Iruñeko euskara elkarteak hainbat argitaletxeren liburuak eramanen ditu, literaturzaleentzat ezezik euskal kultura maite duen edozein lagunari zuzenduta dagoen euskal literaturaren festara.
Azoka bat baino gehiago izateko asmoz sorturiko ekimen hau 2009an abiatu zen eta bere xede nagusia euskal literaturaren plaza izatea da; euskarazko liburuak ezagutzera emateaz gain, haien inguruan gogoeta egin eta ongi pasatzeko gunea bilakatzea.
Horrela bada, herrian jarritako karpan liburuak ikusi eta erosteko aukera izateaz gain, Literaturiak iraunen dituen hiru egunetan zehar errezitaldiez, irakurtaldiez, antzezlanez, bertso saioez eta euskal literaturaren inguruko beste hainbat ekimenez gozatzeko parada izanen da.
Egitaraua eta feriari buruzko informazioa euren webgunean aurkituko duzue: http://www.literaturia.org/