Gurean sarritan hizkuntzaren aldeko mugimendu soziala euskalgintzaren kontzeptuaren aterkipean aztertu da. Behin baino gehiagotan hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialaren sinonimotzat hartua izan da. Izan ere, euskalgintza gurean asko erabiltzen den berba da. Hala ere, inork gutxik hartu du termino hori zedarritzeko lanik.
Mikel Zalbiderena da ezagutzen dudan definizio bakarra. Honelaxe definitzen du berak «berariazko euskalgintza»:
Soziokulturalki autorregulatzeko eta belaunez belaun transmititzeko indar faltaz euskal etnokultura (hizkuntza bera) gainbehera datorrela ikusirik, erabat galtzeko arriskua uste izanik eta halakorik nahi ez delarik, etnokultura horri bizirik eusteko giza artean deliberatuki egindako saio multzoa. Hots, euskal kulturaren on beharrez hainbat eragilek, perspektiba soziokulturaletik eta elkarlanean, eratutako ekimen sortari deitzen zaio euskalgintza.
Zalbideren definizioak ez du berbarik egiten mugimendu sozialei buruz: hori baino zabalagoa da bere berbetan euskalgintza («ekimen sorta» gisa edo «giza artean deliberatuki egindako saio multzo» gisa dakargu berak). Azken aldian, gainera, erakunde publiko batzuek (Eusko Jaurlaritzak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako) euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duten lana euskalgintzatzat hartu dute (Patxi Baztarrikak euskalgintza instituzionala eta euskalgintza soziala bereizten ditu Babeli gorazarre liburuan).
Euskalgintzaren kasuan bereziki garrantzitsua iruditzen zait autopertzepzioa. Izan ere, gurean hainbat komunikabidek, aholkularitza-enpresak, elkargo profesionalek, ikastetxek eta abarrek euren burua dute euskalgintzatzat (eta ez hori bakarrik, Kontseiluak berak, zeinak bere burua euskararen aldeko erakunde sozialen bilgune gisa duen, horietako askoren batze-lana egiten du). Eta, noski, lehen aipatutako erakunde publikoek ere.
Horrek guztiak itzelezko aniztasuna islatzen du. Eta, hori gutxi balitz, Mikel Zalbideren definiziora itzulita, irakurle azkarra konturatuko zen berak «berariazko euskalgintza» definitu duela. Baina, horrez gain, «bide batezko euskalgintza» ere definitzen du Zalbidek eta, jakina, euskalgintzaren barruan sartu ere. Honela dio berak:
Euskal etnokultura (hizkuntza barne) gainbehera datorrela jakinik, baina galera hori eragozteko berariazko asmorik gabe, etnokultura horri bizirik eusteko lagungarri gertatzen diren ekintzak bideratzea.
Kasu horretan, asmoei baino, emaitzei begiratzen die Zalbidek.
(Parentesia irekiko dut: ez al da gaur eta hemen beharrezkoagoa bide batezko euskalgintza berariazko euskalgintza baino? Ez al da eraginkorragoa euskara sustatzeko berariazko asmoa izan barik euskara sustatzen duena? Galderak utziko ditut airean ea nork erantzungo…)
Beraz, ematen du gaur eta hemen euskalgintzaren kontzeptura biltzen direnek esparru semantiko zabalagoa betetzen dutela hizkuntzaren aldeko mugimendu sozialak betetzen duenak baino. Ez hori bakarrik: luze-zabaleko literatura zientifikoan mugimendu sozialen inguruko teorizazioak tradizio sakona du gurean zein nazioartean. Hortaz, ez zait zentzuzkoa iruditzen bata zein bestea sinonimotzat erabiltzea.
Eta, gainera, esan bezala, aniztasuna ikaragarria da. Hori dela eta, eta beste batzuek dagoeneko jorratu duten bidetik (esate baterako, feminismoek, ezkerrek…), ez al litzateke egokiago singularrean jokatu beharrean, pluralean jokatzen hasiko bagina euskalgintzarekin? Hau da, ‘euskalgintza’ baino, ez al litzateke egokiago ‘euskalgintzak’ erabiltzea?
