“Euskara Merkataritzara” plana garatzen dugun udalek (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia), Karrikiri Euskaldunen Elkartearekin elkarlanean, euskara, merkataritza eta argazkilaritza uztartzen dituen lehiaketa honetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Oinarriak
Parte-hartzaileek Iruñerriko eta Garesko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelakoei argazkiak atera, eta WhatsApp edo Telegram aplikazioen bidez bidali beharko dituzte 605 75 40 17 zenbakira.
Antolakuntzak, argazkiaz gain, bidaltzailearen telefono zenbakia ere gordeko du, irabazle suertatuz gero, harremanetan jartzeko.
Euskara eta merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkia bidali duenak irabaziko du lehiaketa (originaltasuna eta argazkiaren kalitatea ere baloratuko dira), eta gainerako parte-hartzaileen artean hiru sari zozkatuko dira.
Lan originalak aurkeztu behar dira; argazkiei ukituak egin ahal izango zaizkie, baina ez da fotomuntaketarik onartuko. Halaber, ezingo dira izan beste argazki lehiaketa batzuetan saritutakoak.
Ez dago adinari zein jatorriari ezarritako mugarik; beraz, edonork parte hartu ahalko du lehiaketan, baina gehienez 5 argazki aurkeztuta (gehiago bidaliz gero, lehen 5ak onartuko dira). Sariduna 16 urtetik beherako pertsona bada, saria saridunaren guraso edo tutore legal batek jaso beharko du.
Argazkian ezin da agertu egilearen izena, ezta egilea identifika dezakeen elementurik ere.
Antolatzaileek jasotako argazkiak erabili ahalko dituzte “Euskara Merkataritzara” eta “Euskara Nonahi” egitasmoetan, eta baita egitasmo horiek sustatzeko antolatutako erakusketa edo bestelako ekitaldietan ere. Erabiliz gero, egilea nor den aitortuko dute.
Lehiaketa bukatutakoan, jasotako argazki guztiak “Euskara Merkataritzara” blogean jarriko dira ikusgai: https://euskaramerkataritzara.wordpress.com/
Epeak
Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean bidali ahal izango dira. Epe hori baino lehenago edo beranduago bidalitakoek ez dute lehiaketan parte hartuko.
Sariak
Lehiaketaren irabazleak ekainaren 1etik uztailaren 31ra bitartean Iruñerriko eta Garesko zenbait saltokitan gastatzeko 500 euroko txartela irabaziko du.
Halaber, parte-hartzaileen artean 100 euroko beste hiru txartel zozkatuko dira; txartel horiek ere aipatutako epe eta saltokietan gastatu beharko dira.
Pertsona bakoitzak ezingo du deialdi berean sari bat baino gehiago jaso; zozketan lehendik saritutako norbait aterako balitz, ez da kontuan hartuko eta saria berriro zozkatuko da.
Epaimahaia
Irabazlea erabakitzeko Iruñerriko eta Garesko Euskara Zerbitzuek eta Karrikiri Elkarteak epaimahaia izendatuko dute, apirilaren bukaerarako epaia emango duena.