Miel Anjel Elustondok Fermin Etxegoieni Argia aldizkarian egindako elkarrizketa apirileko Karrikara ekarri dugu. Oñatiarrak “Eutsiko diogu?” (Erein, 2014) idatziz, elkarrizketa liburua osatu du.

“Inoiz baino gehiago lortu den garaian… badirudi azkenetan garela”, esanez hasten duzu liburua.

Ez zait iruditzen azkenetan garenik, baina kuriosoa da: inoiz baino urrunago zabaldu da euskarazko espresiobidea mundu garaikidean. Ez dakit kontu zehatzik, baina seguru, gaur egun, egun bakar batez XIX. mende osoan baino gehiago idazten da! Internet eta teknologia berriak etorri ziren, mehatxutzat hartu ziren hasieran, eta orain berriz, guztiz mesedegarri ditu euskarak. Kontrakoa gertatzen den arte, inoiz ez baitago jakiterik! Inoiz baino gehiago lortu da, bai, baina horrekin batera, espero ez genitzakeen indizeekin egiten dugu topo: euskararen erabilera behera ari da. Nola da posible: inoiz baino gehiago izatea, eta bukaeraren hasieran egotea, funtsezko indizeak (erabilerak), beheranzko joera baldin badu?

Hori da liburuaren abiapuntua.

Zaharragoa ere bada abiapuntua, baina ez du merezi historia osorik kontatzea… Erein argitaletxeak proposatu zidan lana, krisiaren ingurukoa. Nik ez nuen krisi sozioekonomikoaz, bakarrik, jardun nahi, euskarazko bizimoduaren eta bizigarritasunaren mugak, nahiak eta ezinak hartu nahi nituen gogoetarako. Euskarak duen ezintasunaren inguruan hitz egin nahi nuen nik.

Hamabi lagun hartu dituzu bidaide, guru-rik ez tartean.

Ezta unibertsitateko irakaslerik ere! Eta ez dut inor mespretxatzen: beharrezkoak dira irakasleak, eta beharrezkoak dira poeta mistikoak, osaturik dagoen gizarte batean. Baina, askotan, irudipena da ez ote diren, benetako munduan gabe, mundu paraleloan bizi. Beraz, sortzaile profesional autonomoak hartu ditut, hamabi, eta haiekin hitz egin dut, kontrajarrian diren bi bektoreak –inoiz baino gehiago garela, eta bukaeraren hasieran gaudela–, talkan jarriz. Gogoan hartu dut Gari kantariak kantu bat egiteko hitzak eskatu zizkidala, eusten ari ginen sentipena zuela. Nik Pete Seegerren bidetik jo nuen euste hori adierazteko, nahiz eta Seegerrek eutsi baino gehiago esaten zuen: We shall overcome (Irabaziko dugu). Hortik etorri zitzaidan liburu honetarako gaia: “Eutsiko diogu?”. Galdera bakarreko elkarrizketak dira.

Hamabi laguni egina, nor bere arloan ari dena.

Bai, nork bere arlo profesionaletik hitz egiten du, baina proiekzioa ebidentea da. Euskaraz aritzen den antzerkigile independente bat eusteaz ari bada hizketan, euskararen iraunkortasunaz ere ari da ezinbestean, nazio proiektu baten jarraikortasunaz eta beste. Proiekzioak berez sortzen dira.

Elkarrizketatu dituzun sorkuntzaren autonomo profesionalok eusten badiote, eutsiko diogu?

Erantzun segururik ezin eman, baina ni haratago joango nintzateke: hauek eusten ez badiote, besteok ere ez diogu eutsiko. Eta besteok eutsiko bagenio ere, ez genioke gizarte osasuntsu, oparo edo aberasgarri bat osatzeko moduan eutsiko. Haiek eutsiko ez baliote, gainerakook subsistentzia egoeran biziko ginateke, ez besterik. Baina nik uste dut oparotasun batean, oparotasun betean bizi beharko ginatekeela. Primun vivere, deinde philosophari. Liburuan, philosophari ari gara, artea philosophari da, azken finean, baina zer nahi dugu, arterik ez duen gizarte bat? Bada, ez. Bizi liteke modu aletratuan, eta euskaldunok oso aletratuak gara, izan, gure letrismoa erdaren bitartez gertatzen delako betiere. Baita gaur egun ere, jakina.

Hamabi lagunoi galdera eginik ere, bataren erantzuna: “Eutsiko diogun? Zer erremedio!”. Bestearena, “erresistentzia da gurea”. Hurrenarena: “Duda franko bada horretan”, “optimista izan nahi nuke”. Galdera egin bai zuk, erantzunak nola-halakoak…

Borroka horretan bizi dira. Pertsonalki oso jende positiboa da, horregatik dabiltza lan horretan sartuta. Baina kontziente dira mugak ere badirela, eta arazoak, eta ezintasunak. Eta hori erabat lotzen zaio hizkuntzaren bizigarritasunari. Horretaz ari gara etengabe. Esan genezakeen: “Erdaraz eginda ere, antzerkigintzan bizimodua aurrera ateratzea ez da gauza erraza. Kontrakoa ere bai!”. Liburuan, Iñigok [Ibarra, Ander Lipus] esan ere egiten du, inoiz baino hobeto dabilela, inoiz baino lan gehiago duela, zenbait obra elebakarrean emanda –euskaraz besterik ez–, hobeto dabiltzala, jendea modu fidelagoan doala haien lana ikustera. Beraz, espero ez daitezkeen egoera kontestualak ere badira; euskararen aldekoak, esan nahi dut. Eta agian, gehiago ere gertatuko dira. Hori, neurri batean, hizkuntzaren sozializazio zuzen edo okerrari lotzen zaio, hizkuntza eredu nagusiaren bizigarritasunari –batuarenari, alegia–, eredu horren onarpen mailari eta abar. Beraz, hau guztia oso lotzen zaio arlo soziolinguistikoari. Eta soziolinguistikoki zer dago, bada egoera, euskararen alde ala? Ez, ezta?

Kalea irabazi behar dugu, etxera ailegatzeko, dio Goiena Komunikazio Taldeko kudeatzaile Iban Arantzabalek, elkarrizketaren pasarte batean.

Euskal Herria mikrogeografiaren erreinua da. Batean gauza bat ikusten den moduan, ondoko kalean alderantzira ikus liteke. Ez, bakarrik, Bilbo, Azpeitia, Oñati alderatuz, hiru leku zeharo ezberdinak alegia. Bilbon, inoiz baino euskara gehiago eman zaio Poza kalean poteatzen dabilen morroiari, baina, hala ere, erregresioa gertatu da, espero zitekeen baino erdaldunago dira. Kontua ez da, bakarrik, eman zaienarekin ez datozela bat, eman zaienarekiko errefraktario direla. Oso gai interesgarria da, autokritikatik hitz egin nahi izanez gero, behintzat: euskararen ereduaren zuzentasuna, baliagarritasuna, estrategikotasuna… Eta hortik, hizkuntzaren gaineko aginteaz hitz egiten hasiko ginateke, hau da, nork agindu duen hau honela edo horrela esan behar dela.

“Hemen eta orain, inor ez baita gaztagile guztiz independiente, edo independente, Euskaltzaindiak guk denok esatea eta idaztea nahi duen gisan, in-de-pen-den-te, horretaz ere badoa, izan ere, liburu hau…”

Ez dut uste ni bakarrik naizenik kritika hori egiten duena. Uste dut hizkuntza arautua hitz egiten den mintzairatik gero eta urrutiago dagoela, eta hori arazo handi bat da. Horregatik, Eutsiko diogu? liburuan jendearen hitz egiteko modua errespetatu dut. Eta oso zuzenduta dago, hala ere!

Zeure gogoetak ere izan dituzu elkarrizketen barna. Mari Añes Gorostiagarekin egindakoan, esaterako, gure Hego-Iparren arteko harremanei buruzkoa dugu, esanez Iparraldean oso-oso jende gutxi dagoela Hegoaldera begira, “gutartean bezala zuei begira: ia inor ez, lau super-erudito eta hiru mistiko (eta rockeroren bat) izan ezik”.

Hegoaldean antiespainolak gara. Horixe da gure manamendua bizitza honetan, antiespainolak izatea. Bada, niretzat, Frantzia mila aldiz autoritarioagoa da, diktatorialagoa ez esatearren, Euskal Herriarekin. Garbi daukat hori. Ziburuko ikastolan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. Hori hemen gertatuko balitz, Auschwitzi buruz hitz egingo genuke. Frantziako kultura maite dugu, arrazoi askorengatik, baina kontu hauetan, Errepublikaren bateratasun horretatik ateratzen den auziotan, erabat autoritarioa da.

Gero eta gehiago aditzen da adituek esaten dutela euskararen etorkizuna hirian jokatzen dela. Aldiz, zure sortzaile autonomo profesionalok herrietan bizi dituzu.

Kontu zaila da hori niretzat. Ez da, bakarrik, hizkuntzaren etorkizuna hirian jokatzen omen dela. Hori ez ezik, badirudi gure zibilizazioaren jarraipena bera ere hirian erabat iltzatuta dagoela. Ni, esaterako, Bilbon bizi naiz, eta bilbotarkeriak denok jotzen gaituenez, batzuetan pentsatzen dut Bilbon baizik ezin dela bizi Euskal Herrian. Tontakeria galanta, ezta? Bilbon bizi naiz, bai baina, era berean, Oñatikoa naiz, eta badakit zein bizimodu, zein kalitate eta zein mundu eder dagoen herrian! Hala ere, momentu honetan dilema faltsu horietako baten aurrean ez ote gauden iruditzen zait hiritartasunaren inguruan. Eta hori esanagatik ere, Euskal Herrian hiria ez da hain nagusia ere, hemen sare urbano oso trinkoa dugulako oraindik. Zoaz Espainian Gaztelara… Zer da hori? Hirizalea izanik ere, gero eta duda handiagoak dauzkat hirien nagusitasuna omen den horren inguruan. Ez dakit.

Azken galdera, Fermin Etxegoien sortzaile profesionalari, Euskadi Irratiko Musikate saioaren gidari eta idazleari: Eutsiko diogu?

[Isilaldia, luzea oso, erantzuten hasi baino lehen]… Euskara zabaldu egin da lehen erdara baino ez zen tokietara, baina zabaltze horrek ez du esan nahi –salbuespenak salbuespen– egonkortu denik, eta gainera, erdara zabaldu egin da lehen euskara nagusi zen tokietara, eta bertan bai, egonkortu da, edo egonkortze bidean dago. Zergatik? Erdarak dituen milioika hiztunek sortarazten duten gune linguistiko trinko edo dentsoak ezinbestean –grabitatearen legeari jarraiki– erakartzen dituelako euskaldun elebidun asko, gehienak ez esatearren… Baina euskaldunok, ordea, ez gara nahikoak euskarazko gune linguistikoari trinkotasun edo dentsitate erakargarri –zentzu fisiko batean– berbera ekartzeko. Hori horrela da, hori objetiboa da.

Oso zaila izango zaigu trinkotasun linguistikoa lortzea, euskarak, trinkotasunari begira, “minus” bilakatzen zaizkion “plus” linguistiko batzuk badituelako. Adibidez aniztasun kontuak, hau da, euskalkien arteko ezberdintasunak, eta baita ondorioz, euskalkien artetik sorturiko batuaren ahuldade konjenitoa, hau da, sortzezko trinkotasun eza, zeinari buelta emateko, hasteko, nagusitasuna beharko lukeen hemengo hedabideetan… Orduan, euskara gurpil zoro batean dago aspaldi, eta horregatik batzuk ari dira euskalkia berreskuratzen, bertan, oraindik ere, badagoelako trinkotasun sentsazio bat –jende askotxo, toki txiki batean berbetan–, batuari kontrakoa gertatzen zaion bitartean –jende gutxitxo, toki handi edo mugagabe batean berbetan: halako esperanto moduko batean edo?–. Nola lortu orduan, batu trinko, eta ondorioz, erakargarri bat?

Galdera egin duzu. Eta erantzuna?

Bada, indarrak ongi erabilita. Marketin linguistikoa beharrezkoa da, hau da, zerk trinkotzen gaituen eta zerk ez. Administrazioaren esku dauden komunikazio zenbaitetan, adibidez, propagandatik hasi eta Goenkaleraino, eredu linguistiko mugatu -edo lehentasunezko- bat zabaldu behar da, ahozkotasunetik oraingoa baino gertuagokoa, seguruenik. Trinkotasuna lortuko da jendea modu subliminalean “matxakatzen” baldin badugu egokiro hautatutako mezu errepikatuen bitartez. Tontokeriatzat jo daiteke, baina ez da sekula egin… eta suposatzen da milaka lizentziatu-aditu baditugula soziolinguistikan. Jende askok euskalkira jotzen du, askotan, ez bertan sekulako aberastasun linguistikoa dagoelako, baizik eta kontrakoagatik, euskalkietan gauza gutxi batzuk beti modu berdinean -tradizionalean, aletratuan- esaten direlako, hain zuzen, trinkotasun horren bila. Bada, hori: zenbait gunetatik, performance linguistiko subliminal eta erraldoi bat antolatu beharko genuke batuaren trinkotasunaren alde, gauza munstroso xamar bat, bai. Bestela, ez zait plan estrategiko hoberik okurritzen, euskararekin eta euskarazko sorkuntzarekin aparteko interesik ez duten hiztun elebidunak gure estetika linguistiko bateraturantz erakartzeko.