Izan ere, egunkari, aldizkari, liburu, internet eta gizarte sareetan hainbat artikulu, ekarpen eta testu interesgarri irakurtzeko parada izaten baitugu maiz, baina horien inguruan patxadaz solastu eta iritziak elkar trukatzeko aukera gutxi izaten baitugu. Bada, hori guztia kontuan izanda, Karrikiri elkarteak euskal kulturari dagozkion gaiak jorratzeko foro bat sortu nahi du eta horretarako Karrisolasa izeneko proietua martxan jarriko du martxotik aitzina. Gure asmoa lagun giroan bildu eta gure kulturarekin zerikusia duten hainbat gai, artikulu, ekarpen eta bestelakoak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzea da. Eta horretarako Bixente Serrano Izko idazlearen laguntza izanen dugu Aitor Etxarte Karrikirikidearekin batera. Foro informal hau hilero egiteko asmoa dugu, parte hartuko duten lagunei aldez aurretik bertan aztertuko den informazioa helaraziz. Gure lehenengo hitzordua martxoaren 16an, asteazkenarekin, izanen da Karrikiri elkartean bertan (Xabier jaitsiera 4) arratsaldeko 19:00etan eta gure lehen solasgaia Jakin aldizkariaren 180. alean (iraila-urria) argitaratutako “Egunen gurpilean” Lionel Joly-ren artikuluan oinarrituko da. Parte hartu nahi? Beheko estekan duzue aztertuko dugun artikulua: