Euskalgintzaren olatu kooperatiboarekin jarraitu (Beñat Irasuegi Ibarra)

Argia.eus-etik hartua. Hemendik.

Kooperatibismo eraldatzailearen garapenean gabiltzan eragileek bost olatu kooperatiboren bitartez kontatzen dugu euskal kooperatibismoaren garapena, bere historiari sakonera, eta izaerari aniztasuna emateko asmoarekin. Bide horretan, pasa den mendeko 60-70. hamarkadetako euskal iraultza kulturalak ekarri zuen autoeraketa proiektuen loraldian kokatzen dugu hirugarren olatu kooperatiboa.

Olatu hark gaur egun arte iritsi den uzta oparoa eman bazuen ere, proiektu batzuk erdibidean geratu ziren edo benetan garatu gabe, hamabost urtez Arantzazuko bide bazterrean egon ziren Oteizaren harrizko apostoluak bezala. Zer gertatu zen bidean?

“Datozen garai nahasi eta apokaliptikoetan, garrantzitsua izango da euskalgintzak egiten duen hautua: homologazioa ala eraldaketa; sumisioa ala burujabetza”

70eko hamarkadak autoeraketarako aukera asko eman zituen, dena egin beharraren pultsioak dinamika herritar indartsuak garatu baitzituen. Baina instituzionalizazioaren garaia ere izan zen, autoeratutako tresnek forma egonkorrak lortzeko beharra ere izan baitzuten. Behar hori hiru modutan garatu zen: publiko-administratiboan, merkatuan eta ekonomia sozialean. 78 erregimenaren paradigman eremu publikoaren garapena handia izan zen. Euskalgintzan ere, batez ere hasieran, hainbat proiektu autoeratuk izaera publikoa hartu zutelarik, beti ere autonomien estatuaren markoan. Denboran aurrera ildo hori lausotzen joan zen, bereziki merkantilizazioaren paradigma gailendu zelako, eta momentu batetik aurrera, helburu eta ikuspegi publikoa edo komunitarioa zuten proiektuek merkatu kapitalistaren markoan homologatzera jo zuten. Non gelditu da ekonomia sozialaren ildoa orduan?

Proiektu askok, eredu estatal autonomikoa ala merkantila dikotomiatik ihesi, hasieratik edo ondoren hartu dituzten formula kooperatiboetan aurrera egitea erabaki dute, ekonomia sozialak eskaintzen duen autonomia komunitarioaren bidea landuz. Euskalgintzaren oinarrietan, zer eta nola galderei erantzutea garrantzitsua izan da: euskaraz bizitzeko baliabide eta egiturak sortu dira, bai, baina horiek modu herritar eta demokratikoan kudeatzeari garrantzia eman zaio, elkartasuna oinarri hartuta.
Datozen garai nahasi eta apokaliptikoetan, garrantzitsua izango da euskalgintzak egiten duen hautua: homologazioa ala eraldaketa; sumisioa ala burujabetza. Baditugu etorkizunak euskaraz marrazten dituzten proiektuak, Aiaraldea Ekintzen Faktoria adibidez. Kooperatibismoa eta lan burujabea tresna garrantzitsuak izango dira eraldaketaren bidean.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude