Euskararen zortzigarren euskalkia
Orain hamar urte jaio ziren AEBtan lehendabiziko weblog edo blogak, norberak idatzi eta interneten publikatzen al dituen bitakora edo koaderno elektronikoak. 73 milioi blog inguru sortu dira horrez geroztik munduan. Horietako batzuk euskaraz, jakina.
Akaso ez dira gehiegi izango. Nahi genituzkeenak bainan gutxiago izanen dira seguru, bainan Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak esan bezala, “Euskarak atzerapenik gabe harrapatu duen lehenengo iraultza komunikatibo eta teknologikoa da” blogena.
“Sekula ez du hainbeste jendek idatzi euskaraz; ugaritasunak, noski, zabarkeria franko ekarriko du berarekin, baina baita non bilatua, aniztasuna, kolore eta zapore aukera zabala, esperimentuak egiteko askatasuna…” gehitu zuen Tolosako blogari ohiak.
Lehen zaila zen webgune propioa izatea. Orain berriz edozeinek sortzen al du blog bat. Informatikaz ezer gutxi jakin gabe, edonork idatzi eta publikatzen ahal dituelako haren iritzi, amets, pasadizo, argazki edo bideoak. Eta erraztasun horretan, argitaratzearen sinpletasun horretan datza, hain zuzen, fenomeno berri honen sortze, handitze, eta zabalkuntza.Norberak bere komunikabide propioa, xumea, txikia, nahi bada, bainan komunikabidea izatea ahalbidetzen duen fenomenoa da blogena. Interneteko herriko plazan gure txoko propioa eraikitzen dugu blogarekin batera, eta beste blogariekin harremanak izateko aukera ere eskaintzen digu, hartu-emanak bideratuz, idazlearen eta publikoaren arteko elkarrizketa sortuz, benetako komunitatea sortuz.
Blog bat sortzeko tresnak ugarituz joan dira azken urteotan: Blogger (Blogger.com), blogari (blogari.net), edo Nirelog (nireblog.com) kasu. Horietan sartu, erregistratu, eta bi kolpetan, bloga sortzen ahal dugu -edo agian bi kliketan esan beharko genuke-.
Bloga sortzea erraza bada, zailagoa da, ordea, egunero edo astero, baina maiztasun batekin idaztea, eta zure publikoari istorio berriak kontatzea. Ez dirudi, ordea, blogak modako zer edo zer direla, hurrengo urteetan gurekin egoteko etorri diren tresnak baizik.
Eta zerk bultzatzen du blogaria haren denbora, haren ilusioa, haren gogoa blog bat idaztera? Uste dut erantzunak erantzun, eta arrazoiak anitzak izanda ere, erantzuna zera dela: bloga idaztea nekeza bada ere, era berean dibertigarria delako, ikasten delako. Hipertestua, multimedia edo informatikako termino arrotz eta ezezagunak, bat-batean ezagun eta goxoak bihurtzen zaizkigulako.Blogak unibertso berriak zabaltzen dituelako, idazten dugun neurrian galaxia berriak deskubritzen ditugulako, dela idazkera, dela hizkuntza, direla informatikako tresnak, edo bitxikeriarik inutilenak. Baina egiteaz, ikasten dela inork ezin zalantzan jarri.
Era askotariko blogak aurki daitezke amaraunean: politikoak, umorezkoak, teknologikoak, pedagogikoak… “Zenbat buru, hainbat blog” esaera zaharra gurera egokituz.
Blogek aukera ematen digute eztabaida interesgarriak jarraitzeko, albisteen atarikoak ezagutzeko, komunikabide tradizionaletan agertzen diren albisteak komentatu, kritikatu, deuseztatu edo defenditzeko ere. Eta askotan, blogak beraiek albiste direlako, edo albisteen angelu ezkutuak, zurrumurruak, zabaltzeko.Sustatuk berriki bost urte bete ditu. Eta Sustaturen bidea jarraituz, emeki-emeki, primaderako liliak bailiran, sortuz joan dira gero, adibidez Anjel Lertxundiren bloga, edo Mikel Iturriarena, edo Katixa Agirrerena. Eta hauekin batera, beste hainbeste, ekosistema digital “euskararen zortzigarren euskalkia sortuz”.
Fenomeno berri honi leiho bat zabaltzen saiatzen gara asteazken goizero Euskalerria Irratiko Karrikoluzio saioan, Juan Kruz Lakastarekin batera Felix Espina irakasle eta informatikaria, eta Aritz Ibañez eta Ibon “Olagarro” Gaztanbide, blogari eta kazetariak.Eta blogak aitzakia, teknologia berriak, informatika eta internet inguruan sortzen diren albiste eta berrikuntzak aztertzen eta komentatzen saiatzen gara, existitzen diren errealitate xume bezain interesgarriak direla jakinda beti ere.
