Alde Zaharreko egunarekin bat eginik, Karrikiri elkarteak, Zaldiko Maldikok, Muthiko Alaiak peñak eta Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeak Karrika gurea da festa eginen dugu Iruñeko karriketan barna heldu den larunbatean, hilak 26. Euskara eta euskal kultura karriketan konplexurik gabe eta jai giroan agertu eta hedatzea xede duen ekimenak egun osoan zehar hartuko ditu gure hiriaren erdiguneko kale bazterrak eta Iruñerriko euskaldun eta euskaltzale guztiei zuzenduta dago.
Goizetik musikak eta dantzek hartuko dute protagonismoa eta, egunak aurrera egin ahala, abeslariak, musika taldeak, muxikoak eta bestelako ikuskizunez gozatzeko aukera izanen da. Muthiko Alaiak eta Begiraleak Iparraldeko dantzariak han eta hemen arituko dira eta, Iruñeko peñaren egoitzan eginen den bazkariaren ostean, berriro helduko zaio arratsalde partean jai giroari herri musikaz, dantzez eta ikurrinaren agurraz.
Egitaraua:
12:00etan kantagintza Estafeta karrikan barna
12:00etan Mercaderes plazan Muthiko Alaiak peñako txikien dantza taldea
13:00etan Mercaderesen Muxikoak
18:00etan Udaletxe plazan hasi eta Estafetaraino dantzak Muthiko Alaiak eta Begiraleak taldeekin
20:00etan txistor jatea Zaldiko Maldiko elkartean
Karrika gurea ere bada
Karrika gurea da ekimenaren xedea gure hizkuntza eta kultura, elkarteetatik karrikara ateraz, hedatzea da, jendartearen begien aitzinean ongi pasatzetzat zer hartzen dugun adieraziz; hau da, gure nortasuna harrotasunez eta normaltasunez agertuz.
Beste aldetik, euskaltegietan euskara ikasten ari direnei gonbite berezia egin nahi diegu, euren arteko harremanak sortu, landu eta sendotu ditzaten, modu informal, atsegin eta goxoan. Izan ere, euskalduntze prozesuan oso onuragarria daiteke erabilera modu ludiko horretan bultzatzea.
Era berean, aurten gazte, haur, zahar zein helduei zuzenduta dago egitaraua. Gure asmoa horixe bera baita, adin guztietako euskaldunek parte hartzeko aukera izan dezatela eta horrela gure komunitatearen trinkotze prozesuan aurrerapausoak ematea.