Munduko herritar euskaldun baten memoriak

Gizon ikusiezina
Duela gutxi, gizarte gaien inguruko solasaldi batean parte hartzen hasi nintzen gaztelerazko irrati batean. Ordutik, senide, lagun, ezagun erdaldun andanak guztiz harriturik esan dit irratian entzun nauela. Bakoitzak bere eufemismoa erabili du, baina oso argi dago finean zer esan didaten: “Kontxo! Egia da! Kazetaria zara! Euskaraz aritzen zinela esaten zenuenean ez genuen erabat sinesten”. Euskaraz ez jakiteagatik zer galtzen duten ikusarazi nahi diegu, baina nekeza da: haientzako ikusiezinak gara, eta, Santo Tomasek bezala, haiek ikusten dutena besterik ez dute sinisten.

Ama-hizkuntza vs. amaren hizkuntza
Seme-alabei jaio zirenetik euskaraz egiten dieten ama euskaldun-berri batzuei elkarrizketa egin diet. Hori egitea nekeza ote den galdetu diot haietako bati: “Ateratsen sait natural. Es dut egin behar esfuerzo beresia”. Alberto Barandiaranen Mundu txikia liburuko ipuin itzel bezain aztoragarri batekin oroitu naiz. Aita euskaldun berriak euskaraz egiten dion haurraren istorioa kontatzen du. Umeak ez du batere gogoko aitak erabili ohi duen hizkuntz lau, idor, hotza. Eta ikaragarri maite du, aldiz, aitak gutxitan darabilen beste hizkuntz jostari, xamur, bero hori. Gaztelera da nire ama hizkuntza. Neure buruari galdetu diot egunen batean seme-alabarik badut euskaraz ala gazteleraz eginen ote diodan. Neure buruak erantzun dit hori ezin dela galdetu ere egin. Hori tabua dela.

Beti geratuko zaie Nafarroa
Bernardo Atxagari elkarrizketa egin diot. Gauza asko esan dizkit. Baina gehien errepikatu duena izan da nekatuta dagoela. Euskalduna izatea nekagarri zaiola. Eta idazle euskalduna izatea, are nekagarriagoa. Nolanahi ere, jarraian Nafarroara etortzeak berpizten duela gaineratu du. Biziberritu egiten duela non eta Iruñean norbaitek euskaraz elkarrizketa egiteak. Inoiz baino nekatuago sentitu naiz kazetari euskalduna izateaz. Kazetari euskaldun nafarra izateaz. Sikiera berpizteko Nafarroara joaterik edukiko banu… Baina ezin dut: Nafarroan nago.

Munduko herritarrak
Ruper Ordorika handia entzun dut Barañaingo Auditoriumean, Euskalerria Irratiaren eskutik kantuan. Abestietako batean Atxagaren bidetik jo du: “Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea”. Munduko herritarrak… Askoz jota berrehun lagun hurbildu gara Auditoriumera, eta haietatik 199 euskaldunak gara. Munduko herritar sentitzen diren iruindar erdaldun askori Ruper nor den galdetuko bagenio, ile-apaintzaile friki samarra dela erantzunen liguke. Behin Zaragozatik etorritako lagun batekin edukitako solasaldiaz oroitu naiz. Hark: “Ez dakit zergatik tematzen zareten euskaldun izate horrekin. Ni munduko herritarra naiz”. Eta gure koadrilako mihigaizto samar batek: “Ni ere munduko herritarra naiz, munduko herritar euskalduna”.

Post scriptum
-Anjel Lertxundi maisua haren blogean post scriptum-ak idazten hasi zenetik, aldiren batean neuk ere halakoren bat idazteko gogo ikaragarria nuen. Idazki hau hori egiteko aukera ona iruditu zait.
-Euskaldun izatea niretzako zer den azaltzen hasita, testutxo ezkor samarrak atera zaizkit. Tonua aldatzekotan izan naiz, bistan baita euskaldun izateak baduela niretzako gauza on asko. Baina azkenean bere horretan uztea erabaki dut; izan ere, euskaldun izatea ezkortasunarekin, kexarekin, aldarrikapenarekin estuki loturik dago. Eta lotura laxatzen bada, kasu, euskararen etorkizuna kolokan izan daiteke eta.
-Aipatu ditudan erreferentziak Atxaga, Lertxundi, Barandiaran eta Ordorika. Zaharkitua eta misoginoa ematen dut. Hona hemen beste jite bateko lau erreferentzia, irudi hori aldatzeko ahalegin desesperatu moduan: Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Edurne Elizondo eta The Foralettes.