Ibon Gaztanbide. Kazetaria

ZENBAT BURU… Fernando Sáenz
Barañaingo Auditorioak, zeinak aurten bere 4. urtea betetzen duen, bide polita egin du, zenbait erakundetatik laguntza gehiegi jaso ez duen arren. Duela bi urte Espainiako Programazio Berritzaileenaren saria jaso zuen eta aurrerantzean lan molde berberari eusteko asmoa du. Fernando Sáenz de Ugarte koordinatzailearekin solasean aritu gara eginiko jardunbideaz.
Zer helburu finkatu zenituzten hasi zinetenean? Zer balantze egiten duzue eginiko bideaz?
Orain dela lau urte ez zen oso helburu finkorik planteatu, espazioaren kudeaketa izan ezik. Hala ere, urte hauetan lortutako gauzarik interesgarriena hori bera izan da, hain zuzen, Auditorioaren bidea definitzea. Oso garrantzitsua izan da gure estatutuak birdefinitzean kulturaren definizio zehatz bat agertzea. Fundazioak kultura ireki baten alde egin du, herriari lotuta, erakundeekin lan egiteko prest eta, batez ere, “elitismotik” urruntzeko asmoarekin. Etengabe berrasmatzen ari gara, errealitate eta jendearekiko harremana estutzeko. Iaz, esaterako, 300.000 lagun pasatu ziren gure eserlekuetatik eta horrek aurrera jarraitzeko izugarrizko indarra ematen zigun.
Euskal kulturari arreta berezia eskaintzen diozue. Zer moduzko erantzuna jaso duzue? Nola ikusten duzue euskal kulturaren panorama?
Gure egoera kontuan izanda, ez da batere erraza euskarazko programazioa eskaintzea. Ez dugu kontratazioak egiteko dirurik eta etortzen diren taldeek txarteldegian jasotzen den dirua besterik ez dute eramaten. Programazioa konpainia eta taldeekin adosten dugu. Eta arrisku handikoa da gurera eskaintzen dugun kondizioetan etortzea, are gehiago euskarazko antzerkia edota musika izanik. Normalean, gainera, euskarazko programaziora ez da nahi dugun adina jende etortzen. Barañaingo Sahats IKA Euskaltegiarekin batera programatzen dugu eta oso emaitza politak atera ditugu.
Euskal kulturari buruz, zer esan?
Gogoan dut euskaraz egindako lanik, nire ustetan, politenetariko bat: “Zaharregia, txikiegia agian”. Lortu genuen gurera ekartzea eta soilik 70 lagun bildu ziren. Nire ustez, gero eta produktu hobeak egiten dira, bai musika, bai antzerkian, bai dantzan, baina Iruñerria zaila da une honetan: oso eskaintza handia dago, areto asko eta programazio pila bat. Eta, halere, euskarazko programazioa txikia da oraindik eta beste proposamenekin borrokatu behar du; galtzeko gehienetan. Gazteak, euskarazko hezkuntzatik pasa badira ere, ez dira ikuskizunetara gehiegi hurbiltzen, musika jaialdiak ez badira.
Euskarazko antzerkia momentu ho- netan Iruñerrian programatzea ia suizidioa da. Zerbait iraunkorragoa behar dugu publikoa sortu eta mantentzeko.Nahitaezkoa da erakundeen laguntza holako programazioa aurrera ateratzeko eta badakit elkarte batzuk lortzeko esfortzuak egiten ari direla. Ea egia den!
Zenbait instituziorengandik laguntza eskasa jaso duzue, baina, hala eta guztiz ere, 2005ean Espainiako Programazio Berritzaileenaren saria jaso zenuten? Zer izan zen hori Auditorioarentzat?
Oraindik ez dugu Nafarroako Gobernuaren Kultur Departamentutik ezta euro bat ere jaso, baina sari eta izendapen batzuk jaso ditugu.
Berritzaileak izan gara, bai, beste modurik ez dugulako, sosik ez dagoelako; horrek pizten ditu irudimena eta sormena. Eta jasotako sariak benetan izugarriak izan dira. Oso lan talde polita osatu dugu, gaztea eta ausarta, eta espero dugu horrela jarraitzea. Dena den, sariak ez dira gelditzeko edo eroso egoteko aitzakia izan, lanean indar berrituekin jarraitzeko arrazoi baizik.
Programazio oparoa eta adin eta mota guztietako jendeari zuzendua. Horrela jarraitzeko asmorik al duzue?
Bai, jakina, hori da gure ezaugarririk preziatuena, jendearentzat irekia izatea. Gainera, aurten “Artea hasi-masietan” proiektuarekin hasi gara, niniak dituztenei zuzenduta. Nor-malean egoera horretan daudenek oso aukera gutxi dute zinemara joateko eta aretora niniekin sar daitezen oso saio bereziak prestatu ditugu.
Etorkizunerako erronkak?
Gure ustez, kultura eta artea egiteko, eskaintzeko eta gizarteratzeko beste modu bat dago. Bidea pixka bat besterik ez dugu marraztu. Gure erronka bide hori errealitate bihurtzea da, egunez egun, gero eta jende eta elkarte gehiagorekin ibiltzeko.
Web gune berritua: www.auditoriobaranain.com
HERRIEN ELEAK.
Nigeria
Jorubera eta nigeriako eleak
Nigeria Afrikako estaturik populatuena da, 100 miloi gizon-emakume bizi baitira; horrela, Egiptoko eta Etiopiako biztanle kopuruaren bi halako da Nigeria bizilagunetan. Bestalde, anitza da etnia, kultura eta hizkuntzetan. Orain arte nekazaritza izan da ekonomiaren motorra, baina azken urteetan industriagintza eta meatzaritza asko garatu dira. Ezin da ahaztu Nigeria bilakatu dela Afrikako estatu petrolio ekoizle nagusia. Garapen ekonomikoa, berriz, ez da modu orekatuan banatzen eta pobrezia oso zabalduta dago. Ondorioz, jende ugarik emigratu behar izaten du eta, Iruñean bertan, esaterako, badago nigeriar talde bat.
Joruba herria Nigeriako hego-mendebaldean bizi da. Togon eta Beninen ere joruba talde gutxi batzuk badaude. Nigerian bigarren talde etnikoa da; 21 miloi dira, zehazki. Betidanik nekazariak eta artisauak izan dira, baina haien artean ilustratuak eta negozio-gizonak ere badaude. Afrikako beste estatu askok bezala oso historia gorabeheratsua izan du Nigeriak; gerrak ere gertatu dira eta, joruba herriaren independentismo nahiak saihesteko, gobernuak bost eskualde politikotan banatu ditu.
Nigerian 400 inguru talde etniko bizi dira eta bakoitzak bere kultura eta hizkuntza ditu.
Joruba familiako azpitaldeak asko dira: egba (talde nagusia), ahora, akoko, bune, ekiti, eko, ife, ijesha jekri, keru, nyantru, ku, ondo, oyo ,dassa, nagos, holli… zerrenda amaigabea da. Beraz, begi-bistan dagoenez, oso talde zabala eta anitza da, eta bakoitzak badauka bere dialektoa, bai eta ahozko tradizioa ere.
Nigeriako hizkuntza gehienak bi familiakoak dira: niger-kongoarrak eta afroasiarrak. Familia horretakoa hausa da, hots, Nigerian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien artean dago. Beste biak, berriz, jorubera eta igboera dira, bi-biak benue-kongoar familiakoak.
Nigerian bederatzi hizkuntza ofizial daude. Hona hemen: edoera, efikera, fulaniera, hausa, idomera, igboera, yerwa kanuriera, jorubera eta ingelesa.
Ingelesaren nagusitasuna erabatekoa da eta bertako hizkuntzak ordezkatu ditu gobernuan, administrazioan, hezkuntzan, hedabidetan, zientzian eta teknologian, bai literatura eta kulturgintzan ere. Ingelesaren nagusitasuna bi zutabetan oinarritzen da: alde batetik, agintariek ez dute bertako hizkuntzak sustatzeko borondaterik, eta bestetik, agerikoa da bertako herritarren hizkuntzen kontrako jarrera, kolonialismoaren ondorioz sortua. Egoera horri aurre egiteko, bertako hizkuntzen balioa eta estatusa sustatzeko neurriak hartu beharko lirateke, eta bertako hizkuntzetan hezkuntza sistema propioa sortu ere bai.
Jorubera eskolan irakasten da, igboera eta hausa bezala; lehen, bigarren eta hirugarren hezkuntza mailan, zehazki. Hein batean hasi da erabiltzen administrazioan eta beste arlo batzuetan, baina horrek beste ondorio batzuk ekarri ditu. Afrikako hizkuntza gehienek kolonizazioaren hizkuntzaren eragina hartu eta jasateaz gain, Afrikako bertako hizkuntza nagusien eragina ere jasan behar dute; swahili, kikuyu, bamanka, fulaniera eta beste batzuen eragina, hain zuzen. Horiek ere hasi dira Afrikako hizkuntza txikiak ordezkatzen. Nigeriako kasuan, hausa, igboera eta jorubera indartzen diren neurrian, arriskua dakarkiete bertako hizkuntza askori; barubera, ebirera, ijawuera, urhoboera hizkuntzei, adibidez. Esana baita arrain handiak txikia irensten duela.