Eta agurrak egin ondoren, uztaileko gure buletinean ikusiko duzuen moduan, Sanferminetan murgilduko gara heldu den igandean eta Karrikiri dendan jada festa giroa da nagusi. Izan ere, aurten kamiseta berezia baitugu salgai; “Ikurriñadun arrantzalea”. Ekainan ekarri genuen dendara eta jada ale gutxi batzuk besterik ez zaizkigu gelditzen, beraz hurbildu lehenbailehen Xabier karrikako gure saltokira eta eskuratu 12 euroren truke. Horrez gain, goitik behera txuri-gorriz janzteko hainbat produktu aurkituko duzue. Biba festak!!
Eta jaietan gaudelarik, gure euskal agendaren zatirik garrantzitsuena egun horietan izanen diren ekimenek hartuko dute: uztailaren 10ean Karrikirikook ospatuko dugun 19. arrantzale eguna, herri kirolak, dantza jaialdiak, euskal guneetan (Zaldiko Maldiko, Nafarroa Oinez txokoa, Jai Gunea, Katakrak, e.a.) izanen diren ekitaldiak, e.a. Baina Sanferminetatik at bizia ere badela jakinik, agendan bestelako hitzorduak aurkituko dituzue: IKA eta AEKren ikastaro trinko eta barnetegiak, IPESen udako kanpaldi euskaldunak eta UEUko ikastaroak, besteak beste.
“Xaldun Kortin. Jolastu gurekin” Euskokultur Fundazioak, Nafarroako Euskara teknikarien sareak eta Labrit Multimediak 0-6 urte bitarteko haurrekin lantzeko sustatutako CD-DVD egitasmo multimedia da. Eta proiektu honetako sustatzaile eta Euskokultur fundazioko patronatukidea den Maite Lakar Iraizozi egindako elkarrizketa interesgarrian horren berri ematen dizuegu uztaileko Karrikan.
Ekarpenen atalean, berriz, Iruñean duela jada urtebete martxan jarritako gune edo espazio sortzaile baten berri izanen duzue: Iruñerriko hainbat artista eta sortzaile gaztek Jaso Ikastolak Etxabakoitzen zuen eraikin zaharrean abian jarritako Jazar egitasmoa.
Eta udara iritsita, irakurtzeko eta musika entzuteko tarte gehiago izanen dugunez, honatx lau proposamen: Iban Zalduaren eta Iñigo Aranbarri idazleen “Inon ez, inoiz ez” eta “Apirila” lanak batetik eta Mursegoren “Hiru” eta hainbat euskal taldek “Euskaraz bizi nahi dut” egitasmorako propio sortutako “Euskaraz dantzatu, abestu, musika jo, gozatu, bizi nahi dut…” diskoak.
Eta, ahaztu baino lehen, Sanferminetan gure denda zabalik egonen da ordutegi bereziarekin (goizeko 10:30etatik 14:00etara), baina festak amaitu ostean, uztailaren 15ean berean eta abuztuaren 17ra bitarte itxita egonen da. Konponketa lan batzuk egin eta irailera begira txukun txukun jartzeko asmoa dugu. Barka eragozpenak!
Ongi pasa festetan!!