2016-2017 kurtsoari begira, Mintzapraktika kanpainari hasiera eman diogu. Matrikulazio epea zabalik da eta orain duzu euskaraz hitz egiteko jariotasuna hartzeko unea!!
Mintzalagun bihurtzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzeko, jende berria ezagutzeko, ilobarekin hitz egiteko, beste batzuei hori guztia egiten laguntzeko… baina denek badute zerbait amankomunean: aisialdiaz euskaraz gozatzen dute eta, arian-arian, lagun giro euskalduna sortzen dute. Askok, gainera, egitasmoaren helburua bete ostean ere elkartzen jarraitzen dute. Hori ere, esperientziak erakutsi digu.
Euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzen dituzte Mintzapraktika egitasmoek, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Astero 6000 Mintzalagunek baino gehiagok euskaraz bizitzearen alde eragiten dute, elkarrekin ordubetez euskaraz arituz.
Mintzapraktikan izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, Karrikiri Elkartean, euskaltegian, Udalean edo, hementxe, www.mintzalaguna.eus gunean duzu eskura.
Iturria: mintzalaguna.eus