Eta euskalgintzek zer?
Pluralean zein singularrean, behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zein izan beharko litzatekeen euskalgintzaren lehentasuna. Mila erantzun egon daitezke, mila ikuspuntu, mila ñabardura. Ez delako batere erraza horren inguruan iritzi sendo eta egituratu bat izatea, ia denontzako balioko duena (eta, agian, ez da desiratzeko modukoa ere).
Baina paperaren gainean zirriborratzen ari naizelarik, botako dut erantzun moduko bat, inork gutxik bere egingo duena. Baina, tira, talaiatxo hau probestu beharra dago. Nire ustez, euskalgintzako erakundeek kontrapubliko modura jokatu beharko lukete (jokatzen dute hein handi batean, baina, tira, balizko egoera idealaz ari naiz eta gurago hipotetikoa erabiltzea). Eta zer da kontrapubliko modura jokatzea?
Hor nonbait dabilen definizio baten arabera, kontrapublikoak lirateke talde sozial menderatuetako kideek sortu eta zabaltzen dituzten kontradiskurtsoak, euren nortasun eta beharrizanen interpretazio beregaina egiteko asmoz. Baina kontradiskurtso horiek helburu zehatza dute: publiko orokorretan eragitea, publiko orokorretan aldaketak sorraraztea (Jakinen aurreko zenbakian aipatutako gutxiengo aktiboen alderik aktiboenak lirateke kontrapublikoak, gutxi gorabehera).
Beste era batera esanda, kontrapubliko alternatiboak izan beharko lirateke euskalgintzako erakundeak, berrikuntzak sortu beharko lituzkete beste mugimenduek kopia ditzaten. Jarri beharko lituzkete martxan praktika performatiboak. Izan ere, laborategi sozialak diren kontzientzia garatu beharko lukete. Aurrehartze esperimentala landu beharko lukete, utopien laborategi sozial gisara egin beharko lukete lan. Hortaz, komunitatearen logikak barneratuta, eragin ere eragin beharko lukete euskalgintzako erakundeek. Komunitatea sortu efikazia handiagoz eragin ahal izateko, hain zuzen ere.
Harremanetarako forma berritzaileak esperimentatu beharko lituzkete, praktika alternatiboak eraiki beharko lituzkete, nortasun kolektiboa praktikatu beharko lukete. Hori guztia, handik eta hemendik, behetik gora eta goitik behera, ertzetatik zein erdiguneetatik. Euskalgintzaren ohiko berbakerara itzulita, gaur eta hemen arnasgune funtzionalak sortzea litzateke, euskaraz funtzionatuko duten guneak eta uneak eraikitzea litzateke, nortasun kolektiboa elikatuko duten (alaitasunez, koherentziaz eta maitasunez) praktikak han eta hemen saretzea litzateke.
Eta hemen esandakoak, gainera, berdin balio beharko luke mugimendu sozialentzako, aholkularitza enpresentzako, komunikabideentzako edo euskalgintza instituzionalarentzako (aldeak alde eta bakoitzak eragin ditzakeenak aintzat harturik, beti ere). Berdin, logika bera, filosofia bera, emaitzak biderkatu ahal izateko.
Pasilloetan galduta
Jaime Altunak ikerketa plazaratu du azken Hausnartu sarietan eta bigarren geratu da. ‘Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntza mudantzak nerabezaroan’ du izenburua bere lanak. Nerabeek zer esaten duten euskarari buruz asko interesatzen zaidan gaia da. Izan ere, nerabeek ez dute gezurrik esaten (gezur sozialak, behinik behin). Nerabeek beste inork baino hobeto usaintzen dute jendartean nagusi diren joerak, jendartean nagusi diren lurrazpiko bidezidorrak. Jendartera moldatzea dute langintza potoloena nerabeek, nabarmenduz eta transgresore jokatuz, baina gehiegi nabarmendu barik, beti ere. Horregatik, hain zuzen ere, interesatzen zait zer duten esateko.