Juan Cruz Lakasta. Kazetaria


ZENBAT BURU… Marian Gorraiz

Txantreako Euskaldunon Biltoki elkartea euskaraz bizi eta euskarazko ekitaldi eta jarduerak antolatzeko xedearekin sortu zen duela jada 7 urte. Bertan lanean dihardu Marian Gorraizek eta hark eman digu elkartearen berri.

Nola sortu zen Txantreako Euskaldunon Biltoki?
2000ko ekainean ireki zituen ateak eta hasieran ametsa zena ideia bihurtu zen.
Euskaldunon kopurua gora zihoan, baina, hala ere, zaila ikusten zen beste euskaldun batzuekin harremanetan hastea, barreiatuak bizi baikinen.
Bestalde, konturatu ginen euskaraz ikasten dutenek zaila dutela ondoren gune euskaldunak aurkitzea euskaraz bizi ahal izateko. Ikasi ondoren, “erdal herrira” itzultzen dira eta batzuei ahaztu ere egiten zaie, pixkana. Horrek motibazioa galtzea ekartzen du.
Horrekin batera, joera euskara gune pribatuetan baizik ez erabiltzekoa da, beraz euskararen presentzia testigantzakoa da toki gehien-gehienetan, baita gune euskaltzaleetan ere.
Horretaz ohartuta, erabilera bultzatu beharra ikusten genuen. Erabilera errazten duten jarduerak eta errealitateak eraiki nahi genituen, batzuek euskaraz bizi nahi genuelako, errealitate batzuetan behinik behin. Garaia bazen, gure ustez, euskaltzale izatetik euskaraz bizitzera pasatzekoa. Euskararentzako erreferentzia bizia behar zuen auzoak eta sortu egin genuen.

Zeintzuk dira zuen xede nagusiak?
Gu elkarte euskaldun bat gara, bazkide euskaldunok osatuta eta anitza. Euskara da beste gauza guztien gainetik (arraza, erlijioa, generoa edota ideologia) batzen gaituena. Eta hauxe izan nahi dugu eta bagara neurri handi batean:
– Euskaldunentzako biltokia, elkargunea. Euskara nagusi den toki bat.
– Erreferentzia bat euskararentzat. Toki fisiko bat, auzoko leku on batean.
– Elkargune bat, aisialdirako, festarako, ongi pasatzeko, afariak-eta egiteko
– Euskarazko jarduerak eskaintzen dituen elkarte bat.
– Laguntza eta zerbitzua eskaintzea euskararen normalizazioan: euskara ikasten ari direnei, D ereduetako haurrei, gazteei…

Zer jarduera bideratzen dituzue?

Urte osoan zehar programazio kultural bat eskaintzen dugu: hitzaldiak, literaturaren inguruko ekitaldiak, ikastaroak, aisialdia eta herri kultura, euskaldunok elkarrengana biltzeko ekitaldiak (musika etab.), haurrentzako ekitaldi eta tailerrak, film emanaldiak, erakusketak.

Txantrea auzoan jada ezagunak zarete. Zein da egun euskararen egoera bertan? Bilakaerarik sumatu al duzue?
Elkartea sortu baino lehen, Txantrean euskararen egoera zein zen ikusi eta aztertu egin genuen. Orduan 2.000 euskaldun inguru ginen eta beste hainbeste erdipurdi hitz egiten zekitenak. Denborarekin kopuruak gora egin duela uste dugu, D ereduan matrikulak gora egin baitu.
Errealitatea beste toki askotakoa da. Euskaldun gehiago gaude, baina euskaraz bizitzeko borondatea eta aukerak indartu behar dira.
Elkartea martxan dagoenetik aukera handixeagoa dago euskaraz bizitzeko eta euskarazko ekitaldietan parte hartzeko. Beste aldetik, aisialdian ere, ez gara erreferentzia bakarra, hor daukagu Iturriapurria ludoteka. Poztekoa da, gurea bezalako iniziatibak sortu eta aurrera egiten dutela ikustea, horrek esan nahi baitu euskararen errealitatea aldatuz doala. Auzoan euskara aditzea normalagoa da, nahiz eta oraindik ere ezin imajinatu hau eremu euskaldun gisa. Asko dago oraindik egiteko.

