Paule Bilbaoren proiektua da Arima, non Josu González eta Gontzal Bilbao dituen bidelagun. 2019an argitaratu zuten lehen lana “Metamorphosis” izenpean eta orain berriz 6 kanta biltzen dituen “Biluztasunez Jantzita” bildumarekin datoz. 2020ko udan grabatu eta nahastu zuten Karlos Osinaga “Txap”en eskutik Tolosako Bonberenea estudioan.

Lan honetan aurrekoan hasitako estiloarekin jarraitu dute: gitarra distortsionatuak eta ahots erreberberatuak bat eginez shoegaze estiloaren bidean. Atal batzuk eleganteki indar suntsitzailea iradokitzen dute, beste batzuk barealdi sakona helarazten diguten bitartean.

“Pentsamenduaren Biktimak” abestian gainera, Sara Zozayaren ahots bereizgarriak parte hartu du. Kaleratu aurretik (bai CD formatuan eta bai binilo formatuan) bi aurrerapen single atera zituen taldeak: Orbainak eta Utopia.