Esango nuke Imanol Lazkano bertsolariari entzun izan diodala behin baino gehiagotan: «Bertsolariak euskara batua erabiltzen zian, euskara batua sortu aurretik ere. Ez azkarra zelako, beharrak erakutsita baizik. Nora zihoan, hango entzuleek ulertzeko moduko euskara egiten ahalegintzen huen, noski».

Ez dakit nori zor diogun euskara bildua-ren kontzeptua, baina nik estreinakoz Joxe Azurmendiri entzun nion. Belarriak tente-tente eginda batean eta bestean ibili, begiak zabal-zabal eginda lehengo eta oraingo irakurri, eta hiztun bakoitzak sortzen duen hori da euskara bildua. Azken batean, hiztun bakoitza gara gure hizkeraren sortzaile. Eta sortzaileak izan behar du bele eta belaki. Bele, besteek utzitako zatiak mokoratzeko; belaki, besteen isuria xurgatu eta bere egiteko.

Horregatik amorrarazten nau, ez dagokion lekuan, etxeko sukaldeko euskara egiten tematzen den hark. Izan daiteke jatortasun oker ulertua; izan daiteke begi-belarriak erabiltzeko alferkeria, harat-honako ibili faltarik ez du gaur egun jendeak eta; senik eza izan daiteke; edo irakaskuntza arautuak dakarren ororen aurkako erreakzio tentela. Ez dakit… Baina horrelakoei esango nieke: «Hala dagokionean, euskara batua ez bada ere euskara bildua erabil ezazu, mesedez».

https://labur.eus/1e8tp