Kultur kudeaketa. Bitartekaritza. Sormen guneak. Ideia faktoriak. Hitz potoloak dira, hiriburutzak eta gisako pandemiak zabaldu direnetik gure hiztegiaren parte bihurtu zaizkigunak. Baina bada hitz horiei guztiei bestelako esanahia emateko ahaleginean ari den proiektu bat; espazio bat. Dinamoa du izena. Hasi berri du bere bidea, baina ez da bide luzeago bateko hurrengo pausoa besterik. Anbizio handikoa eta nazionala bezainbeste da irekia eta gertukoa. Ez dago Bilbon, ez Donostian, ez Iruñean. Azpeititik ari dira hainbat alorretako artistei lanerako behar duten hori eskaintzen.
LANDER ARRETXEA (@larretxea) ren erreportaia 2020ko maiatzaren 10an, Argian argitaratua.
Bistan da: garraio publikoa erabiltzea da hautu ekologikoena. Baina nondik zatozen, litekeena da halako aukerarik ez izan eta autoa hartu behar izatea. Hala bada, lasai. Lehengo bost orduetan behintzat, doakoa da eraikinaren azpiko aparkalekua. Ez pentsa kultur politika eskuzabal baten ondorioa denik. Soreazu antzokia eta orain Dinamoa esaten dioten sormen gunea diren eraikinak hutsik egon dira hainbat urtez; eta ordainpekoa zenean, ez omen zuen inork parkinga erabiltzen. Berdin dio. Kontua horixe baita: kotxez bazoaz ere izango duzula non utzi.
Demagun baietz, autoz ailegatu zarela bertara; behin bere lekuan utzita, asmatu duzula lurrazalerantz egiten duten eskaileren artean aproposena hartzen. Hiruki moduko plaza batean aurkituko duzu zure burua: ezkerrean, Soreasu antzokia: eta pare parean, antzokia bezalaxe beiraz eta hormigoiz eginda, beste sarrera bat duen eraikin bat. Horixe da Dinamoa sormen gunea.
Topalekua, kafearen bueltan
Txartel magnetiko bat behar da ate nagusia gurutatzeko; edo bestela, txartela baduen inoren laguntza. Oztopo hori gaindituz gero, sarrera topatuko duzu lehenik. Lehen begi kolpean, badu modako youth hostel bateko harreraren tankera: garbia, minimalista eta ondo hautatutako altzariz jantzia. Baina hau ez da hotel bat. Ez da –soilik– egoteko lekua, egitekoa baizik. Hau lanerako espazioa da. Baita topagunea ere. Hala deitzen diote sartu eta eskubira eginda dagoen gela zabalari. Edonork erabil dezakeen eremu bakarra da. Irakurtzeko, kafe bat hartzeko, lan-egiteko… Aurkezpenak, eskolak eta emanaldiak egiten dira bertan; liburutegi txiki bat dago; eta edozein topagunek behar duen gisan, badu kafe makina eta mikro-uhin labea ere. Gauza jakina da ideia asko eremu informaletan pizten direla.
Gehiago irakurri.