Gurean behin baino gehiagotan jo izan da eurengana iritzi eske. Eta nerabeek oso ondo dute barneratuta nagusiagook zer gura dugun entzun. Politikoki oso zuzen jokatu ohi dute, horrenbeste urtetan doktrinamendua jaso ostean. Horregatik iruditzen zait orain dela gutxi Jaime Altunak plazaratutako ikerketak balio handia duela. Izan ere, ikerketa ‘nagusi’ batek egin beharrean, gaztetxoak eurak izan dira ikerketa-gai eta ikerketaren subjektu. Eta horrek balio erantsia ematen dio delako ikerketari.
Hainbat puntutatik oratu diezaiokegu ikerketari. Baina, tira, hemen labur beharrez, zatitxo batzuei baino ez diet kasurik egingo. Hauek dira Jaime Altunaren lanetik nabarmendu ditudan zati batzuk, zein baino zein iradokitzaileagoa, eta zein baino zein pentsarazleagoa (neure iritziz, behintzat).
Euskara, beraz, ikastolako nerabeen identitate ezaugarria da baina ez dute harrotasunez bizi. Nolabait, besteek ezartzen dieten ezaugarria da eta prestigiorik ez duena.
Gaztetxoek gaztelaniaz hitz egitea talde identitatearekin baino heldu sentitzearekin lotu dute.
Hizkuntzak berak gizartean orokorragoak diren beste aurreiritzi batzuk ekarri ohi dituela esan genezakeen.
Zurriolako ikastolak euskararen erabilera handitzeko lan handia egiten du eta gazteek irakasleen presioa nabaritzen dute. Dena den, euskararen erabilera handitzeko garatzen diren jarduerak baloratzerakoan nerabeen artean eszeptizismoa nabaritzen da.
Gaztetxoen arabera, ikaskide batzuekin erdaraz egitea ateratzen zaizu eta besteekin euskaraz.
Horiek guztiak irakurri ostean, Hausnartu sarietara aurkeztu den beste lan bat etorri zait burura (Hausnartu saria irabazi du, gainera). Xabi Aizpuruak arnasguneetako gaztetxoek eskoletan euskarari buruz zer lantzen duten izan du ikerketa-gai (horrez gain, dauden hutsuneak gainditzeko proposamena egin du, baina hori beste baterako lagako dugu). Hau da, ikasleek zer informazio duten euskararen egoerari buruz, zer informazio euskararen arnasguneei buruz eta abar.
Ondorioetako bat da ikasleek ez dutela jasotzen soziolinguistika gaiei buruzko bateratutako ikasgairik. Hau da, ikastetxe eta irakasle bakoitzaren esku geratzen da soziolinguistikari buruzko gaiak lantzea (eta, noski, gai horiek zelan landu). Aspaldiko kezka batekin egin du tupust horrek neure barnean: zein izan beharko lirateke ikasle batek soziolinguistikari buruz jakin beharko lituzkeenak derrigorrezko irakaskuntza aldia amaituta? (Inoiz horri buruz ere egin beharko genuke berba eta, ahal den neurrian, minimo batzuk ere adostu.)
Baina… aspaldiko kezka batekin ez ezik, oraintsu ikasi dudan kontzeptu batekin ere egin dute tupust Xabi Aizpuruaren ikerketaren ondorioek: ezkutuko curriculumarekin, hain zuzen ere. Eta zer da ezkutuko curriculum delako hori? Ba, ikasleek bereganatzen dituzten jakintzak, nahiz eta horiek curriculum ofizialean jasota egon ez. Jakintza horiek ‘irakatsi’ daitezke berariaz edo ez. Edozein ingurunek, ekintza sozialek eta abarrek eman dezakete jakintza hori, eskolan zein eskolatik kanpora. Hori da ezkutukoa, hori da benetakoa (hori da nerabeek inork baino hobeto usaintzen dutena).
Galdera sinplea bezain korapilatsua da, beraz: zein da ikasleek euskararen inguruan eta bereziki euskararen erabileraren inguruan jasotzen duten ezkutuko curriculuma? Zein? Eta zer egin beharko lukete euskalgintzek ezkutuko curriculum horretan eragiteko? •