prestakuntza… Horretaz gain, etnia desberdinek parte hartzen dute eta bakoitzak bere hizkuntza duenez, gaztelaniaz aritu behar izaten dute baina askok ez dakite gaztelaniaz… Dena dela, hasi dira ikasgaiak finkatzen, indigenen zuzenbidea, erlezaintza, nekazaritza, historia, hizkuntza… Prozesu honetan garrantzi handia ematen ari zaie zaharrei, haiek baitira antzinako jakinduria mantendu dutenak. Haien parte hartzearen bidez zaharrek dakitena jaso eta gazteei erakutsi nahi zaie. Emakumeek jasaten duten bazterketaren kontra ere lan egiten da, baina matxismoa oso errotuta dago eta ez da erreza zama hori gainditzea. Indigenen eleak alografoak dira, beraz, haien lehentasunen artean alfabeto bat sortzea dago, ondoren liburuak …eta behar adina hizkuntza baliabideak. Ezin dugu bukatu Venezuelako konstituzio berria (1999) eta “Ley orgánica de los pueblos” izenekoa ( 2005) aipatu gabe, indigenei euren eskubideak onartu eta bermatzen baitizkiete.