Zer hartu emana duzue auzoko beste euskara elkarte edo euskalgintzako taldeekin? Eta Iruñerrikoekin?
Beno, auzoan euskara elkarte bakarra gara. Urteko hainbat momentutan, euskal astea dela, edota, orain bezala, korrika dela, elkarlana egiten dugu auzoko beste talde batzuekin, euskararen inguruan ibiltzen direnekin.
Beste aldetik, Iruñerri mailan hartu-emana etengabea da. Topagunearen barrenean gaude eta bertan Iruñerriko elkarte euskaldunekin harreman zuzena daukagu (Zaldiko-maldiko, Karrikaluze…). Mintzakide egitasmoan ere parte hartzen dugu euskalgintzako hainbat talderekin. Eta aurten Bertsozale Elkartearekin batera Biltokiko bertso eskola eraman dugu aurrera.

Aurrera begira egitasmo berririk al duzue?
Bai, bi arlo ditugu oraindik ere ikusmiran: komunikazioan zerbait idatzia plazaratu nahiko genuke eta elkarteko gazteen saila garatu.


HERRIEN ELEAK.
Zeelanda Berria

   
Maoriera

Maoriak IX. eta XIII. mende bitartean iritsi ziren Zeelanda Berrira eta bi irla hauei Aotearoa izena ipini zieten. Kolonizazioa gauzatu baino lehenago oso ohikoak ziren tribuen arteko borrokak, lurrak eta esklabuak lortzeko .
Haien gizarte egituraketa ahozko tradizioak gordetzen zituen harreman genealogikoetan oinarritzen zen. Aitaren leinua amarena bezain garrantzitsua zen, tribuaren ardura hartzerakoan .
Kolonizazioak ekarri zituen arazoak ohikoak ziren: lurraren ez-jabetza, akulturizazioa, ( itsas ertzekoek kristautasuna onartu zuten; barrukoek, mendi aldekoek, euren sinesmenak mantendu zituzten ) eta izurriteak ( gripea, kukutxetula, elgorria).
Zeelanda Berria herrialde handia bada ere, biztanle guztiek maorieraz hitz egiten zuten ingelesak heldu baino lehen .
Gaur egun, azken erroldaren arabera (1990ekoa ) 306.000 dira Zeelanda Berriko maoriak eta haien eskubide zibilak hango konstituzioan onartuta daude. Arazoak ez dira bukatu baina hizkuntza eta kultura maoria berreskuratzeko mugimenduak indartsuak dira eta jendearen eta gobernuaren onespena daukate .
1982ko apirilean Te Kohanga Reo “ Hizkuntzaren etxea” izeneko taldeak ireki zuen maoiera ikasteko lehenengo zentroa. 1985ean Kura Kaupapa Maori “ Filosofia maoriaren eskola” taldeak zabaldu zuen bere lehenengo egoitza. Bi talde hauek oso garrantzitsuak dira maorieraren berreskurapenean. Haiek dira motorra eta bihotza herri maoriarentzat.
Ez dago zalantzarik oraindik egiteko asko dagoela Aotearoan / Zeelanda Berrian
hizkuntzaren eta hezkuntzaren esparruan, maorien talde bereziaren eskubideen
aldeko borroka politiko zabalagoaren barruan. Nolanahi ere, hezkuntza eta
hizkuntza alorretan, 1840tik lehendabiziko aldiz, badago bertako alternatibarik:
Te Kohanga Reo eta Kura Kaupapa Maori. Horiek Waitang -eko Hitzarmenean
azpimarratutakoari erantzuten diote: maorien kultura eta hizkuntza babestea
(modu aktiboan) eta bermatzea. Kohanga Reo eta Kura Kaupaparen xedeak bat datoz
lege nazionalaren garapenarekin eta nazioko beste mugimendu batzuekin ere. Gainera lagungarri dira Aotearoa / Zeelanda Berria pixkanaka benetako gizarte elebiduna eta bi kulturaduna bilakatuz joan dadin. ( Maiatza, 2001)
Zeelanda Berrian maoriera legez aitortuta dago. Mende luzez baztertuta egon ondoren 1987an eman zitzaion onarpen ofiziala .
1960ko hamarkadan hasi ziren borrokatzen maoriera hezkuntza sisteman sar zezaten eta esparru publikoan ere erabil zedin. 1980an maorieraren lehen murgiltze programak
garatzen hasi ziren hezkuntzan eta gaur egun, hizkuntzaren alde agertu zuten irmotasunari esker, bai eta Zeelanda Berriko administrazioak legez eta diruz emandako babesari eta laguntzari esker ere, maorierak prestigioa hartu du , eta izugarri areagotu da erabilera.

Ministry of Maori Development . 1998